108. zk., 2017ko ekainaren 8a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (304 KB - 11 orri.)
- EPUB (205 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2844
EBAZPENA, 2017ko martxoaren 27koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2017. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo antzerki birak eta antzerki denboraldiak egiteko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu honek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak Institutuaren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.
Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik kanpo antzerki birak eta antzerki denboraldiak egiteko diru-laguntzak emateko modua arautzea.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da 2017. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo antzerki birak eta antzerki denboraldiak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.
Ebazpen honen ondorioetarako, hurrengoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Iparraldeko Euskal Elkargoa.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egitekoak diren jarduerak diruz lagunduko dira.
1.– Antzerki-bira: emanaldi bat egitea biratzat hartuko da. Hiru baldintza hauetako bat bete beharko du:
a) Zerrendan aitatzen diren jaialdi edo azoketan parte hartzea.
Zerrenda horretatik kanpoko jaialdi edo azoketan parte hartzeko proposamenak ere aztertuko dira, betiere profesionalak badira. Arte diziplina askotariko azoka edo jaialdien kasuan, antzerki programazio lerro osoa izan beharko dute. Azoka edo jaialdiaren webguneak ondorengo guztiak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa eta jaialdiari buruzko informazioa.
b) Euskararen eremu geografikotik kanpo arte eszenikoen alorrean programazio egonkorra duten antzokietan aritzea: Antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu, edo bestela, prestigio handikoa izan beharko du. Antzokiaren prestigioa baloratzeko, ondorengoak hartuko dira kontuan: programazioaren antzinatasuna; prestigiozko sariak jasotako taldeak programatzea; antzoki sare pribatu edo publikoen partaide izatea; erresidentzia erregimenean garatutako sorkuntza programak; publiko berriak sortzeko ekintza paraleloak edo antzokiak jasotako sari edo errekonozimenduak.
Antzokiak kaleko emanaldiak antolatzen dituenean, ez da antzokiaren edukiera kontuan hartuko.
Antzokiaren webguneak ondorengoak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak on-line erosteko zerbitzua.
c) Eusko Jaurlaritzak zuzenki edo zeharka babestutako honako erakustaldi-plataforma hauetako batean parte hartu izanaren ondorioz sortutakoa izatea: Leioako Antzerki Azoka, Donostiako Antzerki Azoka, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, Tarregako Antzerki Azokako Euskal Teatroa espazioa, Valladolideko Antzerki eta Kale Artearen Nazioarteko Jaialdiko Kaleartean programa edo Lleidako Txotxongiloen Azoka.
2.– Antzerki-denboraldia:
Antzoki berean gutxienez 7 emanaldi egitea jarraian. Antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu.
Antzokiaren webguneak ondorengo guztiak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta konpainiei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak erosteko on-line zerbitzua.
Ez da diru-laguntzarik emango eskola-emanaldietarako.
3.– Ez da diru-laguntzarik emango ondokoetarako:
a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdietarako.
b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldietarako, dantzaldiak barne.
c) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra ehun eta hogeita hamabost mila (135.000) eurokoa izango da.
4. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.
Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina eskatzaile bakoitzak jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabi mila eta bostehun (12.500) euro baino handiagoa.
1.– Distantziaren arabera, honakoa izango da antzerki-bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa:
– 5.000 km-ra arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.
– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.
Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten den herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzia hori neurtzeko, ondorengo, web-orrialdea erabiliko da: http://www.distancefromto.net
2.– Gehienezko zenbatekoa antzerki-denboraldi bakoitzeko zortzi mila (8.000) eurokoa izango da.
3.– Euskal konpainia eta kanpokoen arteko koprodukzioetan, gehienezko diru laguntza kopuru hauek murriztuko dira, euskal konpainiak koprodukzio horretan duen ehunekoa aplikatuta. Salbuespenez, hiru baldintza hauetatik bi betetzen direnean, ez da murrizketa hau aplikatuko:
a) Zuzendaria euskal herritarra izatea;
b) Aktoreen herena baino gehiago euskal herritarra izatea;
c) Jatorrizko testua ala moldaketa egile euskaldun batena izatea.
5. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta errolda edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, errolda edo egoitza soziala euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.
b) Profesional gisa aritzea antzerkigintzan.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, antzerkiaren jarduerari dagokion epigrafean.
d) Aurkezten den proiektua ekonomikoki bideragarria izango da. Bideragarritasun hori gastu eta diru-sarreren aurrekontu orekatu baten bitartez egiaztatuko da.
2.– Kultura elkartea edo fundazioaren forma juridikoa duten eskatzaileek ezingo dituzte jaso diru-laguntza hauek, ezta nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuek ere.
3.– Eskaera onartua izateko, dagokion jaialdi, feria edo antzokiaren kontratua, gonbidapena edo ziurtagiria aurkeztu beharko da.
4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzetara aurkeztu laguntza publikoak eskuratzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku hori dutenak barne direla.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek zein Etxepare Euskal Institutuak, entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren bat eman badiote eta hori itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bateko izapideak egiten ari badira, ezinbestekoa izango da prozedura hori amaitzea diru-laguntza esleitu eta ordaindu ahal izateko.
38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorrak, azaroak 17koak, 11 eta 13.2 artikuluetan izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.
6. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki eta behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek/entitateek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du eskatzaile horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Pertsona edo erakunde interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
Errolda edo egoitza soziala Iparraldeko Eukal Elkargoan dutenek dagokion Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.
2.– Eskabideetan jasoko da laguntza eskatzen duen pertsonak berariaz onar dezakeela organo kudeatzaileak gainerako datuak edo agiriak lortu edo egiaztatzea, bide presentziala nahiz bide elektronikoa erabiltzen duenean, eta Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.
Errolda edo egoitza soziala Iparraldeko Euskal Elkargoa duten pertsona fisiko edo juridikoek dagozkion agiriak aurkeztu beharko dituzte.
3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin bat etorriz, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Pertsona eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.
38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorrak, azaroak 17koak, 24 artikuluan izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea
Eskabideak aurkezteko epea Ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik hasiko da. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua.
1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre zigarrogileen Plaza, 1, Tabakalera eraikina 3. Solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etatik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 8.3 atalean adierazitako helbidean.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 3 atalean adierazitako helbidean. Iparraldeko Euskal Elkargoko, pertsona juridikoen kasuan, eskatzaileek bide presentzialaz ere aukeratu ahal izango dute.
3.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide hauetan daude ikusgai:
https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2017/birak_denboraldiak/y22-izapide/eu
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egin daitezke:
https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak
4.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.
6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
7.– Jarduera guztietarako eskabide bat aurkeztuko du eskatzaile bakoitzak.
9. artikulua.– Onartu eta baztertuen zerrenda eta eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun balioduneko epean, Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.
Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
10. artikulua.– Diru-laguntzak emateko modua.
Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Diru-laguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 15. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazio-irizpideen arabera hurrenkera jakin batean jartzeko.
Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte.
Balorazioan lor daitezkeen puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak ez dira diru-laguntza esleitzeko zerrendan sartuko.
11. artikulua.– EEIk diruz laguntzen dituen gastuak eta zenbatekoak.
1.– Dagokion jaialdi edo jardueran parte hartzekoak: joan-etorria, ikuskizuna jendaurreko egingo den tokiko muntaia-gastuak, eszenografia edo materialaren garraioa, ostatua eta dietak. Artisten katxetak eta nominak ez dira diruz lagunduko. Ez da gastu amortizagarririk diruz lagunduko.
Antzerki denboraldietan, promozio gastuak ere diruz lagunduko dira.
2.– Laguntzen zenbatekoak:
a) Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogeita bi (42) euro dietarako. Espainiatik kanpora, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogeita hiru (63) euro dietetarako.
b) Ondorengo dietak onartuko dira: emanaldi egunetakoak, eta joan-etorrietarako beste egun bat.
c) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bost (0,25) euro km-ko gehi autopista eta parking-a. Furgoneta erabiliz gero, zero koma hogeita hamabost (0,35) euro km-ko gehi autopista eta parking-a. Kilometro kopurua kalkulatzeko, diru-laguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.
d) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren faktura, erregaia, autopista eta parking-a.
e) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.
12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek helburu berbererako emandakoekin, betiere gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada. Gehiegizko finantzaketa badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
13. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.
Etxepare Euskal Institutuaren teknikariei dagokie deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.
14. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat osatuko da. Batzordea honela osatuko da:
a) Lehendakaria: EEIko kultura zuzendaria edo haren ordezkoa.
b) Bokalak: 3-5 kide, EEIko zuzendariak izendatuko ditu, antzerkian adituak diren gizon-emakumeen eta administrazioko teknikarien artetik.
c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.
2.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.– B
3.– Balorazio batzordearen osaketa EEIko zuzendariak ebatziko du, EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak.
15. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.
2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatzak honako hauek izango dira:
a) Eskatzailearen ibilbide profesionala: taldekide kopurua (2 puntu), taldearen ibilbidea (3 puntu), antzezlanaren estreinatze urtea (5 puntu), azken 3 urteetan atzerrian burututako ekitaldi kopurua (10 puntu). Puntuazioaren % 20ra arte.
b) Bira edo denboraldiaren ezaugarriak: emankizuna egingo den espazioaren ezaugarriak (10 puntu); emankizunak egingo diren hiriak eta herrialdeak (10 puntu.); emanaldi kopurua (10 puntu). Puntuazioaren % 30ra arte.
c) Proiektuaren ezaugarriak eta Etxepare Euskal Institutuaren xedeekin duten lerratze maila: antzezlanak jasotako sariak (5 puntu); autore edo taldearen proiekzioa (5 puntu); euskal kulturaren nazioarteko zabalkundeari egiten dion ekarpena (10 puntu); antzezlanaren jatorrizko hizkuntza euskara izatea (10 puntu). Puntuazioaren % 30era arte.
d) Auto-finantziazioa: 20 puntu. Auto-finantziazio maila kalkulatzeko katxetetik eta txartel-leihatilatik lortutako diru-sarrerak hartuko dira kontuan. Puntuazioaren % 20 arte.
3.– Balorazioan lor daitezkeen puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak ez dira diru-laguntza esleitzeko zerrendan sartuko.
16. artikulua.– Ebazpenak.
1.– EEIko zuzendariari dagokio balorazio-batzordeak aurkeztutako ebazpen-proposamenak aztertu eta ebazpenak ematea.
2.– Ebazpenak Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.
3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.
Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.
18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2017. urtean burutzea.
2.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.
3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinarazi beharko dio EEI, edo «nirekudeaketak» helbidearen bitartez izapidetze elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
4.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.
5.– Ebazpen honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok EEIk emandako babesaren berri adierazi beharko du, EEIren logoaren bitartez, egitasmoaren argitan kaleratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko zein soinudunetan. Nolanahi ere, diru-laguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar horretatik salbuetsita egongo dira.
6.– Onuradunak, diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
7.– Diru-laguntzak emateko eta horien ordainketak bideratzeko, beharrezkoa izango da esleipendunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dauzkatela ziurtatzea.
19. artikulua.– Justifikazioa aurkezteko epea eta modua.
Ebazpen honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek lagundutako jarduera amaitu edota ebazpena jaso eta bi hilabeteko epearen barruan aurkeztu beharko dituzte jarraian zerrendatzen diren agiriak. Abenduan egindako jardueren kasuan, betiere 2018ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte agiriak.
1.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen Plaza, 1, Tabakalera eraikina, 3, Donostia (20012) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte hurrengo gunean: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak
2.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan. Iparraldeko Euskal Herri Elkargoko pertsona juridikoek justifikazioak, bide presentzialaz ere aukeratu ahal izango dute.
3.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 8.3 artikuluan adierazitako helbidean.
20. artikulua.– Justifikazio agiriak.
Justifikaziorako jarraian zerrendatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira:
a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.
b) Diruz lagundutako emankizunak burutu direla frogatzen duten kontratu edo takila orriak.
c) Justifikaziorako eredu-orria jarraituz zehaztuko dira egindako gastuak, eta halakorik balego, jasotako beste diru-laguntzak.
d) Gastuen justifikaziorako, aurrekontu onartuan Etxeparek diruz laguntzen dituen kontzeptuetako gastu guztiak egiaztatu beharko dira. Horrekin batera gastu eta diru-sarreren balantzeari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
EEIk ausaz eta zozketaz, onuradunetako batzuei aurkeztutako aurrekontua bere osotasunean justifikatzeko agiriak eskatuko dizkie.
e) Diruz lagundutako gastuen zerrenda ordenatua jasotzen duen taula sinatua.
f) Etxepare Institutuak edozein momentutan eskatu ahalko ditu goian aipaturiko gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak. Fakturek eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa adieraziz.
g) Dietak justifikatzeko, aski izango da dagokion taula bete eta sinatzearekin.
h) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak kilometraje taula bete eta sinatzearekin. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan etorriko distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Bidesari eta parking gastuen ticketak edo fakturak aurkeztu beharko dira.
i) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinudunen ale bana, hala badagokio.
j) Helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du, onuradunak izenpetua.
k) Justifikaziorako dokumentazio zerrendan eskatutako beste edozein agiri.
38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorrak, azaroak 17koak, 30 eta 31 artikuluetan izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.
21. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
1.– Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean. Ebazpen honetan diru-laguntzaren itzulpena aginduko balitz, hau jasotzen denetik bi hilabeteko epea egongo da itzulketa egiteko.
2.– Ez betetze partzialaren kasuetan, itzuli beharreko diru-kopurua finkatzeko proportzionaltasun-printzipioa gidari izango da.
3.– Salbuespen gisa, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da gutxituko baldin eta jarraian azaltzen diren hiru baldintzak aldi berean gertatzen badira:
a) Aurreikusitako gastu-aurrekontuaren eta behin betikoz exekutatutakoaren arteko aldea % 15etik beherakoa izatea.
b) Esleitutako diru-laguntzak behin betikoz exekutatutako gastuaren % 60 ez gainditzea.
c) Gain-finantziaziorik ez gertatzea.
22. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.
Ebazpen honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da honako prozedurari jarraituz:
% 75aren ordainketa 17. artikuluan aipatutako epea igaro ondoren egingo da.
% 25 jarduera amaitu, justifikazioa behar bezala burutu eta gehienez ere sei hilabeteko epean.
23. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.
4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak (38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorrak, azaroaren 17koak, 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudiak izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan araututako diru laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Diru-laguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.
Diru-laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako diru laguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez, beti ere jasotako diru laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen Plaza, 1, Tabakalera Eraikina-3, 20012 Donostia.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek ondorioak izango ditu, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Donostia, 2017ko martxoaren 27a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MIREN BEGOÑA ARZALLUZ LOROÑO.