103. zk., 2017ko ekainaren 1a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (243 KB - 4 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
2692
EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 18koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, herritarren parte-hartzearen arloko Elkarrekin Bonuak Programaren 2017ko deialdia egiten duena.
Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez, Elkarrekin Bonuak Programa arautzen da, hots, bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko ekimen osagarri bat. Programaren helburu nagusia da elkarte-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, hain zuzen ere bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotze aldera.
Programa horren bidez, diru-laguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.
Alde horretatik, Dekretuaren 5. artikuluak diruz laguntzekoak diren hiru lerro bereizten ditu, eta horietako bat, hain zuzen ere, herritarren parte-hartzearen arloan garatutako proiektuak finantzatzeko da.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluan ezartzen denez, laguntza horien deialdia urtero egingo da, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, eta, han, zehaztu egingo dira deialdiaren xedea, laguntza-lerro bakoitzaren diru-hornidura, bonoen diru-zenbatekoa, proiektuen hartzaileek ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko lekua eta epea, eskabide-eredu normalizatu bat, diru-laguntzak justifikatzeko epea eta era, eta, hala badagokio, baliabide elektronikoak erabiltzeko prozedurak eta jarraibideak.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuen Programaren 2017ko deialdia egitea, herritarren parte-hartzearen arloan.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2017ko ekitaldian garatu beharko dira, eta betiere amaituta egon beharko dute 2017ko abenduaren 31n.
3. artikulua.– Diru-zuzkidura.
Programa honetarako 100.000 euro bideratuko dira.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta erakunde hartzaileak.
1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuan ezarritako baldintzak bete behar dituzte.
2.– Herritarren parte-hartzearen esparruko diru-laguntzen entitate hartzaileak hauek izango dira: bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak, erakundeak eta gizarte-mugimenduak.
5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.
1.– Herritarren parte-hartzearen arloko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuko ordu bakoitzeko.
2.– Proiektuen erakunde hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari; alegia, gutxienez 7 euro eman zaien bonu bakoitzeko.
3.– Proiektu berean ezingo dira bonuak metatu kopuru hauek gainditzeraino:
a) 2.000 euro, 100 pertsona baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.
b) 5.000 euro, 100 pertsona baino gehiagok eta 500 baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.
c) 10.000 euro, 500 pertsona baino gehiagok parte hartzen duten ekimenetan.
4.– Laguntzek honako lege hau bete beharko dute: Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAOL 352, 2013-12-24). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Izan ere, muga horretatik beherako diru-laguntzek ez diote eragiten merkataritzari, eta ez dute lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Prozedura honetako izapideak egiteari dagokionez, bitarteko elektronikoa erabiliz bideratu behar dituzte erakunde interesdunek eskabideak, kontsultak eta gauzapena; betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:
https://www.euskadi.eus/laguntza/2017/elkarrekin-bonuak-parte-hartzea/y22-izapide/eu
3.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2017ko urriaren 16ra bitartean, non eta ez diren funtsak egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta atzera botako dira ebazteke dauden diru-laguntza guztiak.
8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena barnean dela, inprimaki normalizatuan egin beharko da (euskadi.eus egoitza elektronikoan dago eskuragarri).
2.– Eskabideekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan jasotako agiriak aurkeztu beharko dira.
9. artikulua.– Balorazio Batzordea.
Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:
– Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburu.
– Marian Sanchez Amado, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkari.
– Goizargi Cano Ormazabal, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.
10. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.
Ebazpenak erakunde onuradunei eta hartzaileei jakinaraziko zaizkie, eta jakinarazpenean Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak eta erakunde hartzaileak ordaindu beharreko kopurua jasoko da.
11. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko epea eta modua.
1.– Diru-laguntzak justifikatzeko agiriak aurkezteko epea 2017ko abenduaren 31n bukatuko da.
2.– Diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek diru-laguntzaren erabilera justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, hauek barnean direla:
a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak, programen kopiak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa edo entzunezkoa.
b) Egindako proiektuen memoria xehea, honako datu hauek aipatuta: proiektua zein egunetan gauzatu den; parte hartu duten hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak); generoaren ikuspuntua nola txertatu den, eta emaitzei buruzko azken balorazio bat.
c) Entitate hartzailearen ziurtagiri bat, proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten jasotzen duena.
3.– Justifikazio-agiriak, bitarteko elektronikoak erabiliz, euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztuko dira; zehazki, leku honetan: https://euskadi.eus/nirekudeaketak. Aurreko zenbakian aipatutako dokumentazioa elektronikoki sinaturik eta eskaneaturik aurkeztu beharko da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Honako hauek aplikatu beharko dira prozedura-arloari buruz ebazpen honetan berariaz arautu ez den guztirako: ekainaren 17ko 110/2014 Dekretua –Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena–; urriaren 1eko 39/2015 Legea –Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearena–; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartutakoa–; Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Izan ere, lege horiek aplikatu beharrekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 18a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.