Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2018ko urtarrilaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
457

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 18koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Azpikontratazio Liburuaren gaikuntza izapidetzeko dena.

Eraikuntzaren Sektoreko Azpikontratazioa arautzen duen urriaren 18ko 32/2006 Legearen 8. artikuluan ezartzen denez, lege horren aplikazio-eremuan sartzen den eraikuntza-lan orotan, kontratista bakoitzak Azpikontratazio Liburu bat izan beharko du.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan, Administrazioarekin harreman elektronikoa izateko aukera adierazten da. Artikulu horren 2. apartatuan ezartzen denez, pertsona juridikoak, administrazio-prozedura baten edozein izapidetarako, administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoz izatera behartuak egongo dira beti.

Pertsona fisiko diren enpresa kontratistak, lege horren 14.2 artikuluaren arabera, ez daude behartuta izapideak bitarteko elektronikoz egitera, eta, beraz, Azpikontratazio Liburua bitarteko telematikoz edo aurrez aurre gaitzeko eskatu ahal izango dute.

Ondorioz, agindu hau Azpiegitura Liburuaren gaikuntza izapidetzeari buruzkoa da.

Hori guztia dela eta, Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 3.1 artikuluak eta 9.1.t) artikuluak emandako ahalmenez baliatuta, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoa betetzeko, pertsona juridiko diren enpresaburu kontratistek bitarteko telematikoz aurkeztuko dute Azpikontratazio Liburua gaitzeko eskabidea, Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus atariaren bidez. Liburuan, kronologikoki eta lanak hasten direnetik, enpresa azpikontratistekin eta langile autonomoekin egindako azpikontratazio guztiak jasoko dira.

2.– Pertsona fisiko diren enpresaburu kontratistek aurrez aurre edo bitarteko telematikoz aurkeztu ahal izango dute Azpikontratazio Liburua gaitzeko eskabidea. Bitarteko telematikoz egiten badute, aurreko paragrafoan adierazitako eran egingo dute.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta hilabeteko epean sartuko da indarrean ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 18a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala