Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2017ko maiatzaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2602

59/2017 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki hau argitaratzea xedatzen duena: Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietate publikoei baimena ematen diena zuzendari ez diren beren langile lan-kontratudunei 2015eko uztailaren 31tik 2016ko abenduaren 31ra arte jaso ez dituzten ordainsariaren kontzeptuei dagozkien kopuruak ordaintzeko.

Gobernu Kontseiluak, 2017ko maiatzaren 23an egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen: Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietate publikoei baimena ematen diena zuzendari ez diren beren langile lan-kontratudunei 2015eko uztailaren 31tik 2016ko abenduaren 31ra arte jaso ez dituzten ordainsariaren kontzeptuei dagozkien kopuruak ordaintzeko; eta horri beharrezko zabalkundea emateko, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea honako erabaki hau Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietate publikoei baimena ematen diena zuzendari ez diren beren langile lan-kontratudunei 2015eko uztailaren 31tik 2016ko abenduaren 31ra arte jaso ez dituzten ordainsariaren kontzeptuei dagozkien kopuruak ordaintzeko. Eranskinean jaso da.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 23a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK MAIATZAREN 23AN EMANDAKO 59/2017 EBAZPENAREN ERANSKINA
ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, 2017KO MAIATZAREN 23KOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO SOZIETATE PUBLIKOEI BAIMENA EMATEN DIENA ZUZENDARI EZ DIREN BEREN LANGILE LAN-KONTRATUDUNEI 2015EKO UZTAILAREN 31TIK 2016KO ABENDUAREN 31RA ARTE JASO EZ DITUZTEN ORDAINSARIAREN KONTZEPTUEI DAGOZKIEN KOPURUAK ORDAINTZEKO

Estatuko oinarrizko legeriak maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuaren bidez ezarritako aginduaren ondorioz –Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 26/2009 Legea aldatzen du errege lege-dekretu horrek–, uztailaren 24ko 3/2010 Legea egin zuen Eusko Legebiltzarrak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren abenduaren 26ko 2/2009 Legea aldatzen duena, eta eskatu zion Eusko Jaurlaritzari Estatuak agindutako soldata-gutxitzeak egiteko (soldata-masa % 5 gutxitzeko, urteko kopurua kontuan hartuta), negoziazio kolektiboko hitzarmen edo akordio bidez ere gauza zitekeela kontuan hartuta.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, neurria langile publiko guztiei aplikatu zitzaien, baina Estatuko Administrazioan neurri hori aplikatzetik kanpo utzi ziren zenbait talde (hor sartu ziren enpresa publikoetako zuzendari ez diren langile lan-kontratudunak).

Justizia-auzitegi arrunten hurrengo epaiek Euskal Autonomia Erkidegoan hartutako neurria legezkoa zela berretsi zuten, harik eta auzi horietako batean Auzitegi Gorenak Konstituzio Auzitegian (KA) konstituzio-kontrakotasuneko arazo bat abiarazi zuen arte; hala, auzitegi horrek emandako 143/2015 Epaiak indargabetu egin zuen EAEko lege-aurreikuspena, konstituzio-kontrakoa dela deklaratu baitzuen, ez zelako hertsiki oinarrizko neurrira lotzen; hori guztia, nahiz eta EAEko estatutu-eskumenak argudiatu eta alferrik izan.

Konstituzio Auzitegiaren 143/2015 Epaiak zehatz arrazoitzen du Eusko Legebiltzarrak emandako 3/2010 Legearen 23.9. artikulua konstituzio-kontrakoa izateagatik emandako indargabetze-erabakiaren norainokoa, eta, haren mugei dagokienez, adierazten du, batetik, zaindu egin behar dela gauza epaitua, behin eta berriz aipatu den konstituzio-doktrina oinarri hartuta (Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 40.1. artikulua, KALO), eta, bestetik, segurtasun juridikoaren printzipioaren babesean, kasu honetan izan daitezkeen administrazio-egoera irmoetara hedatuko direla muga horiek.

Aurrekarietan azaldutako gertaerak kontuan hartuta, 2016. urtean beste erreklamazio batzuk planteatu ziren lan-arloko ohiko jurisdikzio-bidean, bai gatazka kolektibo gisa, bai instantzia indibidualen bidez, eta, horien bitartez enpresa publikoetan zuzendaritzako kargua izan gabe lanean zeuden langile-kolektibo batzuek berariaz aldarrikatu zuten Konstituzio Auzitegiak indargabetutako artikuluaren babespean egindako soldata-gutxitzeak itzul zekizkiela. Erreklamazio horietako batzuk dagoeneko ebatzi dira, eta epaietan Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) Lan-arloko Salaren jurisprudentzia-ildoa iradoki daiteke: langileen asmoak onartu dira, inplikatutako langileei gutxitutako zenbatekoak itzultzeko eskubidea aitortzen dieten adierazpen sendoen bidez, 2015eko uztailaren 31tik aurrerako ondoreekin.

Hori dela eta, Gobernu Kontseiluak beharrezkotzat jo zuen Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 22ko Epaiak (2015eko uztailaren 31ko BOEn argitaratuak) finkatzen duen doktrina juridikoaren ziozko ondorio ekonomikoak banan-banan aztertu eta zenbatestea. Izan ere, epai horrek indarrik gabe utzi zuen, konstituzio-kontrakotasunagatik, Eusko Legebiltzarraren 3/2010 Legearen agindua, bere garaian EAEko sektore publikoetako sozietate publikoek beren lan-kontratudun langileei (zuzendaritzakoak ez zirenei) urteko soldata-masa % 5 gutxitzeko neurria hartu zuena. Agindu hori, beraz, indargabetu egin zen, epaiaren arabera konstituzioaren aurkakoa zelako.

Konstituzio Auzitegiaren 143/2015 Epaiaren 3. oinarri juridikoan, beste epai askotan errepikatu den doktrina gogora ekarriz (45/1989, 180/2000, 365/2006 edo 161/2012 epaiak, eta, zalantzarik gabe, 219/2013 eta 207/2014 epaien sekuentzia, zeinak gai honi berari eragiten dion), lotu egiten dira askotan errepikatu den Eusko Legebiltzarraren 3/2010 Legearen, konstituzio-kontrakotasunagatik, indargabetzearen mugak bai gauza epaituaren erakundearekin (Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 40. artikuluan jasotzen da), bai segurtasun juridikoaren printzipioarekin (Konstituzioaren beraren 9.3. artikulua); komeni da, edonola ere, konstituzio-epaiaren ondorioen muga-hedapenak izan behar duen modulazioa jarduera irmoetara iristea, zeinak ez diren berrikusi beharko finkatutako doktrina horren babesean.

Aurreko motibazio osoa hartu du EAEANen jurisprudentzia berriak, egindako soldata-gutxitzeengatik dirua itzultzea eskatzen duten lan-erreklamazio arruntak egin direla jakitean; hark emandako epaitzetan argi eta garbi adierazten da diru-itzultze horren ondorioetarako «2015eko uztailaren 31» izan behar dela nahitaezko erreferentzia-eguna, egun horretan argitaratu baitzen ofizialki Konstituzio Auzitegiaren 143/2015 Epaia, eta argitaratzen den egunetik sortzen baititu ondorioak. Horixe bera adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salak ekainaren 14ko, uztailaren 19ko eta irailaren 20ko epaietan.

Hori guztia kontuan hartuta, Gobernu Kontseiluak, 2017ko urtarrilaren 10ean egindako bileran, erabaki zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten sozietate publikoei eskatzea ekonomikoki balioesteko zer gastu publiko ekarriko lukeen Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko Aurrekontu Orokorren Legearen 23.9. artikulua (ekainaren 24ko 3/2010 Legean emandako idazketan, aurrekoa aldatzen baitu) konstituzio-kontrakotasunagatik indargabetu delako kaltetu direla pentsa dezaketen zuzendari ez diren langile lan-kontratudunen soldata-egoera erregularizatzeak; artikulu hori indargabetu egin da Konstituzio Auzitegiak 2015eko ekainaren 22an emandako 143/2010 Epaiaren bidez (Erabakia, 2017ko urtarrilaren 17ko 11 zenbakiko EHAAn argitaratu da)

Ebaluazio hori sozietate publiko bakoitzak egin behar zuen, denbora tarte honetarako: 2015eko uztailaren 31tik 2016ko abenduaren 31ra bitarte. Ebaluazioa justifikatu egin behar zen, sozietate bakoitzaren langileen lan-egoeraren arabera eta aipatu epaiaren eraginpean zegoen langile bakoitzeko.

Ukitutako sozietate publikoek Gobernu Kontseiluaren agindua bete dutenean eta itzuli behar diren zenbatekoen kostu ekonomikoa ebaluatu denean (2015eko uztailaren 31tik aurrera), bidezkoa da zenbateko horiek ordaintzea, Gobernu Kontseiluak hala baimendu ondoren.

Horregatik guztiagatik, Gobernu Kontseiluak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta gaia eztabaidatu ondoren, honako hau erabakitzen du:

ERABAKIA

«Baimena ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietate publikoei zuzendari ez diren beren langile lan-kontratudunei 2015eko uztailaren 31tik 2016ko abenduaren 31ra arte jaso ez dituzten ordainsariaren kontzeptuei dagozkien kopuruak ordaintzeko, Konstituzio Auzitegiaren 2015eko ekainaren 22ko 143/2015 Epaiari jarraituz».

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Erabaki hau irmoa da administrazio-bidean, baina honen kontra aukerako berraztertzeko administrazio-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo zuzenean jurisdikzio-erreklamazioa, bestela, administrazioarekiko auzien bidean, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo banaka jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bi kasuetan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Erabakia argitaratzea.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du.


Azterketa dokumentala