246. zk., 2017ko abenduaren 28a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (287 KB - 8 orri.)
- EPUB (293 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
6266
AGINDUA, 2017ko abenduaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, Haur Hezkuntzako (2. zikloa), Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleak eskolara garraiatzeko banakako esleipenetarako deialdia egiten duena 2017-2018ko ikasturterako.
Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, irakaskuntzaren zerbitzu osagarri modura.
Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barnean; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: zenbateko distantzia dagoen ikasleen etxeetatik ikastetxera, eta zenbat ikasle diren.
Eskola-garraiorako eskubidea duten ikasle batzuek zuzenean ordaintzen dute zerbitzu hori, batez ere hiru arrazoi direla-eta: lehenik, ezin direlako egokitu sail honek antolatutako ibilbideetara; bigarrenik, egokitzat jotzen delako ikasleek garraio publikoa erabiltzea; eta, azkenik, beste administrazio batzuekin eginiko hitzarmenak daudelako administrazio horiek antolatutako garraio-zerbitzuak erabiltzeko.
Gastu horiek finantzatzen laguntzeko, banakako esleipenetarako deialdi hau egiten da.
Oinarritzat hartuta maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzkoa, hezkuntza arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari buruzkoa, hain zuzen. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa betetzeko,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Eskola-garraiorako banakako esleipenetarako deialdia egiten da, 2017-2018ko ikasturtean eta irakaskuntzako ikastetxe publikoetan, Haur Hezkuntzan (2. zikloa), Lehen Hezkuntzan eta DBHn matrikulatutako ikasleentzat, maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzkoa da dekretu hori, hezkuntza arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari buruzkoa, hain zuzen.
2. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.
Laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza da.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
Lehen artikuluan adierazitako xedea betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako beren-beregi ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Deialdi horretarako, zehazki, 1.000.000 euro erabiliko dira. Emango diren laguntzek, guztira, ezin dute gainditu aipatutako zenbatekoa edo zenbateko horren eguneraketa, indarreko legerian jasotako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketen araubidearekin bat etorrita, eta, hala dagokionean, Hezkuntza Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du horren berri ebazpen baten bitartez.
4. artikulua.– Betebehar orokorrak.
1.– Betekizun hauek aldi berean betetzen dituzten ikasleek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko baten matrikulaturik egotea, 1. artikuluan aipatutako irakaskuntzetarik edozeinetan; edo, bestela, hezkuntza-administrazioak esanda, ikastetxe pribatu batean, sare publikoko eskaintza nahikoa ez delako edo –salbuespen gisa– aipatutako administrazioak adierazitako motibo arrazoitua dela-eta.
b) Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari dagokienez, ikastetxearen eragin-eremuan egotea erroldako bizilekua, eta ikastetxea bizileku horretatik hurbilen dagoena izatea, hain justu ere hura sartzen den eragin-eremukoen artean. Eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, Lehen Hezkuntza amaitzeko egokitu zaion ikastetxeari lotutako ibilbidearen ondoriozko ikastetxea izatea, eta aipatutako ibilbidean sartzen direnen artean bizilekutik hurbilenekoa izatea.
b.1.– Ez da eskatuko betekizun hori betetzeko baldin eta hezkuntza-administrazioak esleitu badu ikastetxea.
b.2.– Era berean, eskola-mapa aldatzen bada, aldaketa hori egin aurretik garraio-eskubideaz baliatzen ari diren ikasleei ez zaie eskatuko betekizun hori betetzeko baldin eta bizilekuz aldatzen ez badira; ezta, halaber, haiekin bizi eta, gerora, matrikulatzen diren neba-arrebei ere baldin eta Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan euren lehenengo matrikulazioa bada.
b.3.– Zaintza partekatua den kasuetan, ikasleek bizilekuz aldatu behar badute guraso bakoitzarekin dauden aldiaren arabera, bigarren bizilekuari dagokionez ez da eskatuko betekizun hori betetzeko.
c) Distantziari dagozkion betekizunak honakoa hauek izango dira: bizilekutik 2 kilometroko edo hortik gorako distantziara egotea ikastetxea, betiere Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoetako ikasleei dagokienez; eta bizilekutik 4 kilometroko edo hortik gorako distantziara egotea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren kurtsoetako ikasleei dagokienez.
Distantzia neurtzeko, ikaslearen bizilekutik ikastetxerako edo geraleku hurbilenerako ibilbide laburrena hartuko da erreferentziatzat. Distantzia kalkulatzeko, 5.2 artikuluan adierazten den tresna erabiliko da.
d) Ikasturtea amaitzen den urtean 18 urte bete gabe izatea.
e) Doako garraiorik edo erakunde publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.
2.– Ez dute deialdian sarbiderik izango diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratu ezin izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
3.– Diru-laguntza honen onuraduna izateko, bete egin behar dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. eta 14. artikuluetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak, lege horren 13.2.e) artikuluan xedatutakoa izan ezik, ematen den diru-laguntzaren izaeraren ondorioz.
5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna.
1.– Ikaslearen etxetik ikastetxera joateko, garraio-zerbitzu publiko erregularren bat edo tren-baliabideren bat (autobusa, tranbia, metroa, trena) erabiliz gero, aukera guztien artetik merkeena ordaintzeko bezainbeste esleituko da.
2.– Ikaslearen etxetik ikastetxera joateko, ibilgailu partikularra erabiliz gero, zenbat esleitu kalkulatzeko, 0,29 euro kilometroko ordainduko da, eta, ibilbide hori motozikletaz eginez gero, 0,15 euro kilometroko.
Zenbat kilometro diren kalkulatzeko, etxetik edo geltokitik ikastetxerako bi joan-etorri hartuko dira kontuan, jardunaldi zatituko eskola-egun bakoitzeko; eta joan-etorri bat, jardunaldi jarraituko eskola-egun bakoitzeko.
Ikastetxe publikoetan, zuzeneko kudeaketako erregimenean jantoki-zerbitzurik bada, kalkuluan ez dira sartuko: jardunaldiko zatituko eguerdiko joan-etorriak, baldin eta garraiorako eskubidea duten ikasle guztiak hartu ahal baditu jantokiak.
Distantziak neurtzeko, «GeoEuskadi» kartografian oinarritutako tresna erabiliko da.
3.– Ikastetxeko guraso-elkarteak antolatutako eskola-garraioko zerbitzua erabiliz gero, esleipenaren zenbatekoa hauxe izango da, gehienez: zerbitzuaren benetako kostua zati hura erabiltzen duten ikasle-kopurua.
4.– Laguntza horiekin batera helburu bereko beste diru-laguntza edo laguntza batzuk ere –publikoak zein pribatuak– eskuratu ahal izango dira. Deialdi honetan aurreikusitako helbururako beste laguntzaren bat jasotzen badu onuradunak, horren zenbatekoa kendu egingo zaio laguntzari.
6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Eskariak inprimaki ofizialetan beteko dira; honako webgune honetan eskura ditzakete interesdunek: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus
2.– Ikaslearen legezko ordezkariak behar bezala bete beharko ditu eskabideak, eta I. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dizkio ikaslearen ikastetxeko zuzendariari; edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan adierazitako lekuren batean aurkeztu beharko ditu, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
3.– Ikastetxeek esleipen horietaz baliatu nahi duten ikasleen zerrendaren proposamena aurkeztuko dute, II. eranskinean ematen den ereduaren arabera beteta. Eskabide horiek Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan adierazitako lekuetako batean aurkez daitezke. Proposamen hori Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetara bidaltzeko epea 10 egun baliodun izango da, 6.2 puntuan ezarritako eskari-epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.
4.– Epe horretatik kanpo ere laguntzak eska ditzakete 6.2 paragrafoan ezarritako muga-dataren ondoren matrikulatzen diren ikasleek.
Eskabideak aurkezteko prozedura eskabide arruntak izapidetzeko prozedura bera izango da. Ez da inola ere onartuko 2018ko apirilaren 30aren ondoren egindako eskabiderik.
5.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorrita, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduta, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena eskola-garraioa izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonak deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi horren arduraduna Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, indargabetzeko eta datuen aurka egiteko eskubideak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.
7. artikulua.– Eskaerak aztertzea eta ebaluatzea.
Administrazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuaren bidez aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatu beharko dituzte Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek.
8. artikulua.– Diru-laguntzak ebaztea, jakinaraztea eta argitaratzea.
1.– Aurkeztutako eskabideak jasota, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak behin-behineko ebazpenaren proposamena aurkeztuko du, eta proposamen hori Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzara bidaliko da.
2.– Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak emango du behin-behineko ebazpena, eta ebazpen hori eraginpekoei jakinarazteko aginduko du, ebazpena https://euskadi.eus webgunearen iragarki-taulan argitaratuta. Ebazpen horretan aipatu beharko da nor diren onuradunak eta zenbatekoak diren onartutako laguntzak, edo, ukatuz gero, zergatik ukatu diren.
Jakinarazpen horri esker, beren interesak defendatzeko alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango dituzte eraginpekoek, jakinarazpena egin eta 15 egun baliodun naturaleko epean, eta 3. eta 4. ataletan aurreikusitako izapideak emango dira jakitera.
3.– Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegazioak aurkezteko epea bukaturik, ebazpen hori behin betikotzat joko da, alegaziorik jaso ez duten eskarietarako. Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak bihurtuko ditu behin-behineko ebazpenak behin betiko, eta https://euskadi.eus webguneko iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da.
Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegaziorik aurkeztu bada, eta behar diren egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak behin betiko ebazpena emango du, 8.2 artikuluan agertzen diren datuak aipatuta, eta ebazpena https://euskadi.eus webgunearen iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da.
4.– Behin betiko jakinarazpenak ebazpenaren testu osoa jaso beharko du, bai eta laguntza jaso eta jasoko ez duten eskatzaileen zerrendak ere, laguntza ez jasotzeko arrazoiak azalduta. Horretarako ezarritako epean ebazpen adierazirik argitaratzen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu behar da.
5.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, behin betiko ebazpena https://euskadi.eus webguneko iragarki-taulan argitaratu edo behin betiko ebazpena behin betiko bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Behin betiko ebazpena eta laguntzen jakinarazpena sei hileko epean emango da, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, agindu honetako 6.4 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik (kasu horiek 2018ko ekainaren 29a baino lehen ebatziko dira).
7.– Baldintza guztiak betetzen dituzten eskari guztiei erantzuteko behar besteko krediturik ez badago, eskabideen aurkezte-egunaren arabera ezarriko da lehentasunen hurrenkera.
9. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Emandako diru-laguntzen ordainketa aldi batean egingo da, deialdiari ebazpena eman ondoren. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten zentroetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan justifikatu beharko du zentroak laguntza horiek ordaindu izana, ordezkaritzak emandako aginduei jarraituz.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
10. artikulua.– Diru-laguntzen kontrola.
1.– Ondorio hauetarako, lurralde-ordezkaritzek egokitzat jotako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango diete onuradunei.
2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunak betetzeko informaziorik eskatuz gero, diru-laguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.
3.– Onuraduna zentrora joaten ez bada edo zentroan baja ematen badu, ikastetxeek Eusko Jaurlaritzako Diruzaintzari itzuli beharko diote emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, ordainketa eginda badago, zenbateko osoa edo justifikatu gabeko zatia itzul dezala eskatuko diote ikasleari. Halaber, Diru-laguntzen Legearen 37. artikuluan xedatutako itzulketa-zioak aplikatuko dira.
4.– Itzultzeko espedienterik zabaltzen bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan xedatutakoari jarraituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du dekretu horrek.
5.– Halaber, 2018ko ekainaren 27a baino lehen, ikasle onuradunei eskatuko zaie justifikatu dezatela esleipenaren zenbatekoa egunero edo astero ikastetxera joan beharrak sortu dituen gastuak ordaintzeko erabili dela.
6.– Guraso-elkarteek antolatutako garraioaren kasuan, elkarte horiek egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, honako hauek adierazita dituena:
– Zenbateko kostua duen garraioak egunean.
– Zenbat ikaslek erabiltzen duten garraioa.
– Zenbateko kuota ordaindu behar duen ikasle bakoitzak.
7.– Justifikazio-agiri horiek (txartelak, fakturak, kuotak eta, ibilgailu partikularra erabiltzen bada, erantzukizunpeko adierazpena) ikastetxean artxibatuko dira, behar izanez gero konprobatu ahal izateko.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Hauetan xedatutakoa hartuko du kontuan agindu honek:
69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –garraioaren arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari– buruzkoa. 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Araudia onartzen duena.
1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 28a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.