Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2017ko maiatzaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2405

AGINDUA, 2017ko apirilaren 26koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Kontratazio Mahaien osaera ezartzen duena.

Eusko Jaurlaritzako sailak berregituratu dira lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan ezarritakoari jarraituz –dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen–. Hori dela eta, beharrezkoa da Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren kontratazio-organoei laguntzen dieten kontratazio-mahaiak berriro osatzea eta sailak egun dituen eskumen-eremuari egokitzea.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazioaren araubidea ezartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian xedatzen denez –zeina indarrean baita 2016ko urriaren 1etik–, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren erakundeek, baldin eta administrazio publikoen izaera badute, kontratazio-mahaien egitura egokitu beharko dute dekretu horren 8. artikuluan ezarritakora, eta, horretarako, sei hilabeteko epea izango dute, dekretua indarrean jartzen denetik aurrera.

Horiek horrela, eta Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Zerbitzu zuzendariak, sailaren kontratazio-organo den aldetik, kontratazio-mahai baten laguntza izango du esleipen-prozedura irekietan, murriztuetan eta publikotasundun negoziatuetan, salbu eta Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzaren eskumen-eremuko kontratazio-publikoetan. Kontratazio-mahai horrek Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazioaren araubidea ezartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritako eginkizunak bete beharko ditu, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Batzordeburua: Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria. Zenbait kasutan (titularraren lanpostua hutsik egotea, absentzia, gaixotasuna edo legezko beste edozein kausa), Lan Harremanen Zuzendaritzako titularra arituko da batzordeburu.

b) Bokalak:

1) Kontratazioa sustatzeko zerbitzuko pertsona bat: kontratazio-organoak izendatuko du, eta aholkularitza teknikoa ematea izango du eginkizun.

2) Kontrol Ekonomikoko Bulegoko kontu-hartzaile bat; bulego horretako titularrak izendatuko du.

3) Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzako ordezkari bat ere izango da kontratazio-mahaian, otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuak esaten dituen kasuetan (Informazio-sistemen arloko planifikazioa, antolamendua, eginkizunen banaketa eta gestio-modalitatea arautzen baititu dekretu horrek). Zuzendaritza horretako titularrak proposatuko du ordezkaria, eta kontratazio-organoak izendatuko du.

c) Idazkari-bokala: teknikari bat, Zuzenbideko graduatu edo lizentziatu maila duena. Kontratazio-organoak izendatuko du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Zerbitzu Zuzendaritzari atxikitako langileen artean, eta aholkularitza juridikoa ere emango du, hitza eta botoa dituela.

2. artikulua.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko kontratazio-organo den aldetik, kontratazio-mahai baten laguntza izango du esleipen-prozedura irekietan, murriztuetan eta publikotasundun negoziatuetan, betiere dagokion saileko egitura eta egitekoak arautzen dituzten arauetan ezarritakoari jarraituz sailburuordetzak esleituak dituen eskumen-eremuetako kontratazio publikoetan, eta aplikatzekoak diren gainerako kontratazioetan. Kontratazio-mahai horrek Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazioaren araubidea ezartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritako eginkizunak bete beharko ditu, eta haren osaera dekretu horren 8. eta 19. artikuluetan ezarritakoa izango da.

3. artikulua.– Aukeran, eta kontratazio-organoak hala eskatuz gero, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako ordezkari bat izan daiteke saileko kontratazio-mahaietako kide, zuzendaritza horretako titularrak izendatuta eta kontratazio-organoak izendatuta.

4. artikulua.– Kontratazio-mahaien osaera eta kideen identifikazioa kontratu bakoitzaren administrazio-klausula zehatzen pleguetan jasoko dira, eta haien berri jakinaraziko da kasuan kasuko kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean.

5. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera eratutako kontratazio-mahaiek eskumena izango dute, halaber, beste zenbait esleipen-prozeduratan esku hartzeko, nahiz eta halakoetan kide anitzeko organo horien esku-hartzea beharrezkoa ez izan, baldin eta dagokion kontratazio-organoak hala erabakitzen badu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da 2009ko urriaren 13ko Agindua, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena eta Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Kontratazio Mahaia sortzeari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 26a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala