19. zk., 2018ko urtarrilaren 26a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (233 KB - 2 orri.)
- EPUB (195 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
450
8/2018 DEKRETUA, urtarrilaren 23koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Gatika eta Mungian, Uribe Kosta eta Mungialdea-Bakio sistemak elkarren artean lotzeko proiektua burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, «Uribe Kosta eta Mungialdea-Bakio sistemak elkarren artean lotzea» izeneko proiektuaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
2016ko irailaren 27an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hamabost eguneko epean, prentsan eta 2016ko urriaren 18ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (198. zk.). Geroago, 2017ko irailaren 26an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bederatzi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
Uribe Kosta eta Mungialdea-Bakioko banaketa-hodien bitartez hornitutako herrien ur-hornidura bermatzea.
Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2018ko urtarrilaren 23ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Uribe-Kosta eta Mungialdea-Bakio sistemak elkarren artean lotzea» izeneko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko urtarrilaren 23an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.