117. zk., 2017ko ekainaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (263 KB - 6 orri.)
- EPUB (202 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3113
EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Ilunbeko (Donostia) eremura sartzeko bide berriak eraikitzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita. Larrain SL eta Loiola Gestión Inmobiliaria SL enpresek sustatu dute proiektua.
AURREKARIAK
2017ko martxoaren 6ko sarrera-data duen idazkiaren bidez, Donostiako udalak Ilunbeko eremura sartzeko bide berriak eraikitzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari egindako eskaera osatu zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatutakoaren arabera. Arau horren II. eranskineko i) ataleko 7. taldean (Azpiegitura-proiektuak) jasota dago proiektua.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2017ko martxoaren 21ean ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatu proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera.
Hori horrela, hauei guztiei egin zaie kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari (egun, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza), Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari (guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, URA-Uraren Euskal Agentziari, IHOBE-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa elkarteari.
Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarena eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena (denak ere Eusko Jaurlaritzakoak); kontsulten emaitza espedientean jaso da. Txosten horiek eta espedientea osatzen duten gainerako agiriak ikusita, xedatzen da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, langintza-prozesuaren lehen faseetan eta betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, ingurumenean eragingo dituen ondorioen analisia, hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak kontuan hartuta.
Ebazpen honen xedea Ilunbeko aisialdi-gunerako sarbideak hobetzera bideratutako hainbat udal-jarduketa burutzeko proiektua da, aisialdi-gune horren erabilera- eta ustiapen-baldintzak hobetzeko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Beraz, ingurumen-ebaluazioaren alorrean indarrean dagoen legedia aplikatuz, Ilunbeko eremura sartzeko bide berriak eraikitzeko Larrain SLk eta Loiola Gestión Inmobiliaria SLk sustatutako proiektuari ingurumen-inpaktuko ebaluazioaren prozedura sinplifikatua aplikatuko zaio.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori eskuduna da aipatu otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.
Hauek ikusirik: Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ilunbeko (Donostia) eremura sartzeko bide berriak eraikitzeko Larrain SLk eta Loiola Gestión Inmobiliaria SLk sustatu duten proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, jarraian zehazten den moduan:
A) Ilunbeko aisialdi-gunerako sarbideak hobetzera bideratutako hainbat udal-jarduketa gauzatzeko proiektua egin da, aipatu aisialdi-gunearen erabilera- eta ustiapen-baldintzak hobetzeko.
B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:
1.– Proiektuaren ezaugarriak:
Donostiako Udalak Ilunbeko aisialdi-gunerako sarbideak –biribilguneak, gurutzaguneak, bide berriak etab.– hobetzera bideratutako hainbat jarduketa proposatzen ditu, aipatu aisialdi-gunea erabiltzeko eta ustiatzeko baldintzak optimizatzeko. Hona hemen zeintzuk diren jarduketok:
– lotura-glorieta bat egitea eta ekialdetik irteera zuzena (Ilunbe-Gasteiz) jartzea; haren diseinuaren arabera, 11,00 metroko barne-erradiokoa izango da eta 10,00 metroko eraztun-galtzada bat egingo da.
– mendebaldeko sarrera (Bilbao-Ilunbe): bi maila dituen gurutzagune bat egitea proposatzen da, lotura-adarraren eta Ilunbe-Miramon pasealekuko Poliklinikaren noranzkoan. Aurreikusten da horma batzuk eta pergola moduko egitura bat egitea.
Azaldutakoa gauzatzeko, horri lotutako hainbat jarduketa burutuko dira:
– Lurrak mugitzea: betelana harrobitik edo maileguetatik hartutako materialekin egingo da. Uste da gutxi gorabehera 600 m3 landare-lur erabili ahalko dela.
– Eragindako zerbitzuak lehengoratzea: ura, argia, gasa...
– Egiturak eta hormak eraikitzea: pergola moduko egitura bat eta luzera eta altuera desberdinetako hormak diseinatu dira.
– Obra osagarriak: Anoetako ubidea saneatzeko hodi biltzailearen zatia, oinezkoentzako lotura, semaforoak jartzeko kanalizazioak egitea.
– Instalazio osagarriak: obra-txabolak, material-bilgunea, etab.
Obrak 8 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da.
2.– Proiektuaren kokapena:
Jarduketak Ilunbeko (Donostia) aisialdi-gunearen inguruetan egingo dira nagusiki.
Proiektatutako ekintzak gauzatzeak eragin diezaiokeen gunearen ezaugarriei eta eremuari dagokienez, hau nabarmendu behar da:
– Proiektua gauzatuko den eremutik hurbil bi kokagune daude, agian lurzorua kutsatuko duten jarduera edo instalazioei eusten dien lurzoruen inbentarioan jasota daudenak.
– Inguruko landarediari dagokionez, baso autoktonoaren orbanen presentzia nabarmentzen da (harizti azidofiloa), zeinak guneko malda handiko mendi-magalak hartzen baititu. Degradazio-zantzu nabarmenak dituzten azalera txikiko orbanak dira.
– Eremu horretan nabarmendu behar dira, baita ere, Batasunaren intereseko diren 3 habitat: 4030 Europako txilardi lehor, 6210 larre mesofilo Brachypodium pinnatum espeziekoak, eta 6510 altitude baxuko sega-belardi pobre.
– Eragindako kokapenaren ingurunean ez da identifikatu Natura Gune Babestuen Sareko gunerik; eragindako gunea ez dator bat EAEko Korridore Ekologikoen Sareko ezein egitura-elementurekin, ezta ingurumen balio handiko beste eremurekin edo eremu zaurgarrirekin ere.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:
Obra-fasean, ingurumenean inpaktua izan dezaketen jarduketa hauek nabarmentzen dira: sastrakak eta zenbait landare kentzea; lurrak mugitzea: horren ondorioz lurzoruaren produktibitatea galdarazi daiteke, azaleko uren kalitatea gutxitu materia organikoa eta material solido esekiak dakartzatelako, zarata gehitu eta hauts- edo -partikula-isurketak egon daitezke, faunan eta landaredian izango dituen beste ondorio batzuez gain; makinak mugitzea, zeinaren ondorioz uren kalitatea txikitu baitaiteke solido esekien kopurua edo ustekabeko isurpenak edo zarataren maila handitzeagatik; azpiegitura eta obrako elementuak direla-eta lekua hartzea: okupatutako eremu berrietako lurzoruaren ahalmena neurri batean galtzea dakar; hondakinak sortzea, batik bat hiriko hondakin solidoekin bateratu daitezkeen hondakin geldoak eta makinen mantentze-lanetatik sortutako hondakin arriskutsuak; horiek garraiatzean sortutako soberakinak; makinak erabiltzea eta horien mantentze-lanak direla-eta sortutako ustekabeko isurpenak.
Ustiapen-fasean, ingurumenaren gaineko inpaktu hauek sorrarazi ahal dira: azpiegitura berriaren ondorioz paisaiaren kalitatea gutxitzea, ibilgailuen trafikoa handitzea (horrek dakar kutsadura gehitzea, zarata-mailak handitzea, etab.).
Dena den, uste da sustatzaileek proposatuko neurriekin eta ebazpen honetan jasotakoekin ez dela inpaktu negatibo nabarmenik egongo proiektatutako jarduketak gauzatuko diren ingurunean.
Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko eta espediente hau izapidetzeko sustatzaileak ingurumen-organoari aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gain, baldintza hauek izan behar dira kontuan:
● Obrak egiten diren bitartean, jarduera egokien eskuliburuan ezarritakoa aplikatuko da.
● Obrak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Jardueraren mugen kontrol zorrotza eraman beharko da, eta hesi bat jarriko da horretarako.
● Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik gertatuz gero, zuzentze- eta lehengoratze-neurri egokienak hartuko dira.
● Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, betiere ukitutako eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera. Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gainetik ureztatuko da.
● Bestalde, obraren faseko lur-mugimenduak egitean proiektuak eragina baldin badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu diren edo instalazioak egon diren lursailetan, halako eremuetan edozein jarduketa egin nahi bada, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko da, betiere Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusitakoaren ildotik.
● Landareen gaineko eragina murrizteko neurriei dagokienez, alde batera utzi gabe Gipuzkoako Mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora espezie batzuk babesteko urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, honako beste neurri hauek ere hartuko dira:
– Ez dira landareak moztuko eta belar-sastrakak garbituko, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan.
– Behar diren neurriak hartu beharko dira intereseko zuhaitzei eragitea ekiditeko (esaterako intereseko landaredi-eremuak zedarrituko dira), hau da, jarduketa-eremutik hurbil dauden baso-masa azidofiloei edo Batasunaren intereseko habitatei.
– Ahal den heinean, kontrol-neurriak hartuko dira mugitutako lursailak eta landaredirik gabeak ez daitezen sarbide bihurtu landare-espezie inbaditzaileentzat –hala nola, Fallopia japonica, Buddelia davidi edo Robinia pseudoacaciarentzat edo antzekoentzat–, eta ahaleginak egingo dira halakoak jardun-eremutik desagerrarazteko.
● Hondakinak sortzea:
– Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da.
– Sortutako hondakinak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.
– Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira, behintzat.
– Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoei jarraituz egingo da biltegiratzea, kudeatzaile baimendu batek jaso arte.
– Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta gainerako araudiaren arabera.
● Lurzorua eta ura babestea:
– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira.
– Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak plantan horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.
– Eraikuntza-lanak egin bitartean, ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze naturaleko sarera.
– Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.
● Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da obra-fasean ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean kamioiak estaliko dira eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez isurtzeko:
– Obretarako sarbidean mugatu egingo da ibilgailuen eta obrako makinen abiadura.
– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
– Aldian-aldian, sarbideak eta inguruko bideak garbituko dira, eta atzemandako hauts-isurketen arabera ureztatuko. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute uneoro.
– Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.
– Gurpilak garbitzeko sistema bat jarriko da, eta handik pasatuko dira ibilgailuak instalaziotik irten ondoren.
– Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako gordetzeko gunea eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko guneak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideen arabera proiektatuko dira, eta helburu horretarako aukeratutako tokietan ezarriko.
– Materialak kanpoaldean metatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.
– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
● Kutsadura akustikoa:
– Eraikitze-fasean, neurri hauek hartu beharko dira: obrako makinen mantentze orokorra; zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea; makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzea; zarata egunez bakarrik egitea; obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea, eta abar.
– Obra-fasean erabilitako makinek aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen legeria bete behar dute, eta, batez ere, aplikatzekoa denean, aire zabalean erabiltzen diren makina batzuek inguruan egiten dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa eta gainerako arau osagarriak bete beharko dituzte.
● Behin obrak bukatuta, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu.
● Pasaia lehengoratzeko proiektua gauzatuko da, sustatzaileak proposatu bezala. Alde horretatik, gomendatzen da birlandatu beharreko azalera baso mistoko zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatuz handitzea.
● Paisaia lehengoratzeko eta ingurumen-integrazioko proiektuak gutxienez 2 urteko bermealdia izango du, landareztatzea bukatzen denetik hasita, arrakastatsua izango dela bermatzeko. Landareztatzean, hutsarteak beteko dira eta beste edozein mantentze-lan ere burutuko da, landareak behin betiko sustraitzea lortze aldera.
● Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoari jarraituz, lurra erauzteko eta mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari, behar diren neurriak har ditzan.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Ilunbeko (Donostia) eremura sartzeko bide berriak eraikitzeko Larrain SLk eta Loiola Gestión Inmobiliaria SLk sustatu duten proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari eta proiektuaren sustatzaileei jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 25a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.