Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2017ko abuztuaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4000

AGINDUA, 2017ko uztailaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, hezkuntza-premia bereziko ikasleak eskolatzen dituzten eta 2017-2018 ikasturterako Hezkuntza Laguntzako Espezialistak kontratatu behar dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetarako laguntzetarako deia egiten duena.

236/2015 eta 237/2015 Dekretuek, hurrenez hurren, Oinarrizko Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako curriculumak zehazten dituzte eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen dituzte. Dekretu horiek adierazten dutenez, honako hau da eskola inklusiboa: bermatzen duena haur eta gazte guztiek hezkuntzarako sarbidea dutela, baina ez edozein hezkuntzatara baizik eta kalitatezko hezkuntzara aukera berdintasunean, justua eta guztientzat ekitatiboa den horretara. Eskola inklusiboak ikasle guztiei eskaini behar dizkie aukerak eta laguntzak garapen akademikorako eta pertsonalerako, hezkuntzaren helburuak lortzeko. Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza zehatzak emango dizkiena.

Bestalde, ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak (hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna antolatzen duena) 11. artikuluan ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak, gaur egun Hezkuntza Saila, garatuko dituela behar diren xedapen administratiboak baliabide espezifikoen hornidura zehazteko itunpeko ikastetxe pribatuetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta eman diezaieten.

Horiek horrela, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako xedapenekin, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin ere (EAEko herri-administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan), eta apirilaren 11ko 2/2017 Legeak (2017ko Aurrekontu Orokorrak onetsi zituen) onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekonturik badagoenez, eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua eta hornidura.

1.– Agindu honen xedea da laguntzak ematea itunpeko ikastetxe pribatuei baldin eta hezkuntza-premia bereziak (aurrerantzean HPB) dituzten ikasleak eskolatzen badituzte eta 2017/2018 ikasturterako Hezkuntza Laguntzako Espezialistak (aurrerantzean HLE) kontratatu behar badituzte. Agindu honetan araututako laguntzen finantzaziorako 11.704.788,00 euro bideratuko dira. Honela banatuko da zenbateko hori: 2017rako 4.153.312,00 euro, eta 2018rako 7.551.476,00 euro.

2.– Halere, artikulu honetan zehaztutako kopurua handitu ahal izango da, deialdia ebatzi baino lehen, Hezkuntza Saileko beste programa batzuk gauzatu ondoren lortzen diren agortu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera, indarrean dagoen legedian xedatutako kreditu-loturaren araudiari nahiz aurrekontuak aldatzeko araudiari jarraiki. Halako egoera bat suertatuz gero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez emango da horren berri.

3.– Aurrekontu-funtsak agortuko balira, horiek eskatutako baldintza guztiak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko dira, eskaera guztiei erantzuteko behar den guztizko zenbatekoa kontuan izanda bakoitzarentzat hasieran kalkulatutako kopuruen proportzio berdinean.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetako laguntzen esleipen honetara aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuek baldin eta 2017-2018 ikasturtean HPBak dituzten ikasleak eskolatzen badituzte eta HLE kontratatu behar badute ikasle horien autonomia eta curriculumerako sarbidea sustatzeko.

3. artikulua.– Baldintzak eta haien egiaztapena.

1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 5. artikuluan xedatuarekin bat eta urriaren 1eko 39/2015 Legeko (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 14. artikuluko 2. zenbakiarekin bat.

2.– Gainera, ezingo dute eskatu eta ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:

– Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa duten zentroak, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta daudenak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.

Hori dela eta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

5.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.

– Bete dituela Hezkuntza Saileko hezkuntza-premia berezien aplikazioan eskatzen diren datuak.

4. artikulua.– HLE pertsonala: titulazioa eta funtzioak.

1.– Sare publikoan pertsonal hori kontratatzeko eskatzen den eran, 2017-2018 HLE berriek titulazio hauetako edozein edo baliokidea izan beharko dute:

– Goi Teknikaria Gizarteratzean.

– Goi Teknikaria Haur Hezkuntzan.

2.– Kontratatutako pertsonalak ez du epai irmo bidezko zigorrik izan behar sexu-askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik. Ondorio horietarako, ikastetxeak kontratatzen duen pertsonalari baimena eskatuko dio Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aipatzen den ziurtagiria langilearen izenean lortzeko behar diren datu-baseak kontsultatzeko.

3.– HLE pertsonalak HPBak dituzten ikasleen autonomia eta curriculumerako sarbidearekin erlazionatutako eginkizunak egingo ditu, hezkuntza-izaerako (ez irakaskuntzakoa) gaitasun profesionalaren ekarpena eginez, eta erreferentziako Berritzeguneko HPB aholkularitzekin lankidetzan, horiek zehaztuko baitituzte HLE bakoitzak egin beharreko funtzio eta eginkizunei buruzko orientazio egokiak dagozkion ikasleekiko jarduketa-planaren esparruan. Agindu honen arabera laguntza jaso dezaketen HPBak curriculumerako sarbiderako eta ondorengoekin erlazionatutako gaitasun egokitzaileetarako dira:

a) Zainketa pertsonala.

b) Jokaera eta komunikazioa.

c) Trebetasun motorrak.

d) Autogidatzea.

e) Komunitatearen erabilera.

f) Osasuna eta segurtasuna.

3.– HLE pertsonalaren funtzioak, eskola-aldian egingo direnak gehienez ere 25 orduz astean, hauek izango dira:

– Autonomia eta irisgarritasunarekin erlazionatutako jarduketa-planak egin, aplikatu eta horien jarraipena egitea irakasleekin edo tutorearekin, hala behar duten HPBdun ikasleentzat.

– Gaitasun egokitzaileen garapen-programak egiten, aplikatzen eta horien jarraipenean parte hartzea, hala behar duten HPBak dituzten ikasleentzat.

– Era aktiboan parte hartzea ikastetxeko gainerako pertsonalarekin HPBak dituzten ikasleen arreta eta zaintzan jolas-orduetan eta atsedenaldietan, gainerako ikasleekin erlazio egokia izan dezatela erraztuz.

– Laguntza eta aholkularitzarako profesionalekin (fisioterapeutak, irakasle espezializatuak, HPBen aholkularitzak, etab.) parte hartzea beren presentzia eskatzen duten HPBdun ikasleak dauden jarduketetan.

– Laguntza osagarriko profesionalekin (fisioterapeuta, irakasle espezializatuak, terapeuta okupazionala...) lankidetzan jardutea HPBak dituzten ikasleek curriculumera sartzeko behar dituzten altzariak, materialak eta laguntza teknikoak egokitu eta erabiltzen.

– Hala behar duten HPBdun ikasleei laguntzea eskola-jarduera garatu ahal izateko beharrezkoak diren lekualdatzeetan.

– Laguntzea edo istripuak prebenitzeko eta lehen laguntzako teknikak aplikatzea, ezarritako jarduketa-protokoloak eta -jarraibideak jarraituta.

– Bere eskumenekoak diren alderdiei buruzko txosten teknikoak egitea.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzen zenbatekoak inolako kasutan ez du gaindituko soldata osoa gehi Gizarte Segurantza (eta estrei eta oporrei dagokien proportzioa) kontratatutako HLE bakoitzeko, Gizarte Segurantza barne, oinarri gisa kostu garbi hau hartuta: 2017rako, 30.801,36 euro/urte, eta 2018rako, 30.801,36 euro/urte, astean 35 orduz lan eginez. Zifra horietatik HLE batek egindako lan-ordu bakoitzeko kostu garbia kalkulatzen da, Gizarte Segurantza barne, urteko egiazko lanaldia kontuan hartuta, eta kostu hori 22,16 eurokoa izango litzateke.

2.– Laguntzen kopuruen kalkuluak 2017-2018 ikasturteari dagokion aldiaren arabera egingo dira, 2017ko irailaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra arte, eta asteko dedikazio-modulu hauen arabera:

25 ordu/aste: 22.000,97 euro.

20 ordu/aste: 17.600,78 euro.

15 ordu/aste: 13.200,58 euro.

10 ordu/aste: 8.800,39 euro.

3.– Salbuespenezko eran, ikastetxe interesdunak hala eskatuta, aurreko puntuan ezarritako ordutegi-moduluez bestelako modulu bat eman ahal izango da, eranskinean dagokion atalean adierazita eta asteko dedikazio-modulu hauen arabera:

35 ordu/aste: 30.801,36 euro.

30 ordu/aste: 26.401,16 euro.

Horretarako, beharrezkoa izango da Berritzeguneen HPBetarako aholkularitzek egindako txostenekin abalatzea eta ikasleak honelakoak izatea: mugitzeko desgaitasunari lotutako hezkuntza-premia berezietako ikasleak, elikadurari lotutako eginkizunetarako laguntza behar dutenak, eta portaeraren nahaste larriari lotutako hezkuntza-premia berezietako ikasleak, autolesioak edo erasoak saihesteko ikuskatze handia eskatzen dutenak.

4.– HLE pertsonalaren hornidura-beharrak ezartzeko irizpideak hauek izango dira:

– Oro har, ikasgela arruntean, HLE batek HPBak dituzten bi ikasleri emango die arreta, laguntza orokortua behar dutenean; hiru ikasleri emango die arreta laguntza zabala behar badute; eta lau ikasleri emango die arreta laguntza mugatua behar dutenean.

– Oro har, ikasgela egonkorrean, hornidura normalizatua HLE batekoa izango da.

– Aldizkako laguntzek edo unean-unekoek ez dute justifikatuko HLE pertsonalaren horniduraren beharra.

Salbuespenez, ikastetxeek beren eskaeran aurreko puntuetan adierazitakoak baino pertsonal-behar handiagoak jarri ahal izango dituzte, eta era egokian justifikatu beharko dute, egoera horien testuinguruen araberako azterlan batekin, Balorazio Batzordeak azter ditzan.

6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2017/eae/y22-izapide/es

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskabidea egin ostean, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak https://www.euskadi.net/misgestiones web-orriaren bidez egin beharko dira.

4.– Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

– Inprimakia eskatutako moduluekin eta HLEren aparteko baliabidea behar duten eta HPBak dituzten ikasleen zerrenda eta, jarduketa-planaren proposamenaren arabera, zein gaitasun egokitzailetarako behar den. Inprimaki hau Hezkuntza Sailaren aplikazio informatikoan bete beharko da (https://www.hezkuntza.net/appcont/control_acceso/index_c.html).

– Lanpostu horiek betetzeko kontrata daitezkeen pertsonen zerrenda eta dituzten titulazioak.

5.– Behin eskabidea jaso eta gero, forma-akatsak edo ez-egiteak antzematen badira, interesatuari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo falta diren nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, berariazko ebazpena eman eta gero.

7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura.

8. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute:

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Hezkuntza Berezirako Zerbitzuaren arduraduna: batzordeburu jardungo du.

– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko Hezkuntza Bereziko teknikari bat.

– Berrikuntzako Zuzendaritzako Hezkuntza Bereziko Zerbitzuko teknikari bat, idazkaria izango da.

– Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskatzaile orokor bat.

9. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebazpen-proposamena.

1.– Eskabideak Hezkuntza Bereziko lurraldeko teknikariek aztertuko dituzte. Horretarako, behar diren txostenak eskatuko dizkie Berritzeguneak laguntza-zerbitzuetako hezkuntza-premia berezien aholkularitzei ikastetxe bakoitzak aurkeztutako HLE pertsonalaren hornidura-eskaerari buruz; bertan, kontuan izango dira ikastetxeak dituen gainerako baliabideak eta HPBak dituzten ikasleak HLEek laguntzeko beharraren balorazioa («Autonomia eta curriculumerako sarbidearen garapenerako laguntza behar den zehazteko protokoloa» aplikatzean lortzen diren emaitzen eta eskatzen den laguntzaren intentsitate-mailaren –mugatua, zabala edo orokortua– arabera).

2.– Azterketaren ondoren, zerbitzu nagusiei lurralde bakoitzeko proposamenak bidaliko zaizkie, Hezkuntza Berriztatzeko lurralde-arduradun bakoitzaren oniritziarekin.

3.– Hautaketa-batzordeak lurralde-proposamenak berrikusiko ditu eta, behar beste aurrekontu ez balego, deialdi honetako 1.3 artikulua aplikatuta lortzen den proportzioan banatzea adostuko du. Ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio. Proposamen horrek, batetik, diru-laguntza emango zaien ikastetxeen zerrenda, aplikatu beharreko asteko orduen modulua eta emandako diru-laguntzaren zenbateko osoa izango ditu. Bestetik, diru-laguntza ukatu zaien ikastetxeen zerrenda izango du, eta arrazoia adieraziko da.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabeteko epean ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.

3.– Epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea; eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

11. artikulua.– Laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1.– Laguntza hiru ordainketetan ordainduko da: lehenengoa 2017 ekitaldiaren kargura ordainduko da eta bigarrena eta hirugarrena, 2018 ekitaldiaren kargura.

2.– Lehen ordainketa zenbateko guztiaren % 35,48 izango da, diru-laguntza emateko ebazpenaren ondoren, ez badago berariazko uko-egiterik ebazpena jakinarazi eta hamar eguneko epean.

3.– Hurrengo bi ordainketetan gainerako zenbatekoaren (% 64,52aren) erdi bana ordainduko da. Laguntzaren bigarren ordainketa egiteko, ikastetxeak dokumentazio hau aurkeztu behar du:

– HLE bakoitzarekin egindako lan-kontratua.

– Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aipatzen den ziurtagiria lortzeko beharrezkoak diren datu-baseak kontsultatu direla egiaztatzen duen dokumentazioa, eta kontratatutako pertsonalak ez duela epai irmo bidezko zigorrik jaso sexu-askatasunaren aurkako eta ukigabetasunaren delituren batengatik.

Hirugarren eta azken ordainketa egiteko, 2017/2018 ikasturtea amaitutakoan eta 2018ko iraila baino lehen, diru-laguntzaren ikastetxe onuradunak jasotako laguntzari emandako erabilerari buruzko justifikazio-dokumentazioa aurkeztuko du, ikastetxeak kontratatutako HLE pertsonalaren nominen eta Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinen bidez, TC1 eta TC2rekin.

4.– Justifikazio horiek baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira web-gune honetan: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.

– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen dioten informazioa ematea, instituzio horiek, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta, beren funtzioak betez informazio hori eskatzen dutenean.

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela adierazi beharko dute, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea diru-laguntza emateko eskatutako eta kontuan izandako baldintzetako baten bati eragiten dion edozein inguruabar aldatu dela, esaterako, HLEren baliabideen hartzaileak diren eta HPBak dituzten ikasleen lekualdatzea edo baja.

13. artikulua.– Jarraipena egitea eta kontrolatzea.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipen- eta kontrol-sistemak ezarri ahal izango ditu, edo/eta behar beste datu eskatu ahal izango ditu onartutako jarduera bakoitzean aurreikusitako helburua eta emaitzak bermatzeko, alde batera utzi gabe Hezkuntza Ikuskaritzak baliabide horien funtzionamenduaren inguruan duen kontrola.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa orok, hura emateko ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, baldin eta onuraduna izateko ezarritako baldintza minimoak –diru-laguntzei buruzko arauak ezarritakoak– errespetatzen badira, betiere.

2.– HLE pertsonalaren kontratazioari egoztekoak diren justifikatutako gastuak ez badira emandako diru-laguntzaren zenbatekora iristen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak deskontatuta, laguntza hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntzen erakunde onuradunek, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, eman eta jasotako zenbateko osoa edo partziala itzuli beharko dute, bai eta aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat denean.

– Diru-laguntza erabiltzen ez denean eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.

– Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.

– Justifikatzen ez denean diru-laguntza erabili dela eman ziren helburu zehatzetarako.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

16. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza Berezia» izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak du. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 legeak aplikatuko dira prozedurako gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen duenez, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Sailean, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala