144. zk., 2017ko uztailaren 31, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (322 KB - 13 orri.)
- EPUB (537 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HAURRESKOLAK
3853
07/07-2017 ERABAKIA, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearena, 2017ko uztailaren 17koa, Haurreskolak Partzuergoko langile hezitzaileen lanpostu-zerrendak onartzen dituena.
Zuzendaritza Batzordearen 2017ko uztailaren 17ko Erabakiarekin, Haurreskolak Partzuergoko langile hezitzaileen lanpostu zerrenda finkatzeko prozesua garatzen da, egungo dotazioei egokitua.
Lanpostuen zerrendak entitateko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira eta momentuko egoerari egokitzeko behar diren aldaketak gauzatu behar dira.
Onartutako lanpostu-zerrendetan, lan-harremanen mendeko langile hezitzaileak ere ageri dira, Haurreskolak Partzuergoaren Estatutuetan eta Hitzarmen Kolektiboan egindako sailkapenaren arabera.
Erabaki horretan, berariaz jasotzen da lanpostu bakoitzaren izendapen zehatza; dotazio-kopurua; zer ikastetxeri dagoen atxikita; dedikazio-erregimena; zein talde, kidego edo eskalari, edo lan-kategoriari dagoen atxikita; eta zer betekizun eskatzen diren lanpostu horretan aritzeko, dagokion hizkuntza-eskakizuna barne.
Partzuergoaren Estatutuen 18. artikuluak Zuzendaritza Batzordeari ematen dizkion ahalmenei jarraikiz, Zuzendaritza Batzordeak
erabaki DU:
Lehenengoa.– Haurreskolak Partzuergoko langile hezitzaileen lanpostu-zerrendaren aldaketak onartzea eta ondorioz, langile hezitzaileen behin betiko lanpostu-zerrenda onartzea. Erabaki honen eranskinean ageri dira.
Bigarrena.– Eranskinean ageri diren lanpostu guztietarako, titulazio akademiko hauek eskatzen dira: Irakasle-titulua, Haur Hezkuntzako Gradoa, Haur Hezkuntzako espezializazioa edo baliokide diren titulazioak irailak 30eko 1954/1994 Errege Dekretuaren arabera; Haur Hezkuntzako goi-teknikariaren titulua; haurtzaindegietako teknikari espezialistaren titulua edo baliokide diren titulazioak apirilak 30eko 777/1998 Errege Dekretuaren arabera eta araudi espezifikoaren arabera.
Era berean, ezinbestekoa da Hezkuntzako 2. hizkuntza-eskakizuna, EGA edo baliokidea edukitzea (ikus apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua, 74 zenbakiko EHAA, 2012ko apirilaren 16koa eta azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, 219 zenbakiko EHAA, 201eko azaroaren 15ekoa).
Hirugarrena.– Zerrendatutako lanpostuak hezitzaile kategoriari dagozkio, eta eranskinean zehaztutako Haurreskolak Partzuergoko lanpostu-zerrendetan ageri diren ikastetxeei atxikita daude, ondorio guztietarako.
Laugarrena.– Eranskineko lanpostu-zerrendako lanpostuen dedikazio-erregimena lanaldi osokoa da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Haurreskolak Partzuergoko gerenteari ahalmena ematen zaio onartutako zerrendetako akatsak zuzentzeko, halakorik egonez gero.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Eibar, 2017ko uztailaren 17a.
Haurreskolak Partzuergoko gerentea,
MAITE LARRAÑAGA ORBEA.