24. zk., 2018ko otsailaren 2a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (251 KB - 3 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
601
EBAZPENA, 2018ko urtarrilaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntual bati buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, «CE.03 Parte Zaharra» hirigintza-eremuko arau partikular bat aldatzeko.
AURREKARIAK
2017ko irailaren 27an, Donostiako Udalak eskabide bat egin zuen Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntual bati buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, «CE.03 Parte Zaharra» hirigintza-eremuko arau partikular bat aldatzeko. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
2017ko urriaren 11n, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatzeko, eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea egin zen, eta eskatu zitzaien bidal zitzatela egokitzat jotzen zituzten eta ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko oinarri izan zitezkeen ohar guztiak. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Ekologistak Martxan-Gipuzkoari egin zitzaien kontsulta. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion prozeduraren hasiera.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak zitzan.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaitu da eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzaren txostenak jaso dira (espedientean dago emaitza).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzeko helburua izanik.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
«CE.03 Parte Zaharra» hirigintza-eremuko arau partikular bat aldatzeko, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, ingurumen-ondorioetarako baino ez.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.- Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualerako ingurumen-txosten estrategikoa egitea, «CE.03 Parte Zaharra» hirigintza-eremuko arau partikular bat aldatzeko, hauen arabera:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburua da «CE.03 Parte Zaharra» hirigintza-eremuan bizitegi-etxebizitzek duten erabilera berezia zaintzea, indarreko arauetan ezarri bezala. Panak indarreko HAPOn adierazitako zehaztapenak betetzen ditu eta aurreikusita dauka zehatzago definitzea «a.10 Hirigune historikoko bizitegiak» motaren barruko lurzatien bizitegi-erabilera, «CE.03 Parte Zaharra» hirigintza-eremuan.
Planaren zehaztapenak honako hauek dira:
– Antolamenduko bizitegi-lurzatietako goiko solairuetako etxebizitzen bizitegi-erabilera zaintzea, berezko jomuga berezi gisa, eta, azken batean, egokien gisa; izan ere, gaur egun, «a.10 Hirigune historikoko bizitegiak» kalifikazio xehatua dute.
– Espresuki debekatzea ostatu-erabileraren ezarpena «a.10 Hirigune historikoko bizitegiak» kalifikazio xehatua daukaten lurzatietan dauden bizitegi-izaerako eraikinetako goiko solairuetan, gaur egun eta etorkizunean.
Honek ez dakar berekin ez inolako hirigintza-jarduketarik, ez dagoeneko onartuta ez dagoen eraikuntzarik.
B) Planaren ezaugarriak aztertuta eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, xedatu egin da planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.– Adieraztea ez zaiola ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari, «CE.03 Parte Zaharra» hirigintza-eremuko arau partikular bat aldatzeko, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 23a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.