246. zk., 2017ko abenduaren 28a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (232 KB - 7 orri.)
- EPUB (200 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
EUSKO LEGEBILTZARRA
6262
ERABAKIA, Eusko Legebiltzarreko Mahaiarena, 2017ko abenduaren 19koa, zeinaren bidez iragartzen baita zerbitzu-eginkizunetarako deialdi publikoa Eusko Legebiltzarreko lanpostu-zerrendako plazak behin-behinean betetzeko.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2017ko abenduaren 19ko erabakia betez, honako hau agintzen dut:
Lehenengoa.– Eusko Legebiltzarreko Legelarien Kidegoko legelari-lanpostu bat behin-behinean eta aldi baterako betetzeko prozesurako deialdia egitea, administrazio publikoen arteko zerbitzu-eginkizunen bidez.
Bigarrena.– Administrazio-bidea agortzen duen erabaki honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123 eta 124. artikuluei jarraituz, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluan jasotakoarekin bat eginez.
Hirugarrena.– Erabaki hau Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Edonola ere, honako deialdi honek ondorioak sortuko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 19a.
Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,
BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.
DEIALDIA
Erakunde publiko bateko lanpostuak betetzeko prozedura baten ondorioz, lanpostu bat hutsik gelditu da, ustekabean, Eusko Legebiltzarreko Legelarien Kidegoan. Ganbera honetako lan-pilaketa eta kidego horri atxikitako lanpostuen kopuru mugatua aintzat hartuta, komenigarritzat jo da aipatutako lanpostu huts hori aldi baterako betetzea, jarduera parlamentarioa ohi bezala garatzea ahalbidetzeko.
Egoera horren ondorioz beharrezkoa da lehenbailehen izatea Eusko Legebiltzarreko Legelarien Kidegoko kideek esleituta dauzkaten eginkizunak betetzeko gaitasuna duten funtzionarioak, zerbitzu publikoak era egokian eman eta interes orokorrak ase ahal izateko.
Lanpostu hori behin-behinean eta aldi baterako betetzeko prozedura egokia administrazio publikoen arteko zerbitzu-eginkizunena da, baliabide hori jasota baitago Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 54. artikuluan, zeinaren bidez, kasu berezietan, eta duten lanpostua gordeta dutela, euren kidego edo eskalari dagozkion lanpostuetan jarduteko izenda baitaitezke funtzionarioak beste administrazio publiko batzuetan zerbitzu-eginkizunetan aritzeko, edo atxikitako lanpostuaren berariazkoez bestelako egitekoak burutzeko ere bai.
Eusko Legebiltzarreko Legelarien Kidegoari dagozkion eginkizunak kontuan izanda, kidego horretako lanpostuak aldi baterako beteko dituzten funtzionario egokiek lanbide-esperientzia izan behar dute defentsa judizialeko eta aholkularitza juridikoko zereginak egiten dituzten eta lege-mailako arauak egiteko prozeduretan parte hartzen duten kidego eta eskaletan.
Horregatik guztiagatik, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, 2017ko abenduaren 19ko bileran,
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea eta betekizunak.
1.– Deialdi honen xedea da arauak ezartzea Eusko Legebiltzarreko Legelarien Kidegoko plaza bat betetzeko, behin-behinean eta aldi baterako, administrazio publikoen arteko zerbitzu-eginkizunen bidez.
2.– Zerbitzu-eginkizunak beteko dira Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 54. artikuluan, 1990eko ekainaren 22ko Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoan eta oinarri hauetan jasotakoarekin bat etorrita.
3.– Atxikipena: Idazkaritza Nagusia. Zerbitzu juridikoak.
4.– Eskatzen den titulazioa: Unibertsitateko lizentzia edo titulu baliokidea, Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruaren arabera, gizarte- eta zuzenbide-zientzien adarrean, eta Unibertsitate-ikasketa ofizialen antolaketa ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera (Zuzenbideko gradua, Zuzenbideko Gradua/Bachelor of Laws, Administrazio Publikoetako Zientzia Juridikoetako gradua).
5.– Euskarako hizkuntza-eskakizuna: 3.a, nahitaezkoa.
6.– Lanpostuaren eginkizun nagusiak: II. eranskinean ezarritakoak.
Bigarrena.– Parte-hartzaileak.
Deialdian parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiari atxikita egonda, aurreko apartatuan eskatutako titulazioa duten karrerako funtzionarioek, edo Eusko Jaurlaritzako Legelarien espezialitatea dutela egiaztatzen dutenek, Goi Mailako Teknikarien Kidegokoa, A-2 taldekoa, Zuzenbideko lizentziadun aukerakoa. Era berean, aurreko apartatuan eskatutako titulazioa duten karrerako funtzionarioak aurkeztu ahal izango dira, baldin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko, Gorte Nagusietako, autonomia-erkidegoetako batzar legegileetako, eta Estatuko gainerako organo konstituzionaletako eta autonomia-erkidegoetako estatutu-organoetako zerbitzurako kidego eta eskalakoak badira.
Hirugarrena.– Prozedura.
1.– Prozeduraren garapenerako eta zerbitzu-eginkizunetan aritzeko plazaren esleipenerako honako hauek egingo dira:
a) merezimenduen ebaluazioa, I. eranskineko baldintzen arabera; gehienez ere 70 punturaino.
b) lanpostuaren berezko zereginekin lotutako kasu praktiko bat, dokumentu parlamentario baten edo gehiagoren kalifikazioari eta hura izapidetzeko onartzeari buruzkoa; gehienez ere 35 punturaino.
2.– Izangaiak kasu praktikoa irakurri beharko du balorazio-batzordearen aurrean. Irakurketa horretan, aipatutako batzordeak eskatu ahal izango du idazkian azaldutako irizpideak zabaltzeko.
Kasu praktikoa egiteko, izangaiak eskura izango ditu balorazio-batzordeak ariketa ebazteko emango duen espedientea, hala badagokio, bai eta ohiko lege- eta jurisprudentzia-bildumak eta horien aurkibideak (datu-baseak).
3.– Defentsa judizialeko, aholkularitza juridikoko edo legezkotasun-txostengintzako eginkizunak esleituta dituzten kidego eta eskaletako lanbide-esperientzia baloratuko da, bereziki lege-mailako arauak egiteari eta Zuzenbide Publikoari dagokionez, zehazki konstituzio- eta administrazio-zuzenbidean, kontuan izanda Legebiltzarraren konstituzio- eta estatutu-eginkizunak eta Administrazio parlamentarioaren jarduera.
4.– Lanbide-esperientzia eta lanposturako egokitasuna baloratzeko, aintzat hartuko da, bereziki, izangaien kidego edo eskalako eginkizunen eta Eusko Legebiltzarreko Legelarien Kidegoko eginkizunen arteko antzekotasuna.
5.– Lanbide-esperientzia eta azaldutako merezimenduak jatorrizko dokumentazioarekin edo behar bezala konpultsatutako fotokopiekin justifikatu beharko dira.
Laugarrena.– Balorazio-batzordea.
1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da betekizunak egiaztatzeko, merezimenduak baloratzeko eta, hala badagokio, zerbitzu-eginkizunak esleitzeko proposamena egiteko.
2.– Hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak: Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, buru izango dena, edo hark izendatzen duen ordezkoa, Eusko Legebiltzarreko legelari nagusia edo hark izendatzen duen ordezkoa, Azterlanen legelari zuzendaria, Legebiltzarreko funtzionario bat, bere espezializazioaren arabera Langileen Batzordeak proposatua, eta Eusko Legebiltzarreko legelari bat, idazkari-lanetan jardungo duena.
Bosgarrena.– Zerbitzu-eginkizunak esleitzea.
1.– Azken kalifikazioa egin ondoren, balorazio-batzordeak Legebiltzarreko Mahaiari aurkeztuko dio hautagaien zerrenda, zerbitzu-eginkizunak egiteko egokiena irizten zaiona izenda dezan, aipatu zerrendako hurrenkerari jarraituz. Hala badagokio, lanpostua bete gabe geratu dela deklaratu ahal izango du.
2.– Zerbitzu-eginkizunetarako izendapena egiteko, Legebiltzarreko Mahaiak onespena eta baimena eskatuko dizkio izendatutako hautagaiaren jatorrizko administrazio, organo edo instituzioari, zeinak hamabost egun balioduneko epean eman beharko baitira.
3.– Baldin eta onespena eta baimena espresuki emango ez balira, edo zehaztutako epean erantzungo ez balitz, zerbitzu-eginkizunetarako gaitasuna duen beste hautagai bat izendatuko litzateke, halakorik balitz.
Seigarrena.– Zerbitzu-eginkizunen iraupena eta baldintzak.
1.– Zerbitzu-eginkizunak bi urterako emango dira, baina aldi hori luzatu ahal izango da baldin eta erakunde arteko zerbitzu-eginkizun horiek emateko zioek badiraute.
2.– Zerbitzu-eginkizun horiek dirauten bitartean, zerbitzu-eginkizunak egiten dituen pertsona Eusko Legebiltzarreko lan-baldintzen mende egongo da.
3.– Zerbitzu-eginkizunetan ari dena bere lehengo lanpostura itzuliko da zerbitzu-eginkizunak baimentzeko izandako zioak desagertu direlako eta betiere honako arrazoi hauengatik:
a) Lanpostua gordeta zuen funtzionarioa jarduneko zerbitzura edo lanpostura itzuli delako.
b) Lanpostua behin betiko bete delako.
c) Aldi baterako betetzea eragin zuten presa-arrazoiak eta premia desagertu direla erabakitzen denean.
d) Funtzionarioak zerbitzu-eginkizunei uko egitea onartua izanaren ondorioz.
e) Bi administrazioetako batek, Eusko Legebiltzarrak edo zerbitzu-eginkizunak egiten dituen pertsonaren jatorrizko erakundeak, espresuki bertan behera utzi dituelako edo, kasua denean, ematerakoan zehaztutako denbora igaro delako.
Zazpigarrena.– Egoera administratiboa.
Zerbitzu-eginkizunetarako izendatutako pertsonak, izendapenak dirauen bitartean, jarduneko zerbitzuko egoera administratiboan izango dira dagokien jatorrizko kidego edo eskalan.
Zortzigarrena.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Eskaerak Eusko Legebiltzarreko legelari nagusiari zuzenduko zaizkio hamabost egun balioduneko epean, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, deialdi honetako III. eranskin gisa argitaratutako ereduari jarraituz.
Hautagaiek curriculum vitae bat erantsi beharko dute eskaera-idatzian, non jasoko diren azaldutako merezimenduak, behin-behinean bete nahi den lanpostuaren edukiarekin lotura zuzena dutenak, baita azaldutako merezimenduak egiaztatzeko behar diren ziurtagiri eta dokumentuak ere.
2.– Eskaerak zuzenean aurkeztuko dira Legebiltzarreko Errolda Nagusian (Becerro de Bengoa kalea, z/g, 01005 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Posta-bulegoetatik bidalitako eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira Posta-zerbitzuko langileak data eta zigilua jarri diezazkien ziurtatu aurretik.
I. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BALORAZIORAKO BAREMOA.
a) Lanbide-esperientzia (40 puntu).
Kontuan hartuko dira legelari gisa izandako lanbide-esperientziatzat Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusian, edo Eusko Jaurlaritzako Legelarien espezialitatean (Goi Mailako Teknikarien Kidegokoa, A-2 taldekoa, Zuzenbideko lizentziadun aukerakoa), edo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoan, Gorte Nagusietan, autonomia-erkidegoetako batzar legegileetan, eta Estatuko gainerako organo konstituzionaletan, eta autonomia-erkidegoetako estatutu-organoetan emandako zerbitzuak, legelarien kidegoko eginkizun eta lanetan edo baliokideetan egiaztatuta badaude.
Atal honetan baloratuko da Legelarien Kidegoari dagozkion zereginak betetzeko egokitasun berezia adierazten duen lanbide-esperientzia, hala nola aholkularitza juridikoa ematen, txosten juridikoak egiten eta arau-kontrolean, edo organo konstituzionalak edo estatutuetakoak epaiketetan defendatzen aritutako funtzionarioen kidegoetakoak izatea. 0,20 puntu hilabete bakoitzeko, 40 puntu gehienez.
Ez dira baloratuko hilabetetik beherako zatiak. Hau da, zenbaketan, lan egindako aldien batura egingo da, eta, behin batura egin ondoren, ez dira aintzat hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa joko da hiletzat.
Ezinbestekoa izango da aritu izandako instituzio publiko edo erakundearen ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagirian agertu beharko dira lanpostuaren izena, egindako lan zehatzak eta haietan aritutako aldia.
b) Euskarako 4. hizkuntza-eskakizuna (6 puntu).
c) Graduondoko prestakuntza eta titulu ofizialak (5 puntu).
Baloratuko dira, gehienez 5 punturaino, ondoren azaltzen den baremoaren arabera:
– Cum laude doktorea: 5 puntu.
– Doktorea: 3 puntu.
– Graduondoko masterra: 2,5 puntu.
– Unibertsitateko aditu/espezialista: 2,5 puntu.
– Ikertze-askitasuneko edo ikasketa aurreratuen diploma: 2,5 puntu.
– Lizentziatura-maila (bikain edo ohorezko matrikula): 1 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa (ikastaro bakoitzeko, 10 gehienera): 0,10 puntu.
– Zerikusia duen goi-mailako beste titulu bat: 2 puntu.
Doktoretza-ikastaroak ez dira baloratuko erabili baldin badira doktore-titulua, cum laude doktorearena edo ikertze-askitasunekoa lortzeko edo ikasketa aurreratuen diploma lortzeko.
d) Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak (5 puntu).
Baloratu egingo da prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak egitea eta gainditzea, betiere ikastaro horiek darabiltzaten gaiek zuzeneko lotura dutenean legelari lanpostuaren berezko eginkizun eta lanekin. Bakar-bakarrik baloratuko dira azken 10 urteetan egindako 10 ordutik gorako iraupeneko ikastaroak, orduko 0,03 punturekin eta gehienez ere 5 punturekin; betiere puntu 1 gainditu gabe, alegatutako ikastaroko.
e) Irakaslanak (5 puntu).
Baloratuko dira, gehienez 5 punturaino, ondoren azaltzen den baremoaren arabera:
– Unibertsitateko fakultate/eskolako irakasle titular edo elkartua (urteko) puntu 1.
– Prestakuntza-zentro ofizialetan emandako ikastaro, jardunaldi edo mintegiak (orduko) 0,10 puntu.
f) Jarduera zientifikoak edo ezagutza hedatzekoak (5 puntu).
Baloratu egingo dira argitaratutako lan zientifikoak, aurkeztutako txostenak, komunikazioak, hitzaldiak edo mahai-inguruak, legelari lanpostuaren eginkizunekin zerikusia dutenak, gehienez 5 punturaino.
g) Hizkuntzak (4 puntu).
Baloratu egingo dira, ingeles, frantses eta alemaneko titulu edo ziurtagiriak, gehienez ere 4 punturekin guztira, ondorengo baremoaren arabera:
C2 maila: 4 puntu.
C1 maila: 2 puntu.
B2 maila: Puntu bat.
Bakar-bakarrik titulu eta ziurtagiri hauek hartuko dira kontuan: «Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren mailen baliokide diren titulu eta ziurtagiriak» eranskinean agertzen direnak (117/2015 Dekretua, ekainaren 30ekoa, hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako).
II. ERANSKINA
LEGELARI LANPOSTUAREN EGINKIZUN NAGUSIAK
– Osoko bilkuretarako eta batzorde eta ponentzien bilkuretarako Osoko Bilkura eta Batzordeen Atalak egiten dituen lan administratiboak gainbegiratzea.
– Ekimenak talde parlamentarioei bidaltzea, behin Eusko Legebiltzarreko Mahaiak aztertu ondoren.
– Osoko bilkuretako eta batzorde eta ponentzien bilkuretako gai-zerrenda eta deialdia jakinaraztea.
– Osoko bilkuretan eta batzorde eta ponentzien bilkuretan aholkularitza juridikoa ematea.
– Ponentzien txostenak eta batzordeen irizpenak egitea.
– Batzordeek onetsitako testuak prestatzea eta gainbegiratzea, haiek argitaratu aurretik.
– Osoko bilkuretako eta batzorde eta ponentzien bilkuretako aktak egitea.
– Legebiltzarraren ordezkaritzek Legebiltzarretik kanpo joandakoan dituzten jarduerak kudeatu eta koordinatzea eta Mahaiari adieraztea.
– Legelari nagusiak edo Legebiltzarreko Mahaiak eskatutako txosten juridikoak egitea.
– Eusko Legebiltzarra eta Legebiltzarreko edozein organo ordezkatu eta defendatzea, Mahaiaren aginduz, Konstituzio Auzitegian, beste jurisdikzio-organo batzuetan eta Ebazpen Batzordean.
– Lehendakariak, Mahaiak, Osoko Bilkurak edo legelari nagusiak agindutako goi-mailako beste edozein aholkularitza- azterketa- eta proposamen-lan edo laguntza juridikoko beste zeinahi lan.