Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2017ko ekainaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2716

IRAGARKIA, Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2017ko maiatzaren 12ko Ebazpenari buruzkoa. Ebazpe horren bidez, «Ibarbengoako aparkalekua eta Bilboko metropoli-trenbidearen 1. linean aparkaleku horren sarbideak eraikitzeko proiektuaren» desjabetze-espedienteak eragindako lursailen okupazio materiala gauzatuko da eta horiek okupatzen egon daitezkeen pertsonei administrazio-egintza hau gauzatuko dela jakinarazten zaie.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 44. Artikuluaren arabera, ez bada jakiterik prozedura bateko interesdunak nor diren, edo jakinarazpena non egin behar den, edo jakinarazpena saiatu baina huts egin bada, Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuz egingo da jakinarazpena.

Interesduna/k jakitun jartzeko ematen da aditzera hau, eta banakako jakinarazpenaren balioa izango du haientzat.

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak jakinarazpen honek.

AURREKARIAK

2014ko urtarrilaren 10ean, Garraio Azpiegituraren zuzendariak «Ibarbengoako aparkalekua eta Bilboko metropoli-trenbidearen 1. linean aparkaleku horren sarbideak eraikitzeko proiektua» onartu zuen.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2014ko maiatzaren 19ko Ebazpenaren bidez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedura hastea erabaki zen, eta jendaurrera atera zen.

2014ko uztailaren 16ko Ebazpenaren bidez, proiektuaren eraginpeko ondasunen eta eskubideen zerrenda onartu zen, eta titularrei dei egin zitzaien aurretiazko aktak 2014ko irailaren 30ean Getxoko Udalean egiteko.

Deialdi hori bertan behera utzi zen ekitaldia boikotatu baitzen eta lursailen titularrei ez baitzitzaien utzi udal-aretoetara sartzen. Ondorioz, 2015eko urriaren 19ko Ebazpenaren bidez, berriz ere titularrei dei egin zitzaien 2015eko azaroaren 27an aurretiazko aktak egiteko Bilboko Ingurumen eta Lurralde Politikaren ordezkaritzan. Data horretan aurretiazko okupazio-aktak sinatu ziren, eta, eraginpekoek baimena eman ondoren, okupazio-akta in situ bihurtu ziren.

Obrak gauzatzeko, zazpi partzelari eragingo zaie; lehenengo laurak ekialdean daude (geltokiaren eraikina egongo den lekuan); gainerako hirurak, berriz, mendebaldean (aparkalekua egongo den lekuan).

(Ikus .PDF)

2015eko abenduaren 10ean, Garraio Azpiegituraren zuzendariak egiaztatu zuen aipatutako proiektuak eragindako ondasunak eta eskubideak eskuragarri zeudela.

Obren kontratuaren lizitazio-iragarkia EBAOra bidali zen, 2016ko martxoaren 23an, eta 2016ko apirilaren 2ko BOEn eta 2016ko apirilaren 6ko EHAAn argitaratu zen; 2016ko maiatzaren 3a ezarri zen eskaintzak aurkezteko azken eguna. Obraren lizitazio-zenbatekoa 5.865.807,17 eurokoa da (4.847.774,52 euro + 1.018.032,65 euro, BEZari dagozkionak).

Obraren lizitazio-prozesuan zehar (2016ko apirilaren 22a eta 27a), gunea ikuskatu zen, eta 5. partzelan kokaleku bat zegoela ikusi zen, bai eta simaur-pilaketa bat eta baratzak ere.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Zerbitzu zuzendariak, 2016ko azaroaren 22an emandako Ebazpenaren bidez, «Ibarbengoako aparkalekua eta Bilboko metropoli-trenbidearen 1. linean aparkaleku horren sarbideak eraikitzeko proiektua» egiteko obren kontratu administratiboa aldi baterako enpresa-elkarte bati esleitu zitzaion (zehazki, Dragados SA / Geotecnia eta Cimientos SA enpresek osatutakoari) 3.619.203,02 euroko zenbatekoan (2.991.076,88 euro + 628.126,14 euro, BEZari dagozkionak), eta 12 hilabeteko gauzatze-epea ezarri zen.

2016ko abenduaren 22an, C01/002/2014 kontratua sinatu zen. Klausula Administratibo Partikularren Pleguko Karatularen 19. puntuan, hilabete bateko (1) epea ezarri zen zuinketa egiaztatzeko, kontratua formalizatu zenetik hasita.

2017ko urtarrilean zehar, ABEE esleipendunaren topografia-taldeek jasotzeak egin zituzten tokian bertan, eta ikusi zuten kokalekuak han jarraitzen zuela baina han zeudenek ez zutela aurka egin. Halere, handik egun gutxi batzuetara, zuinketako hesolak kenduta zeuden. Gainera, jakinarazi zen nolakoa zen kokalekua: etxola bat eta hainbat kanpadenda.

Otsailean zehar, desjabetze-espedienteak eragindako interesdunei jakinarazi zitzaien obrak indarreko urteko martxoaren 1etik aurrera hasiko zirela, Euskal Trenbide Sareak bere gain hartutako Obra Zuzendaritzak ezarritako jarraibideen arabera.

Obra Zuzendaritzak eraikuntza-obraren zuinketa egiaztatzeko akta egin zuen, 2017ko martxoaren 15ean, eta 2017ko martxoaren 21ean eman zitzaion sarrera sail honetan. Akta horren arabera, desjabetutako lursailak obrakoak ez ziren pertsonek okupatu zituzten eta agerikoa zen obrak ezin zirela hasi aparkalekua egitekoa den partzelako okupatzaileak kanporatu arte.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Trenbide-sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6. artikuluko 2. puntuaren arabera, «Ibarbengoako aparkalekua eta Bilboko metropoli-trenbidearen 1. linean aparkaleku horren sarbideak eraikitzeko proiektua» onartzeko ezinbestekoa izango da erabilgarritasun publikoko edo interes sozialeko adierazpena izatea, bai eta hura okupatu beharra eta haren premiazko aitorpena adieraztea ere, hain zuzen ere linea, tartea edo tren-azpiegituraren elementua eraikitzeko edo lehendik zeuden elementuak aldatzeko beharrezko eremua desjabetzeko.

Ildo horretan, Nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legeko 52. artikuluak kontuan hartzen du salbuespenezko eta urgentziazko prozedura bat, eta hori ari dira jarraitzen desjabetze-espedientean, hainbat formaltasunekin.

Zehazki, aipatutako artikuluaren laugarren puntuaren eta legea garatzeko Erregelamenduko 58. artikuluaren arabera, aurretiazko okupazio-akta formalizatzeko unean, desjabetze-prozeduran parte hartzen duten alde guztiek adostu dute okupazio-izaera ematea, aktetan berretsi den eran.

Legearen 52. artikuluko 6. puntuaren arabera, aurretiazko legezko formaltasunak egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, administrazio desjabetzailea den aldetik, eskumena du proiektuak eragindako finkak berehala okupatzeko. Horretarako, artikulu horrek adierazten duenaren arabera (legearen 51. artikulua aintzat hartuta), hala beharko balitz, Segurtasun Indarren laguntza eskatu ahal izango da higiezinak okupatzeko.

Bestalde, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintza Dekretuak (sektore publikoko kontratuen Legearen testu bategina onartzen du) 229. artikuluan hau ezartzen du zuinketa egiaztatzearen inguruan: «obren kontratu-gauzatzea zuinketa egiaztatzeko aktarekin hasiko da. Horretarako, kontratuan jasotako epe barruan –justifikatutako salbuespeneko kasuetan izan ezik, epea, kontratua formalizatzen den egunetik kontatuta, ezin izango da hilabetetik gorakoa izan– obren ardura daukan administrazioko zerbitzuak, kontratista aurrean dela, lizitazioaren aurretik egindako zuinketa egiaztatuko du; emaitzak akta batean jaso, eta, interesatuta dauden bi aldeek izenpetu ondoren, kontratua egin zuen organoari bidali behar zaio aktaren ale bat.»

Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari dagokionez, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) 39. artikuluaren arabera, Zuzenbide Administratiboaren mende dauden Administrazio Publikoen egintzak baliozkoak izango dira eta ematen diren egunetik egongo dira indarrean, horiek bestela xedatu ezean. Era berean, 97. artikuluaren lehenengo atalak hau xedatzen du: «Herri-administrazioek, erabakiak betearazteko, ez dute herritarren eskubideak murrizten dituen ekintzarik hasiko, ekintza horren oinarri juridikoa den ebazpena eman gabe aldez aurretik». 2. atalean hau adierazten du: «Ebazpenen betearazte materialeko egintza agintzen duen organoak interesdunari jakinarazi behar dio administrazioaren jarduna baimentzen duen ebazpena». Era berean 99. artikuluan aitortzen da administrazio publikoak eskumena duela bere administrazio-egintzak nahitaez gauzatzeko, betearaztea legearen arabera eteten denean eta konstituzioak edo erakunde judizial batek esku-hartzea eskatzen dutenean salbu.

Desjabetzeak eragindako lursailak okupatzen ari diren pertsonei horiek libre uzteko epe bat emate aldera, Nahitaezko desjabetzearen Erregelamenduko 53. artikuluak adierazten duenez, gauzatzen den jakinarazpenak gutxieneko epeak errespetatu beharko ditu, Hiri Errentamenduen Legean eta gainerako legezko xedapenetan adierazitakoari jarraituz. Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren (Euskadiko Ondare Legearen Testu Bategina onartzen du) 29. artikuluaren 1. puntua analogikoki aplikatuta; hau da, legez kontrako edukitza-jarduketa bat bertan behera uzteko aplika daitekeen jabari-ondasun baten ofiziozko berreskuratze-prozedurarako gehieneko epea, 8 egun balioduneko epea emango da.

Kontuan izanda hauek guztiak:

1.– Okupazio-izaerako aurretiazko aktak sinatu dira. Horien bidez aitortzen da proiektuak eragindako lursailez jabetzen dela, nahiz eta orain arte lursail horiek ez diren egiazki okupatu.

2.– Egiaztatu da lursailak obrakoak ez diren pertsonek okupatu dituztela eta, obren zuzendaritza bere kargura duen erakunde publikoak (ETS) jakinarazitakoaren arabera, ez direla desjabetzeak eragindako pertsonak. Era berean, partzeletako batean hainbat kanpadenda jarri dituzte eta egurrekin txabola bat egin dute.

3.– Obren hasiera bertan behera utzi da obrakoak ez diren pertsonen okupazioa amaitu arte.

Beraz, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozenak eta aplikatu beharrekoak ikusirik, eta apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren (Ekonomia Garapen eta Azpiegituren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du) 22.1.c) artikuluan aurreikusitako eskumenen arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1.– Desjabetu beharreko lursailen okupazio materiala egitea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Aparkalekua egongo den partzeletan dauden obraz bestelako pertsonei eskatzea gunea libre utz dezatela eraikitze-lanak hasteko, han jarritako gauza materialak kenduta, 8 egun balioduneko epean (ebazpena Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita).

3.– Ebazpen hau indarrean jarriko da ematen den unetik hasita.

4.– Desjabetzeak eragindako lursailak okupatzen ari diren pertsonei ohartaraztea ebazpen hau gauzatu egingo dela eta, ondorioz, lursailak utzi behar dituztela aipatutako baldintzetan.

5.– Administrazio-ebazpen honen berri ematea Segurtasun Sailari, izan beharreko ondorioak izan ditzan.

6.– Ebazpen hau jakinaraz eta argitara dadila dagokion aldizkari edo aldizkarietan, denak jakinaren gainean izango direla ziurtatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 12a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.


Azterketa dokumentala