Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2018ko otsailaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
621

EBAZPENA, 2018ko urtarrilaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Mungiako Bentades Ikastetxea handitzeko arau subsidiarioen aldaketari buruz.

AURREKARIAK

2017ko irailaren 22an, Mungiako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, arau subsidiarioak aldatzeko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko (aurrerantzean, arau subsidiarioak aldatzeko) prozedura hasteko, Bentades Ikastetxea handitzea helburu hartuta, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

2017ko urriaren 16an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, iritzia eman zezaten, eskaria jaso eta gehienez ere berrogeita bost egun balioduneko epean. Horretarako, haien esku jarri zuen ingurumen-agiri estrategikoa eta planaren zirriborroa.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuz, honako erakunde publiko eta pertsona interesdun hauei egin zien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari; Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzari; eta Bizkaiko Ekologistak Martxani, pertsona interesduntzat jo baitzen.

Behin ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan islatu da haien emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2.a) artikuluan ezarritakoa aplikatuta, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar zaie ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko baldintzak betetzen dituzten plan eta programen aldaketa txikiei.

Aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezartzen duenez, egindako kontsulten emaitza aintzat hartuta, eta V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, ingurumen-organoak lau hilabeteko epean ebatziko du, ingurumen-txosten estrategiko bidez, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion Bentades Ikastetxea handitzeko arau subsidiarioen aldaketari (aurrerantzean, arau subsidiarioen aldaketari), eta, horretarako, kontuan hartuko du aldaketak ingurumenean eragin adierazgarriak izan ditzakeen, txostenean ezarritakoaren arabera.

Dokumentazio teknikoa eta arau subsidiarioen aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, organo eskuduna den aldetik, betiere Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera. Txostenak positiboki balioesten du nola txertatu diren ingurumen-arloko alderdiak arau subsidiarioak aldatzeko proposamenean, iritzia ematen du plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien inguruan, eta proposamenean sartu beharreko azken oharpenak ere aipatzen ditu, ingurumen ondorioetarako soilik.

Hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bentades Ikastetxea handitzeko arau subsidiarioak aldatzeari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, baldintza hauen arabera:

A.– Mungiako hirigunean kokatutako Bentades Ikastetxea handitzeko arau subsidiarioak aldatzeak lurzatiari esleitutako gehieneko eraikigarritasuna handitzea du xede, batik bat jangela-zerbitzuaren beharren ondorioz.

Lurzatian dagoen eraikuntzak hiru eraikin ditu: fundazio-eraikina, eraikin nagusia eta kirol-pista. Lurzatiaren gainerakoa, eraikinik gabekoa, jolas-leku gisa erabiltzen da.

Horretarako, jarduketa nagusi hauek aurreikusi dira: eraikin nagusiaren atariak zati batean ixtea eta solairuarte bat eraikitzea, beheko solairuarekin batera jangela eraikitzeko aukera emango duena.

Hala, Bentades Fundazioaren komunitateko ekipamenduaren sistema lokalari dagozkion oinarrizko hirigintza-parametroak eta araudiko baldintza partikularrak aldatu beharko dira; lurzatia ahal den guztian aprobetxatuko da, 1,3 m2/m2 izatetik 1,38 m2/m2 izatera igarota, eta, ondorioz, eraikigarritasuna 330 m2 handituko da. Horrenbestez, ez dira aldatuko ordenamendu xehatuaren parametroak.

Mungiako hirigunean kokatutako lurzatia da. Ingurumen-txosten estrategikoaren 1. mapan ageri da, «Planaren kokapena» –jatorrizkoa A1 formatuan dago, 1:2.000 eskalan; II-MM0703.DAE.170331.pdf artxiboa, Kimar, 2017ko martxoa–.

B.– Planaren ezaugarriak.

Ez da bateraezintasunik hauteman arau subsidiarioak aldatzeko proposamenaren eta inolako lurralde-planen eta/edo sektore-planen artean.

Planak eraikuntza-proiektu bakar bat behar dela nabarmentzen du, eta ez da aurreikusten legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura egin behar zaionik.

Bestalde, aldaketa beharrezkoa da ingurumen-alderdiak kontuan hartzeko eta, batik bat, garapen jasangarria sustatzeko, ingurumen-irizpideak txertatuko baitira eraikuntzan, energia berriztagarrien instalazioetan, kanpo-argiterian eta argi-intrusioko instalazioetan. Gainera, aldaketa beharrezkoa da Europar Batasuneko ingurumenaren eta hondakinen legedia aplikatzeko.

C.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak

Eremua Mungiako hirigunean kokatuta dago, Bentades Fundazioaren ekipamendu-lurzatian, eta 4.588,91 m2-ko azalera du.

Eremuak hiri-izaera duenez, ez dago ingurumen-babeseko araudirik –esaterako, Natura 2000 Sarea– duen espaziorik, ezta balio natural edo kulturalengatik nabarmen daitekeen elementurik ere. Alabaina, eskola-eraikinak Inbentarioko Ondasun gisa proposatu dira; beraz, eragin negatiboak ekiditeko behar diren neurriak aurreikustea gomendatzen da.

Ingurumen-arrisku nabarmenik ere ez da identifikatu eremuan, ezta bestelako ingurumen-arazorik ere.

Era berean, ez da aurreikusten aldaketaren bidez ezarriko denik nahitaezko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua.

Eragin nagusiak eraikuntza-lanei lotuta daude, jendearen lasaitasunari erasango baitiote; hautsa sortuko da eta atmosferara ohi baino partikula gehiago igorriko dira, zarata handiagoa egongo da eta zirkulazio-baldintzak aldatuko dira.

Obraren munta eta ingurumen-eragin nabarmenik aurreikusi ez dela kontuan hartuta, plana ingurumenarekin bateragarria da, eraginari dagokionez.

Horrenbestez, oro har, prebentzio-neurri eta jokabide egoki batzuk aurreikusi dira, ez besterik, obrak egiteko: hauts eta partikulen igorpena eta zarata sortzen duten eragiketak murriztea, hondakinak egoki kudeatzea –geldoak eta erabilitako olioak zabortegira eramatea–, garapen jasangarrirako estrategien araberako jarduketak egitea eraikuntzan, energia berriztagarrien instalazioak egitea, bai eta kanpo-argiteriako eta argi-intrusioko instalazioak ere.

Gainera, aldaketa hau egokia denez garapen jasangarria sustatzeko, materialen erabilerari eta birziklapenari buruzko irizpideak ere barne hartu beharko ditu planak, eraikuntza eta eraikina eraginkorragoak izan daitezen bizi-ziklo osoan, bitartekoen erabilerari eta, bereziki, hondakinen ziklo-amaierako aprobetxamenduari dagokienez. Horretarako, proiektuak bermatu beharko du eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen produkzioa eta kudeaketa bat datozela arlo horretan indarrean dagoen araudiarekin.

Proposatu den segimendu-planari dagokionez –hau da, planeko jarduketak eta aurreikusitako zuzenketa-neurriak behar bezala gauzatzen direla kontrolatzeko–, kontrolen maiztasuna eta epemuga zehaztu beharko da.

Bigarrena.– Ingurumen-agiri estrategikoan eta ebazpen honetan ezarritakoari jarraituz, ondorioztatzen da Mungiako Bentades Ikastetxea handitzeko arau subsidiarioak aldatzeak ez duela ingurumenean eragin nabarmenik izango, eta, ondorioz, egitasmoari ez zaiola ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Mungiako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala