Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2017ko uztailaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3391

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 22koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Donostialdeko Metroko Mirakontxa-Aaso tartea eraikitzeko proiektuak» eragiten dien ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzeko dena.

Mirakontxa-Easo tartearen informazio-azterlana eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri dira, Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduko 10.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2015eko maiatzaren 15eko Ebazpenaren bidez. Ebazpen hori 2015eko maiatzaren 29an eman zen argitara EHAAn eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, baita 2015eko uztailaren 13an ere, epea luzatzeko. Halaber, behar besteko epean egon da ikusgai Donostiako Udalaren iragarki-oholean.

Izapide horietan, eduki desberdineko alegazio eta iradokizunak aurkeztu dira. Horiek aztertu ondoren, hala behar zenean aintzat hartu dira, banan-banan eman zaien erantzunetan jasota dagoen bezala. Bereziki, aipatu da partzialki onartu direla sei alegazio, Donostiako Udalak eta Aieteko auzoko eraginpekoek aurkeztutako alegazioetatik.

Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko martxoaren 8ko Ebazpenaren bidez (2012ko ekainaren 1eko EHAAn argitaratua), Lugaritz-Anoetako proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen; adierazpen horretan, eraikitze-proiektua gauzatzeko zenbait baldintza ezarri, eta obrak egiteko eta zerbitzua ustiatzeko zenbait babes-neurri eta neurri zuzentzaile finkatu ziren.

2014ko uztailaren 15eko txosten baten bidez, ingurumen-organoak iritzi zion ez zela egin behar ez ingurumen-inpaktuaren beste ebaluazio bat, ez urtarrilaren 11ko 1/2008 LEDeko beste izapiderik; horrenbestez, hainbat tartetarako egin zen eta Ingurumeneko sailburuordeak 2012ko ekainaren 21eko Ebazpen bidez onartu zuen (2012ko abuztuaren 7ko EHAAn argitaratua) ingurumen-inpaktuaren adierazpen bateratuak balio izango du proiektu honetarako, Lugaritz-Anoeta tartea barnean baitzegoen.

Lugaritz-Easo tartearen informazio-azterlana, eta dagokion jendaurreko espedientea, behin betikoz onartu zen Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2016ko urtarrilaren 21eko ebazpen bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2016ko otsailaren 15ean.

Informazio-azterlana bi eraikuntza-proiektutan dago banatuta: Lugaritz-Mirakontxa eta Mirakontxa-Easo.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2017ko ekainaren 22ko Ebazpenaren bidez onartzen da «Donostialdeko Metroaren Mirakontxa-Easo tartea eraikitzeko proiektua».

«Donostialdeko Metroaren Mirakontxa-Easo tartea eraikitzeko proiektuaren» helburua linearen tarte hori ezartzeko beharrezko obra zibilak definitzea, baloratzea eta planifikatzea da.

Donostialdeko Metroaren Mirakontxa-Easo tarteak 2 km-ko luzera du, eta lineako tunelak Pio Baroja etorbidean azaleratzen den eraso-arrapalarekin bat egin ondoren hasi eta egungo trenbidearekin lotzen den tokian amaitzen da, Morlanseko lur azpiko tartearen hasieran. Tarteak bi geltoki ditu: Kontxa eta Easo.

Kontxako geltokia Donostiaren erdigunean dago, Kontxako pasealekuaren eta Artzain Onaren plazaren inguruan, eta Donostialdeko Metroa Donostiako Zabalgunearekin lotzen du. Geltokiak hiru sarbide ditu, Xabier Zubiri plazan, Loiola kalean eta San Bartolome konplexuan azaleratzen direnak, bai eta Easo kaletik lurpeko geltokira zuzenean iristen den igogailua ere.

Easoko geltokia egungo Amarako geltokiaren inguruan kokatuko da, eta hori ordeztuko du bidaiari-trafikoan Lugaritz-Morlans linea berria zerbitzuan hasten denean. Geltokiak bi sarbide-kanoi ditu, Autonomia kaletik bat eta Errondo pasealekutik bestea, eta bi igogailu, hurrenez hurren, Osasun kalean eta Errondo kalean irteerak izango dituztenak.

Lana gauzatzeko, Morlanseko lineako tuneleko eraso-arrapala proiektatu da, eta hori izango da lanak amaitutakoan larrialdiko aireztapena.

Proiektuaren eraginpeko lurrak eskuratu, eta ondasunak eta eskubideak behar bezala kudeatu ahal izateko, proiektuan ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda xehatua eta desjabetzeen eranskineko partzela-planoak datoz.

Organo honek eskumena du Gobernu Kontseilurako gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari buruzko eta horren egitura organiko eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 174/2017 Dekretuaren 22.1 c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluaren arabera, trenbide-linea berriak jartzeko edo lehendik daudenak handitu edo zabaltzeko proiektuak onartzen direnean, eta, onespen horretan okupatu beharreko ondasunak zehaztuta daudenean, onespenak berekin dakar –nahitaezko desjabetzearen eskakizunen eta prozeduraren ondorioetarako– proiektua bera eta horren gaineko aldaketak herri-onurakotzat edo gizarte-interesekotzat direla adieraztea, okupatzeko beharra eta proiektuarekin batera doan zerrendan jasotako ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla aitortzea.

Nolanahi ere den, erasandako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra proiektuaren onespenak inplizituki berekin dakarren arren, Nahitaez Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2, 18 eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrera atera behar dela ezartzen du, alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izateko, hain zuzen ere okerrik baldin badago horiek zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik,

EBAZTEN DUT:

«Donostialdeko metroaren Mirakontxa-Easo tartea eraikitzeko proiektuak» erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean erakustea, ebazpen hau azkenekoz argitaratu eta biharamunetik aurrera hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1, Gasteiz).

Aipatu epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Donostiako udaletxeko iragarkien oholean egongo da nahi duenak ikusteko.

Guztiek horren berri izan dezaten jakinarazten da.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 22a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala