105. zk., 2017ko ekainaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (258 KB - 6 orri.)
- EPUB (198 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
2756
EBAZPENA, 2017ko ekainaren 1ekoa, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baitira Nazio Batuen erakundeko nazioarteko erakundeentzako eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzako laguntzak, 2017. urtean erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko.
Deialdi honen bidez, otsailaren 13ko 22/2077 Dekretuan aurreikusiak betetzen dira 2017. urterako. Dekretu horren bidez arautu ziren Nazio Batuen erakundeko nazioarteko erakundeentzako eta erakundeokin elkartutako pertsona juridikoentzako laguntzak, hots, herrialde txirotuen aldeko garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko laguntzak (2007ko martxoaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 50. zk). Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, zeina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar baitute.
Dekretu horren arabera, urtero egingo da laguntzen deialdia, eta beti adierazi beharko dira deialdi horretarako izendatutako guztizko zenbatekoa, hautagaitza bakoitzari dagokion oinarrizko zuzkiduraren gehienezko zenbatekoa eta luzapenetarako izendatutako zenbatekoa. Halaber, hautagaitzak aukeratzeko irizpide bakoitzean baloratuko diren alderdiak zehaztu beharko ditu aginduak, baita horien haztapena, eskabideak aurkezteko lekua eta epea eta eskabide-eredua ere.
Bestetik, aurrerantzean, administrazio publikoekin harremanak izan nahi dituzten erakundeak behartuta daude bitarteko elektronikoak erabiltzera, hala ezartzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluak.
Deialdia egiteko eskumenari dagokionez, eta kontuan izanik zer dioten, batetik, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), eta, bestetik, apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuak (Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa), Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusiak iragarri behar du diru-laguntzen deialdia.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak du eskumena laguntza horiek eta emango diren ebazpenak kudeatzeko, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 5.b) artikuluan.
Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuela, 2017ko otsailaren 10ean egindako bilkuran.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua: Xedea.
Ebazpen honen xedea da iragartzea Nazio Batuen erakundeko nazioarteko erakundeentzako eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzako laguntzetarako deialdia, 2017. urtean erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko.
2. artikulua: Baliabide ekonomikoak.
1.– 300.000 eurokoa izango da deialdi honetako laguntzak finantzatzeko ezarritako zuzkidura ekonomikoa.
2.– 240.000 eurokoa izango da luzapenetara zuzendutako zenbatekoa. Luzapenak eman ahal izateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2018rako Aurrekontuan.
Baldin eta luzapenetarako eskabideen kopuruagatik aipatutako zenbatekoa agortzen bada, egoera horren berri eman beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, luzapen gehiagorik onar ez dadin.
Edonola ere, luzapenei zuzendutako zenbatekoak ezingo du gainditu laguntza berriei zuzendutako zenbateko osoaren % 80.
3. artikulua: Diru-laguntza.
1.– 18.000 eurokoa izango da hautagaitza bakoitzaren oinarrizko diru-zuzkidura.
2.– Garapenerako Nazio Batuen Programaren (GNBP) bidaisari-eskala kontuan harturik kalkulatuko da herrialde hartzaileetako bizi-mailagatiko osagarria. Informazio hori www.elankidetza.euskadi.net Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian egongo da, eta, horrez gain, agentzia horretan eskatzen dutenei ere emango zaie informazioa. Dena dela, osagarri horren zenbatekoak ezingo du gainditu hautagaitza bakoitzaren oinarrizko zuzkiduraren % 5, hau da, 900 euro.
3.– Lankide boluntarioak agentzia multilateralen eremuan jasotako prestakuntza espezifikoak –erakunde eskatzaileak antolatua edo emana– eragindako gastuek ezingo dute gainditu hautagaitza bakoitzari emandako laguntzaren oinarrizko zenbatekoaren % 2, hau da, 360 euro.
4.– Era berean, erakunde eskatzaileek hautagaitzen aurretiazko hautaketa eta beken jarraipena egiteko administrazio-lanek eragindako gastuek ezingo dute gainditu hautagaitza bakoitzari emandako laguntzaren oinarrizko zenbatekoaren % 1, hau da, 180 euro.
5.– Aurretik esandakoa gorabehera, eta otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Agentziako Kontseilu Errektoreak proposatu ahal izango du, txosten arrazoitua jaso ondoren, 6. artikuluko 1. zenbakian berariaz jasota ez dagoen beste edozein kontzeptu onartzea, baldin eta erakunde eskatzailearen eskabidearen izaerak hala egitea aholkatzen badu.
4. artikulua.– Laguntzak baliabide elektronikoz izapidetzea.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Hemen eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak elektronikoki nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak eta eranskinak: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian.
3.– Eskaera egin osteko izapideak www.euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus helbideen bidez egingo dira.
5. artikulua: Eskaerak aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Halaber, bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskaerak, https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/ egoitza elektronikoan (Izapideak; Diru-laguntzak eta bekak atalean), edo, bestela, http://www.elankidetza.euskadi.eus webgunean (Deialdiak atalean).
3.– Eskabide normalizatuaren bidez egingo dira eskaerak, atal guztiak behar bezala beteta. Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/ egoitza elektronikoan, izapideak, diru-laguntzak eta bekak atalean, edo http://www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian, deialdien atalean.
4.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan honako hauetan aurreikusitako baldintzak betetzen direla (zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekikoei buruzkoak): 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluak, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatzen badu baimen hori, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako errege dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
5.– Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden erakundeak ezingo dira laguntzen onuradun izan.
6. artikulua: Dokumentazioa.
Agiri hauek aurkeztu beharko dira diru-laguntzaren eskabidearekin batera:
a) Proposamen teknikoa, atal guztiak behar bezala beteta. Hemen eskuragarri: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian.
b) Lege-ordezkaritzaren egiaztapena, aurrez aurreko eskaera sinatzen duen pertsona ez bada erakunde eskatzailearen ordezkari gisa inskribatuta agertzen Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistroan, eta egiaztapen hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian agertzen ez bada (https://euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus).
c) Erakunde eskatzailearen eta bekadunaren arteko hitzarmena, non berariaz adieraziko baitira otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuaren 5.2 a) artikuluko atalak, https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
d) Lankide boluntarioaren lana garatuko den Nazioarteko Erakundearen bulegoaren eta erakunde eskatzailearen arteko hitzarmena. Dokumentu horretan honako hau zehaztuko da, gutxienez: lana garatuko duen bulegoaren konpromisoa lankideari lana behar bezala egiteko beharrezko baldintza materialak eta teknikoak emateko, baita oporrak eta barne-prestakuntza emateko ere, https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
e) Emandako prestakuntza-ikastaroko moduluen memoria, eta hori eman duten pertsonena.
f) Nazioarteko Erakundeak lankide boluntarioa bertan izateko duen interesa egiaztatzen duen dokumentazioa, eta programa horretarako eskatzen den pertsona horren profila.
g) Pertsona juridikoen kasuan, Nazio Batuen Batzorde Nazional edo Autonomikoarekin egindako akordio, hitzarmen edo protokoloen kopia. Nahitaez batzorde horren bitartez gauzatu beharko da lankide boluntarioa txertatzen deneko proiektua.
7. artikulua: Hautagaitzak aukeratzeko irizpideak eta horien haztapena.
Hauek izango dira hautagaitzak aukeratzeko irizpideak eta horien haztapena:
1.– Nazioarteko Erakundeak adierazitako lanari egokitzen zaion lanbide-profila eta dagokion titulazio akademikoa: 20 puntu, gehienez.
a) 10 puntu: adierazitako lana betetzeko titulazio egokia duela egiaztatzen badu.
b) 10 puntu: lanak eskatzen duen profilerako gutxienez urtebeteko esperientzia duela egiaztatzen badu.
2.– Garapenerako lankidetzaren edo generoaren arloko prestakuntza espezifikoa: 20 puntu, gehienez.
a) 15 puntu: master-ikastaroren bat edo antzekoren bat egin duela egiaztatzen badu.
b) 10 puntu: adituentzako ikastaroren bat edo antzekoren bat egin duela egiaztatzen badu.
c) 5 puntu, gehienez: garapenerako lankidetzaren edo generoaren arloarekin loturiko ikastaro espezifikoak egin dituela egiaztatzen badu.
– 20 eta 40 ordu bitarteko ikastaroak: puntu 1, ikastaroko.
– 41 eta 60 ordu bitarteko ikastaroak: puntu 2, ikastaroko.
– 61 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 4 puntu.
3.– Lankidearen lana txertatzen deneko programa edo proiektuen eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziatik bultzatzen den lankidetzaren arteko lotura sinergikoa: 20 puntu, gehienez.
a) 10 puntu: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu dueneko nazioarteko erakunderen bateko bulegoetan garatzen bada zeregina.
b) 10 puntu: jarduera sektore hauetan kokatzen diren programa edo proiektuetan sartzen bada lana: eskubide unibertsalak, gobernagarritasun demokratikoa eta tokiko boterea, tokiko ekonomia-garapena, ingurumenaren babesa eta kontserbazioa, emakumeen ahalduntzea.
4.– Lankideak ekintza garatuko dueneko bulegoak eskatzen duen/dituen hizkuntza/k jakitea: 10 puntu, gehienez.
a) 5 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko B1 mailaren baliokidea.
b) 8 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko B2 mailaren baliokidea.
c) 10 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko C1 mailaren baliokidea.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko izaera sozial eta humanitarioko erakunde edo programei aktiboki lotuta egotea: 20 puntu gehienez.
a) 20 puntu: boluntariotzan edo lankidetzan 5 urte edo gehiagoko esperientzia egiaztatzen badu.
b) 10 puntu: boluntariotzan edo lankidetzan hiru urtetik bostera bitarteko esperientzia egiaztatzen badu.
c) 5 puntu: boluntariotzan edo lankidetzan hiru urte baino gutxiagoko eta gutxienez hiru hilabeteko esperientzia duela egiaztatzen badu.
6.– Lankidearen lana zein eremu geografikotan garatzen den: El Salvador, Guatemala, Honduras, Nikaragua, Mexiko, Brasil, Kuba, Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Peru, Venezuela, Boli Kosta, Ruanda, Mozambike, Burundi, Uganda, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Senegal, Palestina eta India. 10 puntu gehienez.
8. artikulua.– Prozedura kudeatuko duen organoa.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntza lerro honen kudeaketa-lanak egitea. Hartarako, laguntza-eskabideen gaineko balorazioa eta azterketa teknikoa egingo ditu Koordinazio Teknikorako Zerbitzuak, eta, bestalde, proposamena helaraziko dio Balorazio Batzordeari. Batzorde horrek, hartarako batzarturik, bekak emateari buruzko proposamena egingo dio organo eskudunari.
9. artikulua.– Balorazio Batzordea.
Aurreko artikuluan aipatutako Hautaketa Batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:
• Batzordeburua: Ainara Arrieta Archilla andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.
• Batzordekidea: Nicolás Basarrate Hormaechea jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.
• Batzordekidea: Noemí de la Fuente Pereda andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoaren arduraduna.
• Idazkaria: Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa.
10. artikulua.– Esleitzeko eskumena duen organoa.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria da iragarritako laguntzak esleitzeko eskumena duen organoa.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz aurreikusita ez dagoen orotarako, honako arau hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 22/2007 Dekretua, otsailaren 13koa, zeinaren bidez arautzen baitira Nazio Batuen sistemako Nazioarteko Erakundeentzako eta erakundeokin elkartutako pertsona juridikoentzako laguntzak, hots, herrialde txirotuen aldeko garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko laguntzak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 1a.
Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia,
JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ ERDOCIA.