Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2017ko irailaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
4673

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoarena, 2017ko ekainaren 29ko bilkuran hartutakoa, Donostiako Udalaren 2015eko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko ekainaren 29an egindako bilkuran, hau

ERABAKI DU:

Donostiako Udalaren 2015eko Kontu Orokorraren fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 29a.

HKEEren lehendakaria,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
DONOSTIAKO UDALAREN 2015EKO KONTU OROKORRAREN FISKALIZAZIO-TXOSTENA.

Laburdurak.

15/2010 Legea: 15/2010 Legea, uztailaren 5ekoa, abenduaren 29ko 30/2004 Legea aldarazten duena, merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituena.

2/2004 ED: 2/2004 Legegintzako Errege-Dekretua, martxoaren 3koa, Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bategina onesten duena.

20/2012 ELD: 20/2012 Errege Dekretu Legea, uztailaren 13koa, aurrekontuaren egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko neurriei buruzkoa.

21/2003 FA: 21/2003 Foru Araua, abenduaren 19koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Toki Entitateen aurrekontuei buruzkoa.

BOE: Babes Ofizialeko Etxebizitza.

DLO: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.

EEP: Enpleguaren Eskaintza Publikoa.

EHJAN: Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorena.

EIN: Estatistikako Institutu Nazionala.

EIOZ: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga.

GAO: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

GFA: Gipuzkoako Foru Aldundia.

GODG: Gastu orokorretarako diruzaintza geldikina.

HE: Hirigintzako Eremua.

HILBIZ: Hiri izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zerga.

HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.

JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.

KEAO: Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Alorreko Errekurtsoetarako Administrazioko Organoa.

LUO: Lurraren Udal Ondarea.

LZ: Lanpostuen Zerrenda.

PGPN: Publikotasunik Gabeko Prozedura Negoziatua.

PPN: Publikotasundun Prozedura Negoziatua.

SPKLTB: Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 14koa, 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoa.

UFFF: Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.

VISESA: Euskadiko Etxebizitza eta Lurzorua SA.

I.– Sarrera.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Donostiako Udalaren 2015eko Kontu Orokorraren fiskalizazio-lana mamitu du.

HKEEk gauzatutako aurreko fiskalizazio-lana 2013ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.

Udalbatzak ez zituen 2015eko Aurrekontu orokorrak onartu eta honenbestez, luzapena baliatu da, 2015eko urtarrilaren 8ko Alkatetza Dekretu bidez onartutakoa.

Fiskalizazio-lan honek honako alderdi hauek biltzen ditu:

– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.

– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak Udalaren, bere erakunde autonomoen eta sozietate publikoen -einetan udala kapital sozialaren % 50etik gorako ehunekoaren jabe den- aurrekontuaren likidazioa, egoeraren balantzea, galera-irabazien kontua eta oroitidazkia biltzen ditu.

Enpresa erakunde publikoen eta sozietate publikoen kontuei dagokienez, gure lana kanpoko enpresek gauzatutako auditoretzako txostenak aztertzea izan da eta horretarako, beharrezko iritzitako proba osagarriak edo auditoretzako beste zenbait prozedura bideratu ditugu.

– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik bildu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.

– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.

Donostiako udalerriak 186.095 biztanle zituen 2015eko urtarrilaren 1ean Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera eta bere antolamenduan, Udalaz gain ondoko erakunde autonomoak, enpresa erakunde publikoak eta % 50ekoa baino partaidetza handiagoa duten sozietate publikoak barne hartzen ditu.

– Udal Informatika Zentroa (UIZ) erakunde autonomoa: udal antolamendu osoari telekomunikazio eta informatika zerbitzuak ematea.

– Kirolaren Udal Patronatua erakunde autonomoa: kirol instalazioak eraiki eta, besteak beste, kirol-jarduerak, kirol federatua eta lehiaketako kirola eta kirol ikuskizunak kudeatu eta sustatzea.

– Musika eta Dantzaren Udal Eskola erakunde autonomoa: musika eta dantzako irakaskuntza ez arautua.

– Donostiako Etxegintza enpresa erakunde publikoa (Etxegintzako EEP):

Donostiako Udalbatzak 2015eko uztailaren 30ean Donostiako Hirigintza Kudeatzeko Udal Lantegia SL (% 100 Udalaren jabetzakoa dena) Etxegintzako EEPrekin xurgapen bidez bat egitea erabaki zuen eta hala onartu zuen 2015eko azaroaren 25ean administrazio-kontseiluak. Bategitea 2015eko abenduaren 31n jaso zen eskritura publikoan eta Merkataritza Erregistroan erregistratu 2016ko urtarrilaren 21ean. Kontularitzako ondorioak 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera sortu dira.

Hori dela eta, Etxegintzako EEPren estatutuak aldatu egin dira eta sozietatearen helburua, hiritarrek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea gauzatzeko beharrezko diren jarduerak egiteaz gain, Udalak agintzen dizkion hirigintzako eragiketak kudeatu eta egikaritzea da.

– Donostia Kultura Enpresa Erakunde Publikoa (Kulturako EEP): Kultura eta jaietan udalaren eskumenak zuzenean eta modu deszentralizatuan kudeatzea. Erakundeak ondoko sozietate hauen % 100eko jabetza du:

– San Telmo Museoa SA: kultura-ondarearekin lotutako programa eta jardueren kudeaketa.

– Victoria Eugenia Antzokia SA: arte eszeniko, musika, dantza eta ikusi-entzumenezkoekin loturiko programa eta kultura jardueren kudeaketa.

– Eguskiza Higiezinen Sozietatea SA (% 100): Babes Ofizialeko Etxebizitzen eraikuntza eta horrekin lotutako eragiketak. Sozietate honek ez du jarduerarik.

– Donostiako Tranbia Konpainia SA (% 100): bidaiarien garraioa ustiatzea.

– Donostiako Hileta Zerbitzuak SA (% 100): errausketa eta hilerriko zerbitzuak kudeatu eta ustiatzea.

– Donostiako Sustapena SA (% 100): jarduera ekonomiko eta sozialak sustatu, garatu eta indartzea, ekoizpen eta enplegu sistemaren garapena sustatzen lagunduko dutenak.

– Donostia Turismoa SA (% 100): jarduera ekonomiko eta sozialak sustatu, garatu eta indartzea, turismoaren garapena sustatzen lagunduko dutenak.

– Anoeta Kiroldegia SA (% 100): Anoetako kirol-inguruko lanak eta zerbitzuak sustatu eta kudeatzea.

– Bainuetxearen Sozietatea SL (% 99,99): «La Perla del Océano» bainuetxearen eraikina ustiatzea eta beste bainuetxe batzuk eraiki eta ustiatzea.

Gainera, ondoko mankomunitate eta partzuergoen atal da: San Markoko Mankomunitatea (hiri hondakin solidoen kudeaketa), Añarbeko Uren Mankomunitatea (uraren ziklo osoaren kudeaketa), Haurreskolak Partzuergoa (haur eskolen kudeaketa) eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Partzuergoa (garraio zerbitzua).

II.– Iritzia.

II.1.– Legeak betetzeari buruzko iritzia.

Kontratazioa.

1.– Udalak 2015eko ekitaldian pleguetan finkatutako gehienezko epea gaindituta luzatu egin ditu hiri garbiketa zerbitzuko eta herriko argiak zaintzeko kontratuak, 5,8 milioi euroren gastua eragin dutenak; hori dela eta urratu egin dira administrazioko kontratazioan buru egin duten publikotasun eta lehia printzipioak.

2.– Udalak 2015eko ekitaldian 890.389 euroren gastua egikaritu du 3 hornidura eta zerbitzu emanaldi zuzenean hornitzaile bakarrarekin kasu bakoitzean kontratatzeagatik, publikotasun eta lehia printzipioak urratuz.

3.– Kulturako EEP 2015eko apirilean agertokiak eta bestelako elementuak eta horiek muntatu eta kentzeko hornidura kontratua alokairuan iraungi izanaren ondoren, egikaritzen jarraitu du hirugarren berarekin, 131.180 euroren gastua eginez eta honenbestez, publikotasun eta lehia printzipioak urratuz.

Epaitegi honen ustetan, Donostiako Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek, 1etik 3ra bitarteko paragrafoetan aipatutako lege hausteak alde batera, zuzentasunez bete dute 2015eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

Udala eta erakunde autonomoak.

1.– Donostiako Udalaren Gastu Orokorren Diruzaintza Geldikina eta Funts Propioak eragiten dituzten doiketak 2015eko abenduaren 31n, honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

2.– 2015eko ekitaldiko Aurrekontu Likidazioak ez ditu 2015eko abenduaren 31n erositako konpromiso kreditu irmoak barne hartzen, «Transferentzia arruntak», «Kapitalezko transferentziak» eta «Egiazko inbertsioak» kapituluak eragiten dituztenak, hurrenez hurren 6,3; 4,5 eta 5 milioi euroren zenbatekoan.

3.– Udalaren Egoera Balantzeko Ibilgetu ez finantzarioaren eta Egoera bereziko ondarearen zenbatekoak 2015eko abenduaren 31n ez dute data horretan inbentarioan jasotako ondasun eta eskubideen egiazko egoera islatzen. Gainera, Erakunde Autonomoetan ez dago euskarri egoki edo behar adinakorik egoeraren balantzean jasotako ibilgetuaren zifrak 2015eko abenduaren 31ko ondasun eta eskubideen egiazko egoerarekin bat datozen ondorioztatzen utziko duenik.

4.– Udalaren Egoera Balantzeko Finantza Ibilgetuak 2015eko abenduaren 31n 3,2 milioi euro barne hartzen ditu Eguskiza Higiezinen Sozietatea SAk izan duen erosketa kostu kontzeptuan. Ez dago sozietatearen aktiboa osatzen duten lursailen baloraziorik eta honenbestez, ez dakigu beharrezkoa ote litzatekeen aipatutako zenbatekoaren gainean baloraziozko zuzenketa negatiborik egitea aipatutako kopuruaren gainean.

5.– Udalak ez du 2015eko Kontu Orokorraren Oroitidazkian jaso erreklamazio judizialen gaineko informaziorik, zeinen ebazpenetik pasiboak erator litezkeen, 2015eko abenduaren 31n horien zenbatekoa kuantifikatu ezin daitekeela.

Enpresa erakunde publikoak eta sozietate publikoak.

6.– Donostiako Sustapena SA sozietateak 2015eko abenduaren 31ko Egoeraren Balantzeko «Ibilgetuko inbertsioak» idazpuruan 3,7 milioi euroren zenbatekoa jaso du, usufruktuan lagatako Maria Cristina Hotelaren eraikinaren balioari dagokiona; ez dago, baina, kopuru horrek merkatuko balioa gainditzen duen edo ez objektiboko zehazteko bide emango duen aditu independenteek egindako azterlanik.

Epaitegi honen iritzira, 1etik 6ra bitarteko paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Donostiako Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan erakusten dute 2015eko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta 2015eko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.

III.1.– Udala eta erakunde autonomoak.

III.1.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.

– 2015eko ekitaldiko Kontu Orokorrak ez ditu Egoeraren Balantzea eta finkatutako Emaitzen Kontua barne hartzen, ekitaldian indarrean zegoen Aurrekontua Egikaritzeko Udal Arauaren Lehenengo xedapen gehigarrian arautua dagoena.

– 2015eko ekitaldian zehar, Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak kreditu transferentzien bitartez kreditu osagarrien bidez sortutako diru-kontsignazioen norakoa aldarazi zuen, 1,2 milioi euroren zenbatekoan; hori, baina, ez du aurrekontu-araudiak baimentzen.

– Udalak 2015eko apirilaren 13an 7,7 milioi euro egiten dituen kreditu osagarri bat onartu du eta finantzaketa iturri modura inbertsioak besterenganatzeagatiko sarrerak baliatu ditu. Aurrekontuaren aldaketa onartu zen datan ez zegoen aurrekontuko kontzeptu horretan hasiera batean aurrekontuan jasotakoez gainetik kitatutako sarrerarik, 21/2003 FAren 34. artikuluak agintzen duen moduan, eta, gainera, 2015eko ekitaldi itxieran, 4,6 milioi euroren alde negatiboa zegoen behin betiko kredituen eta aitortutako diru-sarreren artean.

– Udalak «Kapital transferentziak» kapituluan Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioari gastu arruntak finantzatzeko 2015ean emandako 600.000 euroren ekarpenak kontabilizatu ditu.

– Udalak Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa SAri 4 milioi euroren diruzaintzako aurrerakina eman dio 2016ko ekitaldiko Aurrekontuen Proiektuan bereizitako diru-laguntzen kontura; ordea, Aurrekontua Egikaritzeko Udal Arauak ez du aurrerakin horiek emateko prozedura arautzen.

– 2015eko abenduaren 31ko diruzaintzako saldoak ez du 4,1 milioi euroren zenbateko bat barne hartzen, kitatzeko dauden hainbat bulegotako diru-bilketa kontuei SArreren kontu murriztuei eta kutxa finkoko aurrerakinen kontuei dagozkienak, nahiz Aurrekontuaren Likidazioak kontu horien xehapen eta saldoari buruzko informazioa jasotzen duen.

– 2000ko ekitaldian Udalak Eguskiza Higiezinen Sozietatea SAren kapitalaren % 100 erosi zuen 3,2 milioi euroren zenbatekoan. Erosi zuenez geroztik, sozietateak ez du inongo jarduerarik izan. Horregatik, gomendagarria litzateke kitatu eta desegitea.

III.1.2.– Zerga sarrerak.

– Udalak zuzenbide publikoko sarreren kontzeptuan 2 hirugarreni zorren gerorapen edo zatikapenak eman dizkie, 2,3 milioi euroren zenbatekoan; ordea, zergapeko horiei ez zaie diru-bilketarako udal ordenantzaren arabera eskagarria zaien banku-abala eskatu. Gainera, lehentasunezko interes tipoa aplikatu zaie, izaera orokorreko berandutza interesari dagokion tipoaz azpitik, aipatutako ordenantzak zein egoeratan aplika daitekeen araututako egoeretatik bat ere ez dagokiela.

III.1.3.– Langileria.

– Udalak 2015eko ekitaldian administrazioko langile guztiei produktibitate-osagarri lineal bat ordaindu die 806.589 euroren zenbatekoan. Ordainsari kontzeptu hau funtzionario bakoitzak bere lanpostuari atxikitako egitekoak betetzean erakutsitako aparteko etekin, interes edo ekimena saritzeko erabili beharko litzateke. Erakunde autonomoek, enpresa erakunde publikoek eta sozietate publikoek Udalaren baldintza beretan ordainsari horren ordainketa egitea onartu dute eta ekitaldian 586.066 euroren gastua eragin du.

– Udalaren lan baldintzak arautzen dituen erabakiak, 2015eko ekitaldian indarrean zegoenak, bertako langileek aldez aurretik erretiroa hartzegatik 2 eta 21 hilekoren ordainsarien ordainketa jasotzen du. Kontu Orokorraren Oroitidazkian ordainsari osagarri mota hau existitzen dela jakinarazi beharko litzateke.

– Udalak ez dio Foru Ogasunari jakinarazi bertako langileei emandako maileguei dagokienez jasotako gauzazko ordainsariei buruzko informaziorik; mailegu horietatik amortizatzeko dauden saldoak 2015eko abenduaren 31n 661.800 eurorenak izan dira.

– Hasieran sortzen diren lan-poltsak eta ondorengo handitzeak udalaren web orrian argitaratzen dira. Komenigarria litzateke horien informazio osoa eta gaurkotua ere argitara ematean, kideen egoera gehituaz.

III.1.4.– Kontratazioa.

– Udalak ez ditu 2015eko abenduaren 31n dagozkion aginpideak ebatzi kontrataturiko kanpo zerbitzuak zuzen egikaritzeko, Administrazio Publikoaren eta kontrataturiko enpresetako langileen arteko harremana argi utziko dutenak, 20/2012 Errege Dekretu Legearen Xedapen Gehigarri lehenengoak agintzen duen moduan.

Udalaren kontratazio administratiboa aztertu dugu eta iritziaren atalean aipatu ditugun ez betetzeak alde batera, honako alderdi hauek bereizi behar ditugu:

– Guztira 18,8 milioi euroan esleitutako 7 kontraturen pleguak onartzeko aholkularitza juridikoko zerbitzuak txostena egin behar zukeen (8, 12, 13, 14, 15, 16 eta 17 zenbakidun espedienteak).

– Guztira 60,4 milioi euroan esleitutako 3 zerbitzu-kontraturen pleguetan akatsak azaleratu dira dagozkion buletinetako iragarkien argitalpenetan, nagusiki, kontratuen balioetsitako balioari eta horien iraupenari dagokionez. Gomendagarria litzateke argitalpen horietan jasotako datuak zehatzagoak izatea, kontratuen lizitazioan balizko inpaktua saihestearren.

– 11,3 milioi euroan esleitutako kontratu batean esleipena gauzatu da finkatutako epea 6 hilabetetan gaindituta (13 zenbakidun espedientea).

– Guztira 58,9 milioi euroan esleitutako 4 zerbitzu kontratutan, esleipendunei eskatutako behin betiko bermea ez dator bat kontratuaren guztizko prezioarekin, baizik eta urteko bakar baten zenbatekoarekin (15, 16, 17 eta 19 zenbakidun espedienteak).

– Publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez 328.675 euroan esleitutako 2 kontratutan ez da horiek gauzatu direla argitaratu ez GAOn ez kontratatzailearen profilean (8 eta 12 espedienteak).

– Guztira 5,1 milioi euroan esleitutako 4 kontratutan 3 hilabeteko epea gainditu da obren azken ziurtagiria onartzeko, behin harrera egiten denetik aurrera kontatuta (2, 4, 7 eta 10 zenbakidun espedienteak).

– 5 kontratutan 8 aldaketa onartu dira, 4,1 milioi euroren zenbatekoan; ordea, behin betiko bermeak doitzeko eskatu behar zatekeen (11, 15, 18, 21 eta 23 zenbakidun espedienteak).

– Aleko prezioetan esleitutako 2 kontratutan milioi 1 euroren zenbatekoa egin duten 3 aldaketa onartu dira guztira behin lanak edo zerbitzuak gauzatu eta gero (16 eta 23 espedienteak).

Erakunde autonomoen kontratazio administratiboa aztertu dugu eta honako alderdi hauek bereizi ditugu:

– Udal Informatika Zentroak 920.000 euroan esleitutako kontratu batean pleguetan barne hartutako formula objektiboa eta publikoa den arren, murriztu egiten du hasiera batean aurreikusitako haztapena, izan ere gutxieneko puntuazioa ematen zaie lehiaketa aurrekontua berdintzen duten eskaintzei (2. espedientea).

– Kirolaren Udal Patronatuak 2,2 milioi euroan esleitutako kontratu bateko pleguetan, nahiz indarreko araudiaren arabera nahitaezkoa ez izan, gomendagarria litzateke neurrigabeko edo ezohiko eskaintza ekonomikoak sumatzea bideratuko duten helburu objektiboak finkatzea (5. espedientea).

– Kirolaren Udal Patronatuak 775.951 euroan esleitutako energia elektrikoa hornitzeko kontratuaren pleguek esleipen irizpide modura automatikoki neurgarri diren merkataritzako kudeaketa gunera eta merkataritza bulego nagusirako distantziak barne hartzen dituzte; ez dago, baina, espedientean justifikatua kontratuaren egiazko beharrizanen ondorio direnik (6. espedientea).

– Udal Informatika Zentroan pleguen onespena eta hornidura kontratu baten esleipena, 346.148 eurorena, erakunde autonomoko Gerentziak egin du, horretarako eskumena duen organoa Erretoretza-kontseilua izanik, zeinak gerora egintza horiek baliokidetu dituen (1. espedientea).

– Kirolaren Udal Patronatuak 2,2 milioi euroan esleitutako zerbitzu kontratu batean, esleipendunari eskatutako behin betiko bermea ez dator bat kontratuaren guztizko prezioarekin, baizik eta urteko bakar baten zenbatekoarekin (5 zenbakidun espedientea).

– Udal Informatika Zentroak 539.348 euroan esleitutako 2 kontratutan eta Kirolaren Udal Patronatuak 2,2 milioi euroan esleitutako batean ez da kontratuak gauzatu direla argitara eman ez GAOn ez kontratatzailearen profilean (1, 3 eta 5 zenbakidun espedienteak).

– Energia elektrikoa hornitzeko kontratua 775.951 euroren zenbatekoan esleitu zuen Kirolaren Udal Patronatuak; ordea, 2015eko ekitaldian 949.502 euroren zenbatekoan egikaritu du eta horrek kontratuaren prezioaren gainean % 22,4ko igoera eragin du, nagusiki gas gutxiago kontsumitu delako kogenerazioko instalazioetan izandako funtzionamendu arazoen ondorioz; ez du, baina, kontratazio atalak dagokion kontratu aldaketa ez izapidetu ezta onartu ere (6. espedientea).

III.1.5.– Diru-laguntzak.

– Udalak 2015eko ekitaldian San Markoko Mankomunitateari 7,7 milioi euroren ekarpenak ordaindu dizkio hiri-hondakin solidoak eta biohondakinak kudeatzeko zerbitzua finantzatzeko, artatu edo desegiteko emandako tona hondakinen arabera, nahiz mankomunitateko estatutuek banaketarako irizpide bakar modura biztanle kopurua bereizten duten.

– Udalak 2015eko ekitaldian etxebizitzak eta egoitzetarako eraikinak zaharberritzeko diru-laguntzak eman ditu 2014ko apirilaren 30eko Udalbatzak onartutako udal ordenantzaren arabera. 2015eko abenduaren 31n 3 milioi euroren 224 espediente daude, Donostiako Etxegintzak aldeko erakunde laguntzaile modura txostena jaulkia duela, aurrekontuko krediturik ez dagoelako ebatzi ez direnak. Laguntza hauetarako urtero deialdiak egitea komeniko litzateke eta horretarako gaitu den aurrekontuko zuzkidura adierazi, hartara, agortzen direnean itxitzat eman ahal izateko.

Diru-laguntza hauetan ez da eskatzen gutxienez hornitzaile ezberdinen 3 eskaintza aurkezteko diruz lagungarri den gastuak DLOren 31.1 artikuluan finkatutako zenbatekoak gainditzen dituenean.

– 2015eko ekitaldian etxebizitzak eta egoitzetarako eraikinak zaharberritzeko emandako 1,3 milioi euroren diru-laguntza eta Donostiako Hedabideak-i emandako 90.000 eurorena, ez dira GAOn edo udal web-orriko gardentasunaren atarian argitara eman.

III.1.6.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.

– Donostiako Udalaren merkataritzako eragiketen ordainketa epeak betetzeari dagokionez diruzainak mamitutako hiruhileko txostenetan, 15/2010 Legean aurreikusitakoetan, 13,4 milioi euroren zenbatekoak (2015eko ekitaldian egindako gastu guztien gainean % 13,8) ezarritako legezko epea gainditzen duela ikusi da. Erakunde autonomoei dagokienez: Udal Informatika Zentroan, Kirolaren Udal Patronatuan eta Musika eta Dantza Udal Eskolan legezko epe hori gainditzen duten ekitaldiko ordainketak, hurrenez hurren, 244.178 euro, 2,4 milioi euro eta 180.675 eurorenak izan dira, 2015eko ekitaldian egindako gastu guztien gainean, hurrenez hurren, % 9,6, % 41,5 eta % 55,9 egiten dutenak.

– Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea 2013ko abenduaren 10ean sartu zen indarrean eta toki erakundeei bi urteko epea eman zien bertan jasotako obligazioetara egokitzeko. Udalaren web-orrian ez da ondotik zehaztutako informazioa argitaratu:

– Enpresa erakunde publikoen eta sozietate publikoen auditoriako txostenak.

– Goi kargudunen 2015eko ordainsariak.

– Enplegatu publikoak eragiten dituzten bateragarritasun-baimen edo -errekonozimendu ebazpenak.

– Goi kargudun izateari utzitakoan jarduera pribatuaren aribidea baimentzen dutenak.

– Udalak 2015eko ekitaldian Bretxako azoka ustiatu eta kudeatzeko administrazioko emakida aldatu zuen, eremu fisikoa eta kanona emakidadunera mugatuz, guztia etorkizunean osasun zentro berri bat egiteko interes publikoko arrazoiek eraginda. Nolanahi den ere, lana egin dugun datan ez da EAErekin izenpetu eraginpeko azaleraren administrazioko emakida, gerora Osakidetzara atxiki ahal izateko eta ez dago aurrez aipatutako aldaketa justifikatuko duen onartzeko konpromiso irmorik.

– Udalak aurrekontuetan xehetasunez jasotzen du Lurraren Udal Ondareari atxikitako baliabide eta norakoei buruzko informazioa. Alabaina, ez da ekitaldi bakoitzean aurreikuspen horien likidazioari buruzko berri ematen.

III.2.– Enpresa erakunde publikoak eta sozietate publikoak.

Enpresa Erakunde Publikoek eta Sozietate Publikoek euren kontuen kanpoko auditoria kontratatzen dute, finantza alderdiei dagokienez soilik. Honen ondorioz, kontu hauen gainean ez dira gainerako kontrol moldeak gauzatzen, artekaritzaren kontrola osatuz (legezkotasuna, eraginkortasun eta efizientziaren kontrol ekonomikoa eta antolamenduzkoa) 21/2003 FAn erabakitakoari jarraikiz gauzatu behar direnak.

III.2.1.– Langileria.

– 2015eko abenduaren 31n indarrean daude Etxegintzako EEPan eta Donostiako Sustapena sozietatean 3 eta 10 obra edo zerbitzu kontratu, hurrenez hurren, zeinen kontratuaren xedea jada amaitua den edo iraupenak 4 urteak gainditu dituen edo etengabe egiteko berberak kontratatzen diren. Inguruabar hauek erakusten dute garatutako egitekoek iraunkortasun izaera dutela eta honenbestez, hori erregularizatzea aztertu beharko litzateke.

III.2.2.– Diru-laguntzak.

– 2015eko ekitaldian, Donostiako Sustapena SAk 579.296 euroren laguntzak eman ditu deialdi publiko bitartez, udalerrian enpleguaren sorrera sustatzeko helburua dutenak. Jarduera honetarako Lanbidek ematen dio laguntza Udalari, tokiko ekintzen bultzatzaile den aldetik. Udalak eta udal sozietateak ez dute dagokion lankidetza hitzarmena izenpetu.

Gainera, emandako zenbatekoak, azken justifikazioaren zain eta honenbestez, ordaintzeko zain daudenak, ez dira sozietatearen 2015eko abenduaren 31ko Egoeraren balantzean erregistratu. Kontularitzan zuzen erregistratzeak ez luke eraginik izango Funts Propioetan data horretan, kanpoko finantzaketa dagoelako.

III.2.3.– Kontratazioa.

Erakunde hauen kontratazio administratiboa aztertu dugu eta iritziaren atalean aipatutako ez betetzea alde batera, honako alderdi hauek bereizi behar ditugu:

– Donostiako Tranbea Konpainia SAk 7,5 milioi euroan esleitutako 3 kontratutan, pleguetan barne hartutako formula objektiboa eta publikoa den arren, murriztu egiten du hasiera batean aurreikusitako haztapena, izan ere gutxieneko puntuazioa ematen zaie lehiaketa aurrekontua berdintzen duten eskaintzei (3, 4 eta 5. espedientea).

– Tranbea Konpainia SAk 2,1 milioi euroan esleitutako mikrobusen erosketa kontratuan ez da pleguetan finkatu balio judizioari meneratutako irizpide bat balioztatzeko formula edo parametroak (plaza kopuru handiagoa hasiera batean aurreikusitakoen gainean) (4. espedientea).

Gainera, 2015eko gastuaren egikaritza berrikustean honako alderdi hauek azaleratu dira:

– Kulturako EEPak alokairuan aretoak eta beste elementu batzuk eta horiek muntatu eta desmuntatzeko hornidura kontratuak, 2015eko ekitaldian 207.379 euroren egikaritza izan duenak, ez du zenbait kultura jardueretan zerbitzu hori ematea barne hartzen; zerbitzu horiek banaka esleitzen dituzte Kulturako EEPk eta Victoria Eugenia Antzokia SA sozietateak publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez; gastua 246.353 eurorena izan da. Kontratuaren xedea bat bera dela aintzat hartuta, gomendagarria litzateke prozedura bakar bat erabiltzea, kasua bada, sorten araberako banaketa aurreikusi.

– Kulturako EEPk modu zentralizatuan izapidetu du laguntzaileen zerbitzuaren eta kontrol eta zaintza zerbitzuaren kontratua abiaraztea, aurreko ekitaldietatik datozen kontratuak iraungi baino hilabete lehenago, hain zuzen. Izapidetze-lanetan aurrerapen-aldi hori ez da behar hainbatekoa kontratu berriak garaiz esleitzeko, aurreko kontratuak iraungi aurretik. Hori dela eta, 2015eko ekitaldian, behin iraungi ostean pleguetan aurreikusi gabeko luzapenak onartu dira eta horiek 9 eta 5,5 hilabeteko aldirako, hurrenez hurren, 403.677 eta 211.429 euroren gastua eragin dute.

IV.– Finantza analisia.

Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.

(Ikus .PDF)

Sarrera arruntak: 2015eko ekitaldian kitatutako sarrera arruntak % 6,5 hazi dira 2013ko ekitaldiarekiko eta % 1,6, berriz, 2014koarekiko. Hainbat kapitulutan izan diren aldaketa nagusienak honako hauek izan dira:

– Zergak 2014ko ekitaldian igoera esanguratsuenak Hiri izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zergan izan dira, 1,6 milioi eurorenak eta 2015eko ekitaldian, berriz, Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren gaineko Zergan, 2,3 milioi euroren zenbatekoan.

– Tasak eta bestelako sarrerak 2015eko ekitaldi honetan ez da 2014koarekiko inongo bariazio esanguratsurik gertatu. Ekitaldi horretan 1,3 milioi euroren igoera gertatu zen hiri-hondakin solidoak jaso eta suntsitzeko tasa kontzeptuan, tarifa % 8,5 igo izanaren ondorioz.

– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: igoerak Udal Finantzaketarako Foru Funtsean metatzen dira, 2014 eta 2015ean hurrenez hurren 8,2 eta 5 milioi euroren igoerekin.

Funtzionamendu gastuak: aitortutako obligazioak % 2,3 igo dira 2013ko ekitaldiarekiko eta % 1,5, 2014koarekiko. Hona hemen bariazio adierazgarrienak:

– Langile gastuak: igoera handienak 2014an gertatu dira, 795.353 euroren produktibitate-osagarria onartzearekin eta Elkarkidetzarako ekarpenak berriz hastearekin, 885.852 euro egin zutenak.

– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketa: 2014an gastuak bere horretan eutsi zion 2013arekiko. 2015eko ekitaldiko igoera nagusienak bide eta udal eraikinen garbiketa zerbitzuetan gertatzen dira, 1,2 milioi euroren igoera izan baitute; baita, askotariko gastuetan ere, 1 milioi euro gora eginez.

– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: aztertutako aldian murriztu egin dira zertxobait. 2015eko ekitaldian bariazio esanguratsuenak izan dira Donostiako Tranbea Konpainia SAri egindako transferentziak milioi 1 euroan murriztu izana eta Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa SA sozietateari emandako diru-laguntza izenduna 520.000 euroan gehitu izana.

Aurrezki gordina eta garbia: aztertutako ekitaldietan diru-sarrera arrunten igoera funtzionamendu gastuena baino handiagoa izan da eta horrek 2015ean aurrezki gordina 2014ko ekitaldiarekiko % 2,2 gehitzea ekarri du eta % 41 aztertutako aldian. Aurrezki garbia aztertutako aldian sarrera arrunten % 3,7 izatetik 2015eko ekitaldian % 8,6 izatera aldatu da.

Kapital eragiketen emaitza: 2015eko ekitaldian kapitalezko eragiketek eragindako emaitzaren saldo negatiboa lehenagoko ekitaldietakoa baino nabarmen txikiagoa da, batik bat, Lurraren Udal Ondarea besterentzetik eratorritako sarrerek gora egin izanaren ondorioz; azpimarratzekoak dira Lasala plazako eraikinarekin eskuratutakoak, 14,5 milioi eurorenak.

Zorpetzea eta diruzaintza geldikina: Udalaren zorpetze mailak ez du 3 ekitaldietan aldaketarik izan, ekitaldi bakoitzean amortizazioengatiko obligazioen kopuru berean mailegu berriak kontratatzea baimendu baita; horrek guztiak 107,6 milioi euro egin ditu. Hala eta guztiz ere, 2015eko ekitaldirako baimendutako maileguak, 13,3 milioi euroren zenbatekodunak, erabiltzeke daude 2015eko abenduaren 31n. Gainerako erakundeei dagokienez, Etxegintzako EEPk eta Donostiako Sustapena sozietateak 2015eko abenduaren 31n, hurrenez hurren, 74,5 eta 1,7 milioi euroren zorra erakutsi dute.

2015eko ekitaldia 47,8 milioi euroren Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikinarekin kitatu da. Alabaina, HKEE honek proposatu dituen doiketak aintzat hartzen baditugu eta bereziki, erabili gabeko finantza maileguei dagokiena, magnitude honek 32,7 milioi euroren saldoa izango luke.

Ondorioa: Udalak azken 2 ekitaldietan kapital eragiketen gastua sortutako aurrezki garbiarekin finantzatzea lortu du, zorpetze maila aldatu gabe. Bi ekitaldien artean nabarmen hazi da Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikina, nagusiki Lurraren Udal Ondarea besterentzetik eta Udal Finantzaketarako Foru Funtsa igotzetik eskuratutako diru-sarreren ondorioz. 2016ko ekitaldian 44,4 milioi euroren kredituak gehitu dira, 2015eko abenduaren 31n kitatutako Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikinaren % 92,9 egiten dutenak.

Aurrekontuaren egonkortasuna: Udalaren Kontu-hartzailetzak txostena jaulki zuen Udalaren mendeko administrazio publikoaren sektorea osatzen duten erakundeek 2015eko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioan aurrekontuaren egonkortasun, zor publiko, merkataritzako zor eta gastuaren araua bete dutela egiaztatuz. Udalaren mendeko sozietate ez finantzario modura sailkatutako erakundeei dagokienez, Kontu-hartzailetzak ondorioztatu du orekan daudela edo finantzatzeko gaitasuna erakusten dutela. Hona hemen erakundeen zerrendaren xehapena eta horien sailkapena:

(Ikus .PDF)

V.– Urteko kontuak.

V.1.– Udala.

(Ikus .PDF)

V.2.– Erakunde autonomoak.

(Ikus .PDF)

V.3.– Enpresa erakunde publikoak eta sozietate publikoak.

(Ikus .PDF)

Alegazioak.

2015eko ekitaldiko kontu orokorren fiskalizazioari buruz herri kontuen euskal epaitegiak egin duen txostenaren zirriborroaren gaineko oharrak.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Kontratazioa.

Udalak, 2105eko ekitaldian, 890.389 euroko gastua egin du 3 hornidura eta zerbitzu emate zuzenean eskuratuz kasu bakoitzean hornitzaile bakarrarekin kontratatuta, kontratazio administratiboa arautzen duten publizitate eta lehia printzipioak bete gabe.

Aipatutako 3 hornidura/zerbitzuetatik, kontratu hauek erregularizatu dira gaur egun:

– Prozedura irekiz esleitua, 2017ko martxoaren 28an, Montajes Garra SL enpresari, hiriko hiri altzarien (bankuak) kontserbazioa eta mantentze lanak egiteko zerbitzua ematea, 175.000 euroko urteko gehieneko prezio aurreikusian, aleko prezioetan.

– Lizitazio prozesuan, prozedura irekiz, Donostiako haur jolas eta parkeak ikuskatzeko eta mantentzeko zerbitzua emateko kontratua. Urteko lizitazio prezioa: 225.000,00 euro (zerga oinarria: 185.950,41 euro + 39.049,59 euro, % 21eko BEZa). (Iragarkia, 2017ko apirilaren 6ko GAOn).

II.2.– Kontu orokorrei buruzko iritzia.

Udala eta erakunde autonomoak.

A.10 Ibilgetu finantzarioa: Naturgas Energía Grupo SA.

Jada zuzenduta dago 2017ko kontabilitatean, dagokion kontabilitateko idazpenaren bidez.

III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko oharrak.

III.1.– Udala eta erakunde autonomoak.

III.1.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.

– Udalak, 2015eko apirilaren 13an, 7,7 milioi euroko kreditu osagarria onartu zuen, finantzaketa iturri moduan inbertsioen besterentzeagatiko diru sarrerak erabiliz. Kreditu aldaketa onartu zenean ez zegoen aurrekontu kontzeptu horretan hasieran aurreikusitakotik gorako sarrera likidaturik, 21/2003 Foru Arauko 34. artikuluak ezartzen duen bezala, eta, gainera, 2015eko aurrekontua itxi zenean alde negatiboa zegoen behin betiko kredituen eta aitortutako sarreren artean, 4,6 milioi euroko aldea, hain zuzen.

Foru Arau horren 34. artikuluak bereizi egiten diru aurrekontu arruntean aurreikusitako sarrera osoen artean likidatutako berriak eta handiagoak.

Aldaketetan erabilitako sarrera berria da, eta ez da sarrera arrunta Kapitalekoa baizik. Aldaketa zuzena dela irizten da.

KGNZri egindako aurrerakina.

Zentro horretan partaidetza berdina dute 3 administrazio publikok: Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak. Zentroak altxortegi arazoak zituen eta altxortegiko eragiketa bat izapidetzen ari zen finantza erakundeetan.

Une horietan, udal altxortegia egoera ezin hobean zegoen eta gerakinek ez zuten ia korriturik ematen.

Iritzi zen aurrerakin bat emateak administrazio publikoen funtzionamenduan efikazia eta efizientzia irizpideak ezartzea zekarrela eta KGNZri arazo bat kentzen ziola. Aurrerakina 2016an itzuli zen.

– Udalak «Kapital transferentziak» atalean kontabilizatu ditu, 2015eko ekitaldian Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioari bere gastu arruntak finantzatzeko egin zizkion ekarpenak (guztira 600.000 euro).

Donostia 2016-Europako Kultur Hiriburua ezohiko gertaera da, ez, beraz, ohiko gertaera bat. Horrenbestez, jarduera horren gastuak ezohikoak dira eta, beraz, ez ohikoak.

Antzeko jardueretan (erakusketa unibertsaletan kasu) administrazioek ezohiko gastutzat hartu izan dituzte.

– 2000ko ekitaldian, udalak Inmobiliaria Eguskiza SA enpresaren kapital sozialaren % 100 eskuratu zuen, 3,2 milioi euro ordainduta. Ordudanik sozietate horrek ez du jarduerarik izan. Horregatik, gomendagarria litzateke sozietatea kitatu eta desegitea.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera aztertu zen sozietatea desegitea, baina ezinezkoa zen zerga ondorio handiak zituelako, eta eremu horretako jarduketa gauzatu artean jarraitzea erabaki zen. Etxegintza enpresa erakunde publikoarekin bat egiteko aukerak aztertuko dira.

III.1.2.– Zergetako diru sarrerak.

– Udalak 2 hirugarreni zuzenbide publikoko sarrerengatiko zorren geroratzea edo zatikatzea baimendu die, 2,3 milioiko zenbatekoaz, zergadun horiei diru bilketako udal ordenantzak ezartzen duen banku abala eskatu gabe. Horrez gain, lehentasunezko interes tasa bat ezarri zaie, oro har ezartzen den berandutze interesa baino txikiagoa, ordenantza horretan halakoak aplikatu ahal izateko adierazten diren kasuetakoren batekoak izan gabe.

Basque Culinary Centeri, helbideratze orokorreko zergaduna izateagatik, diruaren legezko interesa ken 0,25 puntu (% 3,25) ezarri zitzaion, eta Gestion y Servicios de Promocion de Viviendas y Terrenos SLri, aurreko ezaugarria ez zuenez, diruaren legezko interesa gehi 0,25 puntu (% 3,75) aplikatu zitzaion.

Kontuhartzailetza Nagusiak egiaztatu duenaren arabera, Basque Culinary Center Fundazioak epeak eta zenbatekoak bete ditu 2017ko printzipalaren eta interesen zatiei eta geroratzeei dagokienez.

Organo berak egiaztatu duenez, jasota utzi zituzten Gestión y Servicios de Promoción de Viviendas y Terrenos SL enpresaren zorra eta interesak Jabetzaren Erregistroan 2016ko maiatzaren 18an, prebentziozko bahitura oharra eginda, ohar horri lehentasuna eta lursailak urbanizatzeko beharra betetzera premiatzeko indarra ematen baitizkio uztailaren 4ko 1093/1997 Errege Dekretuko 19. artikuluak. Zerbitzu teknikoen ustez, oharra jasotako lursailak, urbanizazio gastuak kendu ondoren, 2.888.396,76 euro balio ditu, eta kantitate hori zorra baino askoz ere handiagoa da.

III.1.3.– Pertsonala.

– Udaleko langileen lan baldintzak arautzeko akordioak, 2015eko ekitaldian indarrean dagoenak, langileen aldez aurretiko erretiroagatiko primak ezartzen ditu, 2 eta 21 hilabete artekoak. Kontu orokorren memorian adierazi egin beharko litzateke horrelako ordainsari osagarriak daudela.

Aurrekontuaren likidazioan kontu orokorrak txertatuta daude. Aurrekontuan eta likidazioan bada aurrekontu programa bat «Erretiroengatiko primak» deritzona, eta ekitaldi horretan egindako gastua adierazten du.

III.1.4.– Kontratazioa.

– 11,3 milioi euroan esleitutako kontratu batean, esleipena ezarritako 6 hilabeteko epea gaindituta egin da.

Txomin Eneako hirigintza emakidaren esleipena atzeratu egin zen, bereziki konplexua zelako; izan ere, udalak 13.828.618,28 euroko zenbatekoko fakturak jaulki behar zituen eta 23.928.618,28 euroko zenbatekoko beste batzuk jaso. Esleipendunarekin, Gipuzkoako Ogasunarekin eta elkarren artean arazorik ez izateko, kanpoko aholkularitza bat kontratatu zen eta Ogasunarekin bilerak egin ziren, alderdi guztiek emakidaren zerga trataerari buruzko adostasuna lortu arte.

– UIZak esleitutako kontratu batean (920.000 euroan esleitu zen), baldintza agirietan sartutako formula batek, objektiboa eta publikoa izan arren, hasieran aurreikusitako ponderazioa txikitzen du, gutxieneko puntuazioa ematen baitiote lizitazio aurrekontua berdintzen duten eskaintzei.

Kontratu horretako formulak legeak gardentasunari eta lizitatzaileei tratu berdina emateari buruzko parametroak betetzen dituen arren, jakin badakigu gainerako balorazio irizpideak distortsionatu ditzakeela. Horri erreparatuz, udala eta haren erakundeak azken lizitazioetan beste mota bateko formulak sartzen ari dira: aurrekontua berdintzen duten eskaintzei 0 puntu ematen zaie, merkeenari gehieneko puntuazioa ematen zaio, eta gainerakoei «proportzionaltasun zuzendua» irizpideari jarraitutako puntuazioa. Formula horiek onartu egin dituzte doktrinak zein kontratazio organoen eta epaimahaiek.

– Kirolaren Udal Patronatuak 2,2 milioi euroan esleitutako kontratu bateko pleguetan, nahiz indarreko araudiaren arabera nahitaezkoa ez izan, gomendagarria litzateke neurrigabeko edo ezohiko eskaintza ekonomikoak sumatzea bideratuko duten helburu objektiboak finkatzea.

Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 152. artikuluak adierazten du, pleguetan kontratua esleitzeko balorazio irizpide bat baino gehiago hartu behar bada kontuan, pleguetan adierazi ahal izango dela zein parametro objektiboren arabera joko den, hala dagokionean, proposamenak ezin direla bete, balio neurrigabeak edo anormalak izateagatik.

Artikulu horretan diseinatutako mekanismoa, errealitatean, lizitatzaileak administrazioaren aurrean defendatzeko mekanismo bat dira, haien eskaintzak aurretik aztertu gabe baztertu ez daitezen, baina ez da administrazioaren defentsa mekanismo bat eskaintza «arriskutsuak» baztertzeko, administrazioaren betebeharra ahalik eta lehiarik handiena sustatzea eta baliabide publikoak optimizatzea baita.

Horregatik, uztartu egin behar dira norgehiagoka eta lehia ez mugatzearen printzipioak balio neurrigabeen mekanismoarekin, eta ez da egokia irizten gomendio orokor bat egitea, kontratu guztietan modu sistematikoan ausarkeriazko bajen parametroak sartzeko, trabak eragin baititzake prezioak eskaintzerakoan. Aztertu egin beharko da kontratu bakoitzaren xedea, eta prezioa irizpideari eta beste irizpide batzuei emandako ponderazioa eta, horrez gain, kasuan kasuko merkatuaren ezagutza zorrotza eduki beharko da, bai eta lizitazioaren unean ekonomia zer egoeratan dagoen kontuan eduki ere, balio neurrigabeen parametroak ezartzeko. Eta halaxe egiten dute, hain zuzen ere, erakunde autonomoek kontratu batzuetan parametro horiek sartzen dituztenean.

Kontratua esleitzeko irizpide bat baino gehiago duten kontratuetan, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 152.2 artikuluak kontratazio organoari autonomia tarte bat ematen dio kontratu bakoitzean modu batean jokatzeko, eta balio neurrigabeetarako parametroak finkatzeko edo ez eta parametro horiek aukeratzeko.

– Kiroletako Udal Patronatuak energia elektrikoa hornitzeko esleitutako kontratuaren baldintzetan (775.951 euroan esleitu zen), esleipen irizpide ebaluagarri moduan sartzen dira, modu automatikoan, kudeatzaile komertzialarekiko eta bulego komertzial nagusiarekiko distantziak, eta espedientean ez dago justifikatuta kontratuaren benetako beharren ondorio direnez.

Irizpide horiek guztira emandako puntuen % 6 dira.

III.1.5.– Diru-laguntzak.

– Udalak, 2015eko ekitaldian, etxebizitzak eta bizitegi eraikinak birgaitzeko diru-laguntzak eman zituen, Udalbatzak 2014ko apirilaren 30ean onartutako udal ordenantzari jarraituz. 2015eko abenduaren 31n, Etxegintza enpresa erakunde publikoak, lankidetza erakunde moduan jarduten duenak, aldeko txostena emanda dituen 224 espediente daude (guztira 3 milioi euro), oraindik ebatzi ez direnak aurrekontu krediturik ez dagoelako. Komeniko litzateke laguntza horietarako urteko deialdiak egitea, eta haietan adieraztea aurrekontuko zer zuzkidura gaitu den, zuzkidura amaitzen denean deialdia itxita dagoela adierazteko.

Diru-laguntza horietan ez da eskatzen gutxienez hornitzaileen 3 eskaintza aurkeztea, diruz lagundu daitekeen gastuak Diru-laguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluak ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean.

Ekitaldi honetan birgaitzeak laguntzeko ordenantza berri bat egiten ari da, aurrekoa indargabetuko duena, eta hartan, espresuki arautzen da urteko deialdiak egingo direla eta kreditua amaitu delako erantzun ezin diren eskaerak ezetsi egingo direla.

Diru-laguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluari buruzko aipamenari dagokionez, Birgaitzeari laguntzeko Ordenantzak espresuki adierazten ez badu ere, 3. artikuluak ezartzen du Diru-laguntzen Lege Orokorra bete behar dela esaten du: Ordenantza honen xede diren diru-laguntzak, ordenantzan bertan ezarritako xedapenek arautzeaz gain, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, Diru-laguntzen Lege Orokorrak, eta hura garatzen duen Erregelamenduak, 887/2006 Errege Dekretuak onartutakoak, arautuko dituzte. Osagarri moduan, administrazio zuzenbideko gainerako legeak ezarriko dira eta, halakorik ez dagoenean, zuzenbide pribatukoak.

III.1.6.– Berankortasuna eta beste alderdi batzuk.

– Udalak aldatu egin zuen, 2015eko ekitaldian, Bretxako merkatua ustiatzeko eta kudeatzeko emakida administratiboa, eta eremu fisikoa eta kanona murriztu zion emakidunari, interes publikoa dela eta, etorkizunean osasun zentro bat jartzeko. Dena den, lana egin ondoren, ez da eragindako azaleraren emakida administratiboa izenpetu EAErekin, gerora Osakidetzari adskribatzeko, eta ez dago onartzeko konpromiso irmorik, lehen adierazitako aldaketa arrazoituko duenik.

Gobernu Batzarrak, 2015eko maiatzaren 8an, esleipen zuzena onartu zuen Bretxako merkatuko arrandegiaren espazioetan osasun zentro bat jartzeko.

Eusko Jaurlaritzak ez zuen onartu emakida orduan adierazitako terminoetan, eta bi administrazioen arteko zenbait bilera izan ondoren, erabaki dute anbulatorioak Bretxako merkatuko arrandegiaren 2.185 metro karratu hartuko dituela, eta sarrera zuzena izango duela Aldamar kaletik.

Une honetan, Eusko Jaurlaritzak emakida administratiboa onartzeko zain gaude, eta onarpena zer pertsonak egingo duen adierazteko zain.

III.2.– Enpresa erakundeak eta sozietate publikoak.

Enpresa entitate publikoek eta sozietate publikoek kontuen kanpoko auditoria kontratatzen dute, baina alderdi finantzarioetan soilik. Horrenbestez, kontu horien gainean ez dira gainerako kontrol motak egiten, 21/2003 Foru Arauan ezarritakoa betez egin behar direnak, kontu hartzailetzako kontrola uztartuz (legezkotasunarena; ekonomikoa, efikazia eta efizientzia aztertzekoa; eta antolakuntzarena).

Erakunde horietako artezkaritza kontseiluetan Idazkaritza Nagusiko eta Kontuhartzailetza Nagusiko ordezkari bat egoten da, erakundearen legezkotasunaren eta kontrolaren arduradun.

Artezkaritza kontseiluetan langile kontuetan hartutako erabakien gaineko txostenak Udaleko Pertsonen Zuzendaritzak, Idazkaritza Nagusiak eta Kontuhartzailetza Nagusiak egiten dituzte.

Artezkaritza kontseiluen kontratazioa Idazkaritza Nagusiak eta Kontuhartzailetza Nagusiak ikuskatzen dute, eta Kontratazioa Kontrolatzeko eta Jakitun Egoteko Batzordeak, hiru hiletik behin, erakunde bakoitzak egindako kontratuei buruzko informazioa jasotzen du.

III.2.1.– Pertsonala.

– 2015eko abenduaren 31n, Etxegintza e npresa erakunde publikoan 3 obra kontratu edo zerbitzu jakineko kontratu daude, eta Donostiako Sustapena SAn, berriz, 10, kontratu xedea amaituta dutenak, lau urteko iraupena baino luzeagoa dutenak edota behin eta berriro kontratatzen direnak eginkizun berberekin. Horrek erakusten du kontratu horien bidez betetzen diren eginkizunak iraunkorrak izan daitezkeela, eta, beraz, gomendagarria litzatekeela arautzea.

Egoera hau du Sustapena Baltzuak aldi baterako zenbait kontrataziori dagokienez:

Batetik, Plan Estrategikoari lotutako 3 kontratu daude. Kontratu horietako bik, 2004 baino lehen ere, amaierako data Plan Estrategikoaren Elkartea sortzearekin lotura dute, eta oraindik ez da horrelakorik egin. Hirugarren kontratu bat E2020DSS Plan Estrategikoaren amaierarekin lotuta dago.

Beste alde batetik, 4 kontratu daude Sustapenak EGFen baitan gauzatzen dituen programei lotuta. Europar Batasuneko egitura funtsen 2014-2020 aldiko programazio aldikoak dira, eta horiek ere 4 urteko iraupena gainditzen dute. Eta kasu batzuetan, pertsona horiek 2007-2013 aldiko EGFen baitan gauzatutako programetan ere egin izan dute lan.

Batera finantzatutako Europako edo estatuko proiektuekin lotutako pertsonak ere baditugu. Zenbait kasu daude:

– Badira berez 4 urteko iraupena gainditzen duten batera finantzatutako proiektuak (adibidez, Replicate programaren iraupena 5 urtekoa da).

– Beste kasu batzuetan, pertsona batzuk batera finantzatutako Europako proiektu bat egiteko kontratatuak izan ziren, eta proiektua amaitu ondoren, arlo bereko beste bat sortu da, antzeko profila eskatzen zuena, eta aurreko programan oso ondo jardun duenez, proiektu berri hori egiteko kontratatu dira.

– Beste pertsona batzuek urteko finantziazio deialdia duten eginkizunetan jarduten dute; adibidez, Lanbidek azken urteetan behin eta berriro eman digu finantziazioa enpleguarekin lotutako jarduerak egiteko.

Aldi baterako kontratuak erregularizatzeko beharra zenbaitetan adierazi izan diogu Kontseiluari. Adibidez, 2015eko abuztuan. Une hartan, organigrama berria onartzea eta ordainsariak etorkizunean egokitzeko beharra aztertzen ari zenean, planteatu zen etorkizunean, eta legeetan izan zitezkeen aldaketak ikusita, gaur egun aldi baterako lan harremana duten kontratuetako batzuk egonkortzeko aukera aztertu behar zela.

III.2.3.– Kontratazioa.

– Tranbiaren Konpainia SAk esleitutako 3 kontratutan (guztira 7,5 milioi euro), baldintza agirietan sartutako prezioaren formulak, objektiboa eta publikoa den arren, hasieran aurreikusitako ponderazioa txikitzen du, gutxieneko puntuazioa ematen baitiote lizitazio aurrekontua berdintzen duten eskaintzei.

Kontratu horretako formulak legeak gardentasunari eta lizitatzaileei tratu berdina emateari buruzko parametroak betetzen dituen arren, jakin badakigu gainerako balorazio irizpideak distortsionatu ditzakeela. Horri erreparatuz, udala eta haren erakundeak azken lizitazioetan beste mota bateko formulak sartzen ari dira: aurrekontua berdintzen duten eskaintzei 0 puntu ematen zaie, merkeenari gehieneko puntuazioa ematen zaio, eta gainerakoei «proportzionaltasun zuzendua» irizpideari jarraitutako puntuazioa. Formula horiek onartu egin dituzte doktrinak zein kontratazio organoek eta epaimahaiek.


Azterketa dokumentala