Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2017ko abenduaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
6224

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena. Honen bidez, deklaratzen da onura publikokoak direla Hernani-Oiartzun 1 eta 2, 132 kV-ko aireko linea elektrikoa eta haren adarrak, beren babes-eremuko zortasuna zabaltzeari dagokionez; linea hori honako udalerri hauetan kokatzen da: Hernani, Donostia, Errenteria, Astigarraga eta Oiartzun, Gipuzkoako Lurralde Historikoan (Espedientea: RI 24040/20-AT-H-2016-57).

GERTAKARIAK

1.– 2016ko abuztuaren 5ean, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresak zera eskatu zuen goian zehaztu lineari dagokionez: linea onura publikoko deklaratzea, eta ingurumen-inpaktuari buruzko deklarazioa egitea, hain justu ere, linearen zortasuna zabaltzeak ukitutako ondasunak eta eskubideak berehala okupatzeko; enpresa hark, bestalde, zabaltze horren proiektua, horren separatak eta Ingurumen Inpaktuaren Azterlana erantsi zituen.

2.– 2017ko apirilaren 25ean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioko zuzendariak ebazpena eman zuen, Iberdrola Distribución Eléctrica SLUk sustatua, Hernani-Oiartzun 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasunak egokitzeko ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten duena.

3.– Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan aurreikusitakoari dagokionez, iragarki bat argitaratu zen, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baitzen, zehazki, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUren eskaera (2017-08-01eko EHAAn, 2017-08-03ko GAOn eta El Diario Vasco egunkarian 2017-07-26an), eta, halaber, enpresa horren ustez desjabetu behar diren ondasun eta eskubideen zerrenda.

4.– 2017ko uztailaren 17an, iragarkia Hernani, Donostia, Errenteria, Astigarraga eta Oiartzungo Udaletara igorri zen, udal horietako ediktu-taulan jar zezaten.

5.– 2017ko uztailaren 20an, proiektu teknikoaren separatak bidali zitzaizkien Hernani, Donostia, Errenteria, Astigarraga eta Oiartzungo Udalei eta ADIF, Euskal Trenbide Sarea, URA-Ur Agentzia, Gipuzkoako Foru Aldundiari (Bide Azpiegituretako Departamentua) eta Gipuzkoako Foru Aldundiari (Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia); geroago, eskera berbera luzatu zitzaien. Hernani eta Oiartzungo Udalek ez zuten erantzunik eman.

6.– ADIFek, Euskal Trenbide Sareak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak eta Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak eta Errenteriako eta Donostiako Udalek proiektuaren aldeko txostena eman zuten; Astigarrako Udalak eta URAk adostasuna adierazi zuten aurkeztutako proiektuarekiko, baldintza batzuk jarrita.

7.– Aurkeztutako txostenak Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUri helarazi zitzaizkion, eta enpresa horrek erantzun zuen onartzen zituela baldintzak.

8.– Jendaurrean erakusteko aldian, M. Carmen Echevarría Albisu andreak alegazio-idazki bat aurkeztu zuen, zeinetan honako hau adierazten baita:

Ez dagoela ados zenbatutako metro kubikoekin, ezta zuhaiztiaren antzinatasunarekin ere.

9.– M. Carmen Echevarría Albisu andreak aurkeztutako alegazioak Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresa eskatzaileari helarazi zitzaizkion, eta horrek hauxe erantzun zuen: bertaratuak ez duela aurkeztu ukitutako ondare eta eskubideen zerrendarekin erkatu ahal izateko zuhaiztiaren adinari buruzko daturik, eta, beraz, aurkeztutako alegazioak ez duela indargabetzen Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUren eskaera onura publikokotzat deklara dadin espedientearen linea elektrikoaren babespeko eremua handitzea; izan ere, Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 58. artikuluan ezartzen diren salbuespenetatik bat ere ez da egiaztatu.

OINARRI JURIDIKOAK

1.– Espedientean, arau hauetan agindutako arauzko izapideak egin dira: Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legea; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, energia elektrikoaren garraioa, banaketa, merkaturatzea, horniketa eta instalazioetarako baimen-prozedura arautzekoa; 1954ko abenduaren 16ko Legea, nahitaezko desjabetzeari buruzkoa; 282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa, Eusko Jaurlaritzari buruzkoa; Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenena, goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen ebaluazioari buruzkoa, EAEko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean xedatutakoaren arabera (1998-03-27ko EHAA) eta bat datozen gainerako legeak.

2.– Aztertuta geratu dira zuzenean eragiten zaienek aurkeztutako alegazioak, eta eraginpeko udalek eta erakundeek aurkeztutako baldintzak, bai eta enpresa eskatzaileak horiei emandako erantzuna ere, eta onartu egiten da Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk horiei guztiei behar bezala erantzun diela, hau da, indarreko xedapenetan araututako moduan.

3.– Gipuzkoako lurralde-ordezkariak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan (2017ko apirilaren 21eko EHAA) esleitu zaizkion eskumenei jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DU:

Onura publikokotzat deklaratzea jarraian zehazten den linea elektrikoa, babespeko eremuren zortasuna handitzeari dagokionez: Hernani-Oiartzun 1 eta 2 izeneko 132 kV-ko linea elektrikoa eta horren adarrak, zeina honako udalerri hauetan kokatzen baita: Hernani, Donostia, Errenteria, Astigarraga eta Oiartzun. Aurkeztutako proiektuan deskribatzen dira linea horren ezaugarri nagusiak.

Deklarazio horrek berekin dakar –Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera– ukitutako ondasunak okupatzeko edo eskubideez jabetzeko beharra, eta horien okupazioa lehenbailehen egiteko beharra. Deklarazioak, halaber, berehalako okupazioari buruzko deklarazioari dagokionez, zehaztu egiten ditu Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan xedatutako ondorioak, haren 53. artikuluaren erregistro-ondorioekin.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Zerbitzu Zuzendaritzan, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarrikiz.

Donostia, 2017ko abenduaren 15a.

Gipuzkoako lurralde-ordezkaria,

JOAKIN TELLERIA AGIRREZABALA.


Azterketa dokumentala