Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2017ko uztailaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3836

AGINDUA, 2017ko uztailaren 13koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Lan eta Justizia Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren datu pertsonalen fitxategiei buruzkoa.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak pertsona fisikoen ohorea eta intimitatea bermatu eta babestea du xede, euskarri fisikoan jasotako datu pertsonalen tratamenduari eta sektore publikoak zein pribatuak datu horiei gerora emango dieten erabilera modalitate orori dagokienez.

Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, 4. artikuluan, honako hau xedatzen du, arestian aipatutako lege organikoaren 20.1 artikuluarekin bat etorriz: autonomia-erkidegoaren Administrazioko fitxategiak sortzeko, aldatzeko eta ezabatzeko, dena delako fitxategiaren ardura duen saileko titularrak hala agindu behar du; indarrean dauden legeek eskatutako aipamen guztiak jaso beharko ditu agindu horrek, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Bestalde, 2/2004 Legea garatzen duen urriaren 18ko 308/2005 Dekretuak 2. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek Datuak Babesteko Euskal Bulegoari jakinarazi beharko diote datu pertsonalen fitxategiak sortu, aldatu edo deuseztatu izana, gorabehera horiek Datuak Babesteko Erregistroan inskriba daitezen.

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen, eta haren bidez sortu zen Lan eta Justizia Saila. Egun, lehengo Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko eta lehengo Herri Administrazio eta Justizia saileko organo eta unitateek osatzen dute Lan eta Justizia Saila.

Sail berriari dagozkion datu pertsonalen fitxategi automatizatuei buruzko arauak sakabanatuta daude lehengo sailek emandako zenbait agindutan: Agindua, 2015eko abenduaren 2koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzkoa; Agindua, 2014ko azaroaren 28koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eta sail horretara atxikitako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean (HAEE/IVAP) nahiz Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoan datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuei buruzkoa, eta 2015eko apirilaren 17ko Agindua, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, aurrekoa aldatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura berrantolatu izanaren ondorioz, eta eskumen-esleipen berria aintzat hartuta, beharrezkoa da, argitasuna eta segurtasun juridikoa izateko, arau bat ematea eta han zerrendatzea Lan eta Justizia Saileko organo eta unitateei atxikita dauden datu pertsonalen fitxategi guztiak, eta fitxategi bakoitzaren ardura zein organok duen adieraztea; organo arduradun horien aurrean baliatu ahal izango dira, gainera, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak. Arauak xede izango du, halaber, lau fitxategi berri sortzea: «Eraikin judizialen, adingabeentzako zentroen eta arlo judizialarekin zerikusia duten bulegoen barruko bideokameren grabazioak», «Amiantoaren arriskupeko lanetarako planak», «Kontsultei emandako erantzunak» eta «Gaixotasun profesionalaren susmoa».

Lehenengo fitxategiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak bideokamerak jarri ditu eraikin judizialen, adingabeentzako zentroen eta arlo judizialarekin zerikusia duten bulegoen barruan, segurtasun egokia izan dezaten barrualde horietan lan egiten duten pertsonek, eraikin horietara kudeaketak egitera joaten diren profesional eta herritarrek eta adingabeen zentroetan neurrien mende dauden adingabeek. Horregatik, beharrezkoa da irudien fitxategi automatikoa sortzea. Fitxategi hori, hain zuzen, datu pertsonalak dituzten sail honetako fitxategi automatizatuen multzoko parte izango da aurrerantzean.

Bigarren fitxategiari dagokionez, eta amiantoarekiko esposizioaren arriskua duten lanei aplikatu beharreko gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua betetzeko, enpresek, horrelako lanei ekin aurretik, lanerako plana egin behar dute, lan-arloko agintaritzak onar dezan. Lanerako plan horretan zehaztu egin behar da nortzuk diren lanean zuzenean parte hartuko duten langileak edota material amiantoduna ukituko dutenak. Langile horiek prestakuntza egokia eta gaitasun-txosten medikoa eduki behar dituzte. Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza da lanerako planak onartu behar dituen lan-agintaritza, bai eta plan horietan jasotzen diren datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna ere. Gero, osasun-arloko agintaritzari eta Osalani dagokie amiantoaren eraginpean egon diren langileen berariazko osasun-zaintzaren inguruko datuak gordetzea.

Hirugarren fitxategian, berriz, herritarrek Osalani laneko segurtasunaz eta osasunaz egindako galderak biltzen dira, bai eta haiei emandako erantzunak ere. Helburua da antzeko galderei ahalik eta erantzun homogeneoenak ematea.

Laugarren fitxategiak helburu dauka laneko gaixotasun posibleak erregistratzea, zehazki Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta EAEko enpresen prebentzio-zerbitzuek jakinarazitakoak. Fitxategian, laneko gaixotasunak eragiten dituzten agenteei buruzko informazioa gordeko da, eta kasu bakoitzari buruzko informazioa emango zaie Gizarte Segurantzan gaixotasun profesionalak aitortzeko legezko eskumena duten organoei. Halaber, datu-iturburua izango da, EAEko behaketa epidemiologikoaren sistemarentzat.

Gainera, zenbait aldaketa egin dira, ardura duten zuzendaritzek hala proposatuta. Alde batetik, 2016an, datu pertsonalen tratamendua berrikusteko lana egin da Herri Administrazio eta Justizia Sailean, eta datuak babesteko araua betetzeari buruzko auditoretza-txostena egin da. Zuzenketa-neurri gisa, «Doako laguntza juridikoa» fitxategiaren gutxieneko segurtasun-maila aldatzea proposatu da. Bestetik, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak proposatu du zenbait aldaketa egin daitezela bere ardurapeko fitxategietan, aurreikusitako datu-lagapenak direla-eta.

Azkenik, hiru fitxategi hauek bertan behera utziko dira: «Higieneari buruzko datuak», «Sidecancer» eta «Silikosia»: lehenengoa, 2000. urtea baino lehenagoko analisiak biltzen dituelako, eta urte hartatik aurrera ez zelako halako analisirik egin; bigarrena, fitxategiaren helburu diren analisi eta azterlanak ez direlako gehiago egiten, eta hirugarrena, «Laneko osasunaren zaintza» fitxategian txertatu delako, zentzugabea baita fitxategi bat sortzea ikerketa jakin bat egiten den bakoitzean.

Hori dela-eta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da datu pertsonalak izango dituzten lau fitxategi automatizatu berri sortzea eta Lan eta Justizia Sailak kudeatzen dituen fitxategiak arautzea, bai eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoak kudeatzen dituenak ere.

2. artikulua.– Fitxategiak sortzea.

Fitxategi hauek sortzen dira: «Eraikin judizialen, adingabeentzako zentroen eta arlo judizialarekin zerikusia duten bulegoen barruko bideokameren grabazioak», «Amiantoaren arriskupeko lanetarako planak», «Kontsultei emandako erantzunak» eta «Gaixotasun profesionalaren susmoa». Horien eduki osoa I. eranskinean dago, «Sortutako Fitxategi Berriak» izenburupean.

3. artikulua.– Fitxategiak aldatzea.

Aldatu egiten dira datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuak, II. eranskinean («Fitxategiak Aldatzea») azaltzen diren alderdietan.

4. artikulua.– Fitxategiak bertan behera uztea.

Datu pertsonalak biltzen dituzten honako fitxategi automatizatu hauek bertan behera uzten dira: «Higieneari buruzko datuak», «Sidecancer» eta «Silikosia» (III. eranskinean jasota daude).

5. artikulua.– Fitxategien zerrenda.

IV. eranskinean jasota daude –«Datu Pertsonalak Dituzten Fitxategi Automatizatuen Zerrenda» izenburupean– Lan eta Justizia Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren datu pertsonalen fitxategi automatizatuak, sailaren egitura organiko eta funtzional berriari egokituak. Eranskin horretan adierazten da, gainera, zer organoren aurrean baliatu daitezkeen datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

6. artikulua.– Datu-lagatzeak:

1.– Fitxategi bakoitza sortzeko aginduan aurreikusitako datu-lagapenak baztertu gabe, fitxategietan jasotzen diren datuak laga ahal izango dira, Administrazio Publikoaren esparruan, ordenamendu juridikoak haren gain utzitako eginkizunak betetzeko, betiere eskumen berdin-berdinak edota gai berberen gaineko eskumenak baliatzeko.

2.– Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko eta beste administrazio publiko batzuetako organo eta estatistika-zerbitzuei laga ahal izango zaizkie, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean eta Estatistikako Funtzio Publikoaren maiatzaren 9ko 12/1989 Legean Estatistikako Funtzio Publikoarena xedatutakoarekin bat.

3.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 artikuluari jarraituz, Arartekoari, Fiskaltzari, epaile eta auzitegiei edota Kontu Auzitegiari laga ahal izango zaizkie goian aipatutako datuak, esleituta dauzkaten eginkizunak gauza ditzaten.

7. artikulua.– Segurtasun- eta kudeaketa-neurriak.

Fitxategien ardura duten organoetako titularrek fitxategi horiek erabiltzeko aukera bermatzeko behar diren neurriak hartuko dituzte, fitxategiok zertarako sortu zituzten eta datu pertsonalen segurtasuna kontuan izanda, betiere haiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe tratatu eta baliatzea saihesteko moduan; abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duten arauetan aintzat harturiko bermeak, betebeharrak eta eskubideak gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak ere hartu beharko dituzte.

8. artikulua.– Datu-tratamenduko zerbitzuak ematea.

Lan eta Justizia Sailaren nahiz Osalan - Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren mendean datu pertsonalen tratamendurako zerbitzuak ematen dituztenek betebeharra dute datu horien tratamenduaren arduradunak emandako jarraibideak betetzeko, esleitu zaizkien funtzioetan ari direnean, eta betebehar hori berariaz egindako kontratuan jaso beharko da; eta ezin izango dituzte datu horiek beste helburu baterako erabili, ez eta haien berri eman beste pertsona batzuei ere, ezta kontserbatzeko ere, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluak xedatzen duenez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzeaz batera, indarrik gabe geratuko dira hemen adierazitakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, batik bat, Lan eta Justizia Sailaren eskumen diren jardun-arloei lotutako fitxategiak, agindu hauetan jasota daudenak: Agindua, 2015eko abenduaren 2koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzkoa; Agindua, 2014ko azaroaren 28koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eta sail horretara atxikitako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean (HAEE/IVAP) nahiz Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoan datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuei buruzkoa, eta 2015eko apirilaren 17ko Agindua, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, aurrekoa aldatzen duena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Lan eta Justizia Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak agindu hau Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Erregistrora igorriko du, fitxategi berriak inskriba daitezen eta aginduan jasotako fitxategiak alda daitezen.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 13a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

I. ERANSKINA
«SORTUTAKO FITXATEGI BERRIAK»

– Eraikin judizialen, adingabeentzako zentroen eta arlo judizialarekin zerikusia duten bulegoen barruko bideokameren grabazioak.

a) Fitxategiaren helburua eta aurreikusitako erabilerak:

– Helburua: segurtasun egokia bermatzea leku horietan lan egiten dutenei eta bertara joaten diren herritarrei.

– Aurreikusitako erabilera: segurtasunerako bideozaintza.

b) Zer pertsonari edo talderi buruzko datuak lortu nahi diren:

Eraikin judizialen, adingabeentzako zentroen eta arlo judizialeko bulegoen barruan lan egiten duten pertsonak; eraikin horietara joaten diren profesionalak; eraikin horietara kudeaketa, izapide, errekerimendu edo laguntza judizialak gauzatzera joaten diren herritarrak; eta adingabeen zentroetan neurrien mende dauden adingabeak.

c) Datuen jatorria eta haiek biltzeko prozedura:

– Jatorria: interesdunek eurek emandako datuak.

– Biltzeko prozedura: barrualdeetan instalatutako bideokamerak.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura:

– Irudizko identifikazio-datuak (CI).

e) Datuen lagapenak eta komunikazioak: ez da halakorik aurreikusten.

f) Organo arduraduna:

Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

g) Zein zerbitzutan balia daitezkeen datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak:

Lan eta Justizia Saila.

Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

Donostia kalea, 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

h) Fitxategiaren segurtasun-maila: Goi-maila.

– Amiantoaren arriskupeko lanetarako planak.

a) Fitxategiaren helburua eta aurreikusitako erabilerak:

– Helburua: amiantoarekiko esposizioaren arriskua duten lanak egiteko planak erregistratzea.

– Aurreikusitako erabilera: langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko behar diren neurriak ezartzea.

b) Zer pertsonari edo talderi buruzko datuak lortu nahi diren:

– Amiantoarekiko esposizioaren arriskua duten langileak.

c) Datuen jatorria eta haiek biltzeko prozedura:

– Jatorria: beste administrazio publiko batzuk eta enpresa pribatuak.

– Biltzeko prozedura: inprimakiak eta txostenak, datuen transmisio elektronikoaren bitartez.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio-datuak: izen-abizenak, NANa eta Gizarte Segurantzako afiliazio-zenbakia.

Enpleguari buruzko datuak: enpresa, lanpostua eta lanbide-kategoria.

Beste datu batzuk: gaitasun-ziurtagiri medikoa.

e) Datuen lagapenak eta komunikazioak:

Beste administrazio publiko batzuetako lan-arloko agintaritza.

Osalan.

f) Organo arduraduna:

Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza.

g) Zein zerbitzutan balia daitezkeen datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak:

Lan eta Justizia Saila.

Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetza.

Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza.

Donostia kalea 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

h) Fitxategiaren segurtasun-maila: Oinarrizkoa.

– Kontsultei emandako erantzunak.

a) Fitxategiaren izena.

– Kontsultei emandako erantzunak.

b) Fitxategiaren helburua eta aurreikusitako erabilerak.

Herritarrek egindako galderak eta haiei emandako erantzunak biltzea, hain zuzen ere antzeko galderei ahal den eta erantzun homogeneoenak emateko.

c) Zer pertsona edo talderengandik lortu nahi diren izaera pertsonaleko datuak, edota zeinek duen datu horiek emateko betebeharra.

Laneko segurtasun eta osasunari buruzko kontsultak egiten dituzten pertsona fisikoak, betiere bide hauetako edozein erabiltzen badute: Tramitagune – Herritarrekiko interakzioa, telefonoa edo aurrez aurre.

d) Izaera pertsonaleko datuak biltzeko prozedura.

● Datuen jatorria: Erabiltzailea bera, eskaera egiten duenean. Aurrez aurre edo telefonoz eginez gero, Osalanek berak grabatzen ditu. Aldiz, datuak Tramitagunetik (Herritarrekiko interakzioa) baldin badatoz, DACIMAk lagatutako datuak direla ulertu behar da.

● Biltzeko prozedura: Tramitaguneren (Herritarrekiko interakzioa) formularioetatik edo datu-basearen formularioetatik bilduko dira datuak.

e) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta hartan jasotako izaera pertsonaleko datu moten deskribapena.

● Identifikazio-datuak: izen-abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa.

● Lanpostuaren xehetasun-datuak: lanpostua, laneko segurtasunari eta osasunari dagokienez.

f) Tratamendu-sistema: Mistoa.

g) Izaera pertsonaleko datuen lagapenak eta, hala badagokio, aurreikusitako datu-transferentziak, beste herrialde batzuetara egitekoak.

Tramitagune aplikaziotik datuak lagatzea.

h) Fitxategiaren ardura duen organoa.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Zuzendariordetza Teknikoa.

i) Datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta haien aurka egiteko eskubidea erabiltzeko aukera ematen duen zerbitzua.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Plangintza Zuzendariordetza eta Zuzendariordetza Teknikoa.

Dinamita bidea z.g.

48903 Barakaldo (Bizkaia).

j) Segurtasun-neurrietan eskatzen den maila: Oinarrizko maila.

– Gaixotasun profesionalaren susmoa.

a) Fitxategiaren izena.

Gaixotasun profesionalaren susmoa.

b) Fitxategiaren helburua eta aurreikusitako erabilerak.

Osakidetzako zerbitzu sanitarioek eta EAEko enpresen prebentzio-zerbitzuek jakinarazitako laneko gaixotasun posibleen kasuak erregistratzea. Laneko gaixotasunak eragiten dituzten agenteei buruzko informazioa gordeko da. Kasu bakoitzari buruzko informazioa jakinaraziko zaie Gizarte Segurantzan gaixotasun profesionalak aitortzeko legezko eskumena duten organoei. Halaber, datu-iturburua izango da, EAEko behaketa epidemiologikoaren sistemarentzat.

c) Zer pertsona edo talderengandik lortu nahi diren izaera pertsonaleko datuak, edota zeinek duen datu horiek emateko betebeharra.

Eraginpeko langileak.

d) Izaera pertsonaleko datuak biltzeko prozedura.

● Datuen jatorria: eraginpeko langileak eta Osasun Saileko ITEMP fitxategia.

● Biltzeko prozedura: formularioak; Osasun Sailaren ITEMP fitxategia, eta erakundeak berak eta Mediku Ikuskaritzak dena delako susmoarekin lotutako ikerketaren bidez eskuratutako datuak.

e) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta hartan jasotako izaera pertsonaleko datu moten deskribapena.

● Identifikazio-datuak: izen-abizenak, NAN, Gizarte Segurantzako afiliazio-zenbakia, posta-kodea eta telefonoa.

● Ezaugarri pertsonalak: sexua, jaioteguna eta jaioterria.

● Enpleguaren xehetasun-datuak: enpresa, lanpostua, Lanbideen Estatuko Sailkapena, enpresako antzinatasuna.

● Bereziki babestutako datuak: osasun-datuak (proba espezifikoen diagnostikoak eta emaitzak).

f) Tratamendu-sistema.

Mistoa: paperezko euskarria eta euskarri elektronikoa (Osakidetzaren web-zerbitzua).

g) Izaera pertsonaleko datuen lagapenak eta, hala badagokio, aurreikusitako datu-transferentziak, beste herrialde batzuetara egitekoak.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua, GSIN, langilearen enpresa eta mutuak, Osasun Saila (ikuskatzaile medikoek badaukate aplikazioan sartzea).

h) Fitxategiaren ardura duen organoa.

Laneko Osasun Unitatea.

i) Datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta haien aurka egiteko eskubidea erabiltzeko aukera ematen duen zerbitzua.

Laneko Osasun Unitatea

Dinamita bidea zg

48903 Barakaldo (Bizkaia)

j) Segurtasun-neurrietan eskatzen den maila: goi-maila.

II. ERANSKINA
«FITXATEGIEN ALDAKETA»

Fitxategi hauen aldaketa egiten da, zehaztutako ataletan:

– Doako laguntza juridikoa.

h) Segurtasun-neurrietan eskatzen den maila: altua.

– Sindikatu- eta enpresaburu-elkarteak.

f) Datu-lagapenak: Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioa.

– Adiskidetzeak.

f) Datu-lagapenak: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa (SEPE).

– Laneko osasunaren zaintza.

d) Datuen jatorria eta haiek biltzeko prozedura:

Jatorria: Hautatutako langileen enpresak eta langileak eurak.

Biltzeko prozedura: ikerketekin bat etorrita diseinatutako formularioen bidez.

III. ERANSKINA
«FITXATEGIAK BERTAN BEHERA UZTEA»

– Higieneari buruzko datuak.

a) Fitxategiaren izena: higieneari buruzko datuak.

b) Zergatik uzten den bertan behera: Datuak 2000. urtea baino lehenagokoak dira, eta urte horretatik aurrera ez zen halako azterketarik egin. Fisikoki ezabatu dira fitxategiko datu guzti-guztiak.

c) Segurtasun-maila: goi-maila.

– Sidecancer.

a) Fitxategiaren izena: sidecancer.

Zergatik utzi den bertan behera: fitxategiaren helburu ziren analisiak, azterlanak... amaituta daude. Fitxategia eta hura biltzen zuen euskarri fisikoa (CD bat) suntsitu dira.

Segurtasun-maila: goi-maila.

– Silikosia.

Fitxategiaren izena: silikosia.

Zergatik utzi den bertan behera: Ikerketa jakin bat egiten den bakoitzean fitxategi bat sortu beharrean, erabaki da Laneko Osasunaren Zaintza deritzon 55. fitxategian beste atal bat sortzea (Barnean hartutako fitxategiak), halako fitxategiak deklaratzeko, hau da, bizitza laburrekoak (ikerketak iraun bitartekoak); hori guztia auditoreen adostasunarekin eta oniritziarekin.

Segurtasun-maila: goi-maila.

IV. ERANSKINA
«LAN ETA JUSTIZIA SAILAREN ETA OSALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDE AUTONOMOAREN DATU PERTSONALEN FITXATEGIEN ZERRENDA»

Honako hauek dira Lan eta Justizia Sailean eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoan datu pertsonalen tratamendurako gaur egun erabiltzen diren fitxategi guztiak (horrekin batera, adierazten da fitxategi bakoitzaren ardura zer zuzendaritzak duen eta zer zerbitzutara jo behar den datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak baliatzeko):

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO ZUZENDARITZA:

– Justizia Administrazioko langileak.

– Justizia Administrazioko langileen ordutegi-kontrola.

– Justizia Administrazioko lan-poltsak.

– Lan-eskaintza publikoa.

– Karrera judizialean, fiskalean eta idazkari judizialen kidegoan sartzeko prestakuntzarako bekak.

– Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen euskalduntzea.

– Peritu pribatuak.

– Dokumentu-batzordeen bilerak.

– Artelanen inbentarioa.

– Karrera judizialeko, fiskaleko eta idazkari judizialen kidegoko kideen prestakuntza generikoa.

– Jarduketen kudeaketa.

– Justizia-jauregietan sartzeko baimena.

– «Auzia Euskaraz» proiektua.

– Eraikin judizialen, adingabeentzako zentroen eta arlo judizialarekin zerikusia duten bulegoen barruko bideokameren grabazioak.

JUSTIZIA ZUZENDARITZA:

– Doako laguntza juridikoa.

– Gazteentzako justizia.

– Esku-hartzeak pertsona zigortuekin.

– Biktimen fitxategia.

– Gizartearentzat egindako lanen kudeaketa.

LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA ZUZENDARITZA:

– Istripuei buruzko txostenen kudeaketa.

– Prebentzioko delegatuak.

– Sindikatu- eta enpresaburu-elkarteak.

– Lan-harremanak.

– Laneko ezbeharrak.

– Hauteskunde sindikalak.

– Zehapen-espedienteak.

– Adiskidetzeak.

– Besteren prebentzio-zerbitzuak.

– Amiantoaren arriskupeko lanetarako planak.

GIZARTE EKONOMIAREN ZUZENDARITZA:

– Gizarte-ekonomiaren arloko laguntzak.

– Euskadiko Kooperatiben Erregistroa.

– Lan Sozietateen Erregistroa.

– Langile Autonomoen Elkarteen Erregistroa.

OSALAN:

– Prebentzioko delegatuentzako ikastaroak.

– Prebentzio-zerbitzuetako medikuntza-arloa.

– Laneko osasunaren zaintza.

– Istripuen ikerketa.

– Salmenten bidezko diru-sarrerak.

– Eraikuntzako Ikasgela Iraunkorra

– Bideozaintza.

– Amiantoaren eraginpean egon daitezkeen langileak.

– Prebentzio-zerbitzuen gutxieneko datu multzoa.

– Laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-proiektuetarako diru-laguntza.

– Kontsultei emandako erantzunak.

– Gaixotasun profesionalaren susmoa.


Azterketa dokumentala