Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2017ko irailaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4680

EBAZPENA, 2017ko irailaren 15ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, Vitoria-Gasteizko tranbia Unibertsitatera luzatzeko eraikuntza-proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartu, eta titularrei ondasunak okupatu aurreko aktak egiteko ekitaldirako deia egiten diena.

2017ko apirilaren 4ko ebazpenaren bidez onetsi zen Vitoria-Gasteizko tranbia Unibertsitatera luzatzeko eraikuntza-proiektua.

Proiektu horren xedea da eraikuntza-proiektu batean definitzea Vitoria-Gasteizko tranbia Unibertsitatera luzatu ahal izateko beharrezkoak diren obrak.

Proiektu horren abiapuntuko oinarria eta geroagoko garapena honako hau da: modu linealean hedatzea Angulema kalean dagoen gaur egungo amaierako geltokiaren hegoaldeko muturretik, lehenengo unean zerbitzua unibertsitateraino eramateko, eta etorkizuneko faseen bitartez hiriaren hegoaldeko beste gune batzuetara heltzea, adibidez Mendizorrotzako kirol gunera edo mendebaldeko eta ekialdeko auzoetara, eta halaber beste luzapen batzuk egin ahal izatea hainbat bilberen bitartez; alde horretatik, faseka egikaritzeko sekuentziak definitzen dira, eta horietako bakoitzerako gaur egungo egoerarekin bateragarriak diren ustiapen-eskemak aurreikusten dira.

Proiektuan aurreikusita dago tranbia luzatzeko beharrezko azpiegitura eta urbanizazio obren eta lehendik dagoen ADIFen azpiegituraren gainean Las Trianaseko taula handitzeko obren definizioa eta balorazioa, bai eta azpiegituraren eta drainatzearen definizioa, elektrifikazioari eta tranbia-instalazioei lotuta dagoen obra zibila, eta lehendik dauden eremuetako eta/edo zerbitzuetako ukipenak, tartea egikaritzen edo ustiatzen den bitartean halakoak behin-behinean edo etengabe gertatzen baitira.

Proposatutako konponbideak lehendik dagoen linea luzatzen du Angulemako geltokitik abiatuta, eta unibertsitatera heltzen da ekialdetik, Las Trianaseko zubia erabiliz trenbidearen gaineko gurutzatzea egiteko.

Lurzoruak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, Proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzen eranskinean lurzatien zerrenda eta planoak azaltzen ditu.

2017ko apirilaren 24ko Ebazpenaren bidez, proiektua burutzeko behar ziren ondasun eta eskubideak jabeei nahitaez kentzeko prozedura abiaraztea eta desjabetzeei buruzko eranskina jendaurrera ateratzea erabaki zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien eta hainbat aldizkarietan argitaratu zen honako egunetan, 2017ko maiatzaren 10ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (87. zk.), eta 2017ko maiatzaren 17an Arabako Aldizkari Ofizialean (55. zk.) «Noticias de Alava» eta «El Correo» egunkarietan. Era berean, Vitoria-Gasteizko udaletxeko iragarki-oholean jarri zen.

Tramite horretan, argitaratutako ondasun eta eskubideen zerrenda dela-eta, hainbat alegazio aurkeztu dira. Alegazioak aztertu dira, eta banan-banako erantzunak eman dira.

Organo honek eskumena du Gobernu Kontseilurako gordeta ez dauden garraio-azpiegituraren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari buruzko eta horren egitura organiko eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 174/2017 Dekretuaren 22.1 c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak ezartzen du, trenbideak jarri edo lineak zabaltzeko proiektuak ofizialki onartzeak berekin ekarriko duela proiektuaren eraginpeko eta identifikaturiko ondasunak okupatzea onura publikokotzat eta lehenbailehen egin beharrekotzat jotzea; eta horrek ahalmena ematen dio administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru kopurua, ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da; eta, bidezko bada, premiazkotasunak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.

Beraz, aurrekariak, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20, 21 eta 52. artikuluetan eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoa, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak ikusirik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko tranbia Unibertsitatera luzatzeko eraikuntza-proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta lehenbailehen okupatu beharrekotzat jotzea, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea, bertan adierazitako egunean eta orduan Vitoria-Gasteizko Udalera ager daitezen ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, eta, hala badagokio, ondasun eta eskubide horiek formalki okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, eta interesdunak hala eskatzen badu, lur eremura bertara joateko aukera ere izango da.

Ekintza horretara interesdunek berek edo haien izenean jokatzeko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek joan beharko dute, eta ondasunen titular direla egiaztatzen duten agiri-paperak (eskritura publikoak, Jabegoaren Erregistroko ziurtagiria edo informazio-oharrak, etab.) eta eskubideak egiaztatzen dituzten beste edozein agiri-paper aurkeztu beharko dute. Nahi izanez gero, perituak eta notarioa ere eraman ahal izango dituzte, beren kontura.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako okerrak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte aktak egiteko egunera arte. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (Lakua I)

Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraio Azpiegituraren zuzendariari edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, ebazpena jakinarazi edo argitaratu ondorengo egunetik aurrera kontatzen hasi eta hilabeteko epean.

Eta hala jakinarazten da, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 15a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala