Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2017ko maiatzaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2221

2017ko otsailaren 28ko 1/2017 FORU DEKRETU-ARAUA, zoru klausulen aplikazioagatik ordaindutako kopuruen itzulketak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan izango duen tratamendua ezartzen duena.

Auzitegi Gorenaren 2013ko maiatzaren 9ko Epaiak deusezak deklaratu zituen zoru klausulak, abusuzkoak izateagatik. Hala ere, epaiak denboran mugatu zuen deuseztasun deklarazio horren atzeraeragina, hura ez baitzen aplikagarria ez gauza epaitu gisa emandako ebazpen judizialek behin betiko erabakitako egoeretan ez 2013ko maiatzaren 9a baino lehen ordaindutako zenbatekoetan (sententzia data horretan eman zen).

2015eko martxoaren 25eko epaian, atzeraeragingarritasun horren muga tenporala berretsi zuen Auzitegi Gorenak. Finkatu duen doktrinaren arabera, 2013ko epaiak dioena aplikatzean zoru klausula bat abusuzko klausulatzat hartzen bada, 2013ko epaiaren argitaratze datatik aurrera egingo zaio itzulketa mailegu-hartzaileari.

Hala ere, Espainiako hainbat auzitegik arazo prejudizialak planteatu zituzten Europar Batasuneko Justizia Auzitegian eta, Europar Batasunaren Zuzenbidea oinarri hartuta, haietan zalantzan jarri zuten Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia.

2016ko abenduaren 21ean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak sententzia eman du C-154/15, C-307/15 eta C-308/15 gai metatuetan, eta haren bidez arazo prejudizial horiek erantzuna izan dute. Epai horretan, Justizia Auzitegiak erabaki du ezen Europako Kontseiluaren 93/13/EEE Zuzentarauak, kontsumitzaileekin egindako kontratuetako abusuzko klausulei buruzkoak, 6. artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoa jurisprudentzia nazionalaren aurkako zentzuan interpretatu behar dela, jurisprudentzia horrek denboran mugatzen dituelako aipatutako klausulak abusuzkoak deklaratzeagatik egin behar diren diru itzulketen ondorioak.

Zoru klausulengatik ordaindutako kopuruak itzultzeko eskaerak kopuruz handiak izan daitezkeelakoan, Estatuko Gobernuak onartu du urtarrilaren 20ko 1/2017 Errege Lege-Dekretua, kontsumitzaileak zoru klausulei dagokienez babesteko presako neurriei buruzkoa. Errege Lege-Dekretu horrek, kontsumitzailea eta kreditu entitatea ados jartzeko eta kontsumitzaileari kopuruak itzultzeko bide bat ezartzeaz gainera, arautzen du zer tratamendu fiskal izango duten itzulketa horien ondorioz jasotzen diren kopuruek.

Foru dekretu-arau honen xedea da, hain zuzen ere, lurralde historiko honetako foru erakundeen esparruan arautzea zer tratamendu fiskal emango zaien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan maileguen interes tasak mugatzeko klausulen itzulketagatik jasotzen diren kopuruei. Finantza entitateekin akordioetara iristeagatik edo sententzia judizialak edo arbitraje laudoak exekutatu edo betetzeagatik jaso daitezke kopuru horiek.

Hori guztia araututa uzteko, beste xedapen gehigarri bat sartzen da urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan.

Kontuan izanik neurri hau beste lurralde historiekin adostuta dagoela eta aplikagarri egon behar duela 2016ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga autolikidatzeko epearen hasieratik bertatik, aldaketa hau lehenbailehen sartu beharra dago Gipuzkoako zerga araudian.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen berezi horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horiek horrela, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatzea 2014ko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta preskribatuta ez dauden aurreko zergaldietan ere aplikatzeko, beste xedapen gehigarri bat, hogeita hamabosgarrena, sartzen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, honela dioena:

«Hogeita hamabosgarrena. Maileguen interes tasak mugatzeko klausulen itzulketagatik jasotako kopuruen tratamendu fiskala, kopuru horiek finantza entitateekin hitzartutako akordioetatik edo sententziak edo arbitraje laudoak betetzetik datozenean.

1.– Ez da integratuko zerga honen zerga oinarrian maileguen interes tasak mugatzeko klausulen aplikazioagatik finantza entitateei interesen kontzeptupean aurrez ordaindutako kopuruen itzulketa, ezta kalte-ordain gisa dagozkien interesena ere, itzulketa hori finantza entitateekin hitzartutako akordioetatik datorrenean, eskudirutan egin edo bestelako konpentsazio neurrien bidez egin.

2.– Aurreko 1. apartatuan aurreikusitako itzulketa jasotzen duen zergadunak aurrez ordaindutako kopuruek zerga tratamendu hau izango dute:

a) Aurreko ekitaldietan kopuru horiek sartu badira ohiko etxebizitza erosteagatik aplikatutako kenkariaren oinarrian, galdu egingo da haiengatik kenkaria egiteko eskubidea, eta finantza entitatearekiko akordioa hitzartu den zergaldiko kuota likidoari zenbateko hauek bakarrik gehitu beharko zaizkio: zerga administrazioak zor tributarioa bidezko likidazioaren bitartez zehazteko duen eskubidea preskribatu ez den ekitaldietan bidegabe kendutako zenbatekoak, berandutze interesik aplikatu gabe.

Aurreko paragrafoan aipatutako zenbatekoak ez zaizkio gehitu beharko kuota likidoari, baldin eta finantza entitateak, ukitutako zergadunarekin hala adostuta, zuzenean erabiltzen baditu zenbateko horiek ohiko etxebizitzaren erosketa finantzatu duen maileguaren tronkoa murrizteko.

b) Kopuru horiek gastu kengarritzat hartu badira aurreko ekitaldietan, eta ekitaldi horiei dagokienez ez bada preskribatu zerga administrazioak zor tributarioa bidezko likidazioaren bidez zehazteko duen eskubidea, gastu kengarriak izateari utziko diote, eta ekitaldi horiengatik autolikidazio osagarria egin beharko da finantza entitatearekin hitzartutako akordioaren egunetik zerga hau autolikidatzeko hurrengo epea amaitu bitartean, zehapenik, berandutze interesik eta errekargurik gabe.

c) Zergadunak kopuru horiek ordaindu dituen ekitaldietan zerga honen autolikidazioa aurkezteko epea ez bada amaitu kopuru horiek itzultzeko akordioa finantza entitatearekin hitzartu baino lehen, ez kopuru horiek eta ez aurreko a) letrako bigarren paragrafoan aipatutakoak ez dira sartuko ohiko etxebizitzaren erosketagatik aplikatzen den kenkariaren oinarrian, eta ez dira hartuko gastu kengarritzat.

3.– Aurreko apartatuetan xedatutakoa berdin aplikatuko da aurreko 1. apartatuan aipatzen diren kopuruen itzulketa sententzia judizialak edo arbitraje laudoak exekutatu edo betetzearen ondorio denean.»

AZKEN XEDAPENA

Indarrean jartzea.– Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotzen diren ondorioak eragotzi gabe.

Donostia, 2017ko otsailaren 28a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza departamentuko foru diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala