108. zk., 2017ko ekainaren 8a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (291 KB - 9 orri.)
- EPUB (203 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2846
EBAZPENA, 2017ko martxoaren 31koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez euskararen eremu geografikotik kanpo zinema- eta literatura-arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako diru-laguntzak emateko prozedura ezartzen baita.
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak helburu hau xedatzen du aipatutako institutuarentzat: «Euskal kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek 19.2. artikuluan dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinema, arkitektura eta diseinua hartzen dituela. Bestalde, artikulu horren f) letrak institutuaren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.
Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskal zinema eta literatura euskararen eremu geografikotik kanpo sustatu eta hedatzeko lagungarri diren kultur jardueretan parte hartzeko diru-laguntzak esleitzeko prozedura ezartzea.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Arau orokorrak
1. artikulua.– Helburua.
Ebazpen honen helburua da euskararen eremu geografikotik kanpo zinema- eta literatura-arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako diru-laguntzak emateko prozedura ezartzea.
2. artikulua.– Berariazko baldintzak eta bazterketak.
Diru-laguntza hauek emateko, honakoak hartuko dira aintzat:
Zinema: zinema alorreko eragileek (zuzendaria, aktoreak, ekoizleak, gidoigileak) nazioarteko zinemaldietan eta zinema-sariketetan parte hartzeko diru-laguntzak ematea, horietan euren filmen bat aurkeztu edo ordezkatzeko hautatuak izan direnean.
Zinemaldi edo sariketa horiek nazioartekotzat jotzeko ezinbestekoa izango da gutxienez hiru herrialdetako lanak programatzea.
Literatura: literatura sektoreko eragileek (idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak eta editoreak) literatura alorreko nazioarteko ekitaldietan parte hartzeko diru-laguntzak ematea, horietan libururen bat aurkeztu edo ordezkatu behar dutenean, literatura-sorkuntzaz jardun behar dutenean edo euskal ordezkaritza gisa doazenean.
Ebazpen honetatik kanpo geratuko dira honako hauek:
– Etxepare Euskal Institutuak sustatutako unibertsitate-irakurletzen barruan antolatutako ekitaldiak, non eta ekitaldia ez duten gutxienez bi irakurletzak elkarlanean antolatzen.
– Ikasketa-bidaiak, ibilaldiak, txangoak, elkartrukeak, aisialdia edo antzekoekin lotura dutenak.
– Hezkuntza arautuarekin zerikusia duten jarduerak eta edozein eratako ikastaroak.
– Biltzar, jardunaldi, hitzaldi, mintegi eta antzekoetan parte hartzea, horietan Etxepare Euskal Institutuak presentzia badu irakurletzen bidez.
– Gastronomia edo kirolarekin zerikusia duten topaketa, jardunaldi, erakustaldi eta antzekoak.
– Nagusiki edo osoki euskal etxeetako kideak hartzaile dituzten jarduerak.
3. artikulua.– Diru-zuzkidura.
Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hogei mila (20.000) eurokoa izango da.
4. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.
Diru-laguntza hauek baldintzak betetzen dituzten eskabideen artean banatuko dira, aurrekontuko zuzkidura agortu arte. Beraz, ebazpena emateko, eskabideak zer hurrenkeratan aurkeztu diren hartuko da kontuan zorrotz, dauden funtsak agortu arte. Ondorio horretarako, eskabidea erregistroan sartzen den eguna eta ordua hartuko dira kontuan.
Ebazpen honen ondorioetarako, aurrekontua agortu egiten bada, EEIko zuzendariak amaitutzat joko du eskabideak aurkezteko epea. Horretarako, dagokion ebazpena argitaratuko du Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan. Ezarritako xederako bideratutako diru-funtsak agortzeak arrazoituko du erabaki hori.
5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
Dagokion ekitaldian parte hartzekoak: joan-etorria, ostatua eta dietak.
1.– Diru-laguntzen zenbatekoa:
a) Ostatu eta dietetarako gehieneko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamar (70) euro ostaturako eta berrogei (40) euro dietetarako. Espainiatik kanpo, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogei (60) euro dietetarako.
b) Soilik ostatu-gau baten gastua eta bi egunetako dietak onartuko dira ekitaldiko. Bi emanaldi edo gehiago izanez gero, bi gauren gastua eta hiru eguneko dietak ordaindu ahal izango dira gehienez.
c) Ekitaldi bakoitzeko, pertsona bakar baten gastuak lagunduko dira diruz.
d) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bost (0,25) euro km-ko, gehi autopista eta aparkalekua. Kilometro-kopurua kalkulatzeko, pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo establezimendua hartuko dira abiapuntutzat.
e) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren faktura, erregaia, autopista eta aparkalekua.
f) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, txartel arrunta ordainduko da.
2.– Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak eta mugak.
– 5.000 km-tik harago egitekoak diren ekitaldiak: mila (1.000) euro.
– 1.200 km-tik 5.000 km-ra bitartean egitekoak diren ekitaldiak: zortziehun (800) euro.
– Gehienez ere 1.200 km-ra egitekoak diren ekitaldiak: bostehun (500) euro.
Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inolaz ere izango bi mila (2.000) euro baino handiagoa. Era berean, proiektu berarekin lotuta pertsona batek baino gehiagok eginiko eskabideek ere ezin izango dute zenbateko hori gainditu.
6. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko batzuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
7. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.
Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira: pertsona fisikoa edo juridiko pribatua izatea eta errolda edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hizkuntza euskara denean, errolda edo egoitza soziala euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.
Euskararen eremu geografikotzat hau hartuko da: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Iparraldeko Euskal Elkargoa.
Baldintza hori egiaztatzeko, pertsona fisikoek errolda-ziurtagiria aurkeztuko dute, eta, pertsona juridikoek, berriz, dagokion agiria.
8. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.
Eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte laguntzaren onuradun izateko:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea.
– Erakunde-mota hauetakoren bat ez izatea: nagusiki kapital publikoa duten erakunde pribatuak eta fundazioak; edota dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteak.
– Diru-laguntza eta laguntza publikoak lortzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.
– Legez debekatuta ez izatea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea, berariaz aipatuta sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapenak.
– Buruturik egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak enpresa horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. eta 13.2. artikuluetan eta haren garapen araudian, oro har aurreikusitakoa eragotzi gabe.
9. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki eta behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek/entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du eskatzaile horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Pertsona edo erakunde interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
Errolda (pertsona fisikoen kasuan) edo egoitza soziala (pertsona juridikoen kasuan) Iparraldeko Euskal Elkargoan dutenek dagozkien Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.
2.– Eskabideetan jasoko da laguntza eskatzen duen pertsonak berariaz onar dezakeela organo kudeatzaileak gainerako datuak edo agiriak lortu edo egiaztatzea, bide presentziala nahiz bide elektronikoa erabiltzen duenean, eta Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.
3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Pertsona eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 24. artikuluan eta haren garapen araudian, oro har aurreikusitakoa eragotzi gabe.
10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Etxepare Euskal Institutuko teknikariei dagokie deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.
11. artikulua.– Eskabideak eta formularioak aurkeztea.
1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte.
– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre zigarrogileen plaza, 1, Tabakalera eraikina 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 8:30etatik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahal izango dira euskadi.eus gunean artikulu honetako 11.4 atalean adierazitako helbidean.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea
2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 11.4 atalean adierazitako helbidean.
3.– Salbuespenez, atzerriko pertsona fisiko edo juridikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte.
4.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukinzunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak ondorengo euskadi.eus egoitza elektronikoan daude eskuragai:
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/bolsas_viaje/y22-izapide/es
Eskabidearen ondoko izapideak, gune honetan egingo dira bide elektronikoa erabiliz:
https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak
5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.
7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
8.– Jarduera bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da. Eskatzaile batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, nahikoa izango da administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.
9.– Eskabideak aurkezteko epea deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2017ko urriaren 31n amaituko da. Halaber, epe hori amaitutzat joko da deialdiaren diru-zuzkidura agortzen denean.
10.– 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharreko jarduerak aurkeztu ahal izango dira.
12. artikulua.– Zer dokumentu aurkeztu behar diren eskabidearekin batera.
Eskatzaileek, eskabidearekin batera, hauek aurkeztu beharko dituzte:
– Dagokion egintzaren arduradunaren ziurtagiria, gonbidapena edo kontratua.
13. artikulua.– Eskabidean egon daitezkeen hutsen zuzenketa.
Etxepare Euskal Institutuak ikusten badu eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela. Errekerimendua eta, hala badagokio, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko dira.
14. artikulua.– Ebazpenak.
1.– EEIko teknikariei dagokie ebazpen-proposamenak egitea, EEIko zuzendariak ebazpenak eman ditzan.
2.– Diru-laguntzak esleitzeko ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko dira ere, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
3.– Gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira ebazpenak, eskabidea behar bezala betetzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
15. artikulua.– Diru-laguntza onartzea.
Ebazpena jakinarazten den egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2017. urtean burutzea.
2.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea eta gastua justifikatu beharko ditu.
3.– Ebazpena eman aurretik aldaketaren bat gertatzen bada eskabidean aurkeztutako proiektuan, idatziz jakinarazi beharko dio EEIri, edo «nirekudeaketak» helbidearen bitartez, izapidetze elektronikoaren kasuan. Jakinarazpen hori hartzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ematen ez badu, aldaketa onartutzat joko da.
4.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.
5.– Diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatu beharko dio onuradunak EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
6.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, EEIren logotipoaren bitartez, erakunde horren laguntza jaso dutela adieraztea, horrelakorik berariaz sortuz gero.
17. artikulua.– Justifikazioa eta ordainketa.
1.– Ebazpen bidez esleitutako diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez ordainduko da, jarduera amaitu eta gastuak behar bezala justifikatu ondoren.
2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza, 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, Donostia (20.012) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte hurrengo gunean: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak
3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.
4.– Salbuespenez, atzerriko pertsona fisiko edo juridikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte.
5.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 11.4 artikuluan adierazitako helbidean.
6.– Bi hilabeteko epea egongo da jasotako diru-laguntza justifikatzeko, jarduera amaitzen denetik aurrera zenbatzen hasita. Jarduera abenduan egiten bada, epe hori 2018ko urtarrilaren 31n amaituko da. Justifikazioa egiteko, agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eginiko jarduera justifikatzeko agiria: kontratua, argazkia, antolakuntzaren ziurtagiria edo antzeko agiria.
b) Bidaiak, ostatua eta parking gastuak faktura bidez egiaztatuko dira, jatorrizkoak edo kopiak, azken hauen kasuan, EEIk jatorrizkoak eskatzeko eskubidea izango du. Kilometroak eta dietak justifikatzeko, aski izango da fitxa betetzea.
c) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako materialen ale bana, euskarri fisiko nahiz magnetikoan, erabilitako hizkuntza guztietan, halakorik sortu bada.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30 eta 31 artikuluetan eta haren garapen araudian oro har aurreikusitakoa eragotzi gabe.
7.– Ezinbesteko kasu baten ondorioz, aurrez ikusitako jarduera bertan behera geratzen bada eta eskatzaileak dagoeneko bidaia egina badu, dagokion diru-laguntzaren erdia ordainduko zaio, betiere antolakuntzaren agiriaren bidez egiaztatzen badu zeintzuk izan diren ekitaldia bertan behera uzteko arrazoiak.
8.– Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, eskatzaileak ebazpenean eman zaion kopurua baino kopuru txikiagoa justifikatzen badu, justifikatutako kopurua soilik jasoko du.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ebazpen honetan edo bestelako xedapen orokorretan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudiak oro har aurreikusitakoa eragotzi gabe).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontu-izakinak agortu ez badira. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da EHAAn.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzek edo diru-laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB) bete beharko dute, «minimis» laguntzen tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352 zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek «minimis» moduan izendatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako guztizko laguntza ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa, hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan. Diru-kopuru horretatik beherako diru-laguntzek ez daukate eraginik merkataritzan, eta ez dituzte lehia-baldintzak desitxuratzen; hori dela eta, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
Diru laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako «minimis» izaerako diru laguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez, beti ere jasotako diru laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoaren babesean, deialdi honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko dira, izapidetzeko. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Legez jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina, 3.ena, 20.012, Donostia.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGO
Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko dagokion salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK Bigarrena
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Donostia, 2017ko martxoaren 31.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MIREN BEGOÑA ARZALLUZ LOROÑO.