Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2017ko uztailaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
OSASUN SAILA
3393

AGINDUA, 2017ko ekainaren 13koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena eta Osasuneko sailburuarena, Osasun Saileko Kontratazio Mahaiak eratu eta mahaikideak izendatzen dituena.

Uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren kontratazio-araubideari buruzkoak, 8.1 artikuluan xedatzen du kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dutela prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan, eta eskaintzen balorazioa egitea izango dela mahai horren eskumena.

Gaur egun, Osasun Sailak badauzka bere kontratazio-mahaiak, zeinak Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 17ko Aginduak arautzen baititu.

Aipatutako 116/2016 Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriak 6 hilabeteko epea ematen du, Dekretua indarrean sartzen denetik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek –baldin eta administrazio publikotzat hartzen badira– dekretu honen 8. artikuluan xedatutakora egokitu dezaten kontratazio-mahaien egitura.

Osasun Sailaren kasuan, sailaren konplexutasuna dela-eta, kontratuen lurralde-esparruaren edo funtzio-esparruaren arabera, zenbait kontratazio-organo daude, eta kontratazio-organo bakoitzak bere kontratazio-mahaiaren laguntza izan behar du.

Bestalde, lehendakariak 2016ko azaroaren 26an emandako 24/2016 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeari buruzkoak– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak berregituratu zituen, eta Osasun Sailaren jarduera-arloak zehaztu zituen 12. artikuluan.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kontratazio-erregimena eguneratu ostean eta osasun-arloko antolaketa-erregimen berria ezarrita, beharrezkoa da Osasun Saila, kontratazio-organoari laguntza emango dion estruktura berri batekin zuzkitzea.

Horiek horrela eta Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Osasun Saileko kontratazio-organo bakoitzak, esleipen prozedura ireki, murriztu eta publizitatedun lizitazio-prozedura negoziatuetan, kontratazio mahaiaren laguntza izango du, eta kontratazio mahai horrek, uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren kontratazio-araubideari buruzkoak, 9. artikuluan aurreikusitako funtzioak izango ditu. Kontratazio mahai bakoitzeko kideak kontratazio-organoak izendatuko ditu, Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkaria izan ezik.

2. artikulua.– Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendariari laguntza emango dion mahaia, ondorengo kide hauek osatuko dute:

Presidentea: Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzako Kontabilitate eta Aurrekontuen zerbitzuburua. Postu hori hutsik badago, kargudun hori kanpoan edo gaixorik izanez gero edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Osasun Saileko Aholkularitza Juridikoko arduradunetariko batek ordeztuko du.

Bokala: Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzako teknikari bat, Zuzenbidean lizentziaduna, kontratazio-organoa juridikoki aholkatzeko funtzioa izango duena.

Bokala: kontratua bultzatzen duen zerbitzuko teknikari bat, kontratazio-organoa teknikoki aholkatzeko funtzioa izango duena.

Bokala: kontu-hartzailea edo Kontratazio-organoaren ekonomiaren eta aurrekontuaren arloko kontrolaz arduratzen den pertsona. Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkaria bulego horretako titularrak izendatuko du.

Informatika eta Telekomunikazioen Zuzendaritzako ordezkari bat: zuzendaritzako titularrak proposaturikoa eta kontratazio-organoak izendatua, 35/1997 Dekretuak (otsailaren 18koa, informazio eta telekomunikazio sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituena) aurreikusitako kasuetarako.

Idazkaria: Kontabilitate eta Aurrekontuen Zerbitzuko funtzionario bat, hitz egiteko eskubidearekin, baina botoa emateko eskubiderik gabe.

3. artikulua.– Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeari laguntza emango dion mahaia, ondorengo kideek osatuko dute:

Presidentea: Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendaria. Postu hori hutsik badago, kargudun hori kanpoan edo gaixorik izanez gero, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzako Koordinazio Ekonomikorako zuzendariordeak ordeztuko du.

Bokala: Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzako teknikari bat, Zuzenbidean lizentziaduna, kontratazio-organoa juridikoki aholkatzeko funtzioa izango duena.

Bokalak: kontratuan parte hartzen duen osasun-barruti bakoitzeko kide bat, kontratazio-organoa teknikoki aholkatzeko funtzioa izango dutena.

Bokala: kontu-hartzailea edo Kontratazio-organoaren ekonomiaren eta aurrekontuaren arloko kontrolaz arduratzen den pertsona. Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkaria bulego horretako titularrak izendatuko du.

Idazkaria: Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzako funtzionario bat, hitz egiteko eskubidearekin, baina botoa emateko eskubiderik gabe.

4. artikulua.– Lurralde-ordezkariak kontratazio-organo lanetan jarduten dutenean, bakoitzak kontratazio mahai baten laguntza izango du, eta kontratazio mahai bakoitza ondorengo kideek osatuko dute:

Presidentea: Lurralde Ordezkaritzako Antolamendu eta Kontratazio Sanitarioko arloko funtzionario bat, kontratazio-organoak izendatua.

Bokala: Lurralde Ordezkaritzako kide bat, Zuzenbidean lizentziaduna, kontratazio-organoa juridikoki aholkatzeko funtzioa izango duena. Postu hori hutsik badago, kargudun hori kanpoan edo gaixorik izanez gero edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada eta Lurralde Ordezkaritza barruko Zuzenbidean lizentziadun batek ordeztu ezin badu, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzako Lege Aholkularitzarako Zerbitzuko kide batek ordeztuko du.

Bokala: kontratua bultzatzen duen zerbitzuko teknikari bat, kontratazio-organoa teknikoki aholkatzeko funtzioa izango duena.

Bokala: kontu-hartzailea edo Kontratazio-organoaren ekonomiaren eta aurrekontuaren arloko kontrolaz arduratzen den pertsona. Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkaria bulego horretako titularrak izendatuko du.

Idazkaria: Lurralde Ordezkaritzako funtzionario bat, hitz egiteko eskubidearekin, baina botoa emateko eskubiderik gabe.

5. artikulua.– Aukeran, eta kontratazio-organoak eskatuta, kontratazio mahaietan parte hartu ahal izango du Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako ordezkari batek, bere titularrak proposaturikoa eta kontratazio-organoak izendatua.

6. artikulua.– Kontratazio mahai bakoitzeko kideen osaera eta identifikazioa kontratu bakoitzeko administrazio klausula zehatzen agirian barneratuko da, eta kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean publikatuko da.

7. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera eratutako kontratazio mahaiek konpetentzia izango dute, organo kolegiatuen parte hartzea beharrezkoa ez den esleipen prozeduretan parte hartzeko, kontratazio-organoak hala erabakitzen badu.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu hau indarrean sartzean izapidetzen ari diren espedienteak ebazteko ardura lehendik dagoen araudiaren araberako organo eskudunek izango dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzen denean, indargabeturik geratuko da Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Osasuneko sailburuak 2014ko martxoak 17an emandako Agindua, Osasun Saileko kontratazio-mahaia sortzekoa. Halaber, indargabeturik geratuko dira agindu honi aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainak 13a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala