Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2017ko urriaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4796

AGINDUA, 2017ko irailaren 27koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuarena, esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietako abereen ongizatea hobetzeko laguntzetarako deialdia egiten duena 2017rako, maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretuan xedatu bezala.

2012ko ekainaren 25ean, argitara eman zen Euskal Autonomia Erkidegoko esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietan abereen ongizatea hobetzeko laguntzei buruzko maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretua. Arau horren bidez, esnetarako behien abeltzaintza-ustiategiei lagundu nahi zaie. Laguntza horiek jaso ahal izateko, abereen ongizatea hobetzeko neurriak hartu beharko dituzte, eta neurriok arlo honetan nahitaezkoak direnak baino eskakizun handiagoak izan beharko dituzte.

Batzordearen C (2012) 617 Erabakian baimenduta dago laguntzen araubide hau. Bada, erabaki horretako zehaztapenekin bat etorriz, agindu honen helburua hau da: deialdia egitea 2017. urteko laguntzak ordaintzeko aurreko urteetan diru-laguntza hauek eskatu eta konpromisoa sinatu zutenei, betiere oraindik 5 urteko epea agortu gabe badute.

Bestalde, aurtengo laguntzetarako deialdia arau hauen babespean egin da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legea.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deialdia.

Agindu honen bitartez, 2017. urteko konpromisoen ordainketa egiteko deialdia egiten da, maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretuan ezarritako laguntzak aurreko urteetan eskatu, konpromisoa sinatu eta oraindik 5 urteko epea agortu ez dutenentzat; 100/2012 Dekretuaren bidez, esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietan abereen ongizatea hobetzeko laguntzak arautzen dira.

Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea.

Aldez aurretik hartutako konpromisoen urteko ordainketa egiteko eskabideak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidali behar zaizkio. Nekazaritzako Eskualdeetako Bulegoetan edo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Saileko bulegoetan aurkez daitezke (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako beste edozein tokitan, agindu honetako eranskinean dagoen eskabide-ereduarekin bat. Eredu edo inprimaki hau Nekazaritzako eskualde-bulegoetan eta www.nasdap.ejgv.euskadi.eus webgunean dago eskura.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laugarrena.– Agiriak.

Aurreko ekitaldietan honelako laguntzak jaso eta konpromiso egokia sinatu zutenek urteko ordainketarako eskabidea ez ezik –agindu honetako eranskinean jasotakoa ereduan–, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

● Hartutako konpromisoak betetzeari eta haiek egiaztatzeko kontrolei baiezkoa emateari buruzko zinpeko deklarazioa.

● Nekazaritza-politika bateratuaren (NPB) zuzeneko laguntzak eskatzeko epea amaitzean ustiategian dauden abereen errolda. Ustiategia errendimendua kontrolatzeko programa bati atxikita egonez gero, atxikipenaren egiaztagiria, programa hori kudeatzen duen erakundeak emandakoa. Laguntza horiek kudeatzen dituzten administratzaileek eman ditzakete datu horiek baldin eta haien esku badaude.

● Laguntza lehenengo aldiz eskatzean egindako deklarazioetan eta aurkeztutako agirietan egon diren aldaketen zerrenda, halakorik egon bada.

Bosgarrena.– Diru-laguntzen zenbateko osoa.

Agindu honen arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura, 2017rako eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoa, guztira, 5.203,83 euro da.

Seigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Zazpigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 27a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala