Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2017ko maiatzaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2228

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 11koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendari nagusiarena. Honen bidez, prebentzio-arloko ordezkariek oinarrizko prestakuntza jasotzeko baimenaren eta diru-laguntzaren deialdia egiten da, 2017ko ekitaldirako.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (aurrerantzean, Osalan deituko diogu), Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzen duen abenduaren 21eko 7/1993 Legearekin bat eginez (ekainaren 27ko 10/1997 Legeak aldatzen du lege hori), organismo autonomo administratiboa da, berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa dituena, Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailari (egun, Lan eta Justizia Saila da) atxikita dagoena. Zereginen artean, laneko segurtasunarekin, higienearekin eta osasunarekin zerikusia duten prestakuntza-planak eta -ikastaroak programatzea, antolatzea eta garatzea daude, Osalan sortzen duen legearen 4.1.h) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Osalanek, EAEko Laneko Osasunerako eta Arriskuen Prebentziorako Lanbide Arteko Akordioaren III. atalean («Prebentziorako prestakuntza» delakoan) ezarritakoa betez, deialdia egiten du, 2017ko ekitaldirako eta gero zehaztuko diren baldintzetan, prebentzioaren arloko ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailako ikastaroak eman nahi dituzten erakunde publiko zein pribatuentzat; batetik, diruz lagundutako ikastaroak eman ahal izateko baimena eska dezaten, Osalanek ezarritako betekizunak bete ostean, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako prebentzio-ordezkariei zuzendutako prestakuntza emateko laguntza ekonomikoak eska ditzaten. 1997ko abenduaren 11n sinatu zen aipatutako akordioa, Confebask-en eta ELA-STV, UGT, CC.OO. eta LAB sindikatuen artean, eta Euskal Autonomia Erkidegoan besteren kontura lan egiten duten enpresa zein langile guztiei eragiten die, «Prebentzioko Ordezkarien Prestakuntzari» dagokionez.

Horregatik guztiagatik, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. izenburuak erregulatutako aurrekontu-luzapenaren araubidearen arabera,

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
OINARRI KOMUNAK

1. artikulua.– Xedea.

Prebentzioaren arloko ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailako prestakuntza eman nahi duten erakunde publiko zein pribatuei deialdia egitea da ebazpen honen xedea, hauek eska ditzaten:

a) EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkariei diruz lagundutako prestakuntza eman ahal izateko baimena, Osalanek ezarritako betekizunak (7. artikuluan zehazten direnak) bete ostean, ordezkari horiek gaitzeari begira, EAEko Laneko Osasunerako eta Arriskuen Prebentziorako Lanbide Arteko Akordioaren esparruan.

b) 2017ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 1aren artean egindako prestakuntza-ekintzak emateko diru-laguntza, ebazpen honetan ezartzen diren baldintzekin bat eginez, EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkariei diruz lagundutako prestakuntza eman ahal izateari begira, EAEko Laneko Osasunerako eta Arriskuen Prebentziorako Lanbide Arteko Akordioaren esparruan.

2. artikulua.– Hartzaileak.

Baimena eskatu ahalko dute, eta, berori eskuratutakoan, 2017ko ekitaldian prebentzioaren arloko ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailako prestakuntza emateko diru-laguntza eskatu ahalko dute bai prestakuntza-zentroek, publikoek zein pribatuek, bai sindikatuek, bai zerbitzu ematen dieten enpresetako prebentzio-ordezkariei dagokienez egiaztatuta dauden prebentzio-zerbitzuek, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute.

3. artikulua.– Eskaera izapidetzea eta berori aurkezteko tokia eta epea.

1.– Kapitulu honetan ezartzen denaren arabera eta eskaera motari (baimena edo diru-laguntza) dagozkion ataletan zehazten denaren arabera izapidetuko dira eskaerak.

2.– Interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako eskabideak, kontsultak eta izapide guztiak egiteko.

3.– Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.

4.– Eskabideak, erantzukizun-adierazpenak eta deialdi honekin lotutako gainerako ereduak eta izapideak izapidetzeko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskura daitezke, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2017/prestakuntza-oinarrizkoa-po/y22-izapide/eu

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalaren bidez egingo dira, hemen: https://euskadi.eus/misgestiones

6.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten bezala. Orobat, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

4. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.

1.– Xede horretarako sortutako Ebaluazio Batzordearen bidez baloratuko dira baimenaren eta diru-laguntzen eskaerak,

2.– Batzordea osatzen duten kideak hauexek dira:

Presidentea: Fco. Javier Inda Ortiz de Zárate jauna, Osalaneko zuzendariorde teknikoa.

Idazkaria: Teresa Salazar Arteche andrea, Osalaneko Aholkularitza Juridikoko arduraduna.

Etengabeko batzordekidea: Fco. Javier Calleja Quintana jauna, Osalaneko Prestakuntzako eta Dokumentazioko kudeatzailea organismoko teknikariek eta administrariek lagunduta.

5. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotzen diren datu pertsonalak fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, bai eta gai honekin zerikusia duen bestelako edozein administrazio-espediente kudeatzea ere.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduan (Enplegu eta Gizarte Politika Saileko eta Osalan organismo autonomoko datu pertsonalen fitxategiei buruzkoan) xedatutakoaren arabera (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 235. zenbakian, 2015eko abenduaren 10ean), Osalaneko Zuzendariordetza Teknikoa da fitxategi horren arduraduna, eta datuak begiratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurkaratzeko eskubideak erabili ahalko dira horren aurrean. Horretarako, Osalaneko Zuzendariordetza Teknikora jo beharko da, Barakaldoko Dinamitaren Bidea kalea z.g., 48903 helbidean.

II. KAPITULUA
PREBENTZIOKO ORDEZKARIAK GAITZEKO OINARRIZKO MAILAN DIRUZ LAGUNDUTAKO PRESTAKUNTZA EMATEKO BAIMENA

6. artikulua.– Eskabidea

Deialdi honen 2. artikuluan zerrendatutako edozein hartzailek eskatu ahal izango du prebentzioko ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailan diruz lagundutako prestakuntza emateko baimena, 2017ko ekitaldiari begirakoa. Talde hauetako batean bilduko dira hartzaileak:

a) Erakunde publiko zein pribatuak, prebentzioko ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailan diruz lagundutako prestakuntza emateko baimena 2016an eskuratu dutenak.

b) Prebentzioko ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailan diruz lagundutako prestakuntza emateko baimena lehen aldiz eskatzen duten erakunde publiko zein pribatuak.

7. artikulua.– Betekizunak.

1.– Erakunde publiko zein pribatuek, prebentzioko ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailan diruz lagundutako prestakuntza emateko baimena 2016an eskuratu dutenek, berritzeko eskaera aurkeztu beharko dute. Eskaera horretan, dagokion erantzukizun-adierazpenaren bidez, 2016an baimena emateko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatu beharko dute, edo, bestela, baldintza horiek betetzen jarraitu ezean, baldintza horietan egon diren aldaketen berri eman beharko dute xehetasunez.

2.– Prebentzioko ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailan diruz lagundutako prestakuntza emateko baimena lehen aldiz eskatzen duten erakunde publiko zein pribatuek betekizun hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:

a) Egiaztatutako prestakuntza-zentroak edo prebentzio-zerbitzuak izatea, beren zerbitzuak hitzartuta dituzten enpresetako prebentzio-ordezkariei edo sindikatuei dagokienez (araudiaren inguruko oinarrizko prestakuntza emateari begira).

b) Prestatu nahi den ikasle-kopuruarekin egokiak diren instalazioak eta bitarteko material zein didaktikoak edukitzea, ezaugarri hauen arabera:

1) Gutxienez 10 ikaslerentzako ikasgelak; 2 m2 ikasleko, eta 4 m2 irakaslearentzat.

2) Behar besteko bitarteko didaktikoak eta ekipamendua: arbela, telebista/bideoa, proiektorea, Interneterako konexioa, telefonoa eta abar.

c) Laneko arriskuen prebentzioaren arloan maila ertaineko edo goi-mailako zereginak garatzeko prestakuntza, edo, bestela, prebentzioaren arloan gutxienez urtebeteko irakasle-esperientzia edo lanekoa edukitzea egiaztatzen duten irakasleak edukitzea. Prestakuntza euskaraz emango bada, prestakuntza euskaraz emateko gaitasuna egiaztatzen duten irakasleak edukitzea.

8. artikulua.– Eskaera izapidetzea eta berori aurkezteko tokia eta epea.

1.– Xede horretarako jarri diren eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan erabilgarri dauden bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira eskaerak, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/baimena/oinarrizko-prestakuntza-po/y22-izapide/eu

2.– Hauek betez eskatuko da baimena, bai eta berori eskuratzeko bete behar diren betekizunak betetzen direla egiaztatuko ere:

a) baimena berritzeko eskaera, 6. artikuluko taldean bildutako erakundeei dagokienez (I. eranskinean zehazten da talde horren edukia). 2016an baimena emateko baldintzak betetzen jarraitzen den ala ez adierazi behar da. Betetzen ez badira, bitartekoen eta irakasleen inguruko aldaketak zehaztu behar dira, aldaketa horiek justifikatzeko behar diren dokumentuak erantsiz; hala nola: instalazioen planoak, prestakuntzaren ardura duten pertsonen curriculuma, horien titulazioaren kopia eta pertsona horiekin egindako kontratuen edo lankidetza-hitzarmenen kopia.

b) «Lehenbiziko baimenaren» eskaera, 6. artikuluko b) taldean bildutako erakundeen kasuan (I. eranskinean zehazten da horren edukia), hauekin batera:

● prestakuntza emango duten pertsonekin egindako kontratuen edo lankidetza-hitzarmenen kopia

● horien curriculumaren kopia

● horien prestakuntza egiaztatzen duten dokumentuen kopia

● prestakuntza emango den instalazioen planoen kopia.

3.– Deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da eskaera egiteko epea, eta deialdi hau ixtearekin amaituko da, 2017ko abenduaren 1ean.

4.– Eskaera aurkeztu ondoren, aurkeztu den informazioa osatzeko informazioa eskatu ahalko da. Edonola ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak ezartzen duen bezalaxe, interesduna errekerituko da, eta hamar eguneko epea emango zaio hutsunea konpon dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta ohartarazi egingo zaio, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola balioetsiko dela, lege beraren 21. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, ebazpena idatzi ostean.

Elektronikoki jakinaraziko da hutsuneak konpondu behar direla. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira. Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazi denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraikiz izapidea egintzat joko da; beti ere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

9. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak eta jakinarazteko modua.

1.– Osalaneko zuzendari nagusiari dagokio, Ebaluazio Batzordeak hala proposatuta, ebazpen honetan erregulatzen den deialdia ebaztea, ikastaroak emateko baimenari dagokionean.

2.– Idatziz jakinaraziko zaie ebazpena erakunde interesdunei, banaka, xede horretarako jarri diren bitarteko elektronikoen bidez, baimen-eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, bi hileko gehieneko epean.

Ebazpenik eman gabe igarotzen bada atal honetan aipatutako epea, erakunde interesdunek baietsitzat jo ahalko dituzte beren eskaerak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluaren ondorioekin.

3.– Prebentzioko ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailako prestakuntza emateko baimena emateko ebazpenak ez dakar, berez, diru-laguntza emateko ebazpena eskuratzea.

4.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo berberaren aurrean, jakinarazpena interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, zuzenean, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, bi hilabeteko epean.

5.– Publizitate-xedeetarako bakarrik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira ikastaroak emateko baimen-eskaeren ebazpenak.

6.– Nolanahi ere, baimena baliogabetu liteke, Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, erakunde interesdunari entzuteko izapidea egin ondoren, deialdi honetan jasotako prestakuntza-ekintzak egiten ez badira, prestakuntza-erakundeak interesik ez duela balioetsiko baita, edo baimena emateko baldintzak ez betetzeagatik, edo baimena emateko orduan kontuan hartu den edozein inguruabar aldatu eta behar bezala jakinarazi ez izanagatik.

III. KAPITULUA
PREBENTZIOKO ORDEZKARIAK GAITZEKO OINARRIZKO MAILAKO PRESTAKUNTZA EMATEKO DIRU-LAGUNTZA

10. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko bideratu diren baliabide ekonomikoak 300.000 eurokoak dira, eta Osalan organismo autonomoaren aurrekontuaren 2017ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio. Gehienez, 100.000 euro bideratuko zaizkio araudiaren inguruko zatiari, eta, gehienez, 200.000 euro bideratuko dira alde teknikoa finantzatzeko.

11. artikulua.– Prestakuntza-orduak eta moduluak.

1.– Prebentzioko ordezkariak gaitzeko kasuan, prestakuntza espezializatuko programak bazter utzi gabe (Laneko Osasuneko eta Arriskuen Prebentziorako Lanbide Arteko Akordioaren 9. eta 11. artikuluen arabera aurkez daitezke horiek), oinarrizko prestakuntzaren ingurukoak izango dira prestakuntza-ekintzak, Laneko Osasuneko eta Arriskuen Prebentziorako Lanbide Arteko Akordioan xedatutako baldintzetan, eta bi zati izango dituzte: lehenengoa, araudiaren inguruko prestakuntzari buruzkoa, 16 ordukoa izango da, eta bigarrena, prestakuntza teknikoari buruzkoa, 32 ordukoa izango da. Bi modulutan antolatuko dira ekintzak: lehenengo moduluak, araudiaren inguruko prestakuntzari buruzkoak, 12 eskola-ordu edukiko ditu, eta bigarrenak, prestakuntza teknikoari buruzkoak, 24 eskola-ordu edukiko ditu. Moduluetara joateko lanpostua utzi behar den denborari dagozkio gainerako orduak.

2.– Sindikatuek emango dute oinarrizko ikastaroari dagokion araudiaren eta eskubideen zein betebeharren inguruko prestakuntza, eta lehentasuna emango diete beren prebentzio-ordezkariei.

Ordezkari independenteek, hau da, sindikatu batekoak ez direnek, hautatzen duten sindikatuak ematen duen araudi-prestakuntza jasotzeko aukera edukiko dute.

Oinarrizko ikastaroko prestakuntza teknikoa emateko baimena duten zentroek edo erakundeek prebentzio-ordezkari independenteei ikastaroaren araudi-zatia emateko baimena jaso ahalko dute.

3.– Osalanek ezarriko ditu edukiak, araudiaren ingurukoak nahiz teknikoak, eta beti egokitu zaizkio Laneko Osasuneko eta Arriskuen Prebentziorako Lanbide Arteko Akordioan ezarritakoari.

12. artikulua.– Diru-laguntza emateko betekizunak.

1.– Diru-laguntza eskatzen duen zentroak baimena eskatu eta eskuratu behar du aurretik; hots, 2017ko ekitaldian prebentzio-ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailan araudiaren inguruko prestakuntza edo prestakuntza teknikoa emateko baimena.

2.– Deialdi honen bidez eskuratzen den diru-laguntza ez da bateragarria izango beste erakunde publiko zein pribatuek xede berbererako emandako bestelako edozein diru-laguntzarekin.

3.– Diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenak jaso dituzten erakunde eskatzaileek ezingo dute diru-laguntza jaso, ezta laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege-debekuen eraginpean daudenek ere, beren beregiko erreferentzia egiten zaielarik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuei.

4.– Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak zerga-betebeharrak egunean eduki behar ditu Gizarte Segurantzaren aurrean. Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du diru-laguntzen erakunde edo pertsona eskatzaileek betebehar horiek betetzen dituztela, behar den guztietan, horien baimenik behar izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginarekin bat eginez (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori). Edonola ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamenduaren 22.4. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, erakunde eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori. Orduan, erregelamendu horren 22. artikuluan aurreikusi diren baldintzetan aurkeztu beharko du ziurtagiria.

5.– Diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunek emandako antzeko diru-laguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa edo zigor prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.

6.– Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, dagokion ukapen-ebazpena jaso ostean, azken bost urteetan laneko segurtasunaren edo osasunaren aurka delitu edo arau-hauste administratibo oso larriak egitearen ondoriozko kondenen edo zigorren inguruko alderdiak behar beste egiaztatzen ez dituzten erakunde eskatzaileak. Era berean, Laneko Arriskuen Prebentziorako Legean jasotzen diren betebeharrak (prebentziozko antolakuntza-ereduari, arriskuen ebaluazioari, prebentzio-jardueraren plangintzari eta, hala badagokio, prebentzio-sistemaren auditoriari dagokienean) betetzen ez dituztenak ere deialditik kanpo geratuko dira.

7.– Ezingo dute diru-laguntza jaso Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako egoeretako batean daudenek.

13. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Ebazpen honetan ezartzen diren baldintzekin bat etorriz, 2017ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 1aren artean araudiaren esparruan egindako eta EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkarien prestakuntzari zuzendutako prestakuntza-ekintzak emateko diru-laguntza.

a) Diru-laguntza eskatzea. Izapidea, eskaera egiteko tokia eta epea.

1) Araudiaren esparruan EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkarien prestakuntza emateko baimena eskuratu duten erakundeek eskatu ahal izango dute diru-laguntza hau.

2) Eskaera egiteko, behar bezala beteta aurkeztu beharko dira, xede horretarako jarri diren eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden bitarteko elektronikoen bidez,

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/araudiko-prestakuntza-po/y22-izapide/eu helbidean,

«Araudiaren esparruko diru-laguntza» atalen eskatzen diren dokumentuak. Hauek dira:

● Diru-laguntzaren eskabide elektronikoa (I. eranskinean daude zehaztuta horren edukiak).

● Asistentzia-kontrolaren orria izeneko agiriaren kopia (II. eranskina).

● Prestakuntza-ekintzaren datuak izeneko agiriaren kopia (III. eranskina).

Prestakuntza emateko baimen-ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunean hasten da eskaera egiteko epea. 2017ko urtarrilaren 1etik araudiaren esparruan egindako prestakuntza-ekintzetarako eskatu ahalko da diru-laguntza. 2017ko abenduaren 1ean amaituko da epea, edo deialdi honen xede diren laguntzen finantzaketara bideratutako bitarteko ekonomikoak agortzen direnean. Hala gertatuz gero, Osalaneko zuzendari nagusiak horren berri emango luke EHAAn.

3) Diru-laguntzaren xede izango den prestakuntza-ekintza amaitu eta hurrengo hamar egun baliodunetan aurkeztu beharko da eskaera, edo, bestela, eskaera-aldia ireki eta hamar eguneko epean.

4) Eskaera aurkeztu ondoren, emandako informazioa osatzeko informazioa eskatu ahalko da. Edonola ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak ezartzen duen bezalaxe, interesduna errekerituko da, eta hamar eguneko epea emango zaio hutsunea konpon dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta ohartarazi egingo zaio, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola balioetsiko dela, lege beraren 21. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez idatzitako ebazpenaren ostean.

Elektronikoki jakinaraziko da hutsuneak konpondu behar direla. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira. Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazi denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraikiz izapidea egintzat joko da; beti ere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

b) Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak eta jakinarazteko modua.

1) Osalaneko zuzendari nagusiari dagokio, Ebaluazio Batzordeak hala proposatuta, ebazpen honetan erregulatzen den deialdia ebaztea, diru-laguntza esleitzeari dagokionez. Eskaerek eskatzen diren betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, espedientea osatuta dagoen unearen arabera ordenatuta ebatziko dira eskaerak, jardueretarako aurreikusi den aurrekontu-hornidura agortu arte, hala gertatzen bada. Funtsak agortzen badira, ebazpena falta duten eskaerak ezetsi egingo dira, deialdi honen esparruan.

2) Idatziz jakinaraziko zaie ebazpena pertsona interesdunei, banaka, xede horretarako jarri diren bitarteko elektronikoen bidez, diru-laguntzaren eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hilabeteko gehieneko epean.

Ebazpenik eman gabe igarotzen bada atal honetan aipatutako epea, erakunde interesdunek baietsitzat jo ahalko dituzte beren eskaerak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluaren ondorioekin.

4) Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo berberaren aurrean, jakinarazpena interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, zuzenean, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita bi hilabeteko epean.

5) Publizitate-xedeetarako bakarrik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira diru-laguntzaren eskaeren ebazpenak.

2.– 2017ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 1aren artean alderdi teknikoan egindako prestakuntza-ekintzak emateko diru-laguntza, ebazpen honetan ezartzen diren baldintzekin bat eginez, EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkariei diruz lagundutako prestakuntza eman ahal izateari begira.

a) Diru-laguntza eskatzea. Izapidea, eskaera egiteko tokia eta epea.

1) Araudiaren esparruko prestakuntza egin ostean, arlo teknikoko prestakuntza-ekintzetara bertaratu daitezkeen ikasleen zerrenda bidaliko die Osalanek prestakuntza-zentroei, prestakuntza hori emateko baimena duten zentroen zerrendan ageri diren zentroen artean ikasleek berentzat egokienak hautatzean erakutsi dituzten lehentasunen arabera.

2) Prestakuntza-ekintza egindakoan, horren diru-laguntza eskatu ahal izango dute zentroek. Horretarako, behar bezala beteta aurkeztu beharko dira, xede horretarako jarri diren eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden bitarteko elektronikoen bidez,

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/prestakuntza-teknikoa-po/y22-izapide/eu helbidean,

«Arlo teknikoko diru-laguntza» atalean eskatzen diren dokumentuak. Hauek dira:

● Diru-laguntzaren eskaera elektronikoa (I. eranskinean daude zehaztuta horren edukiak).

● Asistentzia-kontrolaren orria izeneko agiriaren kopia (II. eranskina).

● Prestakuntza-ekintzaren datuak izeneko agiriaren kopia (III. eranskina).

3) Diru-laguntzaren xede izango den prestakuntza-ekintza amaitu eta hurrengo hamar egun baliodunetan aurkeztu beharko da eskaera, edo, bestela, eskaera-aldia ireki eta hamar eguneko epean.

4) Prestakuntza emateko baimen-ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunean hasten da eskaera aurkezteko epea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako prestakuntza-ekintzak lagunduko dira diruz. 2017ko abenduaren 1ean amaituko da epe hori, edo, bestela, deialdi honen xede diren laguntzen finantzaketara bideratutako baliabide ekonomikoak agortzen direnean. Osalaneko zuzendari nagusiak horren berri emango du EHAAn.

5) Eskaera aurkeztu ondoren, emandako informazioa osatzeko informazioa eskatu ahalko da. Edonola ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak ezartzen duen bezalaxe, interesduna errekerituko da, eta hamar eguneko epea emango zaio hutsunea konpon dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta ohartarazi egingo zaio, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola balioetsiko dela, lege beraren 21. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez idatzitako ebazpenaren ostean.

Elektronikoki jakinaraziko da hutsuneak konpondu behar direla. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira. Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazi denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraikiz izapidea egintzat joko da; beti ere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

b) Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak eta jakinarazteko modua.

1) Osalaneko zuzendari nagusiari dagokio, Ebaluazio Batzordeak hala proposatuta, ebazpen honetan erregulatzen den deialdia ebaztea, diru-laguntza esleitzeari dagokionez. Eskaerek eskatzen diren betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, espedientea osatuta dagoen unearen arabera ordenatuta ebatziko dira eskaerak, jardueretarako aurreikusi den aurrekontu-hornidura agortu arte, hala gertatzen bada. Funtsak agortzen badira, ebazpena falta duten eskaerak ezetsi egingo dira, deialdi honen esparruan.

2) Idatziz jakinaraziko zaie ebazpena pertsona interesdunei, banaka, xede horretarako jarri diren bitarteko elektronikoen bidez, diru-laguntzaren eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hilabeteko gehieneko epean.

3) Ebazpenik eman gabe igarotzen bada atal honetan aipatutako epea, erakunde interesdunek baietsitzat jo ahalko dituzte beren eskaerak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluaren ondorioekin.

4) Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo berberaren aurrean, jakinarazpena interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, zuzenean, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita bi hilabeteko epean.

5) Publizitate-xedeetarako bakarrik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira ikastaroak emateko diru-laguntzaren eskaeren ebazpenak.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– Hauek dira deialdi honen xede diren prestakuntza-jarduerak garatzeko finantzaketan prestakuntza-ordu bakoitzeko ezar daitezkeen gehieneko modulu ekonomikoak (plangintzatik eta egikaritzetik eratorritako kostu guztiak barne hartua):

Prestakuntza-jarduera – Prebentzioko ordezkarien oinarrizko prestakuntza: 112,50 euroko modulu ekonomikoa, eskola-ordu bakoitzeko.

2.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren parte-hartzaile kopurua zehazteko, eraginkortasun- eta efizientzia-irizpideak aplikatuko dira, deialdi honen xede diren finantza-baliabideen optimizazioa eta premia espezifikoen estaldura bateragarri egiteko.

Gehienez, 15 parte-hartzaile lagundu ahalko dira prestakuntza-ekintza bakoitzeko.

15 parte-hartzaile egon ezean, taula honi jarraituta finantzatuko da ekintza:

15 edo gehiago % 100.

14 % 98

13 % 96

12 % 94

11 % 92

10 % 90

10 parte-hartzailetik beherako taldeetan: ez dute diru-laguntzarik edukiko.

3.– Deialdi honen bidez ezingo dute diru-laguntzarik jaso 10 ikaslera iristen ez diren taldeek. Euskarazko taldeetan salbu; izan ere, prestakuntza honetan euskararen erabilera sustatze aldera, gutxienez bost pertsonako taldeak onartuko dira. Taula honen arabera finantzatuko dira euskarazko ekintzak:

15 edo gehiago % 100

14 % 98

13 % 96

12 % 94

11 % 92

10 % 90

09 % 85

08 % 80

07 % 70

06 % 60

05 % 50

5 parte-hartzailetik beherako taldeetan: ez dute diru-laguntzarik edukiko.

4.– Diru-laguntzaren zenbatekoak barne hartuko ditu prestakuntza-materialetatik eratorritako gastuak.

Osalanek doan emango dizkio ikasle bakoitzari prestakuntza-eskuliburuak. Soberan dauden eskuliburuak Osalani itzuli beharko zaizkio.

5.– Azaroaren 29ko 1/2013 Errege Dekretu Legegilea aplikatuz, zeinaren bidez onartzen den urritasunen bat duten pertsonen eskubideei eta horiek gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina, bai diskriminazioak prebenitzeko edo kentzeko xedez, bai urritasunen bat duten prebentzio-ordezkariek prestakuntzara sartzeko orduan dituzten desabantailak edo zailtasunak konpentsatzeko xedez, Osalanek hornituko ditu, deialdi honen kargura, komunikaziorako behar diren laguntza eta zerbitzu laguntzaileak.

15. artikulua.– Prestakuntza-jarduerak egikaritzea.

1.– Prestakuntza-erakundeek Osalani jakinarazi beharko diote, xede horretarako jarri diren eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan erabilgarri dauden bitarteko elektronikoen bidez, https://www.euskadi.eus/komunikazioa/oinarrizko-prestakuntza-po/y22-izapide/eu helbidean, 10 egun lehenago gutxienez, egitea aurreikusi duten prestakuntza-ekintzen zerrenda, Osalanek ikuskaritza-lana egin dezan horien gainean. Bestetik, prestakuntza-ekintza bakoitzerako behar diren material didaktikoak bidali beharko dizkiote. «2017rako programatutako prestakuntza-ekintzen jakinarazpena» inprimaki elektronikoa betez egingo da komunikazio hori; hots, lehen aipatutako helbidean horretarako jarri den atalean (edukiak I. eranskinean zehazten dira). Era berean, aipatutako bitarteko elektronikoen bidez, Prestakuntza-ekintzaren datuak izeneko dokumentua aurkeztu beharko da (III. eranskina), aurreikusi denaren arabera bertaratuko diren pertsonen datuekin beteta.

2.– 36 orduko oinarrizko prestakuntza amaitutakoan (araudiaren inguruko prestakuntza 12 orduko moduluan egingo da, eta prestakuntza teknikoa 24 orduko moduluan), Osalanek ziurtagiri bat emango die prestakuntza osoa egin duten pertsona guztiei, berori egin dutela egiaztatuz. Prestakuntza osoa egin dela balioetsiko da, berori osatzen duten bi zatietan % 80ko asistentzia eduki bada gutxienez.

16. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Diru-laguntza ordainketa bakarrean abonatuko da, diru-laguntza eskatu izanaren xede den prestakuntza-ekintza amaitutakoan, aurretik diru-laguntza ematea onartu bada, eta 13. artikuluko 1.a.2) eta 2.a.2) ataletan aipatu den dokumentazio-justifikazioa aurkeztu ondoren.

2.– Prestakuntza 15.2. artikuluan ezarritako baldintzetan osatu duten pertsonei bakarrik abonatuko zaie diru-laguntza.

17. artikulua.– Laguntzen likidazioa.

Diru-laguntza igorpen baten bidez egingo da eraginkorra, emakida jakinarazi ostean, 18.a) artikuluan ezartzen den epea igarotakoan, berariazko ukorik egin ez bada.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusia Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartutakoaren) 50. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan ezartzen diren betebeharrak dauzkate erakunde onuradunek; bereziki, hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntzaren berri ematen duen jakinarazpena jaso eta 15 egun naturaleko epean erakunde onuradunek ukoa idazki batean adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen proiektua gauzatzea.

c) Laguntza ematea edo gozatzea zehazten duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea.

d) Eman diren prestakuntza-ekintzak parte-hartzaileentzat doakoak izan direla bermatzea.

e) Egiaztapen- eta kontrol-jardueren mende egotea. Osalanek, Lan eta Justizia Sailak, Ekonomiaren Kontrolerako Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Auzitegiak egingo dituzte jarduera horiek. Xede horietarako, erakunde, entitate eta organismo horiek instalazioetara sartzea ahalbidetuko dute, bai eta parte-hartzaileekin, irakasleekin, elkarrizketatu nahi diren gainerako pertsonekin eta langileen legezko ordezkaritzaren kide parte-hartzaileekin harremana eduki dezatela ere.

f) Beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berbererako diru-laguntzak edo laguntzak lortu direla jakinaraztea.

g) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera aldatu baldin bada, horren berri ematea.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere Erakunde Autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura jakinaraztea. Prozedura horiek amaitutakoan emango eta ordainduko zaizkie erakunde onuradunei ebazpen honetan aurreikusten diren laguntzak.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18.4. artikuluan ezartzen den bezalaxe, diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak edo edozelako jarduerak publikoak direla adierazteko publizitate egokia eman beharko dute onuradunek.

19. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Diru-laguntzaren onuradun den erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusia Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1. artikuluan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritako egoeraren batean badago, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta diru-laguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe uzten baditu, Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: erakunde onuradunak ordaintzeko falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak (osorik edo zati bat) eta diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrera dagozkion legezko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra daukala, bidezko beste zenbait ekintza bazter utzi gabe. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusia Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen araubidea.

20. artikulua.– Itzultzeko prozedura.

Hau izango da, ezar daitezkeen arauak bete ezean, emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura:

a) Osalaneko zuzendari nagusiak prozedura hasi dela eta horren zergatia adieraziko dio laguntzaren erakunde onuradunari, eta 15 egun naturaleko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.

b) Alegazioak jaso edota alegaziorik aurkeztu gabe epea pasatu eta gero, Osalaneko zuzendari nagusiak itzulera-prozedura amaitutzat emango du, eta, aplikagarri den araudia urratu dela iritzi badio, ebazpena emango du, kasua bada, dagozkion zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra deklaratzeko. Dirua itzultzeko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpenaren jakinarazpenetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

c) Dirua borondatezko aldian itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, behartzeko bideari ekin diezaion, aplikatu beharreko araudian ezartzen denaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan esanbidez aurreikusi ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan bildutako xedapenak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.

Ebazpen honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, hortaz, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Administrazioarekiko Auzien Bilboko Epaitegian, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean hasiko da epea. Horrela dago ezarrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3. eta 46. artikuluetan.

Barakaldo, 2017ko apirilaren 11.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

ALBERTO ALONSO MARTÍN.

I. ERANSKINA
ESKABIDE ELEKTRONIKOAN DAUDEN ASKOTARIKO PROZEDURETAN AGERI DIREN DATUEI BURUZKO INFORMAZIOA

Informazioa ematea da eranskin honen helburua; hots, laguntzaren eskabide elektronikoan dauden egituraren eta edukiaren berri ematea erakunde interesdunei.

Eskabidea bitarteko elektronikoz egingo da, Euskadi.net egoitza elektronikoan.

https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2017/prestakuntza-oinarrizkoa-po/y22-izapide/eu

Prozedura hauek jasotzen ditu eskabide elektronikoari buruzko informazioak:

1.– Prebentzio-ordezkariek oinarrizko prestakuntza jasotzeko baimen-eskaera, 2017koa (1015502 erreferentzia-zenbakia) https://www.euskadi.eus/baimena/oinarrizko-prestakuntza-po/y22-izapide/eu

Atal hauek jasotzen ditu eskabide honek:

a) Oinarrizko datuak: eskatzailearen datuak (erakundearenak edo erakundearen ordezkariarenak), erakundearen edo pertsona eskatzailearen datu fiskalak dituen lurraldea/probintzia, jakinarazpen- eta komunikazio-bide elektronikoa, ohartarazpenak jasotzeko datuak eta jakinarazpenen, komunikazioen eta ohartarazpenen hizkuntza (euskara-gaztelania) adierazi beharko dira bertan.

b) Baimena. Atal honetan, eskaera mota aukeratzen da:

● Baimena berritzea. Baimena 2016an emateko baldintzak betetzen diren ala ez adierazi behar da. Baldintzak aldatu badira, aldaketak zehaztu, bitartekoei eta irakasleei dagokienez. Era berean, erantzukizun-adierazpen guztiak markatu behar dira. Aldaketak justifikatzeko, oinarrietan eskatzen diren dokumentuak eta eskatzaileak egokitzat jotzen dituen dokumentuak erantsiko dira, formatu elektronikoan.

● Lehenbiziko baimena. Baimena lehenengoz eskatzen duten erakundeek bete behar dute. Eskura dauden bitartekoak eta prestakuntza emango duten irakasleak adieraziko dira. Erantzukizun-adierazpen guztiak markatuko dira, eta oinarrietan eskatzen diren dokumentuak erantsiko dira, formatu elektronikoan.

c) Azkenik, erakunde edo pertsona eskatzaileak elektronikoki sinatuko du, eta eskabidea bidali. Eskabidea aurkeztu duela dioen erregistro telematikoa jasoko du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak elektronikoki sinatu duena.

Erregistro-dokumentuan, erregistroaren datuak (erregistro-zenbakia, erregistro-data eta berori aurkeztu den eguna), eskatzaile interesdunaren datuak, helmuga, gaia eta erantsitako dokumentuen zerrenda jasotzen dira.

2.– 2017rako programatu diren prestakuntza-ekintzen komunikazioa (1042404 erreferentzia-zenbakia) https://www.euskadi.eus/komunikazioa/oinarrizko-prestakuntza-po/y22-izapide/eu

Atal hauek jasotzen ditu eskabide honek:

a) Oinarrizko datuak: eskatzailearen datuak (erakundearenak edo erakundearen ordezkariarenak), erakundearen edo eskatzailearen datu fiskalak dauden lurraldea/probintzia, jakinarazpen- eta komunikazio-bide elektronikoa, ohartarazpenak jasotzeko datuak eta jakinarazpenen, komunikazioen eta ohartarazpenen hizkuntza (euskara-gaztelania) adierazi beharko dira bertan.

b) Prestakuntza-ekintzaren datuak: egitea aurreikusi den prestakuntza-ekintzari dagozkion datuak beteko dira.

● Dagokion eremua: araudiaren ingurukoa edo teknikoa.

● Hasierako eta amaierako datak.

● Non emango den (helbidea).

● Irakasleei buruzko informazioa.

c) Erantzukizun-adierazpenak: erantzukizun-adierazpen guztiak markatu behar dira.

d) Dokumentazioa erantsi: Doc- 1-dok (III. eranskina) erantsi behar da, prestakuntza-ekintza egitea aurreikusi duten pertsonen datuekin beteta.

e) Azkenik, erakunde edo pertsona eskatzaileak elektronikoki sinatuko du, eta eskabidea bidali. Eskabidea aurkeztu duela dioen erregistro telematikoa jasoko du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak elektronikoki sinatu duena.

Erregistro-dokumentuan, erregistroaren datuak (erregistro-zenbakia, erregistro-data eta berori aurkeztu den eguna), eskatzaile interesdunaren datuak, helmuga, gaia eta erantsitako dokumentuen zerrenda jasotzen dira.

3.– Laneko Arriskuen Prebentzioko ordezkarien prestakuntzarako diru-laguntzaren eskabidea, araudiari dagokiona, 2017 (1029802 erreferentzia-zenbakia) https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/araudiko-prestakuntza-po/y22-izapide/eu

Laneko Arriskuen Prebentzioko ordezkarien prestakuntzarako diru-laguntzaren eskabidea, alderdi teknikoari dagokiona, 2017 (1029902 erreferentzia-zenbakia) https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/prestakuntza-teknikoa-po/y22-izapide/eu

Eskabide horiek atal hauek jasotzen dituzte:

a) Oinarrizko datuak: eskatzailearen datuak (erakundearenak edo erakundearen ordezkariarenak), erakundearen edo eskatzailearen datu fiskalak dauden lurraldea/probintzia, jakinarazpen- eta komunikazio-bide elektronikoa, ohartarazpenak jasotzeko datuak eta jakinarazpenen, komunikazioen eta ohartarazpenen hizkuntza (euskara-gaztelania) adierazi beharko dira bertan.

b) Erantzukizun-adierazpenak: gai hauei buruzko erantzukizun-adierazpenak markatu behar dira:

● xede edo helburu bera duen laguntzarik edo diru-laguntzarik jasotzen ez egotea

● diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten duen zigorrik jaso ez izana

● laguntza publikoak jasotzea galarazten duen legezko debekurik ez edukitzea (berariaz aipatzen dira sexu-bazterkeriagatik eragindakoak)

● azken bost urteetan segurtasun- eta osasun-arloan arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik zigorrik jaso ez izana

● Laneko Arriskuen Prebentziorako Legean jasotzen diren betebeharrak egunean edukitzea, prebentzio-antolakuntzaren ereduari, arriskuen ebaluazioari, prebentzio-jardueraren antolakuntzari eta prebentzio-sistemaren auditoriari (hala badagokio) dagokienez

● betekizunak betetzea eta datuak egiazkoak izatea.

c) Dokumentazioa eranstea. Dokumentu hauek erantsi behar dira:

● Diru-laguntza zein ikastarorako eskatzen den (ikastaroaren datuak): III. eranskina. Prestakuntza-ekintza amaitu duten pertsonen datu guztiak, ikastaroaren tokia eta data eta irakasleen datuak.

● Prestakuntzara joan izanaren egiaztagiria. Prestakuntza-ekintzako asistentzia-kontrolaren orrien kopia, bertaratu direnek II. eranskineko ereduaren arabera sinatutako orriena.

d) Berariazko kontrakotasuna (39/2015 Legea, 28. artikulua) Pertsona/erakunde eskatzaileak lauki hau markatu beharko du, instrukzio-organoak datuak (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzari dagozkionak egunean edukitzeari buruzkoak) jasotzearekin ados egon ezean. Aurka egonez gero, dokumentuen bidez justifikatu beharko dira alderdi horiek (horretarako, «dokumentuak erantsi» botoia erabil daiteke, atal honetan, espedienteari erantsi nahi zaizkion dokumentuen kopia eranstea ahalbidetzen baitu).

e) Azkenik, erakunde edo pertsona eskatzaileak elektronikoki sinatuko du, eta eskabidea bidali. Eskabidea aurkeztu duela dioen erregistro telematikoa jasoko du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak elektronikoki sinatu duena.

Erregistro-dokumentuan, erregistroaren datuak (erregistro-zenbakia, erregistro-data eta berori aurkeztu den eguna), eskatzaile interesdunaren datuak, helmuga, gaia eta erantsitako dokumentuen zerrenda jasotzen dira.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala