Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2017ko abenduaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
6270

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 27koa, HABEko zuzendariarena, helduen euskalduntzearen alorreko metodologiagintzan ikertzaileak gaitzeko bi beka emateko deia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko azaroaren 25eko 29/1983 Legeak –Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sorraraztekoa eta euskaltegiak araupetzekoa– 2.b artikuluan zehazten du HABEren egitekoen barruan helduei euskara irakasteko metodologiagintzaren eremuan ikerlanaren sustapena eta helburuak lortzearren irakasbide eta tresna egokienen bilaketa. Lege honen 12. artikuluak Hizkuntzaren Didaktika-zerbitzura biltzen ditu egitekook, euskaltegietako irakasleen prestakuntza eta eguneratzearekin batera.

HABEk ikerketa-eremu berriak zabaldu eta landu nahi ditu helduen euskalduntzearen curriculumgintzan zein ebaluazio-egiaztatzegintzan, lan-eremuotako adituen prestakuntzarako egitasmo zehatzak emanez. Horretarako, ikertzaileen gaikuntzarako bi bekatarako deialdia egitea erabaki du.

Horregatik guztiagatik, eta HABEren arau organikoak onesten dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoa betetzeko,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bi bekatarako deialdia egitea, helduen euskalduntzearen didaktika aplikatuaren metodologiagintzaren eremuan ikertzaileen gaikuntzarako, eta deialdi horren oinarriak onartzea ebazpen honen I. eranskinean ageri diren eran.

Bigarrena.– Ebazpen honen euskal eta erdal testuen arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal testuari dagokion irakurketari lehentasuna ematea.

Hirugarrena.– Ebazpen honetan aurreikusi gabe geratu diren gaietan, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta lege horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa aplikatzea.

Laugarrena.– Interesdunei jakinaraztea administrazio-bidea agortzen ez duen ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar dakiokeela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epearen barruan.

Donostia, 2017ko abenduaren 27a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala