204. zk., 2017ko urriaren 25a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (237 KB - 3 orri.)
- EPUB (194 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5126
112/2017 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren eta Elgoibarko Udalaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Elgoibarko Olaso hilerrian dagoen Duintasunaren Kolunbarioaren mantentze-lanak egiteko.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren eta Elgoibarko Udalaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Elgoibarko Olaso hilerrian dagoen Duintasunaren Kolunbarioaren mantentze-lanak egiteko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 10a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 112KO 7/2017 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, MEMORIAREN, BIZIKIDETZAREN ETA GIZA ESKUBIDEEN INSTITUTUAREN ETA ELGOIBARKO UDALAREN ARTEKOA, ELGOIBARKO OLASO HILERRIAN DAGOEN DUINTASUNAREN KOLUNBARIOAREN MANTENTZE-LANAK EGITEKO
Bilbon, 2017ko irailaren 27an.
PARTE HARTZAILEAK
Miren Aintzane Ezenarro Egurbide andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren (aurrerantzean Gogora) zuzendaria, bere izenean eta ordezkaritzan.
Ane Beitia Arriola andrea, Elgoibarko Udalaren alkatea), bere izenean eta ordezkaritzan.
Alderdi guztiak hitzarmen hau sinatzeko behar besteko gaitasun aitortzen diote elkarri, eta horretarako honako hau:
ADIERAZTEN DUTE:
Azaroaren 27ko 4/2014 Legeak Gogora sortu zuela.
Gogoraren helburua da parte hartzea diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa.
2016an Elgoibarko Olaso Hilerrian Duintasunaren Kolunbarioa egin zela.
Gogoraren 2017rako gastuen aurrekontuan diru-izendapen egoki eta nahiko dagoela Elgoibarko Olaso Hilerrian dagoen Duintasunaren Kolunbarioaren mantentze-lanak egiteko Elgoibarko Udalarekin izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmena finantzatzeko.
Horregatik guztiagatik, alderdiek erabaki dute Lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea. Hona hemen hitzarmena arautuko duten
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Lankidetza-hitzarmen honen xedea da Elgoibarko Olaso Hilerrian dagoen Duintasunaren Kolunbarioaren mantentze-lanak egitea finantzatzea.
Bigarrena.– Gogoraren konpromisoak.
Gogorak konpromisotzat hartu du Elgoibarko Olaso hilerrian dagoen Duintasunaren kolunbarioa mantentzeko lanen finantzaketan lagunduko duela. Erabiliko diren materialen kostua bere gain hartuko du, baita udalaren obretako lantaldearen zereginetan eta ahalmenetan sartzen ez diren lanak ere, baldin eta udalak kanpoko enpresa bati azpikontratatu behar izango badizkio.
Hirugarrena.– Elgoibarko Udalaren konpromisoak.
Elgoibarko Udalak Elgoibarko Olaso Hilerrian dagoen Duintasunaren Kolunbarioaren mantentze-lanak egitearen konpromisoa hartzen du, lan horiek egingo duen pertsonalaren kostea bere gain hartuaz.
Laugarrena.– Diru-dotazioa.
1.– Gogorak beharrezko baliabideak jarriko ditu Elgoibarko Udalaren eskura, lankidetza-hitzarmena honen xede den jarduera egiteko. Hain zuzen ere, Gogorak urtero gehienez bost mila (5.000,00) euroko ekarpena egingo du, jarduera ordaintzeko. 2017an kopuru hori aurrekontuko partida honen kargura egingo da: 17.0.1.42.00.0000.2.223.01.46220.000/E.
2.– Ekarpen ekonomikoa ordaindu ahal izateko, Elgoibarko Udalak fakturak aurkeztu beharko ditu. Gainera, erabili diren materialen eta azpikontratatu diren lanen kostuaren frogagiriak erantsi beharko dizkie faktura horiei.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko sortuko da Jarraipen-batzorde teknikoa, bi kidez osatua: Gogorako ordezkari bat eta Elgoibarko udalaren ordezkari bat.
Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.
Seigarrena.– Ez betetzea.
Hitzarmen honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena deuseztatzeko zioa izango da. Aipatutako deuseztapena eragiten duen hitzarmenkideak sortaraz ditzakeen kalte eta galeren kalte-ordaina eman beharko die, bai beste hitzarmenkideari bai uste oneko besteri.
Zazpigarrena.– Indarraldia eta amaiera.
Sinatzen den egunetik 2017ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean hitzarmen hau.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu aurretik edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urterako, edo hitzarmena azkentzea.
Eta adostasunaren lekuko, hitzarmen hau izenpetu dute hitzarmenkideek hiru aletan, orri guztietan, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren izenean.
Zuzendaria,
MIREN AINTZANE EZENARRO EGURBIDE.
Elgoibarko Udalaren izenean.
Alkatea,
ANE BEITIA ARRIOLA.