Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2017ko maiatzaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2608

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 30ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2017. urtean nazioarte mailako arte azoketan stand-ak alokatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko arte-galeriei diru-laguntzak emateko erregimena arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (EEI aurrerantzean) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako EEIrentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak EEIren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da arte plastiko eta ikusizkoen inguruan antolatzen diren merkatu izaerako nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko arte-galeriek euskal artisten lana bultzatzeko 2017an zehar nazioarte mailako arte azoketan parte hartu ahal izateko stand-ak alokatzeko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.

2.– artikulua.– Diru-baliabideak.

Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hogeita hamasei mila (36.000) eurokoa izango da.

3. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea.

– Errolda (pertsona fisikoen kasuan) edota egoitza soziala (pertsona juridiko pribatuen kasuan) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Pertsona fisikoek errolda agiriaren bitartez frogatuko dute betebehar hori, eta pertsona juridikoek dagokion agiriaren bitartez.

– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako alta izatea jarduera ekonomikoetarako zergaren baitan arte-lanen salerosketaren jarduerari dagokion epigrafean.

– Diru-laguntza eta laguntza publikoak lortzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.

– Legez debekatuta ez izatea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea, berariaz aipatuta sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapenak.

– Buruturik egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak enpresa horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. eta 13. artikuluetan zein haren garapen araudiak, oro har, aurreikusitakoa eragotzi gabe.

4. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki eta behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek/entitateek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du eskatzaile horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

2.– Eskabideetan jasoko da laguntza eskatzen duen pertsonak berariaz onar dezakeela organo kudeatzaileak gainerako datuak edo agiriak lortu edo egiaztatzea, bide presentziala nahiz bide elektronikoa erabiltzen duenean, eta Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

Pertsona eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 artikuluan eta haren garapen araudiak, oro har, aurreikusitakoa eragotzi gabe.

5. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

EEIko teknikariei dagokie deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartua egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio eskaerei erantzutera.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak.

a) Ebazpen honen 9.1.a) artikuluan aipatzen den ARCO azokarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

b) Ebazpen honen 9.1.b) eta 9.1.c) artikuluetan aipatzen diren azoketan parte hartzeko, 2017ko irailaren 2ra arte. Eskabideak ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua.

1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte.

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre zigarrogileen Plaza, 1, Tabakalera eraikina 3. Solairua, 20012 Donostia, goizeko 8:30etatik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 3. atalean adierazitako helbidean.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 3. atalean adierazitako helbidean.

3.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukinzunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide hauetan daude ikusgai:

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2017/arco/y22-izapide/eu

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2017/azokak_bestelakoak/y22-izapide/eu

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egin daitezke:

https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

4.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7.– Azoka bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da. Eskatzaile batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, nahikoa izango da administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

8. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Etxepare Euskal Institutuak ikusten badu eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela. Errekerimendua eta, hala badagokio, ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko dira.

9. artikulua.– Diru-laguntzak emateko modua, beren zenbatekoa eta mugak.

1.– Ebazpen honen bidetik emango diren laguntzak jarraian zehaztuko diren azoketara joanez gero stand-aren alokairu gastuen arabera zehaztuko dira eta bakarrik horien finantzaketarako erabili ahal izango dira.

a) Nazioarteko ARCO azokan parte hartzeko (Madril. Espainia) gehienez ere hamasei mila (16.000) euroko guztirako kopurua zuzenduko da.

Galeria bakoitzeko emango den diru-kopurua standaren alokairuaren kostuaren gastuen ehuneko ehunekoa izango da (% 100) eta gehienez ere zortzi mila euro (8.000) izango da.

b) Espainiako Estatutik at antolatzen diren eta jarraian zerrendatzen diren nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntzetarako: hogei mila (20.000) euro gehienez ere.

– Ameriketako azokak: Art Chicago (Chicago, AEB), Art Basel (Miami, AEB), The Armory Show (New York, AEB), Zona MACO (Mexiko Hiria), SP-Arte (Sao Paulo, Brasil) eta ARTBO (Bogota, Kolonbia).

– Europako azokak: Art Basel (Basilea, Suitza), FIAC (Paris, Frantzia), Art Cologne (Kolonia, Alemania), ARTISSIMA (Turin, Italia), Frieze Art Fair (Londres, Erresuma Batua), Paris Photo (Paris, Frantzia) eta MIA Milan Image Art Fair (Milan, Italia).

Azoka eta galeria bakoitzeko emango den diru kopurua stand-aren alokairuaren kostuaren ehuneko ehunekoa izango da (% 100), baina diru kopuru hori gehienez ere hamar mila (10.000) eurokoa izango da Ameriketako azoken kasuan eta zortzi mila (8.000) eurokoa Europako azokenean.

c) Aurreko atalean aipatzen ez diren beste nazioarteko arte-azoketan parte hartzeko diru laguntzak a) eta b) ataletako diru-kopuruak agortzen ez badira bakarrik emango dira.

Azoka eta galeria bakoitzeko emango den diru kopurua stand-aren alokairuaren kostuaren gastuen ehuneko ehunekoa izango da (% 100) eta gehienez ere lau mila euro (4.000).

2.– Talde bateko gehienezko kopuruak ezingo balie aurre egin, 9.1 artikuluan jasotako baldintzetan taldeko eskatzaile guztiei, orduan banatu beharreko kopurua eskatzaile bakoitzaren stand-aren alokairuaren kostuaren proportzioan banatuko litzateke guztien artean.

Banaketa proportzional hori horrela egingo da: talde horretako eskatzaile guztien standa alokatzeko gastuen batuketa egingo da, eta guztizko batuketa horretatik, eskatzaile bakoitzari dagokion ehunekoa kalkulatuko da. Eskatzaile bakoitzak ehuneko hori jasoko du talde bakoitzean banatzeko dagoen gehienezko diru kopurutik.

Halaber, eskabide ezagatik edo hauek betekizunak ez betetzeagatik nazioarteko Arco azokan parte hartzeko ezarritako diru-kopurua ahitzen ez den kasuan, diru hori b) zatian aipatzen diren Estatutik at antolatzen diren nazioarteko azoketan parte hartzeko ezarri den kopurua handitzera pasa liteke. Halaber, arrazoi beragatik a) eta b) ataletan esleitu ez diren diru-kopuruak c) ataleko eskabideen artean esleituko dira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da eta horretarako, EEIko zuzendariak ebazpena emango du, EHAAn argitaratuko dena.

3.– Eskatzaile batek azoka guztietarako jasotako diru-laguntzen batura ez da inoiz hogeita lau mila (24.000) euro baino handiagoa izango.

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko batzuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura konkurtso gabeko konkurrentzia izango da eta EEIko teknikoei dagokie ebazpen proposamena egitea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.

a) ARCO azokarako esleipen-ebazpena eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik gehienez bi hilabeteko epean emango da.

b) Gainerako azoketarako, esleipen-ebazpena eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik gehienez bi hilabeteko epean emango da.

2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz.

3.– Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ez onartutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2017. urtean burutzea.

3.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru laguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

4.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, EEIren babesa jaso dutela berariaz eta argi adieraztea katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan. Nolanahi ere, diru-laguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.

5.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz edo "nirekudeaketak" helbidearen bitartez, izapide elektronikoaren kasuan, jakinaraztea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da. Nolanahi ere, diru-laguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.

6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

13. artikulua.– Diru laguntzaren ordainketa.

Ebazpen bidez esleitutako diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, jarduera amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Jasotako diru-laguntzaren justifikazioa egiteko epea 2017ko abenduaren 31n amaituko da. Jarduera abenduan bada, 2018ko urtarrilaren 31 baino lehen egin beharko da.

1.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen Plaza, 1, Tabakalera eraikina, 3, Donostia (20012) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak gunean.

2.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

3.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 7.3 artikuluan adierazitako helbideetan.

4.– Justifikazioa egiteko honako agiriak aurkeztuko dira:

a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.

b) Diruz lagundutako stand-aren alokairua jatorrizko fakturak edo haien kopiak; kasu honetan, Etxeparek jatorrizkoak eskatzeko eskubidea izango du.

c) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren aleak, hala badagokio, EEIren logoaren bidez laguntza jaso dela adierazita.

d) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko da, entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duenak izenpetua.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30 eta 31 artikuluetan zein haren garapen araudiak, oro har, aurreikusitakoa eragotzi gabe.

5.– Diru laguntza justifikatzeko bidalitako agiriak aztertu ondoren, dena delako zioarengatik, jasotako dirua osorik edo zatiren batean likidatzea badagokio, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak justifikazio agiriak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean, banakako Likidazio Ebazpena emango du.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatuko dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak (38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorrak, azaroaren 17koak, 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudiak izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da eta EHAAn argitaratuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako diru laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013.12.24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Diru laguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.

Diru laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako diru laguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, beti ere jasotako diru laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen Plaza, 1, Tabakalera eraikina 3. solairua, 20012 Donostia.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2017ko martxoaren 30a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MIREN BEGOÑA ARZALLUZ LOROÑO.


Azterketa dokumentala