121. zk., 2017ko ekainaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (271 KB - 6 orri.)
- EPUB (201 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3249
EBAZPENA, 2017ko ekainaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Erlia Contenedores SL Abadiñon (Bizkaia) sustatzen ari den eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatu eta baliarazteko instalazioari dagokion ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.
AURREKARIAK
2017ko otsailaren 9an, Erlia Contenedores SL merkataritza-sozietateak eskabidea osatu zuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatu eta baliarazteko Abadiñoko sailkatze-instalazioari dagokionez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen (aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 45. artikuluari jarraikiz, proiektu hori aipatutako legearen II. eranskineko b epigrafeko 9. taldean baitago.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraituz, 2017ko martxoaren 22an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatu proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazteko intereseko izan litekeen informazioa biltze aldera.
Zehazki, hauei guztiei egin die kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza (guztiak Eusko Jaurlaritzako erakundeak), Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza Nagusia, Ihobe, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Abadiñoko Udala eta Bizkaiko Ekologistak Martxan.
Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza (guztiak Eusko Jaurlaritzaren erakundeak); eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia eta Abadiñoko Udala. Kontsulten emaitza espedientean jasota dago.
Bestalde, egiaztatu da, aipatutako txostenen arabera, ingurumen-erakundeak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ebaluazioaren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horretako II. eranskinean dauden proiektuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Erlia Contenedores SL Abadiñon sustatzen ari den eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatu eta baliarazteko instalazioari. Ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.
Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden agiri teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-agiria zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.
Hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Erlia Contenedores SL sustatzen ari den eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sailkatu eta baliarazteko instalazioa dela-eta, ondoren adierazitakoaren arabera.
A) Aztertzen ari den proiektuaren helburua da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sailkatu eta baliarazteko instalazio bat ezartzea, instalazioaren ondoan lehendik dagoen hondakin geldoen hondakindegira heltzen diren hondakinak optimizatzeko, eta, gisa horretan, horietako parte bat (% 90 gutxi gorabehera) baliaraziak eta beste erabilera edo jarduera batzuetara bideratuak izan ahal izateko. Instalazio hori Abadiñoko udal-mugarteko Sistrimin eskualdean kokatuko da, lehendik dagoen hondakin geldoen hondakindegiaren ondoan.
B) Ebazpen honetan aztertzen da ea 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat datorren proiektuaren ingurumen-agiriaren edukia.
1.– Proiektuaren ezaugarriak:
Instalazioak eraiste-hondakinak hartuko ditu, hormigoi garbia zein nahasiak. Hondakin horiek, haien harri-osagaiak bereizi eta gero (egurra, metala eta plastikoak), birrindu egingo dira bigarren mailako agregakinak ekoizteko. Instalazioak urteko 10.000 t tratatzeko gaitasuna izango du gutxi gorabehera, eta aurreikusten da urtean 9.000-9.500 t sailkatutako eta baliarazitako bigarren mailako agregakin ekoiztea; ondorioz, % 90-95 hondakin gutxiago botako da hondakindegian. Bigarren mailako agregakin horiek betegarri gisa erabiliko dira norbere obretan edo besteenetan.
Jarduera obran bertan hasten da, non eraikuntza eta eraiste-hondakinak lortzen baitira, han bertan egiten da lehen mailako sailkapena, eta, gero, materiala instalaziora iristen da begiz ikuskatu eta pisatzeko. Ondoren, bereizketa mekaniko bat egiten da materiala aurretik biltzeko gunean, zenbait material eskuz bereizten dira (papera, egurra, beira...), eta edukiontzietan ezartzen dira «kudeatzaileen» gunea delakoan. Bestalde, hondakin arriskutsuak ere bereizten dira, halakorik egonez gero, eta hondakin arriskutsuak biltzeko puntu batean uzten, estalkipean eta azalera iragazgaitza eta isuri posibleak biltzeko hobia duena, harik eta hondakin arriskutsuak kudeatzen dituen enpresa baimendu batek kentzen dituen arte. Baliatu ezin daitezkeen hondakinak biltegiratzeko gune guztia hormigoitua dago. Baliatu ezin daitezkeen materialak bereizi eta gero, zeinak dagokion kudeatzaile baimenduak kudeatuko baititu, material baliagarriak honela tratatuko dira:
1) Xehaketa, birrinketa eta bereizgailu magnetikoa.
2) Baheketa eta bereizgailu magnetikoa.
3) Material prozesatua biltokira garraiatzea.
Jarduerarako behar diren instalazioei dagokienez, lehendik dauden eta hondakindegiaren jarduerarako erabiltzen diren instalazio batzuk erabiliko dira, hala nola, baskula, gurpil-garbitegia, aparkalekua eta pertsonalarentzako eta kudeaketarako zerbitzu-guneak. Bestalde, balorizazio-instalazioak atzerako hondeamakina bat eta pala zamatzaile bat ditu, baita EEHen instalazioak ere (xehagailua, bahegailua).
Energia-hornidurari dagokionez, ez dago hornidura elektrikorik, hondakinak tratatzeko ekipoak gasolioarekin funtzionatzen baitu (aldizka hornitzen da).
Adierazi behar da lehenik dagoen hondakin geldoen hondakindegiak baduela areka perimetral bat euri-urak biltzeko; ur horren parte bat edukiontzi-dekantagailu batean biltzen da, eta, gero, ur-biltegi batzuetan biltegiratzen. Hortik lortzen da balorizazio-instalaziorako (aspertsoreak) eta makinak mantentzeko eta garbitzeko behar den ura.
Biltokian eta balorizazio-instalazioa dagoen gunean, euri-uren eta lixibiatu posibleen perimetroko drainatzeak ere badaude. Halaber, azken horretan badago dekantatzaile/koipea kentzeko tanga bat, zeinetatik igarotzen baita ura hondakindegiaren perimetroan bildutako euri-urekin batu baino lehen. Azkenik, instalazioen ekialdean dagoen Gazteluerreka errekara isurtzen da ura.
Material landugabea jaso eta biltzeko guneak, kudeatzaileen eta material prozesatua biltzeko guneak eta xehagailua-bahegailua dagoen gunea hormigoituak daude.
Azterketa-guneko elementu antropiko gisa seinalatu behar dira inguruko bideak (BI-632, «Gerediaga-Elorrio»), inguruko industrialdeak eta azpiegitura elektrikoak (azpiestazioa eta horri atxikitako airetiko lineak).
2.– Proiektuaren kokapena:
Abadiñoko udal-barrutian dago instalazioa, Sistrimin ibarrean hain zuzen ere (Muntsaratz auzunea), lehendik dagoen hondakin geldoen hondakindegiaren lursail mugakidean. Lurzoru ez-urbanizagarri gisa sailkatutako eta «Nekazaritzakoa, Abeltzaintzakoa eta Landazabalekoa. Trantsizioko Landa Paisaia» gisa kalifikatutako lurzorua da, eta oihanez inguratua dago.
Urkiolako Parke Naturaletik eta Urkiolako kontserbazio bereziko eremutik 3 bat kilometrora dago instalazioa egitea aurreikusten den gunea (ES2130009). Bestalde, Ibaizabal ibaia (Zumelegi ere izendatua goiko tarte honetan), zeinetara isurtzen baita Gazteluerreka erreka, interes bereziko gunea da bisoi europarrarentzat.
Jarduera dagoen partzela lurzorua kutsatzen duen jarduera duen edo kutsa zezaketen jarduerak eduki dituen lurzoru gisa dago inbentariatuta eta bere zirriborro-liburuan (48001-00008 partzela), hondakin geldoen hondakindegiaren jarduera dela eta.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:
Jarduera honek eragin ditzakeen inpaktu nabarmenenak airearen kutsadurarekin lotutakoak dira, hondakinen manipulazioak sortutako hautsaren eta horren balorizazio-prozesuaren ondorioz (zamalanak, garraioa), baita garraioarekin lotutako kutsatzaileen isuria ere (kamioiak, pala zamatzailea, atzera-hondeamakina) eta balorizazio-instalazio mugikorraren funtzionamenduaren ondorioz.
Bestalde, lehenago adierazitako jarduketek inguruko zarata-maila handitzea ere eragingo dute, jardueraren funtzionamendu uneetan, baita bibrazio posibleak ere.
Instalazioaren jarduerak, baliarazitako hondakinaz gain, beste hondakin batzuk ere sortuko ditu, batzuk arriskutsuak eta besteak ez-arriskutsuak, zeinak duten tipologiaren arabera sailkatuko baitira eta baimendutako kudeatzaileei entregatuko.
Azkenik, aintzat hartu behar da posible dela solido esekiek ura kutsatzea (euri-urak eta ureztatze-urak), eta olio edo gasolioaren ustekabeko isurpenek lurzorua.
Bigarrena.– Sustatzaileak aurkeztutako agirietan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, kontuan izan beharko dira baldintza hauek:
– Obrak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira, baita lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako gunetik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak.
– Airearen kutsadurari dagokionez, jarduera horrek –atmosfera kutsa dezakeen jarduera izateagatik– izan behar duen baimenean ezarritakoa betetzeaz gain, arreta berezia jarriko zaio ahal den hauts gutxien sortzeari. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:
• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
• Materialak biltegiratzeko baldintzei dagokienez, biltokiak haizetik babestuen dauden lekuetan egongo dira, haizeak hondakinak eraman ez ditzan, eta, halaber, biltokien garaiera kontrolatuko da.
• Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.
• Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.
• Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, kasua bada egoera onean mantendu dadin. Ildo horri jarraikiz, Legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.
• Gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da, ureztatzearen eraginkortasuna areagotu dadin.
• Ez da hondakinik erreko, ezta beste inolako materialik ere.
– Kutsadura akustikoari dagokionez: kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, direnik eta teknika onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.
Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute, eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.
– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, baita Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea ere.
– Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak instalazio horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.
– Euri-uren eta jarduera gauzatzen den guneko ureztatze-uren isuriari dagokionez, dagokion isuri-baimenean adierazitakoa alde batera utzi gabe, arazketa-sistema (dekantagailua eta urak biltzeko sistema) mantentzeko lanak egingo dira ondo funtzionatzen duela ziurtatzeko, dagokion ur-kalitatearen helburuak betetzen direla ziurtatzeko gisan.
– Hondakinei dagokienez, jarduerak lortu beharreko baimenak edozein direla ere, enpresak sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.
Hondakinak sortzea ahal den heinean minimizatuko da.
Sortutako hondakinak uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio-mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.
Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta hondakinak jaso eta biltegiratzeko bitarteko egokiak edukiko dira nahasketak saihesteko eta kudeatzaile baimenduari entregatzeko, baldin eta ez badira berrerabiltzen instalazioan.
Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira, tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalpean biltegiratuko dira, zolata iragazgaitzaren gainean eta jarioak edo lixibiatu likidoak jasotzeko sistemekin, biltegiratze-mota horretarako preskripzio teknikoak bete beharko dira.
Baztertzen diren olioen, baterien, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak eta, oro har, arriskutsutzat jotako substantzia/prestakin guztiak, horiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapuak eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar behar bezalako baldintzetan baztertuko dira, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera eta Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei eta hondakin arriskutsuei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta gainerako araudiaren arabera.
Gainera, gutxienez hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta hondarren frakzioa.
– Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendua egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu garrantzitsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten ebaluatuko du, eta organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erabakitzen badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze aipagarria eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egin eta instalazioa egoera hartan berriz jartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik sortuko denik. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Erlia Contenedores SL Abadiñon sustatzen ari den eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sailkatu eta baliarazteko instalazioari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinarazi behar zaie bai Abadiñoko Udalari bai proiektuaren sustatzaileari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 7a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.