Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2017ko ekainaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2760

57/2017 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Emakume eta Gizonen Berdintasun Masterreko ikasleek Segurtasun Sailean ikasketa praktikak egin ditzaten.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen-marko hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Emakume eta Gizonen Berdintasun Masterreko ikasleek Segurtasun Sailean ikasketa praktikak egin ditzaten. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 19a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 19KOA 57/2017 EBAZPENARENA
HEZKUNTZAKO LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKOA, EMAKUME ETA GIZONEN BERDINTASUN MASTERREKO IKASLEEK SEGURTASUN SAILEAN BERDINTASUN AGENTE GISA PRAKTIKAK EGIN DITZATEN

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 24a.

ALDERDIAK

Alde batetik, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorra, S4833001C IFK zenbakia duena (helbidea: Donostia-San Sebastián kalea, 1 zenbakia, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba), ekitaldi honetan Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz Segurtasun sailburuak eskuordetuta, hartara ahalbidetzen baitio Segurtasun sailburua izendatu zuen abenduaren 15eko 27/2012 Dekretuak, Lehendakariarenak (2012ko abenduaren 17ko EHAA, 243. zenbakia).

Eta bestetik, Euskal Herriko Unibertsitatea (aurrerantzean, UPV/EHU), Q-4818001B IFK zenbakia duena (helbidea: Sarriena auzoa z/g, 48940 Leioa). Ekitaldi honetan, María Aránzazu Campos Rubio Emakume eta Gizonen Berdintasunaren gaineko Masterra: Berdintasun Agenteak berezko titulua proposatzen duen zuzendarikide gisa jardunez eta indarrean dagoen Ikasleen kanpoko praktika akademikoen Araudi Erregulatzaileak ezarritakoaren arabera.

Alderdiek beharrezko legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri hezkuntzako lankidetza hitzarmen hau izenpetzeko. Era berean, alderdiek gaitasun eta zilegitze nahikorik aitortzen diote elkarri lankidetza hitzarmen hau izenpetu eta hitzarmenean jasotako betebeharren betetzea elkarri galdatzeko. Hori horrela izanik, honako hau,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– UPV/EHU gizartearen zerbitzuan diharduen zuzenbide publikoko erakundea da. Autonomia du eta, nortasun eta ahalmen juridikoaz gain, bere ondare propioa du; hain zuzen, dagokion eskumen-esparruan, kalitatearen eta bikaintasunaren ezinbesteko helburua hartuta, goi-mailako irakaskuntza eskaintzeko, horretarako eskolak, ikerketa, azterketa, kultura- eta unibertsitate-proiekzioa, kudeaketa-prozesuak eta bere jarduerak sostengatzen dituzten zerbitzuak erabiliz.

Bigarrena.– Bestalde UPV/EHUren Estatutuekin bat etorriz, unibertsitateak irakaskuntza-baldintzak eta eskaintza osagarriak sustatuko ditu ikasleen garapen pertsonala, beren prestakuntza integrala eta ikerketa- eta garapen-jardueren arloko lankidetza lortzera zuzenduta. Asmo horrekin, hezkuntza-lankidetzarako eta enpresa eta erakunde publiko edo pribatuetan praktikak egiteko lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu. Hitzarmen horiek izenpetzeko eta berorien amaiera iragartzeko beharrezkoa izango da UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak onartutako jarraibideak betetzea.

Hirugarrena.– Segurtasun Sailean, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzaren ardura da Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko indarreko plan eta arauetan aurreikusitako neurrien burutzapena sustatzea. Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzaren borondatea/nahia da euskal gizartean/sozietatean berdintasun arauen ezaguera, baita ere materia honetako sentsibilizazio eta heziketa eraginkorra bultzatzea.

Laugarrena.– UPV/EHUk dituen helburuen artean dago profesionalak irakaskuntzaren goi-mailan prestatzea eta trebatzea gizarte-inguruneko eskarietara egokituta. Horrek eragiten du unibertsitateko titulazio eta espezialitateetako ikasleek lanbide-errealitatearekin lotutako prestakuntza praktikoa izan behar dutela; hori dela eta, oso interesgarritzat jotzen da praktikak gizarteko erakunde- edo ekoizpen-egituraren barruan egitea.

Azken hamarkadetan, gizartearen beharren artean emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko premia nabarmentzen da. Berdintasun hori, gizartearen egitura eta funtzionamenduaren aldaketan oinarritu behar da derrigorrez. Hori dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak 2001. urtetik Emakume eta Gizonen berdintasun Masterra eskaintzen du. Hasieratik master hau Emakunderen lankidetzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin garatu.

Bosgarrena.– Hitzarmen honen xedea da Segurtasun Sailaren eta UPV/EHUren artean ahalik eta lankidetzarik handiena bultzatzea eta; horretarako, bi erakundeek dituzten baliabideen erabilera hobezina sustatuko du.

Seigarrena.– Kontraprestazio ekonomikorik izango ez duen lankidetza horren bidez, aipatutako titulazioko ikasleen prestakuntza praktikoa hobetu nahi da. Asmo horrekin, prestakuntza lan-zentroetako inguruabar errealetara egokitu eta talde horrek lanbide-errealitatearekin eta errealitate horrek egun dituen arazoekin zuzeneko kontaktua izatea sustatuko da. Horrek ekarriko du titulazioa jasoko duten pertsonen lanbide-gaitasuna hobea izatea.

Horrenbestez, hitzarmen honen xedea da bi alderdien artean hezkuntzako lankidetza akordio marko bat eratzea, praktikak egitea helburu izango duena, aintzakotzat hartuz hurrengo:

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da UPV/EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren artean jarduera-marko komuna eratzea hezkuntza lankidetzako programak garatzeko Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzan egingo diren praktiken bidez. Praktika horiek Emakume eta Gizonen berdintasun masterrean Berdintasun Agente praktikak egingo dituzten ikasleei zuzenduta daude.

Bigarrena.– Praktika-programa.

UPV/EHUek. Zuzenbide Fakultateko Emakume eta Gizonen berdintasun masterraren bidez, urterik urte zehaztuko du Emakume eta Gizonen berdintasun masterreko ikasleei zuzendutako praktika- eta jarduera-programaren egitaraua. Hartara, hautatutako ikasleen zerrendak sortzeko eta kudeatzeko prozedurak gardentasun, publizitate, irisgarritasun unibertsal, eta aukera berdintasun printzipioak bermatu beharko ditu, irizpide objektiboak baliatuz. Irizpideok programa bakoitzerako zehaztuko dira eta ikasle-gaien zerrendak argitaratu baino lehen emango dira ezagutzera.

Ikasturte akademiko bakoitza hasi baino lehen, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzako arduradunei emango zaie programa horren berri, eta, gutxienez, honako datu hauek jasoko ditu:

a) Xede pragmatikoen eta aurreikusitako jardueren proposamena.

b) Praktiken egutegiaren eta ordutegien proposamena.

c) Hautaketa-irizpideak.

d) Ebaluazio- eta kontrol-sistemak.

Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak programa onetsitakoan, eskainitako plaza-kopurua argitaratuko du UPV/EHUek l. eranskineko ereduan zehaztu bezalaxe.

Ondoren, UPV/EHUek Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzari jakinaraziko dio hautatutako ikasleen zerrenda eta ikasle bakoitzaren tutorearen izena.

Hirugarrena.– UPV/EHUren konpromiso zehatzak.

Tituluaren zuzendaritza akademikoak irakasle tutore bat jarriko dio ikasle bakoitzari. Irakasle tutore horri egokituko zaio, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak izendatutako instruktorearekin elkarlanean, ikasle bakoitzaren prestakuntzaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko ardura.

UPV/EHUko tutoreak eskubide hauek izango ditu:

a) Aitortu egingo zaio bere jarduera akademikoa.

b) Informazioa jasoko du kanpoko praktikak arautzen dituen araudiaz, prestakuntza proiektuaz, eta bai zer baldintza izango dituen babestu behar duen ikaslearen egonaldiak ere.

c) Segurtasun Sailean sartu ahal izango da, bere egitekoa betetzeko.

Bestalde, honako eginbeharrak izango ditu:

a) Kezkatu egingo da prestakuntza-proiektua behar bezala gara dadin; horretarako, praktiken ordutegiaren eta ikaslearen betebeharren arteko bateragarritasuna bermatuko du (ikasketa-betebeharrak, prestakuntza betebeharrak eta ordezkari eta partaidetzako betebeharrak).

b) Praktiken jarraipen eraginkorra egingo du; horretarako, lankidetzan arituko da Segurtasun Saileko tutorearekin eta segimenduko txostenak aztertuko ditu, halakorik badago.

c) Prestakuntza-proiektuaren aldaketak baimenduko ditu.

d) Tutoretzapean duen ikaslearen praktikak ebaluatzeko prozesua gauzatuko du.

e) Isilpean izango du edozein informazio, baldin eta tutore-jardueraren ondorioz badaki.

f) Gertatutako gorabeheren berri emango dio unibertsitateko kanpoko praktiken organo arduradunari.

g) Begiratu eta eskatu egingo du beharrezko baliabideak egon daitezela desgaitasunak dituzten ikasleek praktikak egin ditzaten aukera berdinak eta irisgarritasun unibertsala edukita, eta diskriminaziorik gabe.

Laugarrena.– Segurtasun Sailaren konpromisoa.

1.– Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak bere instalazioak utziko ditu horietan praktikak egin ahal izateko, eta beharrezkoak diren baliabideak erabiliko dituela bermatuko du. Horrez gain, erabilgarri dituen baliabideen arabera eta erdietsi nahi diren helburuen arabera, zenbat ikasle hartu ahal dituen zehaztuko du.

Praktikak amaitutakoan, Segurtasun Sailak eginiko praktika egiaztatzen duen egiaztagiria igorriko die ikasleei. Egiaztagirian zehaztuko da informazio izaera baino ez duela eta ez duela lan harremanik eratzen.

2.– Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak instruktore bat izendatuko dio ikasle bakoitzari, eskubide hauek izango dituena:

a) Lankidetza hitzarmenean araututakoaren ondorioetara, UPV/EHUk venia docendia aitortuko die instruktoreei. Horretarako, Ikasleen eta Kalitate Akademikoen campuseko errektoreordeak, Campus horretako praktika akademikoen zuzendari arduradunak proposatuta, dagokion izendapena egingo du.

b) Eskubidea izango du UPV/EHUk bere jarduera laguntzailea aitor diezaion, dagokion ziurtagiriaren edo antzekoaren bidez.

c) Eskubidea izango du informazioa izateko kanpoko praktikak arautzen dituen araudiaz, eta bai prestakuntza proiektuaz eta hura garatzeko baldintzez ere.

d) UPV/EHUn sartu ahalko da, bere eginbeharrak betetzeko informazioa eta laguntza jasotzeko.

Bestalde, honako eginbeharrak izango ditu:

a) Ikasleari harrera ematea.

b) Ikaslearen jarduera antolatzea erakundean dagoen bitartean.

c) Ikasleari jakinaraziko dio nola dagoen antolatua eta nola funtzionatzen duen erakundeak (helburuak, egitekoak, inplikazio deontologikoak, etab.).

d) Dagokion irakaskuntza praktikoa ematea.

e) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea.

f) Koordinatu egingo du tituluaren zuzendaritza akademikoak izendatutako irakasle tutore titularrarekin programa honetan zehaztutako jardueren garapena.

g) Praktikak amaitutakoan, ebaluazio txostena egitea, II eranskineko ereduan zehaztuta dagoen bezala.

h) Praktikak iraun bitartean sor litezkeen gorabeheren berri ematea Jarraipen Batzordeari.

3.– Bere bulegoetan egiten diren praktikengatik Segurtasun Sailak ez du inolako kopuru ekonomikorik jasoko titulazioa eskaintzen duen ikastetxearen partetik.

Bosgarrena.– Praktiketan dauden ikasleak.

Praktiketan dauden ikasleek Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskundeen Prozesuen Zuzendaritzako instruktorearen eta UPV/EHUko irakasle tutore arduradunaren kontrolpean eta gainbegiradapean jardungo dute, eta, une oro, erakunde lankidearen funtzionamendu arauei men egingo diete. Praktiken ezaugarriak horretarako izenpetzen den dokumentuan jasoko dira, eta horretarako III. eranskineko eredua erabiliko da.

Kanpoko praktika akademikoak egin bitartean, ikasleek eskubide hauek izango dituzte:

a) Tutoretzarako eskubidea; hau da, praktikaren iraupen aldian, UPV/EHUko irakasle baten eta Segurtasun Sailean zerbitzuak ematen dituen profesional baten tutoretza izatekoa.

b) Ebaluaziorako eskubidea, UPV/EHUak ezarritako irizpideen arabera.

c) Segurtasun Sailaren txosten bat jasotzeko eskubidea, berariaz adieraziko duena zein jarduera egin duten, zenbat iraun duen eta nolakoa izan den errendimendua.

d) Jabetza intelektual eta industrialerako eskubidea, arlo horretako araudiaren arabera.

e) Segurtasun eta lan arriskuen prebentzioaren araudiaren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea.

f) Bere jarduera akademikoa eta prestakuntza- jarduera betetzekoa.

g) Desgaitasunen bat duten ikasleek praktiken tutoretza, informazioa, ebaluazioa eta jarduera bera aukera berdintasunean lortzeko beharrezko bitartekoak izateko eskubidea.

Era berean, kanpoko praktika akademikoak egin bitartean, ikasleek egin behar hauek izango dituzte:

a) UPV/EHUk kanpoko praktiken arloan ezarritako araudia beteko dute.

b) Praktiketako prestakuntza proiektua ezagutu eta beteko dute, Segurtasun Sailak jarritako intruktoreak esandakoari jarraituz, UPV/EHUko tutore akademikoak gainbegiratuta.

c) Harremanetan egongo dira UPV/EHUko tutore akademikoarekin praktika egin bitartean, eta edozein gorabeheraren berri emango diote; horrez gain, eskatuko zaizkien segimenduko dokumentuak eta tarteko txostenak eta amaierako memoria emango diote.

d) Hitzartutako datan joango dira Segurtasun Sailera, ezarritako ordutegia beteko dute eta erakundeko funtzionamendu arauak, segurtasun arauak eta lan arriskuetarako prebentzioko arauak beteko dituzte.

e) Prestakuntza proiektua garatuko dute eta arduraz egingo dituzte Segurtasun Sailarekin hitzartutako jarduerak, proiektuan ezarritakoaren arabera.

f) Praktiken amaierako txostena egingo dute, eta tarteko txostena, halakorik egin beharra badago.

g) Konfidentzialtasuna izango dute Segurtasun Sailaren barruko informazioaz, eta isilpean izango dute, erakundean egon bitartean eta ondoren, nolakoak izan diren haien jarduerak.

h) Jarrera gizalegetsua izango dute Segurtasun Sailaren politikarekin, eta zaindu egingo dute UPV/EHUren izen ona.

Seigarrena.–Ordutegia.

Praktikak egiteko ordutegia praktiken ezaugarriak eta Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta ezarriko da, era horretan praktikek aren eguneroko jardunari ahal denik eta gutxiena eragin diezaioten.

Zazpigarrena.– Lan-harremanik eza.

Praktikak egingo dituzten ikasleek ez dute inoiz lan-harremanik edo beste era bateko loturarik izango Segurtasun Sailarekin eta jarduera horrengatik ez dute ordainsaririk jasoko.

Zortzigarrena.– Erantzukizunak.

1.– Eskola aseguruak Berezko ikasketetako ikasleei ez dienez estaltzen, UPV/EHUk praktikak egin bitartean gertatzen diren istripu eta erantzukizun zibileko asegurua sinatuko du.

2.– Unibertsitateak eta ikasleek ez dute eragin litezkeen kalteen gainean erantzungo baldin eta kalteok Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzako instruktoreak emandako aginduetatik edo jarraibideetatik eratorriak badira, eta agindu eta jarraibide horiek praktiketako jarduera programan jasotakoez besteko izaerakoak izan badira.

Bederatzigarrena.– Jarraipen Batzordea.

Jarraipen batzorde bat eratuko da, beti ere berdintasun printzipioa errespetatuta. Jarraipen batzordea UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko bi ordezkarik eta Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzako beste bi ordezkarik osatuko dute. Bi aldeek hitzarmenaren jarraipena egingo dute, aldiro-aldiro, gutxienez sei hilean behin, ikasleen inguruko informazioa trukatuta.

Halaber, sor litezkeen arazoak ebatziko ditu.

Hamargarrena.– Indarraldia eta Hitzarmena ez betetzea.

1.– Hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera sartuko da indarrean, eta lau urteko indarraldia izango du. Epe hori amaitu aurretik edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena luzatzea, beste lau urtetarako, edo hitzarmena azkantzea.

2.– Aldeetako batek bere konpromisoak beteko ez balitu, besteak ahalmena izango du hitzarmena bertan behera uztea eskatzeko. Hori horrela, horren berri emango dio hitzarmen honen bidez sortutako Jarraipen Batzordeari, eta batzorde horrek 10 eguneko epea izango du praktika aldez aurretik bertan behera uzteko egokitasunari buruz erabakitzeko.

Dena dela, hitzarmena edozein arrazoigatik desegingo balitz ere, horrek ez du eraginik izango hasita dauden jardueretan.

Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.

1.– Hitzarmen hau bere klausulen arabera arautuko da, eta bere interpretazioa eta garapena administrazio zuzenbidearen printzipioekin bat etorriz egingo da.

2.– Alderdien artean sor litekeen eta Jarraipen Batzordeak ebatzi ezingo lukeen dudazko edozein kontu ebazteko, alderdiek administrazioarekiko auzi jurisdikziora joko dute.

Eta euren adostasuna adierazteko, aldeek hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan, behean adierazitako lekuan eta egunean.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorra, Estefania Beltrán de Heredia Arroniz. Segurtasuneko sailburua.

Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU, María Aránzazu Campos Rubio. Emakume eta Gizonen Berdintasunaren Masterreko zuzendarikidea.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala