137. zk., 2017ko uztailaren 19a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (232 KB - 2 orri.)
- EPUB (195 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3655
194/2017 DEKRETUA, uztailaren 11koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Arrasaten, «GI-3554 errepidean (1,215-1,300 KP) lerradura izandako ezponda egonkortzeko proiektua (15-ME-78/2015)» burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, «GI-3554 errepidean (1,215-1,300 KP) lerradura izandako ezponda egonkortzeko proiektua (15-ME-78/2015)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
2016ko abenduaren 21ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze espedientea hastea zein ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hilabete bateko epean prentsan eta 2017ko urtarrilaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (4. zk.). Geroago, 2017ko martxoaren 14an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubide eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
«GI-3554 Bedoña (Arrasate)» errepidearen erabiltzaileen segurtasuna bermatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela bide, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2017ko uztailaren 11n egindako bilkuran, aztertu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «GI-3554 errepidean (1,215-1,300 KP) lerradura izandako ezponda egonkortzeko proiektua (15-ME-78/2015)» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko uztailaren 11n.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.