130. zk., 2017ko uztailaren 10a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (206 KB - 2 orri.)
- EPUB (195 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
OSASUN SAILA
3464
181/2017 DEKRETUA, ekainaren 27koa, zeinaren bidez aitortzen baita Vitoria-Gasteizko «Asociación para la Atención a niños con alteraciones en el desarrollo, Kulunka» elkartea herri-onurakoa dela.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Lege horren babesean, garapenean nahasmenduak dituzten haurrei arreta emateko Vitoria-Gasteizko «Kulunka» elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, egiten duen lanagatik bere ustez onura publikokoa dela aitortzea merezi duelako.
«Asociación para la atención a niños con alteraciones en el desarrollo, Kulunka» elkartea 2007ko ekainaren 21ean inskribatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, eta 2016ko azaroaren 30ean elkartearen estatutuen aldaketa inskribatu zen erregistro horretan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, AS/A/13316/2007 erregistro-zenbakiarekin dago inskribatuta elkartea.
Bere eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen ditu.
Eratu zenetik, «Asociación para la atención a niños con alteraciones en el desarrollo, Kulunka» elkarteak bere helburuak lortzeko behar diren jarduera guztiak egiten ditu; helburu horiek elkartearen estatutuen 2. artikuluan daude jasota:
«– Familiakoei, osasun-langileei, gizarte langileei eta hezitzaileei informazioa eskaintzea garapen-nahasmenduaren ondorioz haurrak eguneroko jardueretan, eskola-funtzionamenduan, ikaskuntzan, gizarte jolasean eta banakakoan, jokabidean eta familia-harremanean izan ditzakeen arazoei buruz.
– Haur bakoitzarentzat egokiak diren aholkularitza- eta laguntza-programak eskaintzea, haien garapena errazteko behar dituzten oinarrizko gaitasunak beregana ditzaten laguntzeko, horrela, haien familia eta gizarte ingurunean integratu eta aktiboki parte har dezaten.
– Etengabeko prestakuntza eskaintzea laguntza-programetan esku hartzen duten profesionalei, programok kalitatez gauzatu daitezen.
– Entitate eta erakunde publikoekin eta pribatuekin lankidetzan jardutea garapen-nahasmendua duten haurrei arreta emateko programak prestatzean.
– Haurrei bideratutako arreta goiztiarreko zerbitzua eskaintzea, ahalik eta lasterren erantzuteko xedearekin.»
Honako xedapen hauetan ezarritako betekizunak bete dira: Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 145/2008 Dekretua, eta Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretua.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta, ondoren, sailei eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.
Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren proposamenez, ekarritako txostenak ikusirik, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko ekainaren 27an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Vitoria-Gasteizko «Asociación para la atención a niños con alteraciones en el desarrollo, Kulunka» elkartea herri-onurakoa dela aitortzea, bere jardueren bidez, interes orokorraren alde egiten duela iritzi baita; Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian AS/A/13316/2007 zenbakiarekin inskribatua dago.
Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko ekainaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.