Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2017ko ekainaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2841

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena, Irale programaren barruan 2017. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean jarduteko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoentzako laguntzetarako deialdia egiten duena.

Irakasleak alfabetatu edota euskalduntzeko programa (Irale) arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduak (EHAA, 1994-02-11) bere hirugarren atalean dioenez, Irale programak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko ikastetxeetan, publiko zein pribatutan eta edozein irakasmailatan, lanean diharduten irakasleak hartuko ditu kontuan.

Hezkuntza Sailburuordetzak 2016-2017 Aurkezpen Txostena eta 2017-2018 ikasturterako Agindua argitaratuak ditu formatu elektronikoan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/euskara), eta, bertan, ikastetxe pribatuetako irakasleei irakastordu barneko ikastaroetan parte hartzeko aukera ematen zaie.

Kontuan hartu ditu, bide batez, ondoko lege eta dekretu hauek: batetik azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluko xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoak, eta kontuan hartuta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, lege hori garatzen duen araudia eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainontzeko xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Agindu honen xedea da 2017. urtean Irale programaren irakastordu barneko ikastaroren batean ikasketari gisa ari den irakaslerik duten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoei deialdia egitea, aipatu irakasleen ordezkatzeek sortutako gastuei aurre egiten laguntzeko asmoz. Honetarako, 2017. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetatik 2.088.000,00 euroko diru-partida erabiliko da.

Diru-laguntza bi epe-alditan banatuko da: lehenengo ebazpena, urtarriletik ekainera artekoa, partida osoaren % 70 izango d, gehienez. Bigarren ebazpena, berriz, irailetik abendura artekoa. Lehen ebazpenean sobratzen dena, bigarrenera pasako da.

2. artikulua.– Deialdi honetan, honako hauek parte hartu ahal izango dute:

a) 2017. urtean irakastordu barneko ikastaroetarako Hezkuntza Administrazioak liberazioak ematerakoan irakasle bat edo gehiago onartu zaizkien ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

b) Dagokion ikastetxeko zuzendariak aipaturiko irakasleak liberatuak izateko adostasuna emandako ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

3. artikulua.– Ikastetxe pribatuetako irakasle batek edo gehiagok, adierazitako epean irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzea eskatua izan beharko du ikastetxe horiek diru-laguntza jaso ahal izateko.

Gainera, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe pribatuak honako errekerimendu hauek bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izapidetzen ari datekeen itzultze edo zigortze-jardunbidea bukatuta egotea, baldin eta laguntza eta diru-laguntzok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan badaude.

b) Zigor-edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden pertsonek edo erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

c) Diru-laguntza eskatzen duten entitateek zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izan behar dute.

Deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da eskatzailea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharretan egunean dagoela ziurtatzeaz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, arautzen duen bezala.

d) Eskatzaileak berariazko baimena ematen dio laguntza kudeatzen duen organoari, gainontzeko datuak edota dokumentazioa lortu edo egiaztatu ditzan, eskabidea izapidetzeko erabilitako bidea edozein delarik ere, eta herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak eragotzi gabe.

e) Aurreko paragrafoetan aipatutako datu edota betebeharrei eskatzaileak, espresuki, uko egin ahalko dio bere baimena; kasu horretan eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion agiriak.

f) Ikastetxeak ekimen honetarako beste erakunderen baten diru-laguntza jaso edo jasotzekoa badu, horren azalpen zehatza egin beharko du eskabide-orriari erantsitako orri batean, edozein modutan ere diru-laguntzen baturak ezingo duelarik gainditu gastuaren % 100. Horretarako, behar den neurrian murriztuko da legokiokeen diru-laguntza.

g) Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak dioena izaera orokorrarekin aplikatuko da.

4. artikulua.– Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez eskaintzen duen diru-laguntza irakastordu barneko ikastaroetarako da. Irakasle baten ordezkoari dagokion diru-laguntza irakasle horren irakasmailak eta ordezkotza-kontratuaren noiztik noiz artekoak erabakitzen dute.

Hala ere, irailetik abendura arteko ebazpenari dagozkion diru-laguntzak emateko orduan zera egingo da: atal honen hurrengo pasartean ezarritako diru-banaketak egin ondoren, soberakin hori txanda horretako bertako diru-laguntzen onuradunen artean banatu, hainbanaketa eginez (hots, guztien arteko diru-zatiketa eginez). Soberakin horren banaketa osagarriaz, hori bai, inola ere ezingo da ordezkoaren gastu osoaren % 100 baino handiagoko diru-laguntzarik eman.

Diru-laguntzaren munta zehazteko, honako laguntza-kopuruak ezarri dira, kostu gordin osoaren % 80ari dagozkionak:

(Ikus .PDF)

5. artikulua.– Diru-laguntza hori lanaldiaren proportzioan emango da, ordezko irakaslea egun osoz hartu ordez denbora gutxiagorako kontratatzen den kasuetan.

Liberatuta dagoen ikasketariak baja-aldirik badu, Iralek ez dio ikastetxeari baja-aldiari dagokion neurrian pertsona horren ordezkotza-gasturik ordainduko.

Gizarte Segurantzak ordaintzen duen zatia ez du deialdi honek estaliko.

6. artikulua.– Irakasle ordezkoari ikastetxeak ordainduko dio honen lan-hitzarmenak dioenari jarraiki, eta ordaindu beharreko kopurua kontratuan ezarritako maila profesionalari dagokiona izango da.

Plazaren jabearen titulazioa eta irakasle ordezkoarena berdina izango da edo bateragarria.

Ordezkotzaren epea Iralera doan titularraren liberaziozko epearen parekoa izango da gehienez. Aipaturiko ordezkapena irakasle baten bidez edo batzuen artean egin ahal izango da.

Iraleko ordezkoaren lan-hitzarmenak bitarteko izaera izango du, irakasle erlijiosoen kasuan izan ezik. Mugagabeko lan-hitzarmena duten irakasleak ondoko kasu hauetan onartuko dira:

a) Aurreko ikasturtetik ikastetxean gelen kopurua murriztu egin denean irakasleen kopurua mantenduz.

b) Ikastetxeak, lan-orduak gehitzeko helburuz, irakasleak egun osoz izan beharrean egun zatiz dituenean.

7. artikulua.– Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxe pribatuek bete behar hauek dituzte:

a) Diru-laguntza onartzea. Jasoko den diru-laguntzaren berri izan eta 15 eguneko epean diru-laguntza horri idatziz uko egiten ez bazaio, laguntza hori onartutzat hartuko da.

b) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

d) Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak dioena izaera orokorrarekin aplikatuko da.

8. artikulua.– Diru-laguntzetarako eskabideak ikastetxeak aurkezteko epea Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabetekoa izango da. Eskabide-orria bete ondoren, modu elektronikoan, https://euskadi.eus/ Egoitza Elektronikoan aurkeztuko da. Izapidetze elektronikoa honako arauek erregulatzen dute: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duenak; eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Platea plataforma, E-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duenak.

1.– Eskabide-orria Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/irale-pribatuak/y22-izapide/eu) egongo da eskuragai

2.– Tramiteak egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainontzeko agiriak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo dira eskuragai (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/irale-pribatuak/y22-izapide/eu)

3.– Eskaeraren ondorengo tramite hauek (kontsultak, agiriak aurkeztea, etab.) helbide honetatik egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

9. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Horrezaz gainera, 2016-2017 ikasturteko 2. txandan (hau da, 2017ko urtarriletik ekainera arte) liberaturik dauden irakasleen kasuan, ikastetxeak ordezko irakaslearen kontratuaren kopia erantsi beharko dio eskabideari.

2017-2018 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2017ko irailetik abendura arte) irakasleren bat liberatzen duten ikastetxeek, berriz, ikastaroa hasi eta hilabeteko epea izango dute ordezko irakaslearen kontratuaren kopia aurkezteko. Dokumentazioa behar den epean aurkeztu ezean, Hezkuntza Sailak ez dio ikastetxe horri diru-laguntzarik emango.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun baliodunen epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren ‘Nire Kudeaketak’ atalean kontsultatu beharko dira.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

Eskabidean jasotako datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren fitxategi informatizatuetan sartuko dira. Legeak jasotzen dituen sarbide-, zuzenketa-, deuseztapen- eta aurkakotasun-eskubideak Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan erabil daitezke (Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

11. artikulua.– Kudeaketa organoa.

Laguntza-deialdi honen kudeaketa Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.

Diru-laguntzak emateko orduan, Iraleren irakastordu barneko hautatze-irizpideak kontuan hartu beharko ditu Agindu honek. Hori dela-eta, kontuan izango ditu Sailak esparru horretako ikasketarien lehentasun-irizpideak, ikastetxe pribatuetako edo gizarte-ekimenezko ikastetxeetako ordezkari adituekin batera adostasun-puntuak eskuratzen saiatuz. Horretarako, sare pribatuko euskalduntze alorreko Jarraipen-batzordea (Jarraiba) eratua dago, bere partaideak ondoko hauek izanik:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, buru;

Euskara Zerbitzuaren burua;

Euskara Zerbitzuko Irale programaren arduraduna, idazkari;

Patronalaren ordezkariak;

Unibertsitateaz kanpoko eskola-sare pribatuko sindikatuen ordezkariak.

12. artikulua.– Hezkuntzako sailburuaren 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren (1994ko otsailaren 11ko EHAA) 4. atalaren 3. puntuak xedatzen duenez, Aurkezpen Txostenez edo Aginduz jakinaraziak ditu Hezkuntza Sailak aldian aldiko ekitaldiaren baldintza konkretuak. Horien arabera, 2017. urtean egin beharreko liberazio-txanda bakoitzaren iraupena 2016-2017 ikasturterako Aurkezpen Txostenean eta 2017-2018 ikasturterako aginduan ezarritakoa izango da edota, bestela, bertan adierazten den moduan, hori eguneratzen duen edozein arautan adierazten den hainbatekoa.

13. artikulua.– Irale programaren bidez irakastordu barnean liberatuta dagoen irakasleak ez du aldi horretan irakasletzan jardungo eta bere ikastetxeak ezin izango dio diru-kopururik bere soldatatik kendu.

14. artikulua.– Ikasketarigaien kopurua 2017ko dirubideek onar dezaketena baino handiagoa denean, 2017ko udarako eta 2017-2018 ikasturterako Irale programan parte hartzeko deialdia argitaratzen duen aginduan emandako lehentasun-irizpideen arabera jokatuko da. Beraz,

1.– Kupoa izango da, batetik, HE1erako eta HE2rako prestatze-ikastaroetarako. Kupo horretan, honako hauek izango dira oinarrizko ezaugarriak eta lehentasunak.

a) Lehendabizi jarraipenezkoak liberatuko dira: U3koak eta U2koak.

b) Horien ondoren, U3 ikastaroetan hastera doazenak: 2017an gehienez 57 urte betetzen dutenak. Hortik gorako kasu bereziak Jarraipen Batzordean (Jarraiba) aztertuko dira.

2.– Dagoen diru-partida kontuan izanik eta gaia Jarraiban landu ondoren, azpikupo bat adostuko da R ikastaroetarako. Kupo hori betetzeko, honako hautapen-irizpideak izango dira gidari:

a) Lehendabizi 2017an gehienez 56 urte betetzen dutenak aukeratuko dira, eta, gero, lekurik balego, 56tik gorakoak: lehenik 2017an 57 urte betetzen dutenak, gero 58, 59... kupoa amaitu arte.

b) HE2, EGA edo baliokidea lehenago lortutako irakasleak lehenetsiko dira.

c) Aurreko puntuan berdinketarik balego, adinez gazteenak lehenetsiko dira.

15. artikulua.– Berariaz sortutako ebazpen-batzorde batek banan-banan aztertuko ditu ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoen laguntza-eskabideak, baldintzak bete dituzten ala ez aztertuz. Horren arabera 2017. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzeko aukeratuen zerrendetako irakasleen ordezkapenen kontzeptupean zein ikastetxeri diru-laguntza eman proposatuko dio batzorde horrek Hezkuntza sailburuordeari, azken honek dagokion ebazpena argitara dezan. Bertan, ikastetxe bakoitzean liberazio partziala edo osoa izan duten irakasleen zerrenda azalduko da. Aipaturiko ebazpen-batzordearen partaideak hauek izango dira:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, buru;

Euskara Zerbitzuaren burua eta bertako Irale programaren arduraduna, azkenengo hau idazkari;

Hezkuntza Ordezkaritza bakoitzeko Hezkuntza Berriztatze Zerbitzu burua edota euskara atalburua;

Irakaskuntza pribatuko euskalduntze arloko Jarraipen Batzordeko kide bat, patronalaren izenean;

Jarraipen Batzordeko beste kide bat, sindikatuen izenean.

16. artikulua.– Hezkuntza Sailburuordetzak bi laguntza-ebazpen jakinaraziko ditu dagozkien epe-aldiei. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko dira, eta jakinarazi eta biharamunetik hasita izango dute eragina.

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

Lehenengo laguntza-ebazpenean 2016-2017 ikasturteko 2. txandan (hau da, 2017ko urtarriletik gehienez ekainera) liberatuta egonik, Hezkuntza Sailak diruz lagunduko dituen irakasleen zerrenda jakinaraziko du, 2017ko urriaren 15a baino lehen. Bigarren laguntza-ebazpena, aldiz, 2017-2018 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2017ko irailetik abendura) liberatutako ikasketarien ordezkoen kontratua aurkezteko azken egunaren biharamunetik gehienik sei hilabetera jakinaraziko du, txanda horri dagokion diru-laguntzaren kopuruen zerrenda adieraziz.

Ezarritako epeetan ebazpenak jakinarazten ez badira, interesdunek beren eskabideak ezetsitzat jo direla interpretatu ahal izango dute, Administrazioak, urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera, espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe.

Ebazpen hauen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Hezkuntza sailburuaren aurrean hilabeteko epean, Ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita.

17. artikulua.– Diru-laguntza hauek denak batera ordainduko dira, salbu eta Agindu honen 10. atalean finkatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Hezkuntza Sailak ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezko bakoitzari dagokion diru-laguntza ordainduko dio liberazio txanda amaitutakoan, beti ere txanda horretan gertatutako gorabeherak kontuan harturik.

18. artikulua.– Hezkuntza Sailak beharrezko mekanismoak ezarriko ditu diru-laguntzok begiz jotako helbururako erabiltzen direla ziurtatzeko. Hau bete ezean, ikastetxeak itzuli egin beharko ditu. Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eman ez edota baldintzaren bat bete gabe utziko balu, jaso duen diru-kopurua eta horri dagozkion berandutze-interesak itzuli egin beharko dizkio Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, bi hilabeteko epea egongo da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 24a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala