117. zk., 2017ko ekainaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (243 KB - 6 orri.)
- EPUB (202 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3111
64/2017 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Cundinamarcako Departamentuarekin (Kolonbia) izenpetutako akordioaren txostena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu akordioaren txostena sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Cundinamarcako Departamentuarekin (Kolonbia) izenpetutako akordioaren txostena. Txostenaren testua ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 5a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 5EKO 64/2017 EBAZPENARENA
CUNDINAMARCAKO DEPARTAMENTUAREN (KOLONBIA) ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO AKORDIOAREN TXOSTENA
Cundinamarcako Departamendua, liz. Jorge Emilio Rey Angel gobernadoreak ordezkatzen du.
Euskal Autonomia Erkidegoa, berriz, Lehendakariak, Iñigo Urkullu Renteria jaunak, ordezkatzen du.
Hemendik aurrera «aldeak» izango dira.
Oinarria: interes handia dute dauzkaten adiskidetasun- eta lankidetza-loturetan sakontzeko, ordezkatzen dituzten herrien arteko loturak areagotzeko.
Aitortzen dute lankidetza-jarduerak garatu nahi dituztela, bakoitzak bere lege-xedapenen barruan, eta honako hauei lotuta bereziki: lehiakortasuna, industria, I+G+b, ingurumena, lurralde plangintza, enpresen arteko trukea, kultura, hezkuntza, eta turismoa.
Adierazten dute lankidetza-harremanak sakondu nahi dituztela, esparru juridiko egoki baten bidez.
Sinetsita daude garrantzitsua dela mekanismoak sortzea alde biko lankidetza-esparrua garatzen eta sendotzen laguntzeko, eta beharrezkoa dela beren komunitateen aurrerapen ekonomiko eta sozialean egiazko eragina izango duten proiektuak eta ekintzak gauzatzea.
Horrenbestez, honako hau erabaki dute:
1. artikulua.– Helburua.
Akordioaren txosten honek zenbait oinarri eta jarraibide ezartzen ditu, aldeek lankidetza bereziko jarduerak, proiektuak eta programak batera gauza ditzaten, alde biko harremanak sendotu eta sakontzeko, ordezkatzen dituzten pertsonen mesedetan.
2. artikulua.– Lankidetza-arloak.
Akordioaren txosten honen helburua lortzeko, aldeak lankidetza-jarduerak garatzera konprometitzen dira, eta jarduera horiek honako arlo hauetara egongo dira bereziki zuzenduta; ez, ordea, mugatuta:
a) Garapen produktiboen eta klusterren politikak. Aldeek eremu honetan dituzten jakintzak partekatuko dituzte hazkunde ekonomiko inklusibo eta iraunkorra sustatzeko.
b) Merkataritza, inbertsioak eta negozioak. Enpresen eta gobernuen arteko sustapen-topaketak, ekonomia-trukea eta enpresa-garapena bultzatzeko. Akordioaren txosten honetan esku hartzen duten aldeek erabaki dute beren ahaleginak sektore ekonomikoetan lankidetza-proiektuak sustatzera bideratzea, eta bereziki garapena lortzen saiatzea honako sektore hauen mesedetan: energia berriztagarriak eta energia eraginkortasuna, azpiegiturak, eraikuntza, ingurumena, agroindustria eta turismoa. Betiere baldintzak idatziz zehazten eta erabakitzen badituzte aldeek, eta lankidetza-proiektuan sartu baino lehenagokoak badira.
c) Balore partekatuko ereduak. Esperientzien eta praktika onen trukea hedapen luzeko negozioetan, enpresa garapena gizarte oparotasunarekin tartekatzen dutenak.
d) Espezializazio adimenduna. Aldeek kooperazioa eta ezagutzak partekatzea sustatuko dute beren espezializazio adimendunaren lehentasunei dagokienean. Aldeek espezializazio adimendunak duen potentziala aztertuko dute, berrikuntzarako kolaborazio eremuak identifikatuz alderdi indartsuetan oinarrituta.
e) Lehiakortasuna, produktibitatea eta prozesatutako produktu eta elikagaien merkaturatze hobekuntza ereduak partekatzea. Elikagaien produkzio eta prozesamendu sistemetan berrikuntza eta garapen teknologikoko esperientziak partekatzea.
f) Enpresen nazioartekotzea. Aldeek enpresen nazioartekotze programen sustapenari lotuta dituzten ezagutzak partekatuko dituzte, munduko ekonomiaren globalizazio prozesuari aurre egiteko ezinbesteko elementua.
g) Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza. Aldeek lankidetza sustatuko dute esparru honetan, aldeek zehaztutako lehentasunak garatzeko.
h) Ingurumena. Aldeek ingurumena babesteko eremuan partekatzeak eta kooperazioa erraztuko dute, berdintasun eta elkarrekiko onuraren printzipioan oinarrituz. Hauek dira lehentasuna duten eremu bezala identifikatu direnak: hondakinen kudeaketa integrala eta ur zikinen kudeaketa eta ibaiak deskutsatzea garapen ekonomikoaren ardatz bihurtzeko.
i) Lurralde-plangintza. Aldeek inguru fisikoa, mugikortasun iraunkorra eta hiri habitata modu integratuan jorratzen dituzten lurralde planak egitearen esperientziak partekatuko dituzte, klima aldaketaren, genero berdintasunaren eta osasunaren inpaktuaren testuinguruan.
j) Kultura. Eskualdeetako kultura- eta tradizio-adierazpideen sustapena eta hedapena. Bereziki, Etxepare Institutuaren eta Kultura eta Turismoaren Departamentu Institutuaren arteko harremana bultzatuko da, eta haiek unean-unean erabakiko dute nola gauzatu kultura-truke hori, batez ere esparru hauetan: musika, zinema, ikus-entzunezkoen sektorea eta arte plastikoak.
k) Hezkuntza. Truke akademikoak sustatzea, eta, erakunde egokien bitartez, zerikusia duten bestelako jarduerak sortzeko eta sustatzeko aukera zabaltzen da, balioak partekatzeko, eta jardunbide sozialak eta akademikoak trukatzeko.
l) Turismoa. Turismorako toki eta eskualde erakargarriak sustatzea, bi lekuak bisitatzeak dauzkan abantailak eta jolas-ezaugarriak zabaltzeko behar diren bitartekoen bidez, arlo horretan lehiakorragoak izateko helburuarekin.
m) Aldeek hitzartzen duten beste edozein arlo.
3. artikulua.– Lankidetza-bideak.
Akordioaren txosten honetan aipatzen diren lankidetza-jarduerak honako hauen bidez gauzatzea erabaki dute aldeek:
a) Sustapena eta zabalkundea.
b) Enpresen eta gobernuen arteko misioen trukea.
c) Informazioa, dokumentazioa eta materialak trukatzea.
d) Azokak, mintegiak eta kongresuak antolatzea.
e) Azterketak eta ikerketak batera egitea.
f) Ezagutzak eta arrakasta izan duten esperientziak partekatzea, ikertzaile, teknikari, aditu eta profesionalekin.
g) Giza baliabideen prestakuntza eta gaikuntza.
h) Lantegiak, sinposioak eta konferentzia antolatzea.
i) Jardunbide hobeak eta bikaintasun-kasuak ezartzea.
j) Aldeek hitzartzen duten beste edozein bide.
Akordioaren txosten hau gauzatzeko ez da baldintza izango aldeek lankidetza-bide guztietan proiektuak abian jartzea, eta aldeak ez dira behartuta egongo lankidetzan aritzera barne-debekuren bat edo lege, araudi instituzional edo ohitura baten ondorioz debekuren bat duten jardueretan.
Aldeak hitzartzen dutenaren arabera bilduko dira, akordioaren txosten hau aplikatzearen ondoriozko alderdiak ebaluatzeko, eta alde bien intereseko proiektuak garatzeko gidalerro berriak proposatzeko.
Aldeek txostenak egingo dituzte akordioaren txosten honetan oinarrituta lortu eta garatutakoari buruz, eta kasuan kasuko agintariei jakinaraziko dizkiete, hala nola adostasunez erabakitzen dituzten alde biko instantziei.
4. artikulua.– Eskumena.
Aldeak akordioaren txosten honen III. artikuluan aipatutako lankidetza-bideak gauzatzera konprometitzen dira, bakoitzaren eskumenak, araudiak eta bakoitzaren gobernuaren zuzentarau politikoak eta ekonomikoak guztiz errespetatuz.
5. artikulua.– Lankidetza bereziko programak.
Akordioaren txosten honen helburuak lortzeko, lankidetza bereziko programak egitea hitzartu dute aldeek, eta haiek prestatu ondoren, akordioaren txosten honen barruan sartuko dira, eta bakoitzean honako alderdi hauek zehaztu beharko dira:
a) Landu beharreko helburuak eta jarduerak;
b) Lan-egutegia;
c) Helburu eta jardueretarako izendatutako pertsonen profila, kopurua eta egoera;
d) Alde bakoitzaren erantzukizuna;
e) Giza baliabideen, finantza-bitartekoen eta baliabide materialen esleipena;
f) Ebaluatzeko mekanismoa eta irizpideak; eta
g) Beharrezkotzat jotzen den beste edozein informazio.
Artikulu honetan aipatzen diren lankidetza bereziko programak lantzeaz gain, alde bakoitzak lankidetza-jarduerak gauzatu bitartean sortzen diren lankidetza-proposamenak egin ahal izango ditu.
6. artikulua.– Ikuskatze- eta koordinazio-mekanismoa.
Honako akordio honen babesean egiten diren lankidetza-jarduerak behar bezala koordinatu eta ikuskatzeko mekanismo bat izateko, hala nola hura modurik egokienean gauzatzen dela ziurtatzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da, bi gobernuetako kanpo-gaietarako zerbitzuek zuzendua, eta aldeek erabakitako maiztasunarekin (gutxienez, urtean behin) eta lekuan bilduko dena, akordioaren txosten hau aplikatzearen ondoriozko alderdiak ebaluatzeko; batzorde horrek honako zeregin hauek izango ditu:
a) Behar diren erabakiak hartzea, akordioaren txosten honen helburuak betetzeko;
b) Berariazko lankidetza-proiektuak landu eta egiteko interes komuneko arloak identifikatzea;
c) Akordioaren txosten honetako jarduerak gauzatzeko bidezko gomendioak bideratzea, antolatzea eta adieraztea;
d) Akordioaren txosten honetako lankidetza-arloetan aurreratutakoari buruzko txostenak jasotzea, aztertzea eta, hala egokituz gero, onartzea; eta,
e) Aldeek hitzartzen duten beste edozein funtzio.
7. artikulua.– Finantzaketa.
Akordioaren txosten honek ez du inolako ondorio finantzariorik. Hala ere, finantzaketarik behar bada akordioaren barruko jarduerak garatzeko, tresna juridiko egokiak baliatuko dira, dagoen aurrekontuaren eta legeetan xedatutakoaren arabera.
Alde bakoitzak daukan parte-hartzeari lotutako gastuak ordainduko ditu, jarduera berezietarako bestelako finantzaketa-mekanismoak erabiltzeko aukera egon ezean, edo aldeek jarduera horietarako finantzaketa-konponbide bereziak hitzartu ezean.
8. artikulua.– Beste erakunde batzuen parte-hartzea.
Aldeek, egokitzat joz gero, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen parte-hartzea bultzatuko dute, haien jarduerek eragin zuzena badute lankidetza-arloetan, akordioaren txosten hau modu eraginkorrean baliatzen lagunduko duten mekanismoak sendotu eta zabaltzeko.
9. artikulua.– Lan-harremana.
Alde bakoitzean akordioaren txosten honen barruko lankidetza-jarduerak gauzatzeko mandatua jaso duten pertsonek kide den erakundearen zuzendaritzapean eta mende jarraituko dute; horregatik, ez da lan-harremanik sortuko beste aldearekin, eta hura inoiz ere ez da hartuko ordezko nagusitzat edo nagusi solidariotzat.
10. artikulua.– Langileak sartzea eta irtetea.
Aldeek behar diren gestioak egingo dituzte dagozkien agintariekin, behar diren erraztasun guztiak eman daitezen, lankidetza-jardueretan eta akordioaren txosten honen ondoriozko lankidetza bereziko programetan esku-hartze ofiziala dutenak sartzeko eta ateratzeko. Esku hartzen duten horiek harrerako herrialdean indarrean dauden migrazio-, zerga-, aduana-, osasun- eta nazioaren segurtasun-xedapenen mende egongo dira, eta ezingo dute jardun beren eginkizunetatik kanpoko ezein jardueratan, arloan eskumena duten agintariek aurrez baimena eman gabe.
11. artikulua.– Aseguruak.
Aldeek sustatu egingo dute lankidetza-ekintzetan parte hartzen dutenek aseguru medikoa, kalte pertsonalen asegurua eta bizitza-asegurua izatea, akordioaren txosten honen barruko lankidetza-jarduerak egitearen ondorioz ezbeharren bat gertatzen bada, eta hura kalte-ordainaren merezidun bada, kasuan kasuko aseguru-erakundearen eskutik jaso dezan.
12. artikulua.– Jabetza intelektuala.
Akordioaren txosten honen arabera garatutako lankidetza-ekintzen ondorioz merkataritza-balioko produktuak edo jabetza intelektualaren gaineko eskubideak sortzen badira, arloan aplikagarria den legedi nazionala beteko dute, bai eta aldeentzat lotesleak diren nazioarteko hitzarmenak ere.
13. artikulua.– Babestutako informazioa, materiala eta ekipoa.
Aldeek erabaki dute segurtasun nazionalagatik edo aldeetako edozeinen kanpo-harremanengatik babestuta eta sailkatuta dauden ekipoak, materiala eta informazioa, kasuan kasuko legedi nazionalaren arabera, ez direla transferituko akordioaren txosten honen barruan.
Akordioaren txosten honetan oinarrituta abian jarritako lankidetza-jardueretan babestea eta sailkapena behar dituzten edo haien beharra izan dezaketen ekipoak, materialak eta informazioak identifikatzen badira, aldeek agintari eskudunei jakinaraziko diete, eta horretarako neurri egokiak idatziz adieraziko dituzte.
Babestu eta sailkatu gabeko informazioa, materiala eta ekipoa transferitzean, haien esportazioa alderen batek kontrolatzen badu, legedi nazional aplikagarria kontuan hartu beharko da, eta transferentzia behar bezala identifikatu, bai eta haren erabilera edo geroko transferentzia ere. Alderen batek beharrezkotzat jotzen badu, behar diren neurriak hartuko dira, baimendu gabeko transferentzia edo berrizko transferentzia eragozteko.
14. artikulua.– Beste tresna batzuk.
Akordioaren txosten honetan aipatzen den lankidetzak ez du eraginik izango aldeek nazioarteko beste tresna batzuen bidez eskuratutako eskubideetan eta betebeharretan.
15. artikulua.– Desadostasunak ebaztea.
Tresna honen interpretazioan edo aplikazioan desadostasunik badago, Jarraipen Batzordeak erabakiko du.
16. artikulua.– Azken xedapenak.
Akordioaren txosten hau sinatutakoan jarriko da indarrean, eta bi urteko iraupena izango du; bi urte horiek tazituki berrituko dira beti beste bi urterako, alderen batek kontrakoa esan edo bi aldeek ez berritzea erabaki ezean.
Akordioaren txosten hau aldeen idatzizko adostasun bidez aldatu ahal izango da, izapide egokiak egin ondoren. Aldaketak adierazten dituzten dokumentuak akordioaren txosten honen gehigarri bihurtuko dira, eta haren parte izango dira.
Edozein aldek edozein unetan amaitutzat jo ahal izango du akordioaren txosten hau, beste aldeari zuzendutako idatzizko jakinarazpen bidez; jakinarazpena 90 (laurogeita hamar) egun lehenago egin beharko da.
Akordioaren txosten honen amaiera aurreratuak ez du eraginik izango haren indarraldian formalizatutako lankidetza-jardueren bukaeran.
Txosten honek ez du ondorio juridiko loteslerik sortzen Nazioarteko Zuzenbidearen esparruan.
Bogota hirian sinatua, 2017ko maiatzaren 30ean, gaztelaniazko eta euskarazko ale bitan, bi testuak bata bestea bezain benetakoak izanik.
Cundinamarcako Departamentuaren izenean, Jorge Emilio Rey Ángel. Gobernadorea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Iñigo Urkullu Renteria. Lehendakari.