Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2017ko ekainaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2994

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 17koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzeko deialdia egiten baita 2017. ekitaldirako, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz.

Nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan sasoiko zerbitzuak eskaintzen dituzten langileei zuzendutako ostatuak eraiki, egokitu, hobetu edo ekipatzeko minimis laguntza araubidea finkatzea.

8. artikuluak xedatzen duenez, urtero, egungo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko titularraren agindu bidez eskabideak aurkezteko epea irekiko dela. Aipatutako agindu horrek finkatuko ditu eskabideak aurkezteko epea, laguntza guztiei zuzendutako gehieneko kopuru orokorra eta, hala badagokio, haren urtez urteko xehetasunak eta laguntzen zenbatekoa finkatzeko erabilitako irizpide objektiboen zehaztapena eta horien haztapena; finkatuko du, gainera, 7. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako agirietatik zein aurkeztu behar diren, deialdi bakoitzean hautatzen diren irizpide objektiboen arabera.

Hori guztia dela eta, 2017ko ekitaldirako Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan laguntza hauek finantzatzea xede duen ordainketa-kreditua egonik, eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzak emateko araubidea aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen helburua da nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusitako laguntza deialdia egitea 2017. ekitaldirako.

Bigarrena.– Eskabideak eta erantsitako agiriak aurkezteko epea.

1.– Apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan ezarritako laguntzen deialdian sartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da 2017. ekitaldian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabide-inprimakia eskura izango da web-orri honetan: www.nasdap.ejgv.euskadi.eus

3.– Eskabideak apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuko 7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz aurkeztu beharko dira, jarraian adierazten diren agiriekin batera:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada.

b) NANaren fotokopia eta legezko ordezkariaren ahalmentze eskriturarena, pertsona juridikoa bada. Horretaz gainera, entitatearen estatutuen eta dagokien erregistroan inskribatu izanaren fotokopia.

c) Egingo den inbertsioaren edo gastuaren memoria deskriptiboa, non jasoko baitira exekuziorako, kokapenerako eta finantzaketarako epeen aurreikuspena, bai eta behar bezala zehaztutako aurrekontua ere.

d) Hirugarrengoen alta.

e) Obra-proiektuaren kopia, lizentziarena, bai eta udalaren baimenarena, beharrezkoa bada.

f) Ziurtagiria, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duena.

g) Behar izanez gero, jatorriko kontratazio programaren barruan dagoela aditzera ematen duen konpromisoaren kopia.

h) Errenta-aitorpenaren kopia eta Gizarte Segurantzako nekazaritza-erregimeneko inskripzioaren kopia.

i) Zinpeko aitorpena, aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla aitortuz, bai eta beste hauek aitortuz ere: ez duela zigor- edo administrazio-zehapenik, diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dionik; ez duela helburu horretarako ezgaitzen duen inolako lege debekurik; sexuagatiko bereizkeria dela-eta zigor administratiborik edo penalik ez zaiola ezarri, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera, eta ez dagoela sartuta inolako zehapen-prozeduratan, Laneko Segurtasun eta Higieneari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea ez betetzearen ondorioz. Azkenik, aitortu beharko du azken bi ekitaldi fiskaletan eta aurtengo ekitaldi fiskalean zehar «mínimis laguntzarik» jaso duen.

Hirugarrena.– Diru-laguntzen zenbateko osoa.

Agindu honen bidez emango diren laguntzen zenbateko osoa Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. ekitaldiko Aurrekontu Orokorretatik etorriko da, eta ez du 70.000 euroko zenbatekoa gaindituko.

Laugarrena.– Laguntzen zenbatekoa finkatzeko eta horiek haztatzeko irizpide objektiboen zehaztapena.

2017. ekitaldirako laguntzak zehazteko helburu objektiboak eta horien haztapena hauek izango dira:

– Zenbait eskualdetan aterpetxe premia dagoela-eta, ostatua kokatzeko lekua: 10 puntu.

– Jatorrian kontratatzeko programari atxikita egotea: 15 puntu.

– Ostaturako jarritako plaza-kopurua: 10 puntu.

– Kostuaren eta plazen arteko erlazio egokiena: 5 puntu.

– Nagusiki nekazari izatea: 10 puntu.

Bosgarrena.– Gauzatzeko epea.

2017. ekitaldian, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuko 2. artikuluak aipatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak burutzeko epea ezin izango da izan 2017ko abenduaren 31tik haratagokoa.

Seigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 17a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala