Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2017ko irailaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4609

EBAZPENA, 2017ko irailaren 7koa, Hezkuntza Sailaren Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta maisu-maistren kidegoetan sartzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 5eko Aginduaren bidez eta Hezkuntzako sailburuaren 2017ko otsailaren 21eko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduretan hautatutako izangaien praktikaldia arautzen da.

Hezkuntzako sailburuaren 2017ko irailaren 4ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta maisu-maistren kidegoetako praktiketako funtzionarioak izendatu dira; horiek Hezkuntzako sailburuaren 2017ko otsailaren 21eko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduran hautatutako izangaiak dira, bai eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 5eko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduran ikasturte batez praktikaldia atzeratu zituen hautatutako izangaia ere.

Aipatutako deialdiekin bat, praktikak arautu eta kalifikazio-batzordeen osaera eta eskumenak zehaztu behar dira.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoetan praktiketako funtzionario izendatutako izangaien praktikak batzordeek kalifikatuko dituzte. Hona hemen batzorde horien osaera eta jardute-prozedura:

1.1.– Kalifikazio-batzorde hauek eratuko dira eta kide hauek osatuko dituzte:

MAISU-MAISTREN KIDEGOA

EAEn batzorde bakar bat eratuko da, kide hauekin:

– Hezkuntzako ikuskari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du eta batzordeburu gisa jardungo du.

– Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bateko zuzendari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo du.

– Maisu-maistren kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan eta Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo dute.

BIGARREN HEZKUNTZAKO IRAKASLEEN KIDEGOA

EAEn batzorde bakar bat eratuko da, kide hauekin:

– Hezkuntzako ikuskari bat Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du eta batzordeburu gisa jardungo du.

– Bigarren Hezkuntzako institutu bateko zuzendari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo du.

– Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan eta Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo dute.

1.2.– Kalifikazio-batzordeen osaera Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ eta http://www.irakasle.eus

1.3.– Kalifikazio-batzordeko kideei aplikatuko zaie Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa.

1.4.– Maisu-maistren kidegoaren kasuan, izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxearen zuzendariak proposatuta, kalifikazio-batzordeek izendatutako irakasle arituen tutoretzapean eramango da aurrera praktikaldia. Irakasle horiek ikastetxean destinoa duten maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioen artean aukeratuko dira eta, ahal izanez gero, izangaiak praktikak egiten dituen espezialitatean habilitazioa dutenen artean.

1.5.– Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoaren kasuan, izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxearen zuzendariak proposatuta, kalifikazio-batzordeek izendatutako irakasle arituen tutoretzapean eramango da aurrera praktikaldia. Irakasle horiek ikastetxean destinoa duten karrerako funtzionarioen artean aukeratuko dira eta izangaiak praktikak egiten dituen espezialitate berekoak izango dira; ahal izanez gero, Bigarren Hezkuntzako katedratikoen kidegokoak izango dira edo, bestela, izangaiak praktikak egiten dituen espezialitateri dagokion didaktika-departamentuko buruak.

1.6.– Praktikaldian esleitutako tutoretza aurrera eramatea eragozten duen gorabeheraren bat gertatzen bada, ikastetxearen zuzendariak beste tutore bat proposatuko du, azaldutako irizpideen arabera, eta kalifikazio-batzordeak izendatuko du.

1.7.– Praktiken tutoretza egiteko lehenago aipatutako baldintza guztiak betetzen dituzten karrerako funtzionarioak ez dauden ikastetxeetan, ikasketaburutzan diharduen pertsona izendatuko da, edo ikastetxean destino duen edozein irakaslea; bete beharreko baldintzak dira karrerako funtzionarioa izatea eta izangaia sartu den kidegokoa izatea. Kalifikazio-batzordeak egingo du izendapen hori, ikastetxearen zuzendariaren proposamenez.

1.8.– Baldin eta praktiketako funtzionarioak maisu-maistren kidegokoak badira eta destinoa badute eskola unitario edo osatugabe batean –gutxienez, Haur Hezkuntzako mailan edo Lehen Hezkuntzako ikasturteetan ziklo bakoitzeko unitate bat ez duena–, ikastetxeko ikuskariak praktiketako irakaslearen ebaluazioa egingo du eta ebazpen honen I. eta II. eranskinak kontutan izango ditu. Horretarako, beharrezko duen informazioa eskatu ahal izango dio zuzendaritzari edo beste edozeini. Egoera hori kalifikazio-batzordeari jakinaraziko zaio.

1.9.– Irakasle-tutoreak ondorengo gaiei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkie praktiketako funtzionarioei:

– Programazio didaktikoa.

– Ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.

– Koordinazio didaktikoa.

– Tutoretza- eta orientabide-planak.

– Hezkuntza-premia espezifikoak eta aniztasunari arreta ematea.

– Familiekiko harremanak adingabeko kasuetan.

Gainera, gomendatzen da irakasle-tutoreak praktikaldian dagoen funtzionarioaren gelara bisitaldia (hilean behin, gutxienez) egin dezan, irakaskuntza-praktikaren behaketa hezigarria egiteko, horren hausnarketa sustatzeko eta hori hobetzeko lagungarriak diren orientabideak proposatzeko.

Praktikaldia amaitzean, irakasle-tutoreak txosten bat egingo du izangaiaren lanak merezi duen balorazioa adierazteko. Ebazpen honen II. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan.

1.10.– Zuzendaritza-taldeak ondorengo gaiei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkio praktiketako funtzionarioei:

– Ikastetxearen hezkuntza-proiektua eta curriculum-proiektua.

– Ikastetxearen urteko plana eta urteko memoria.

– AJA (ROF) eta elkarbizitza-plana.

– Ikastetxeko gobernuko eta koordinazio didaktikoko organoen funtzionamendua.

– Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea.

Praktikaldia amaitzean, ikastetxearen zuzendariak txosten bat egingo du izangaiaren lanak merezi duen balorazioa adierazteko. Ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan.

2.– Izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko erreferentziako ikuskariak koordinatuko du irakasleak ebaluatzeko prozesua, ezarritako prozeduraren arabera.

Ikastetxearen zuzendariaren eta irakasle-tutorearen txostenak jasoko ditu, eta balorazio-txosten bat emango du, izangaiak egindako irakasle-lanari buruz. Horretarako ikastetxearen zuzendariaren eta irakasle-tutorearen txostenak, bai eta I. eta II. eraskinetan adierazitako adierazleak ere kontutan izango ditu.

Aldez aurretik eta ezarritako prozeduraren arabera, ikastetxeko erreferentziako ikuskariak jasoko du izangaiaren praktikaldiari buruz beharrezko informazio guztia, bai eta joan ahal izango du ere izangaiak ematen dituen klaseetara.

Ikastetxeko erreferentziako ikuskariak kalifikazio-batzordeari bidaliko dizkio txosten guztiak.

Gainera batzordeak izangaiei azken memoria bat eskatu ahal izango die; horretan, izandako zailtasunak eta jasotako laguntzak baloratuko dituzte.

3.– Kalifikazio-batzordeak izangaien azken ebaluazioa egingo du, irizpide hauen arabera:

a) Praktiketako funtzionarioaren jarduerari buruz zuzendariak, irakasle-tutoreak eta ikastetxeko ikuskariak egindako txostenak, ebazpen honen I. eta II. eranskinen arabera.

b) Izangaiaren azken memoria, kalifikazio-batzordeak eskatuz gero.

Irakasle-tutorearen, ikastetxearen zuzendariaren eta erreferentziako ikuskariaren txostenek zertan oinarritzen diren adierazi beharko dute, baita txosten horiek egiteko erabili duten dokumentazioa ere.

Eskola unitario edo osatugabeetan destinoa duten maisu-maistren kidegoko praktiketako funtzionarioen ebaluazioa egin behar denean, ikastetxeko erreferentziako ikuskariak praktiketako funtzionarioaren jarduerari buruzko txostena kontutan izango da.

Egoki uste badute, kalifikazio-batzordeak ikastetxeko Hezkuntzako ikuskariari eskatu ahal izango dio izangaiaren praktiken garapenari buruzko txosten osagarri bat, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan azaltzen diren alderdietan oinarrituta. Eskaera berariaz egingo da eta ezarritako prozeduraren arabera, baldin eta zuzendariaren, irakasle-tutorearen edo ikuskariaren txostenak aipatutako eranskinetan ezarritako adierazleren batean ezezko edo gutxiegizko balorazioak baditu.

Edozein kidegotako praktikako funtzionarioen kalifikazioa «ez gai» izango da izangaia nahikotasun-mailetara heltzen ez bada dagozkion eranskinetan ezarritako adierazle guzti-guztietan.

4.– Emandako txostenak kontuan hartuta, kalifikazio-batzordeak izangaiaren azken ebaluazioa egingo du eta Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko dio praktiketako funtzionarioen zerrenda, dagokion kalifikazioekin.

5.– Praktikaldien kalifikazioa «gai» edo «ez gai» izango da. «Ez gai» kalifikazioa eman zaien praktiketako funtzionarioek, Langileak Kudeatzeko zuzendariak aldez aurretik jakinarazte-dataren ondoren, bost eguneko epean, aditzera eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, alegazioak jarri ahal izango dizkiote kalifikazio horri, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 76. artikuluan xedatutakoaren arabera. Epe hori pasa ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak emango du ebazpena eta dagokion kalifikazio-batzordeari eta interesatuari bidaliko zaie.

Bigarrena.– Kalifikazio-batzordeak hamar eguneko epean eratu beharko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Kalifikazio-batzordeak osatzeko, kide guztiek egon beharko dute, Langileak Kudeatzeko zuzendariak baloratu beharko dituen zirkunstantzia berezirik gertatu ezean. Batzordea osatzeko ekitaldiaren akta egingo da eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari bidaliko zaio.

Hirugarrena.– Kalifikazio-batzordeek «gai» edo «ez gai» kalifikazioen behin betiko akta erredaktatu ahal izateko, batzordeburuak eta gainerako batzordekideen erdiek egon beharko dute. Edonola ere, batzordea eratu ondoren ezinbestean bultzaturik edo ustekabeko arrazoiengatik batzordekideetako batzuk edo batzordeburua ezin badira agertu, Langileak Kudeatzeko zuzendariari eman beharko zaio horren berri, eta behar dena erabakiko du.

Laugarrena.– Praktikak, oro har, amaitutzat joko dira eta ebaluatu egin ahal izango dira irakaskuntza zuzeneko sei hilabete egin eta gero, gutxienez 2/3eko eguneko lanaldiarekin. Salbuespenezko kasuetan, praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasun-egoeran, amatasun-bajan edo aurreikusi gabeko eta salbuespenezko beste egoeraren batean badago eta horren ondorioz ezin badu praktikaldia ohiko eran egin –Kalifikazio-batzordeak baloratuko du–, praktikaldiak, gutxienez, hiru hilabete eta egun bat izan beharko ditu, eta aldi horrek jarraitua izan beharko du. Salbuespenezko kasu horietan, gutxienez 2/3eko eguneko lanaldia egin beharko da.

Kalifikazio-batzordeak egingo duen azken aktan, ebaluazioa egin behar zaien praktiketako irakasle guztiak eta kalifikazioak agertuko dira. Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko zaizkio praktikak ebaluatzeko akta horiek.

«Ez gai» kontsideratzen den izangaia hurrengo promozioko izangai aukeratuekin batera sartuko da lanera; praktikaldia behin bakarrik errepikatuko da. Hurrengo urtean deialdirik egonez gero kidego eta espezialitate bererako hautaketa-prozedurarako, sartu den promozio horretan, euren espezialitatean hautatutako azken izangaiaren hurrengo tokia beteko du zerrendan.

Lanean hasten ez direnek edo bigarrenez «ez gai» kalifikazioa jasotzen dutenek karrerako funtzionarioaren izendapena jasotzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Ebazpen ziodun baten bidez, deialdia egin duen agintariak eskubide horien galera aldarrikatuko du.

Bosgarrena.– Praktikaldian, eta kasu berezietan, praktiketako funtzionarioei azterketa medikuak egiteko eskatu ahal izango du Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak, kalifikazio-batzordearen proposamenez, irakaskuntzan behar bezala jarduteko baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituztela egiaztatzeko asmoz.

Seigarrena.– Langileak Kudeatzeko zuzendariari eskuduntzak ematen zaizkio, praktikaldi hau aurrera eramateko behar diren argibideak emateko.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 7a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

I. ERANSKINA

Zuzendariaren txostenerako adierazleak

(Ikastetxeko kudeaketan parte-hartzea)

1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldean laguntzea, ikastetxeak berak eta beraren hezkuntza-jarduerek behar bezala funtzionatzeko.

2.– Hezkuntza-jardueren diseinuan eta egitean laguntzea, ikastetxeko kide bakarreko organoen proposamenez.

3.– Kide anitzeko organoen hitzarmenak betetzea eta parte-hartzea.

4.– Talde-ikasgeletako sail, ziklo eta taldearen akordioak betetzea, ikasleen ikaskuntzako ebaluazio eta kalifikazioari dagozkionak bereziki.

5.– Irakasleen klaustroan eta hezkuntza-komunitatean integratzea.

6.– Ikastetxearen hobekuntzan kolaborazio- eta ekarpen-jarrera.

7.– Ikastetxeko eskola- eta hezkuntza-ekintzetan parte-hartzea.

8.– Eskolaz kanpoko eta osagarriak diren hezkuntza- eta irakaskuntza-ekintzak ikasleekin batera burutzeko zereginetan parte-hartzea, OOGn onartuak eta Ikastetxeko Planean islatuak.

(Talde-lanerako kolaborazio- eta ahalmen-espiritua)

9.– Talde-lanerako ahalmena.

10.– Ikasteko, praktika onak partekatzeko, errespetutik baliogarriak diren proposamenak egiteko eta lankideen lanaren baloraziorako jarrera irekia.

11.– Irakasleen batzarretan eta lan-taldeetan era aktiboan parte-hartzea eta laguntzea.

(Eskola-komunitatearekin harremana)

12.– Bizikidetza positiborako eta ikaskuntzako giro onerako ekarpena.

13.– Ikasle eta familiekin harremanak eta komunikazioa izateko gaitasuna.

(Eginkizunak, eginbeharrak eta betebeharrak betetzea)

14.– Ikastetxean egoteko ordutegi pertsonala betetzea.

15.– Talde-ikasgelan emateko ikasgaien ordutegiak betetzea.

16.– Ikastetxeak jarritako edozein kargu edo erantzukizun behar bezala betetzea.

17.– Irakasle-funtzioa behar bezala betetzea.

II. ERANSKINA

Tutorearen txostenerako adierazleak

(Ikastetxearen kudeaketan parte-hartzea)

1.– Ikastetxearen antolakuntza- eta kudeaketa-dokumentuak ezagutzea.

2.– Irakasle-taldearen partaidea den aldetik, lan-batzarretan eta ikasleak hezteko prozesuan era aktiboan koordinatzea eta laguntzea.

(Ikaslearen gela/motibazioaren gela/metodologia/giroaren planifikazioa eta kudeaketa)

3.– Hezkuntza- eta irakaskuntza-ekintzetako plangintza eta programazioa talde-ikasgelan garatzeko xedez, indarreko curriculumari eta ikastetxeko hezkuntza proiektuari jarraikiz.

4.– Talde-ikasgelaren programazioa sailean edo zikloan ezarritako irizpideei egokitzea, etaparen curriculum-proiektuaren arabera, ondorengo gaietan:

– Estrategia metodologiko egokiak aplikatzea.

– Hezkuntza-etapari edo espezialitateari egokitutako ebaluazio-prozedurak aplikatzea.

– Ikasleen aniztasuna aintzat hartzea, hezkuntza-premia bereziak dituztenak batez ere.

Espezialitatearen programa, bidezkoa bada.

5.– Ikasleen testuinguruari eta adinari eta ezaugarriei egokitzea.

6.– Ikasleen aniztasunaren gaia talde-ikasgelan tratatzea.

7.– Gelako antolakuntza inklusiboa.

8.– Praktika metodologiko eraginkorrak eta ikasleen ezaugarrietara egokitzea.

9.– Ikasleak ikaskuntzarako motibatzea.

10.– Talde-ikasgelan sortutako gatazkak konpontzeko trebezia.

(Ebaluazioa, ikaslearen jarraipena eta tutoretza)

11.– Prestakuntzazko eta bildumazko ebaluazioaren diseinua eta aplikazioa programatutako irakatsi eta ikasteko prozesuetan.

– Gutxieneko ezagupenak, gaitasunen garapen maila, ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak eta sustapen mugatuko irizpideak.

– Tresnak eta ebaluazio-prozedurak erabiltzea, ikasleen ebaluazio objektiboa egiteko eskubidea ziurtatzeko.

– Talde-ikasgelako ikasleek lortutako emaitzak eta ikasleek banan-banan lortutako ikaskuntza maila aztertzea.

– Ikasleek egiten duten aurrerapena jarraitzea.

– Ikasleei eta familiei horren berri ematea (eta behar denean, talde-ikasgelako tutoreari).

Hobetzeko erabaki diren proposamenak: aldaketak metodologian; ekintzak egokitzea; materialak eta baliabide didaktikoak aukeratzea; ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak adostea.

12.– Tutore-lana eta egotzitako funtzioak betetzea.

(Eskola-komunitatearekin harremana)

13.– Ikaslearen irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzeko familiekin koordinatzea.

(Praktika, autoebaluazioa eta heziketari buruzko gogoetak)

14.– Etengabeko hobekuntzarako irakaskuntzari buruzko gogoetak.

15.– Ikaskuntzarako eta berrikuntzarako jarrera irekia.

16.– Prestakuntza prozeduretan parte-hartzea eta laguntzea.


Azterketa dokumentala