117. zk., 2017ko ekainaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (263 KB - 3 orri.)
- EPUB (213 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3102
EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 3koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez argitzen baitira ibilgailuak erregaiz hornitzeko jendaurreko salmenta-instalazioetan segurtasun-neurri osagarriak ezartzeari buruzko uztailaren 29ko 159/2014 Dekretuko hainbat atal, baita hura garatzen duen 2017ko martxoaren 16ko Agindukoak ere.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzetako zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, horma bakuneko tangak horma bikoitzeko izatera igarotzeko transformazio-prozesuan, ez dira modu egokian egiten eta dokumentatzen ari probak eta entseguak, dela transformatua izan ahal izateko tangaren egokitasuna zehaztekoak eta dela parte den espazio interstizialeko ihesak detektatzeko sistema aplikazio-arauekin bat datorren zehaztekoak, eta lehenago aipatu aginduan ez da zehazten edo ez da esplizituki jasoa geratzen.
Horma bakuneko tangak horma bikoitzeko izatera igarotzeko transformazioa gutxieneko bermeekin burutzeko, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak, orain arte gertatzen ari diren anomaliak eta hutsuneak argitu eta zuzentzeko oinarrizko eta funtsezkoak dela iritzirik, honako hau adierazten du:
1.– Tangaren egungo gainestaldurarik gabeko hormaren lodieren hasierako neurketa, 1. eranskinaren 2.2 zenbakian adierazia, Saiakuntza Laborategi batek egin beharko du, «in situ», ENACek egiaztatua, UNE EN-ISO 17025 delakoan, Saiakuntza ez-suntsigarrietarako, eta tangak erresistentzia mekanikoko propietateak gorde beharko ditu transformatua izateko, UNE 62422 arauaren 6.1 zenbakiarekin bat etorriz altzairuzko tangak badira eta UNE 53935 arauaren 6.1.1 zenbakiarekin sendotutako plastikozko tangak badira.
Neurketak amaituta, ondorioztatzen bada tangaren transformazioa ezin dela egin, lurralde-ordezkaritzari emango zaio horren berri.
2.– 2017ko martxoaren 16ko Aginduaren I. eranskineko 4. zenbakian adierazitako saiakuntzak aplikaziozkoak dira bai hasierako egiaztapenetarako (Aginduaren I. eranskineko 2.3 zenbakia), bai aldizkakoetarako, eta saiakuntza horiek Saiakuntza Laborategi batek egin beharko ditu, «in situ», ENACek egiaztatuta, UNE EN-ISO 17025 delakoan, 2200/1955 EDren arabera estankotasuna egiaztatzeko sistemetarako eta petrolio-produktu likidoen lurpeko tangetako ihesak detektatzeko sistemetarako (UNE 53968 IN).
3.– Aginduaren I. eranskinean adierazitako probak, 4.1 Espazio interstizialaren bolumena zehaztea eta 4.2 Espazio interstizialaren estankotasunaren proba, 0,4 bar ± % 10 presio-proba baten bidez egingo dira, ihesak detektatzeko erabilitako sistema gorabehera.
Espazio interstizialaren bolumena zehazteko saiakuntza, figura honen araberako izango da:
(Ikus .PDF)
Formula hau aplikatuko da sarrera-saiakuntza airearekin egiteko:
(Ikus .PDF)
Espazio interstizialaren eta hodi elkartuen bolumenaren bariazioa, hasierako egiaztapenaren eta ondorengo aldizkako egiaztapenen artean neurtua, ez da % 10 baino handiagoa izango.
4.– Zuzentarau hauek bete beharko dituzte ihesak detektatzeko sistemek, zundek eta instalatu beharreko gainerako ekipamendu osagarriak: UNE EN 13160; Behe Tentsioko Zuzentaraua (2014/35/UE Zuzentaraua); bateragarritasun elektromagnetikoa (2014/30/UE Zuzentaraua); ATEX Zuzentaraua (2014/34/UE Zuzentaraua).
I. motako edo II. motako detekzio-sistemek, transformatutako tangan instalatu eta gero, UNE 53968 IN beteko dute Aginduaren I. eranskineko 4.3 probari dagokionez, zehatz esanda, tanga primarioko maila freatikoan eta produktu-mailan dagoen 100 ml/h-ko ihes-emaria dagozkien saiakuntzak hautatzearen bidez detektatzeari dagokionez.
5.– Hainbat tangatako espazio interstiziala aldi berean gainbegiratzeko ihes-detekzioko sistema automatikoak erabiltzeak bermatu beharko du ihes indibidualizatuko alarma-kontrola gainbegiratutako tanga bakoitzeko, baita espazio interstizialeko presioaren zuzeneko irakurketa ere.
6.– Ez da inola ere onartuko konpartimentuetan banatutako tanga bihurtzerik transformatutako tanga.
7.– 20 urte baino gehiago dituzten horma bikoitz partzialeko tangei egin beharreko estankotasun-proba (UNE 53968 IN delakoaren arabera), Aginduaren 4. artikuluan adierazia «Aldizkako probak, 4. zenbakia», tanga garbia eta desgasifikatua dagoela egin beharko da, haren barneko egoera egiaztatzeko, Kontrol Erakunde baten ziurtapenarekin.
8.– Lehenengo xedapen gehigarrian, ulertu beharko da ihesen detekzio-sistemaren adostasuna UNE-EN-13160 arauarekin tratatzen dela EE markaketa-mailan, eta, aldiz, sistema horien ebaluazioa UNE 53968 IN delakoarekin bat egingo da; horiek, aplikagarriak izango dira eredua onartzeko.
9.– Bigarren xedapen gehigarrian, ulertu beharko da Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoak direla aldizkako proben epeak.
159/2014 Dekretuaren xedapen iragankorrarekin bat, MI-IP 04 petrolio-instalazioen indarreko araudian eta maila adierazlearen arabera ihesen detekzio estatikoko probak egiteko EAEren 2017ko martxoaren 28ko Ebazpenean jasotako aldizkako berrikuspenak, probak eta ikuskapenak, dagozkienak, egingo zaizkie jadanik badauden horma bakuneko tangei transformazioa edota ordezpena egiteko epera arteko aldian.
Tanga transformatu aurretik egin beharreko derrigorrezko estankotasun-probaren txostena ekarri beharko da; bertan hauek adieraziko dira: eguna, tangaren identifikazioa, modeloa eta ihes-detektagailuaren serie-zk.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 3a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.