229. zk., 2017ko azaroaren 30a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (239 KB - 2 orri.)
- EPUB (198 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5800
EBAZPENA, 2017ko azaroaren 15ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko (2. fasea) informazio-azterlana».
2001eko otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuan, behin betiko onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Plana, eta bertan dago jasota, nahiz eta modu oso zehatzean ez izan, Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea ekialdera-Salburua auzora luzatzeko proposamena, hedapen zentzuzkoena delakoan.
Tranbiarako proposatzen den linea-luzatzeari esker, hobetu egingo da hiriaren ekialdean dauden auzoen –zehazki, Santa Luzia eta Salburua auzoen– zuzeneko lotura erdigunearekin, Lakuako autobus-geltokiarekin eta gaur egun garraio-lineak dituzten aldeekin. Halaber, auzo horiek lotu ahal izango dira hiriaren hegoalderantz doan linea berriarekin, eta unibertsitatearekiko lotura ere ezarri ahal izango da.
Azterlan honetan, informazio-azterlanaren mailan dago definituta zer obra behar diren Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea Salburua auzoraino luzatzeko, bermatuta dago tranbia-luzatze horretako hiri barruko bidegunea bideragarria eta bateragarria dela, zenbatetsita dago helmenari doitutako aurrekontu bat, eta haren barruan sartu dira indarreko legeek informazio-azterlana izapidetzeko ezartzen dituzten gainerako azterlan eta eduki guztiak.
Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko (2. fasea) informazio-azterlanak tranbiaren hedatzea deskribatzen du Floridako geralekutik Salburua auzoraino.
Trazadura 2.450 m luze da, eta Florida kaleko geralekuko maniobra-eremuaren ostean hasten da; hor, trazadurak kale horren iparraldetik jarraitzen du. Bide horretan eta Jacinto Benavente kalearekiko bidegurutzearen ostean dago kokatuta tranbiaren lehenengo geralekua.
Geraleku horren ostean, tranbiaren trazadurak Florida kalearen iparraldetik jarraitzen du, eta, aurrerago, kale horrek Iliada pasealekua izena hartzen du; bigarren geralekua Salburua auzoko auzo-etxearen aurrean dago.
Jarraian, ezkerretara 40 m-ko erradioko bira emanez, trazadura Salburua bulebarraren mendebaldean kokatzen da; tranbiaren hirugarren geralekua Valletta kalearen bidegurutzearen ostean dago. Geroago, kale horretan zuzen 430 metro egin ostean, laugarren geralekua dago, Europar Batasunaren plaza baino lehen.
Brusela hiribidearekiko bidegurutzearen ostean eta 550 metrora, tranbia-luzatzearen azken geralekua dago, Joan Karlos I.aren hiribidean.
Tranbia Salburua auzoraino luzatzeko tartea osatzen duten bost geralekuetan, alboko nasa jartzea planteatu da, hirian ondoen txertatzen delako, gaur egun dagoen hiri-eremua kontuan hartuta.
Salburuko azken geralekuaren aurretik, diagonal bikoitza dago, zeina erabiliko baita tartearen azken geralekuan unitateak errebotatzeko eta ustiapena erregulatzeko.
Tranbia Salburua auzora luzatzeari esker, Santa Luzia eta Salburua auzoak integratu ahal izango dira gaur egun dagoen tranbia-sarean eta unibertsitateranzko hegoaldeko hedapenean.
Altxaerako trazadura diseinatzeko erari esker, ahalik eta gehien egokituko zaio egungo urbanizazioari, baina ez ditu urratuko trazadura-irizpideetan adierazitako mugak.
Hauxe da obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua (barnean hartuta gastu orokorrak, industria-mozkina eta BEZa): hogeita hamabi milioi berrehun eta hogeita bi mila laurehun eta hirurogeita bat euro eta laurogeita sei zentimo (32.222.461,86).
Obrak egiteko kalkulatutako epea hogeita lau (24) hilabetekoa da.
Garraio Azpiegituren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek gainbegiratu dute proiektua, eta egiaztatu dute teknikoki zuzena dela eta trenbideen arloko legeria betetzen duela, bai eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 11. artikulutik 16.era bitartekoetan eta indarrean diren gainerako lege-xedapenetan ezarritakoa ere.
Organo honek eskumena dauka Gobernu Kontseiluarentzat gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatzen baitu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.b) artikuluak.
Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluak ezartzen duenez, informazio-azterlana, behin betiko onartu baino lehen, jendaurrean erakutsi beharko da 30 egun balioduneko epean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan trazaduraren ikusmolde orokorraz, ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten dien neurrian.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren III. tituluaren II. kapituluaren eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluaren arabera, proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana jendaurrean erakutsi beharko da, organo erabakitzaileak aplikatu beharreko prozeduraren barruan.
Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko (2. fasea) informazio-azterlana» eta haren ingurumen-inpaktuaren gaineko azterlana, ebazpen honen azken argitalpenaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita hogeita hamar egun balioduneko epean, udal, elkarte eta partikularrek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko aitortzeko arrazoiez, trazaduraren ikusmoldeaz eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaz.
Epe horretan, informazio-azterlana jendeak ikusteko moduan izango da, aztertu ahal izateko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean), Vitoria-Gasteizko Udalean eta Interneteko www.euskadi.eus web-orrian, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren atalean.
Eta horrela jakinarazten da, jendeak horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 15a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.