127. zk., 2017ko uztailaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (237 KB - 3 orri.)
- EPUB (196 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3387
AGINDUA, 2017ko ekainaren 12koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Donostia/ San Sebastián 2016 Fundazioa – Fundación Donostia/ San Sebastián 2016» fundazioaren estatutuetako 23. artikuluan egindako aldaketa.
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko maiatzaren 11n, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erregistroan sartu zen BSK Legal & Fiscal Asociados, S.LP-k «Donostia/ San Sebastián 2016 Fundazioa – Fundación Donostia/ San Sebastián 2016» fundazioaren izenean eta haren ordez aurkeztutako eskabidea fundazio horren estatutuen 23. artikuluan egindako aldaketa inskribatzeko.
Eskabidearekin batera, «Donostia/ San Sebastián 2016 Fundazioa – Fundación Donostia/ San Sebastián 2016» fundazioaren estatutuak partez aldatzeko erabakia jendaurrean jartzeko eskritura publikoaren kopia ziurtatua. Eskritura publiko hori Donostiako Enrique García Jalón de la Lama notarioaren aurrean egiletsi zen, 2015eko azaroaren 6an (protokolo-zenbakia: 1.334).
Eskritura publiko horrekin batera, fundazioko patronatuaren idazkari ez-patrono Juan Carlos Etxezarreta Villaluenga jaunak lehendakariaren oniritziarekin Donostian 2015eko urriaren 28an egindako ziurtagiria aurkeztu zen, patronatuak 2014ko apirilaren 29an egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 23. artikulua aldatzea.
Eskrituran, aldatutako artikuluaren idazketa berria jasotzen da, osorik.
«23. artikulua.– Batzorde Exekutiboa.
1.– Fundazioan Batzorde Exekutibo bat izango da: kide anitzeko organo bat izango da, eta gutxienez 3 kide eta gehienez 6 izango ditu, patronoen edo haien ordezkoen artean aukeratuak, honako era honetan:
– Kide bat, Donostiako Udalak izendatua, haren ordezkaritzan.
– Kide bat, Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatua, haren ordezkaritzan.
– Kide bat, Eusko Jaurlaritzak izendatua, haren ordezkaritzan.
– Gainerako kideak Patronatuaren erabakiz izendatu ahal izango dira, fundazioaren gainerako patronoen artean, hau da, administrazio publiko fundatzaileek izendatutako patronoez bestelako patronoen artean, eta, horretarako, estatutu hauen 22. artikuluaren 6. zenbakian ezarritako aldeko boto-kopurua beharko da.
Kide bakoitzak ordezko bat izendatu ahal izango du, Patronatuko kideen edo haien ordezkoen artean.
2.– Batzorde Exekutiboak Patronatuaren ahalmen guztiak izango ditu, salbu eta legez delegatu ezin direnak eta 30.2 atalean ezarritakoa, hau da: kontuak eta aurrekontuak onartzea eta ohiko kudeaketa gainditzen duten egintzak edo Babeslaritzaren baimena behar dutenak. Nolanahi ere, delegatze hori ez da oztopo izango Patronatuak ahalmen horiek baliatzeko.
3.– Batzorde Exekutiboak batzordeburu bat izendatuko du, administrazio publiko fundatzaileek izendatutako kideen artean. Batzordeburuaren kargua txandaka beteko da, Batzorde Exekutiboak erabakitako eran eta epean.
4.– Batzorde Exekutiboak, halaber, batzordeburuorde bat izendatuko du administrazio publiko fundatzaileek izendatutako kideen artean, zeinak batzordeburua ordezkatuko baitu, kargu hori hutsik, absente edo gaixorik dagoenean. Batzordeburuordearen kargua txandaka beteko da, Batzorde Exekutiboak erabakitako eran eta epean.
5.– Batzorde Exekutiboa lehenengo deialdian balio osoz eratuta geratuko da, baldin eta kideen edo haien ordezkarien erdiak baino gehiago bertaratzen badira eta, gutxienez, administrazio publiko fundatzaileek izendatutako hiru kideak hara azaltzen badira.
6.– Aurreko puntuan aipatutako quoruma lortzen ez bada, Batzorde Exekutiboa ordubete geroago bilduko da, eta bigarren deialdi horretarako, nahikoa izango da hiru kide edo gehiago bertaratzea eta, gutxienez, administrazio publiko fundatzaileek izendatutako hiru kideak han izatea.
Aurreko paragrafoetan adierazitakoa gorabehera, Batzorde Exekutiboa deitu dela eta balio osoz eratuta dagoela ulertuko da, kide guztiak han badaude eta aho batez onartzen badute bilera egitea.
7.– Batzorde Exekutiboaren erabakiak bertaratutako kideen gehiengoaren aldeko botoaz hartuko dira, betiere hurrengo puntuan aurreikusitako salbuespenak aintzat hartuta.
8.– Estatutu hauen 22. artikuluko 6. atalean aurreikusitako erabakiak hartzeko, administrazio publiko fundatzaileek Batzorde Exekutiboan dituzten kideen alde botoa beharko da, betiere Batzorde Exekutiboak halako erabakiak hartzeko ahalmena badauka.
9.– Estatutu hauetan aurreikusi gabeko gaietan, Patronatuaren arauak aplikatuko zaizkio Batzorde Exekutiboari, betiere Batzorde Exekutiboaren izaerarekin bateragarriak badira».
Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1 artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikulua. Bestalde, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.
Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak IKUSITA, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea «Donostia/ San Sebastián 2016 Fundazioa – Fundación Donostia/ San Sebastián 2016» fundazioaren estatutuetako 23. artikuluan egindako aldaketa, fundazioaren patronatuak 2014ko apirilaren 29an erabakitakoa, agindu honen data duela, betiere fundazioak 2015eko azaroaren 6an Donostiako notario Enrique García Jalón de la Lama jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 1.334).
Bigarrrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 12a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
Josu Iñaki Erkoreka Gervasio.