108. zk., 2017ko ekainaren 8a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (242 KB - 6 orri.)
- EPUB (200 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2837
61/2017 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Etxebarriko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea, helburu duena EAEko Polizia Kidegoek hartutako listu-laginak analizatzean jardunbide-eredu bateratuak ezartzea eta, horien bidez, ibilgailuak gidatzen ari diren pertsonek drogak hartu dituztela egiaztatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Etxebarriko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua. Hitzarmen horrek helburu dauka EAEko Polizia Kidegoek hartutako listu-laginak analizatzean jardunbide-eredu bateratuak ezartzea eta, horien bidez, ibilgailuak gidatzen ari diren pertsonek drogak hartu dituztela egiaztatzeko. Honen eranskinean dago jasota testu hori..
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 24a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 24EKO 61/2017 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ETXEBARRIKO UDALAREN ARTEKO HITZARMENA, EAE-KO POLIZIA-KIDEGOEK HARTUTAKO LISTU-LAGINAK ANALIZATZEAN JARDUNBIDE-EREDU BATERATUAK EZARTZEKO ETA, HORIEN BIDEZ, IBILGAILUAK GIDATZEN ARI DIREN PERTSONEK DROGAK HARTU DITUZTELA EGIAZTATZEKO
Etxebarri, 2017ko maiatzaren 15a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Jesus Maria Zubiaga Nieva Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisara.
Bestetik, Loren Oliva Santamaría jauna, Etxebarriko Udaleko alkatea, azken horren ordezkari gisara.
Bi alderdiek, dagozkien karguen bidez eta eman dizkieten ahalmenak erabiliz, hitzarmen hau gauzatzeko legitimotasun eta gaitasun nahikoak aitortzen dizkiote elkarri eta, horretarako, hau
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Bi administrazioak jakitun direla drogen eraginpean gidatzea gizarte-arazo bat dela eta horri aurre egiteko gertakari horren aurkako borrokan eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazio eta lankidetzako antolakuntza-moduak beharrezkoak direla.
Berriki onartutako apirilaren 7ko 6/2014 Legeak, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Artikulatua aldatzen duenak (azken hori martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen), lehen aldiz adierazten du drogak listuan hautemateko gailuen aldeko hautua, egiaztatu baita juridikoki seguruak direla, gidarientzat intrusiboegiak ez direla eta, poliziaren ikuspuntutik, bideragarriak direla. Egia esan, drogen eraginpean gidatzen ote den hautemateko kontrolak orokortu arte itxaron behar izan dugu arazo honi aurre egiteko; hala eta guztiz ere, bideko segurtasunerako arazorik larrienetako bat dela egiaztatu da dagoeneko.
Hain zuzen ere, Lege berriaren 12. artikuluan nabarmenki aldatu da drogen eraginpean gidatzeari buruzko araudia: aurrerantzean, drogen eraginpean gidatzen den hautemateko probak listuaren bidez egingo dira, baimendutako gailu batekin, eta ondoren listu-kopuru nahikoa duen lagin bat analizatuz.
Bigarrena.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar dituela, polizia-kidego guztien ekintza-baliabideak optimizatzeko asmoz.
Hirugarrena.– Sinatzen duen udaleko udaltzaingoak ez duela baliabide teknikorik drogen eraginpean gidatzen ote den jakiteko analisiak egiteko beharrezkoak diren polizia zientifikoen lanak eta peritu-lanak gauzatu ahal izateko; Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak, berriz, horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak badituenez gero, bi aldeek egoki iritzi diote azpiegitura horiek erabiltzeari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legean aurreikusitako listu-proban lortutako laginak analizatzeko eta, horrela, drogen eraginpean gidatu izan den egiaztatu ahal izateko.
Horregatik guztiagatik, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute eta hauek izango dira bete beharreko
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Helburua.
Hitzarmen honen helburua da esku hartzen duten administrazioetara atxikitako polizia-kidegoek bete beharreko jardunbide bateratuak ezartzea Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko laborategietan EAEko polizia-kidegoek lortutako listu-laginak analizatzeko eta, horrela, ibilgailuen gidariak, edo trafiko-istripu batean parte hartu duten beste pertsona batzuk, edo Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea urratu dutenak drogen eraginpean zeuden egiaztatu ahal izateko.
Era berean, beharrezko gidalerroak ezartzen dira Ertzaintzako Polizia Zientifikoko Unitateak listu-laginen analisia egin dezan, organismoan drogarik dagoen hautemateko.
Bigarrena.– Hauteman daitezkeen substantziak.
Hona hemen zer substantzia hauteman daitezkeen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren laborategietan listu-probaren bidez:
● Opiazeoak (monoazetilmorfina, morfina, kodeina).
● Kokaina (kokaina, benzoilekgonina, kokaetilenoa).
● Anfetamina (anfetamina, metanfetamina, MDA (3,4-metilendioxianfetamina), MDMA (3,4-metilendioximetanfetamina), MDEA (3,4-metilendioxietilanfetamina).
● Haxixa (THC).
● Ketamina.
Emaitza positiboa baieztatzeko masen espektrometriari atxikitako gasen/likidoen kromatografia (ME - GK) baliatzen da.
Hirugarrena.– Jardunbideak.
1.– Listu-laginak emateko baldintzak.
Hitzarmen hau sinatzen duen Udaltzaingoak bere eskualdeko Ertzaintzaren polizia-etxera eramango ditu probak; azken horiek hoztuta eta behar bezala zainduta egon beharko dute une oro, Polizia Zientifikoari bidaltzeko. Proba horien artean egon beharko dira kontrasterako listu-lagina ez ezik dagokion pertsonari egindako proban baliatutako hasierako testaren osagai guztiak ere, proben poltsa edo ontziaren barruan.
Proba horiek Udaltzaingoaren egoitzan gordeta egon beharko dute, eta une oro bermatu beharko da zaintza-katea, dagokion eskualdeko Ertzaintzaren komisariara eraman arte. 72 ordu iragango dira, gehienez ere, probak hartu zirenetik Ertzain-etxera eraman arte.
Zaintza-katea behar bezala bete dela jasota gera dadin, emate-agiri bat bete beharko da, Hitzarmen honen eranskinean ageri den ereduaren araberakoa.
Behar bezala identifikatu beharko dira, beti ere, bai probak eramaten dituen Udaltzaingoko agentea eta bai horien jasotzen dituen Ertzaintzako komisariako agentea ere, horien lanbide-txartelaren zenbakia emanez.
Agiri horren bi kopia sinatu beharko dira, esku hartzen duten polizia-kidego bakoitzarentzat bana; gainera, ematearen ziurtagiritzat ere balioko dute.
Ertzaintzaren komisariak Polizia Zientifikoko Unitatera igorriko ditu jasotako probak, dagokion analisia eta, ondoren, adituen txostena egin ditzan.
2.– Bete beharreko agiriak.
Analizatu beharreko laginekin batera aurkeztuko diren agirietan informazio hau jaso beharko da:
● Eskaera atestatu ireki bati dagokion edo ireki beharreko bati; azken kasu horretan hildakorik edota zauriturik (arinak zein larriak) egon den adierazi beharko da.
● Eskaeraren jatorria prebentzio-kontrol bat izan den, edo trafiko-istripua, edo trafiko-arloko indarreko araudiaren urraketaren bat.
● Listu-lagina hartu zaion pertsonaren balizko zitazioa, epaiketa azkarreko zigor-prozeduraren bidez auzipetzeko, zitazioaren data adierazita, hala badagokio.
● Lehen listu-analisian aurkitutako zantzuzko substantziak, baieztatu beharrekoak.
● Zantzuzko listu-testaren lote-zenbakia eta iraungitze-data.
3.– Analisia egiteko eta adituaren txostenaren emaitza jakinarazteko epea.
Analisia egin eta dagokion adituaren txostena idatzi ondoren, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak eskualdeko komisariaren bidez helaraziko dio Udaltzaingoari, hiru hilabeteko epean, gehienez ere, ematea gauzatu zenetik.
Adituen txostenean ondoko datu hauek agertu behar dira:
● Azterketaren emaitzak.
● Txostenaren erreferentzia.
● Udaltzaingo instrukzio-egilearen izendapena eta diligentziak.
Laugarrena.– Alderdien betebeharrak.
Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitateak udaltzaingoak emandako laginak jasoko ditu aurreko klausulan ezarritako prozeduraren arabera, eta horien analisia egin ondoren dagokion adituen txostena gauzatuko du. Segurtasun Sailak bere gain hartuko ditu jarduketa horien gastuak, langileen kostua barne.
Hitzarmen hau sinatzen duen udalak, berriz, bere gain hartzen du Segurtasun Sailaren laborategietan baliatutako material suntsikorraren kostua, hots, ibilgailuen gidariak, edo trafiko-istripu batean parte hartu duten bidearen beste pertsona erabiltzaile batzuk edo Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea urratu dutenak drogen eraginpean zeuden egiaztatzeko baliatutako material suntsikorrarena.
Horrez gainera, Hitzarmen hau sinatzen duen udaleko udaltzaingoak konpromisoa hartzen du hilean behin drogen eraginpean gidatzearekin lotutako atestatuei buruzko datu estatistikoak bidaltzeko Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzara, baita udalean jartzen diren administrazio-zehapenei buruzkoak ere, trafiko-arloko indarreko araudiak ezarritakoaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zehaztuko duen bidea erabilita.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko sortuko da Jarraipen-batzorde teknikoa, bi kidez osatua: Segurtasun Sailareko ordezkari bat eta dagokion udalaren ordezkari bat. Batzordeko lehendakaria Segurtasun Saileko ordezkaria izango da.
Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.
Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, bai eta alderdietako batek horrela eskatzen duenean ere; akordioak, berriz, adostasunez hartuko dira.
Seigarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean alda daiteke, bi alderdiek hala erabakiz gero, eta erabaki berriak gehigarri gisa erantsiko zaizkio dokumentu honi.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.
Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.
Bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen-batzordeari dagozkion eginkizunei eragin gabe, hitzarmen hau garatu edota gauzatzean sor litezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren jurisdikzioaren mende jarriko dira.
Zortzigarrena.– Indarraldia eta amaiera.
Hitzarmenaren indarraldia 4 urteetakoa izango da aldeek sinatzen dutenetik aurrera, alderdietako batek salatzen ez duen bitartean. Beste alderdiari idatzizko jakinarazpena bidaliz gauzatu beharko da salaketa, hitzarmenaren indarraldia edo luzapenerako epea bukatu baino hilabete bat lehenago, gutxienez.
Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretik, edozein momentuan, Hitzarmena sinatzen dutenek aho batez luzatu ahal izango dute beste 4 urtez edo baliogabetu.
Hitzarmena edozein momentuan baliogabetu ahalko da bi alderdiek hala adostuz gero.
Irakurri ondoren eta lankidetza-hitzarmen honetan adierazitakoarekin ados daudela erakusteko, alderdiek bi kopia sinatu dituzte, goiburukoan adierazitako leku eta egunean, bertan ezarritako klausulekin bat etorrita.
Etxebarriko Udaleko alkatea,
LOREN OLIVA SANTAMARÍA.
Segurtasuneko sailburuordea,
JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.
HITZARMENAREN ERANSKINA
EMATE-AGIRIA
................................(E)KO UDALTZAINGOA
Listu-lagina 20....(e)ko...................aren....(e)(a)n hartu zen.
Listu-proba egin duten agenteen lanbide-zenbakia: .............
Zigilua jarri eta sinatu duen buruzagitzaren lanbide-zenbakia: ..................
Non gorde den, bidali arte: ..................
Proba garraiatu eta eman duten agenteen lanbide-zenbakia: ...........
Buruzagitzaren sinadura: .........................
ERTZAINTZA
Unitate hartzailea: .......................
Proba hartu duen agentearen lanbide-zenbakia: .................
Harrera-data: ........................ Ordua: ..................
Gordetzen den tokia: ..................
.........................(e)ko Ertzain-etxeko instrukzio-buruaren sinadura: