Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2017ko urriaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
4966

AGINDUA, 2017ko urriaren 4koa, Lan eta Justiziako sailburuarena. Honen bidez azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, lurralde batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako diru-laguntzak ematen dira 2017. urterako.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, bigarren xedapen gehigarrian, dekretu horren bidez sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei orduko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-dotazioen kontura ematekoak diren diru-laguntzak emateko prozedura zehaztu zuen.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatzemailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez bana daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztiori, diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraiki, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Bigarren Xedapen Gehigarriko 2. idatzi-zatian agindutakoaren arabera, Lan eta Justiziako sailburuak, 2017ko uztailaren 7ko Aginduaren bidez (uztailaren 31ko EHAA, 144. zk.), hasiera eman zion Sindikatu Hauteskundeen Batzordean eta lurraldeetako batzordeetan parte hartzeagatik sindikatuei dagokien diru-laguntza emateko prozedurari (azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaz arautu ziren horiek).

2017ko uztailaren 10ean, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariak erabaki bat hartu zuten: Lan eta Justiziako Sailburuari proposatu zioten zati berdinetan bana zezala 2017. urterako apirilaren 11ko 2/2017 Legeak, 2017ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartutakoak, 3112 programak (11 zerbitzua) ezarritako diru-laguntza, aurrekontuetan 520.000 euroko hornidura baitu.

Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 3. puntutik 5. puntura xedatutakoaren arabera, agindu honen bidez diru-laguntzak emango zaizkie Hauteskunde Sindikalen Batzordeko eta lurralde batzordeetako diren sindikatuei.

Hori guztiori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Diru-laguntza ematea.

1.– Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko eta lurralde batzordeetako kide diren sindikatuentzako diru-laguntzak ematen dira 2017. urterako. Dekretu horren bidez, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.

2.– Dekretu horren Bigarren Xedapen Gehigarriko 3. puntutik 5. puntura agindutakoaren arabera, eraginpeko alderdiek 2017. urterako apirilaren 11ko 2/2017 Legeak, 2017ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak ezarritako 520.000 euroko aurrekontudotazioa zati berdinetan banatzea erabaki zutenez, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko sindikatu guztiek –ondoren aipatzen dira– 130.000 euro jasoko dituzte:

– Euskal Langileen Alkartasuna (ELA).

– Confederación Sindical de CC.OO. de Euskadi.

– Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).

– Union General de Trabajadores (UGT- Euskadi).

2. artikulua.– Diru-laguntza jasotzeko baldintzak.

Aurreko artikuluan ezarritako diru-laguntza jaso baino lehen, interesatuta dauden sindikatuek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea. Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du interesatuta dauden sindikatuek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa, behar den aldi guztietan, eta horretarako ez dute zertan izan sindikatuen baimenik.

Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, sindikatuak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

b) Aurretik Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailetik jasotako diru-laguntzak justifikatuta daudela adierazteko agiria.

3. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko da diru-laguntza, agindu honetan ezarritako agiriak aurkeztu ondoren.

4. artikulua.– Bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak dira sindikatuek jaso ditzaketen beste laguntza, diru-laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bidez araututako laguntzen helbururako barik, beste helburu baterako badira. Dekretu horren bidez, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau azkena da administrazio bidean. Beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluek ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ematen denetik hara sortuko ditu ondorioak agindu honek, baina horrek ez du eragotziko pertsona interesdunei jakinarazpena egitea.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Jende orok jakin dezan, argitara bedi Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 4a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala