82. zk., 2017ko maiatzaren 3a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (355 KB - 31 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2177
144/2017 DEKRETUA, apirilaren 25ekoa, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoarena.
Dekretu honen bidez onartu nahi da Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen erregelamendu exekutiboa, kontuan hartuta, lortu nahi den helburu orokorra deskribatu ostean, helburu partzial hauek ere izango dutela erantzuna: legearen xedapen orokorrak garatzea, legean bertan xedatutako prozesuek behar dituzten prozedura-arauei dagokienez; aholkularitza juridikoaren eginkizuna eta auzitan jardutekoa garatzea, eginkizun horiek eraginkor eta zuzen gauzatzeko; koordinazio juridikorako organo komun baten sorrera eta erregulazioa; zerbitzu juridiko nagusiaren antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamendua eratzen duten arauak, eta, horiekin batera, Eusko Jaurlaritzan, zuzenbideko funtzionario adituen kidegoaren barruan, abokatuen espezialitate berri bat sortzeko eta eraginkortasunez ezartzeko arauak.
Garatu eta aplikatu nahi den legetik bertatik sortu dira dekretu honen euskarri diren oinarriak, Autonomia Estatutuaren 10.2 artikuluak ematen duen eskumen-euskarritik hasita, han baitago xedatuta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela autogobernu-erakundeen antolamendu-, araubide- eta funtzionamendu-arauak onartzeko. Euskarri hori osatzeko, 7/2016 Legearen arauak daude, eta, jakina, antolamendu juridikoan sartu berri izan diren arauzko edukiak lotzen zaizkie horien mezuei.
Dekretu honen iturburu diren printzipioak legeak berak adierazitakoetara daude mugatuta; izan ere, bertan dago adierazita zer-nolako eredua izan behar duen laguntza juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta Instituzionalean, ezaugarri hauek barne: zerbitzu juridiko zentral eta espezializatu bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako eta erakunde instituzionaletako zerbitzu edo aholkularitza juridikoekin koordinaturik, eta banaketa funtzionala izanik. Koordinazio hori are indar handiagoaz ezarriko da legeak aurreikusitako topagune-organo berria izan behar duen koordinazio juridikoaren batzordea sortu eta lanean hasten denean, bertan egongo baitira aholkularitza juridikoaren jarduera gehienen ardura duten sailen ordezkariak.
Arautzen diren gai garrantzitsuenen artean, Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagozkionak dira nabarmendu beharrekoak, haren jarduna areagotu ahal izango baita hirugarren subjektu publikoekiko lankidetza-araubide bat ezarrita, zeinaren bidez euren laguntza juridikoa bere gain hartu ahal izango duen. Zehaztuko da noiz komeni den zerbitzu nagusi horrek bere txosten juridikoen bidez indartzea Gobernu Kontseilura igorri behar diren ekintzak; halaber zehaztuko dira auzietan jarduteak dakartzan xehetasunak, eginkizun konplexua baita eta prozesu askotan eragiten baitu.
Horretaz gain, bi erabaki hauek indargabetzen dira, euren edukia aldatuko baita: Gobernu Kontseiluak 1995eko ekainaren 13an hartutako erabakia, Araubide Juridiko eta Autonomia Garapenerako Idazkaritza Nagusiak legezkotasun-kontrola ematea nahitaezkoa izango duten xedapen eta ekimenei buruzkoa; eta Gobernu Kontseiluak 1996ko urtarrilaren 9an hartutako erabakia, Gobernu Kontseiluak baimendu behar dituen hitzarmenak zehazten dituzten arauei buruzkoa eta hitzarmenak negoziatzea, izapidetzea, sinatzea, argitaratzea eta haien jarraipena egitea arautzen duena.
Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa ados egonda, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 25eko bilkuran eztabaidatu eta onarturik, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
LAGUNTZA JURIDIKO PUBLIKOARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Dekretuaren xedea.
1.– Dekretu honen xedea da Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa antolatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako eta Instituzionalerako laguntza juridikoa arautzea, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legea garatzeko.
2.– Lege horren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren parte izango dira Zerbitzu Juridiko Nagusia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren sailetako eta erakunde instituzionaletako aholkularitzak.
2. artikulua.– Laguntza juridiko publikoaren eginkizunak.
1.– Dekretu honen ondorioetarako, laguntza juridiko publikoaren eginkizun nagusiaren barruan, batera zein banaka, honako eginkizun hauek izango dira:
a) Aholkularitza juridikoaren eginkizuna, kontsulta-eginkizuna deritzona.
b) Epaiketetan ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizuna, auzietan jarduteko eginkizuna deritzona.
2.– Aholkularitza juridikoaren eginkizunaren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko goi-mailako teknikarien kidegoko edo A-2ko Zuzenbideko lizentziadunen berezko edozein eginkizun eta lan egon daiteke; hala nola txosten juridikoak egitea, xedapen orokorretarako proposamenak edo aurreproiektuak prestatu edo egitea, zenbait motatako administrazio-ebazpenak ematea, edo administrazio-espedienteak prestatu edo kudeatzea, betiere osagai nagusitzat hartuta Administrazio publikoen araubide juridikoaren aplikazioa.
3. artikulua.– Laguntza juridiko publikoa emateko eremuak.
Dekretu honetako laguntza juridiko publikoa eremu hauetan emango da:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eremua, Administrazio Orokorraren sail eta erakundeei dagokienez.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionalaren eremua, laguntza juridikoaren barneko eginkizunak hornitzeko erabakimen osoa edo partziala eurentzat erreserbatuta ez duten organismo autonomoei eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoei dagokienez.
c) Beste eremu batzuk; Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 2.4 artikuluan beste aukera bat dago jasota Zerbitzu Juridiko Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio batzuen laguntza juridikoa ere bereganatzeko, eta, halaber, merkataritza-sozietateei, fundazio publikoei, partzuergoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetza duten gainerako erakundeei ere laguntza juridikoa emateko.
4. artikulua.– Hirugarrenentzako laguntza juridikoa bere gain hartzeko lankidetza-hitzarmenen araubidea.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 2.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak manu horrek berariaz adierazitako hirugarrenei eman diezaieke laguntza juridikoa; horretarako, lankidetza-hitzarmena egin beharko dute. Entitateek ez dute laguntza juridikoa izateko aukera izango baldin eta haietan partaidetza publikoa gehiengoa ez bada.
2.– Lankidetza-hitzarmenak juridiko-administratiboak izango dira, eta interpretatzean, aldatzean, ebaztean eta ondorioetan sor daitezkeen arazoak administrazioarekiko auzien jurisdikziokoak izango dira, konponbide estraprozesalak lortzeko baliabideak alde batera utzi gabe.
3.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak lankidetza-hitzarmenaren bidez bere gain hartzen dituen laguntza juridikoko eginkizunak baliatzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionalaren aholkularitza juridikorako eta epaiketetako ordezkaritzarako eta defentsarako ezarritako eskubideak, betebeharrak eta prerrogatibak izango dituzte Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek.
4.– Lankidetza-hitzarmenak izan beharko du zehaztuta, aurkako alderdi interesdunaren arabera, zein izango den laguntza juridikoaren truke ordaindu beharreko diru-konpentsazioa. Konpentsazio hori honelakoa izango da: urteko oroharreko prezioa, hiru epetan ordaintzekoa (lauhileko bakoitza amaituta); hitzarmena sinatzen duen administrazioak edo erakundeak ordainduko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian; zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko da zenbat gai hartu diren eta nolako garrantzia izan duten, eta eguneratu egingo da harremanak indarrean dirauen ekitaldi guztietan, kontsumoko prezioen indizearen igoeren arabera.
5.– Lankidetza-hitzarmenean jasotzen bada epaiketetako ordezkaritza eta defentsa bere gain hartzea, hitzarmenean bertan adierazi beharko da hitzarmeneko administrazioak edo erakundeak ordainduko dituela kostu eta gastu prozesalak, kontrako alderdiari eragindakoak barne (baldin eta kostuak ordaintzera kondenatzen badute), eta bere izenean sartuko dituela kontrako alderdia kondenatzearen ondoriozkoak.
6.– Lankidetza-hitzarmenean, kontuan hartuko da ez dela laguntza juridikorik emango baldin eta hitzarmena duen edo hitzarmena egin nahi duen erakundearen edo administrazioaren interesak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo Instituzionalaren interesak aurkakoak badira; halakorik izanez gero, bete egin beharko da Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 8. artikuluan xedatutakoa, baita dekretu honetan hura garatzeko xedatutakoa ere.
5. artikulua.– Laguntza juridiko publikoa emateko organoak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokio, goi-mailako zuzendaritza-zentroa den heinean, lege horretan aurreikusitako laguntza juridikoa emateko eginkizunak eta dekretu honetan zehaztutakoak betetzea, honako irizpide hauen arabera:
a) Nagusitasunaren irizpidea; horren arabera, kontsulta-eginkizuna Zerbitzu Juridiko Nagusiarena da dekretu honetan esleitzen zaizkion jarduketetarako, hartara eragotzi gabe legeek Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari erreserbatzen dizkiotenak.
b) Espezialitatearen irizpidea; horren arabera, Zerbitzu Juridiko Nagusiari erreserbatuko zaio, lehentasunez eta berari baino ez, auzietan jarduteko eginkizuna Administrazio Orokorraren organoen jarduketetarako, eta, sortze-arauetan eurentzat erreserbatu ez badituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionalaren jarduketetarako, eta, kasu batean zein bestean, Eusko Jaurlaritzak berak beste zerbitzu juridiko batzuk berariaz eskuordetzea edo gaitzea eragotzi gabe.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko edo Instituzionaleko sektore-eremu bakoitzean, laguntza juridiko publikoa emateko ardura duten gainerako organoak hala daude identifikatuta, eta eginkizun hori eman zaie sailen eta erakunde instituzionalen egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuen bidez.
Horrekin bat, xede horretarako egoki iritzitako administrazio-unitateak ere egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail bakoitzean eta sortze- edo antolamendu-arauetan zerbitzu juridikoak xedatu dituen Administrazio Instituzionaleko organismo bakoitzean.
3.– Dekretu honek laguntza juridikoaren eginkizunak Zerbitzu Juridiko Nagusiari egozten dizkion arren, ez da modu baztertzaile batean ulertuko; izan ere, beharrezkoa bada, eta dekretu honek xedatutako baldintzetan, modu osagarri batean, edo eginkizunak indartzeko edo biziagotzeko, bateratu ahal izango dira eginkizun horiek eta sailetako edo erakundeetako aholkularitza juridikoak, eta aholkularitza horiek gaitu daitezke, guztiz edo partez, edo eskuordetu, zehazten diren eginkizun eta atazetarako.
4.– Manu honetan xedatutakoa gorabehera, ez da eragotziko kontratazio publikoaren bitartez laguntza juridikoa emateko ahalmena, kanpoko profesionalen gomendio utzi baitaiteke, dekretu honetan xedatutakoarekin bat.
6. artikulua.– Aholkularitza juridikoa eta epaiketetako ordezkaritza eta defentsa kanpoko profesionalen gomendio uztea.
1.– Dekretu hau bete behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeek aholkularitza juridikoa eta epaiketetako ordezkaritza eta defentsa beren-beregi izendatutako abokatu elkargokideren edo prokuradoreren baten gomendio uztean, gomendioan uzteko kontratuetako baldintzetan; era berean, zerbitzu-kontratuak diren aldetik, kontratu publikoei buruzko legeen xedapenak ere beteko dira.
2.– Lege horren arabera, auzietan jarduteko eginkizuna kanpoko profesionalen gomendio uzteko, dekretu honetan garatutako eskakizunak betetzeaz gain, aldez aurretiko azalpen bat utzi behar da jasota gomendioan uzteko arrazoiei eta gorabeherei buruzko txosten berezi batean, eta jakinarazi eta inskribatu behar da Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren erregistro ofizialean.
II. KAPITULUA
TXOSTENEN BIDEZKO AHOLKULARITZA JURIDIKOAREN EGINKIZUNA
7. artikulua.– Txostenen bidezko aholkularitza juridikoaren eginkizunaren formalizazioa eta izaera.
1.– Kontsulta bat formalizatu aurretik aholkularitza informala eman badaiteke ere, txostenen bidezko aholkularitza juridikoa baliabide hauen bidez zehaztu eta formalizatuko da:
a) Txosten juridikoak, sailetako edo erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoek eginak, nahitaezkoak izan zein ez, organo horiek egindako kontsulta zehatzei erantzuteko eman direnak.
b) Nahitaezko ez diren legezko iritziak, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari egindako kontsulta juridikoei erantzuteko emandakoak.
c) Legezkotasunari buruzko txostenak, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak nahitaez eginak, dekretu honetan garatutakoarekin bat.
d) Prozedurei buruzko txostenak, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak eginak, legez ebazpen-proposamenekin batera egon behar dutenak, ekintza judizialak egikaritzeko, kaltegarritasun-deklarazioaren espedienteetarako, atzera egiteko, amore emateko edo transakzio judizialak egiteko.
2.– Legearen arabera, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek eta sailetako edo erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoek egindako txostenak eta legezko irizpenak izaera juridikokoak baino ez dira, eta zuzenbidean oinarritzen dira soilik, eta haietatik kanpo gelditzen dira zuzenbidean oinarritu gabeko egokiera-balorazioak, nahiz eta, beharrezko iritziz gero, aholkuak eman edo ohartarazpenak egin ahal izango diren kontsultaren edozein alderdiren gainean.
3.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek eta sailetako edo erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoek egindako txostenak eta legezko iritziak ez dira lotesleak, salbu eta legezko xedapenen batean berariaz kontrakoa adierazten bada; nolanahi ere, haietatik aldentzen diren administrazio-egintzak eta -ebazpenak egokiro arrazoitu behar dira.
8. artikulua.– Sailen txosten juridikoak eta nahitaezko ez diren legezko iritziak, kontsulta juridikoei erantzuteko emanak.
1.– Sailetako edo erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoei dagokie zuzenbide-arloko aholkularitza ematea, bakoitzak bere jardun-eremuan, eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari esleitutako eginkizunak eragotzi gabe.
2.– Hala ere, legezkotasunari buruzko txostena nahitaezkoa ez denean ere, gobernuak, Administrazio Instituzionaleko sailetako eta organismoetako titularrek, sailburuek eta zuzendariek, eta organismo publikoen gobernu-organoen titularrek kontsultak egin ahal izango dizkiote Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari, beren eskumeneko gaiei buruzko edozein zalantza juridiko argitzeko.
3.– Horrela, bada, kontsulta edo eskaera horiei kontsulta edo eskaera egiten duen saileko edo organismoko aholkularitza juridikoaren txostena erantsi beharko zaie. Txostenean, hau adieraziko da:
a) Gaiaren egitateak edo oinarri faktikoak deskribatuko dira behar bezain zehatz, baita hasiera batean aplikagarritzat jotzen den eremu juridikoa eta garrantzitsutzat jotzen diren aurrekari administratibo eta jurisprudentzialak ere.
b) Kontsulta zehaztuko da, deskribatutako egitateak eta aurrekariak oinarritzat hartuta, eta adieraziko da, arrazoiak emanda, zein diren aholkularitza behar duten puntuak.
c) Justifikatu beharko da komeni dela Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren aholkua eskatzea.
9. artikulua.– Legezkotasunari buruzko txostenak.
Dekretu honen ondorioetarako, legezkotasun-txostentzat hartuko dira nahitaezko txosten juridikoak, nahitaezkotasun hori arauren batek xedatu badu, eta dekretu honek Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari esleitzen badizkio txostenok.
10. artikulua.– Sailen txosten juridikoak egitea xedapen orokorrak egiteko prozeduraren barruan.
1.– Prozedura bideratu duen saileko aholkularitza juridikoak edo zerbitzu juridikoak egingo du Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 7.3 artikuluan adierazitako nahitaezko txosten juridikoa.
2.– Oinarri juridikoak ematea da txosten horren xedea da, aldez aurretik onartutako ekimenak euskarria izan dezan. Horretarako, ekimenaren alderdi hauek aztertu beharko dira: arauaren oinarri objektiboa, edukiaren legearekiko eta zuzenbidearekiko egokitasuna, eta araugintza-teknikaren jarraibideekin bat etortzea.
11. artikulua.– Legezkotasunari buruzko txostenak egitea xedapen orokorrak egiteko prozeduraren barruan.
1.– Xedapen orokorretako proiektuetan, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena behar ez denean, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokio nahitaezko legezkotasun-txostenak egitea, xedapen horiek gauzatzeko prozeduraren barruan.
2.– Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokio dekretu-proiektuetarako legezkotasun-txostenak egitea, gai hauei buruzkoak badira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailen, haren organismo autonomoen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen egitura eta antolamendua.
b) Ekonomia- eta finantza-programak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako laguntzarik edo diru-laguntzarik ezarriz gero.
c) Estatutik Euskal Autonomia Erkidegora eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzko erabakiak, baita azken horren eta lurralde historikoen arteko eskualdaketei buruzkoak ere.
d) Kide anitzeko organoak sortzea, organook gizarte-interesak ordezkatzen badituzte edo beste administrazio publiko batzuen ordezkariak badauzkate, eta euren antolamendu- eta funtzionamendu-arauak ezartzea.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa partaide duten enpresa publikoak, partzuergoak, fundazioak eta gainerako erakunde publikoak sortzea eta azkentzea, eta partaidetza hori eskuratzea eta galtzea. Kasu horietarako txostenean, erakundeari dagokion ekintza ere aztertu beharko da oro har, eta, bereziki, bakoitzaren estatutuen proiektua edo haietan izango den eragina.
3.– Legezkotasun-txostena nahitaezko duten prozeduretan, txosten hori eskatu aurretik, gainerako irizpenak eta txostenak lortu behar dira, Kontrol Ekonomikoko Bulegoarena izan ezik. Ekimenaren espediente osoa bidali behar da eskaerarekin batera, eta, espedientean, puntu hauek jasotzen dituen laburpen-memoria bat izango da:
a) Txostenaren xede izan den ekimenaren behin betiko testua, sailaren txosten juridikoarekin batera.
b) Arau- eta jurisprudentzia-aurrekariak, ekimenaren sustatzaileak aztertutakoak edo kontuan hartutakoak.
c) Legezko xedapenek nahitaezkotzat hartutako txostenak, kide anitzeko organoek, edo interes orokorra ordezkatzen edo defendatzen duten erakundeek, edo beste administrazio publiko batzuek eginak.
d) Egindako kontsultak eta gainerako datu interesgarriak, txostenaren xede den testua egiteko prozesuaren berri izateko.
e) Gai berari buruzko aurretiko indarraldien eta xedapenen taula, berariaz jasota zer indargabetuko den guztiz edo partez.
12. artikulua.– Sailen beste txosten juridiko batzuk behar dituzten gaiak.
Kontsultarako eskaera zehatzik egiten ez bada, sailaren txosten juridikoa baino ez dute behar izango eta legezkotasun-txostenetik salbuetsi ahal izango dira gai hauei buruzko proiektuak edo proposamenak:
a) Erakunde, organo eta kudeaketa-erakundeetako karguak eta kideak izendatzea eta kargutik kentzea, pertsonifikazio publikoko zein pribatuko erakundeak izan.
b) Enplegu publikoaren eskaintzak eta lanpostuen zerrendak formalizatzea edo onartzea, arauzko xedapen orokorrik ez badute.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko lan-egutegia onartzea.
d) Ikastetxe publikoak edo pribatuak sortzea, kentzea, irekitzea eta euren funtzionamendua ezartzea, baita unibertsitate-fakultateak eta -eskolak sortzea eta kentzea ere.
e) Tituluak lortzera bideratutako irakaskuntzen ezarpena baimentzea.
f) Grebetarako gutxieneko zerbitzuak ezartzea.
g) Prezio publikoak ezartzea.
h) Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak gobernuari esleitzen dizkion erabakiak eta baimenak formalizatzea.
i) Eduki arauemailea duten eta Eusko Jaurlaritzak onartutako indarreko dekretu baten garapenean edo aplikazioan ematen diren agindu-proiektuak.
j) Laguntzak edo diru-laguntzak baino arautzen ez dituzten agindu-proiektuak.
k) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako postuak hornitzeko hautaketa-prozesuetarako eta lehiaketetarako deialdiak onartzen dituzten agindu-proiektuak.
13. artikulua.– Legezkotasunari buruzko txostenak egitea Eusko Jaurlaritzak izenpetutako hitzarmenak edo erabakiak onartzeko prozeduren barruan.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokio nahitaezko legezkotasun-txostena egitea hitzarmen-proiektuak direnean, diru-laguntzetakoak barne, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek edo erakunde instituzionalek izenpetu behar badituzte beste hauekin:
a) Estatuaren organo konstituzionalak.
b) Beste administrazio publiko batzuk eta horiei lotuta edo horien mende dauden zuzenbide publikoko erakundeak.
c) Europar Batasuneko erakundeak, Europako Kontseilua, horien antzeko eskualdearteko eta nazioarteko erakundeak, eta Nazioarteko Zuzenbide Publikoko gainerako subjektuak, baita estatuz azpiko beste erakunde batzuk edo berezko nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko beste batzuk ere, subjektu horiei lotutakoak edo haien mendekoak.
2.– Edonola ere, sinatu aurretik, Zerbitzu Juridiko Nagusiaren legezkotasun-txostena nahitaezkoa izango da Eusko Jaurlaritzak onartu behar dituen eta eduki arauemailerik ez duten erabakiak, elkar ulertzeko memorandumak edo protokolo orokorrak direnean edo Eusko Jaurlaritzak berretsi edo haien berri izateko jaso behar dituenak direnean.
3.– Legezkotasun-txostena nahitaezko duten prozeduretan, txosten hori eskatu aurretik, gainerako irizpenak eta txostenak lortu behar dira, Kontrol Ekonomikoko Bulegoarena izan ezik. Ekimenaren espediente osoa bidali behar da eskaerarekin batera; espedientea, funtsean, puntu hauek jasotzen dituen laburpen-memoria bat izango da:
a) Txostenaren xede izan den ekimenaren behin betiko testua, sailaren txosten juridikoarekin batera.
b) Arau- eta jurisprudentzia-aurrekariak, ekimenaren sustatzaileak aztertutakoak edo kontuan hartutakoak.
c) Legezko xedapenek nahitaezkotzat hartutako txostenak, kide anitzeko organoek, interes orokorra ordezkatzen eta defendatzen duten erakundeek edo beste administrazio publiko batzuek eginak.
d) Egindako kontsultak eta gainerako datu interesgarriak, txostenaren xede den testua egiteko prozesuaren berri izateko.
4.– Zerbitzu Juridiko Nagusiak ez du legezkotasun-txostena nahitaez egin behar izango administrazioekiko edo erakunde publiko edo pribatuekiko hitzarmen-proiektuak direnean, baldin eta hitzarmen horren sorburua xedapen orokorren batean badago; izan ere, horretarako, xedapen orokorra egiteko hala behar denez, Zerbitzu Juridiko Nagusiak txostena egin edo Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak irizpena eman behar izan du.
5.– Halaber, txosten hori ez da nahitaezkoa izango gauzatu nahi den hitzarmena indarreko hitzarmenen erreprodukzio hutsa bada edo aldian-aldian eta behin eta berriro egiten bada –izan ere, halako kasuetan, Zerbitzu Juridiko Zentralak aurretik txostena egin behar izan du–, edo alderdi sinatzaileen pertsonen identitatea eguneratzeko aldaketak baino egiten ez badira, edo aurretik ezarritako epeak baino berritzen ez badira. Ondorio horietarako, lehenagoko hitzarmenetan kontsignatutako diru-kantitateak eguneratu edo aldatzen badira, aldaketa horrek ere ez du eragotziko salbuespen honen ezarpena; hala ere, hitzarmenak beti egon beharko du Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ekonomia- eta araudi-kontrolari loturik.
6.– Halaber, Zerbitzu Juridiko Nagusiaren legezkotasun-txostena ez da nahitaez egin beharko hauekin egiten diren hitzarmen-proiektuetan:
a) Partikularrak edo pertsonifikazio-modu pribatuan eratutako erakundeak, partaidetza publikoa duten merkataritza-sozietateak barne.
b) Unibertsitateak.
c) Erakustazokak eta oinarri pribatuko korporazio sektorialak, hala nola profesionalen elkargoak eta merkataritza-, industria- eta nabigazio-ganberak.
7.– Sail bakoitzeko edo organismo instituzional bakoitzeko aholkularitza juridikoen eskumena izango da behar den txosten juridikoa egitea, eta egiaztatzea aurreko zenbakian adierazitako hitzarmenak egokiak diren sektore publikoko kontratuen indarreko legeetan xedatutakoaren arabera.
14. artikulua.– Prozedurei buruzko txostenak egitea.
Norberaren egintzak kaltegarri deklaratzeko, ekintza judizialak egikaritzeko, atzera egiteko, amore emateko edo transakzio judizialak egiteko espedienteei buruzko ebazpen-proposamenekin batera, legean xedatutakoaren arabera, txosten juridikoa nahitaez egin behar bada, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokio horren prozedurari buruzko txostena egitea.
III. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ARTEKO ERREKERIMENDU-ESPEDIENTEETAKO AHOLKULARITZA JURIDIKOAREN EGINKIZUNA
15. artikulua.– Beste administrazio publiko batzuek administrazioarekiko auzibidera jo aurretik egindako errekerimenduak.
1.– Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duten legeetan xedatutakoarekin bat, administrazioarekiko auzibidera jo aurretik, beste edozein administrazio publikok Eusko Jaurlaritzako sailen bati errekerimenduren bat egiten badio sail horretako organoek beren eskumen-eremuko egintzaren, xedapenen edo jarduketa materialen bat egitearen ondorioz, edo Eusko Jaurlaritzaren egintzaren edo xedapenen baten ondorioz, errekerimendu hori Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari igorriko zaio 3 eguneko epean gehienez ere, sail interesdunaren edo eraginpekoaren aholkularitza juridikoarekin koordinaturik eman dakion errekerimenduari juridikoki behar den erantzuna.
2.– Errekerimenduari erantzuten dion ebazpen-proposamen hori, Gobernu Kontseiluaren egintza baten edo dekretu baten gaineko errekerimendu batekoa bada, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak jakinaraziko dio zerbitzu juridiko nagusi hori atxikita daukan gobernu-saileko titularrari, 15 eguneko epean, errekerimendua Eusko Jaurlaritzan erregistratzen denetik aurrera, Gobernu Kontseilura igortzeko, berak har dezan egindako errekerimenduaren gainean egokien iritzitako erabakia.
3.– Sailetako organoek beraiek erantzungo diote errekerimenduari baldin eta errekerimendu horren xedea organoon egintza edo xedapenen bat bada. Hala bada, saileko edo erakundeko aholkularitza juridikoak organo eskudunari igorriko dio Zerbitzu Juridiko Nagusiarekin koordinaturik errekerimenduari erantzuteko egin den proposamena.
16. artikulua.– Beste administrazio publiko batzuek konstituzio-bidera jo aurretik egindako errekerimenduak.
1.– Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, edozein administrazio publikok nahitaezko errekerimendua aurkeztu eta eskumen-gatazkarik azalarazten badu Gobernu Kontseiluaren xedapen, ebazpen edo egintzaren baten aurka, edo Eusko Jaurlaritzako sailen batek bere eskumen-eremuan emandako xedapen edo egintzaren baten aurka, errekerimendua Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari igorriko zaio 3 eguneko gehieneko epean, errekerimenduari erantzuteko behar den proposamena egin dezan, sail interesdunaren edo eraginpekoaren aholkularitza juridikoarekin koordinaturik, 15 eguneko epean, errekerimendua Eusko Jaurlaritzan erregistratzen denetik aurrera.
2.– Aurreko zenbakian aipatu eta errekerimenduari erantzuteko den proposamen hori Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak jakinaraziko dio atxikita dagoen gobernu-saileko titularrari, Gobernu Kontseilura helarazteko, berak har dezan egindako errekerimenduaren gainean egokien iritzitako erabakia.
17. artikulua.– Eusko Jaurlaritzak beste administrazio publiko batzuei egindako errekerimenduak.
1.– Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, eskumen-gatazkaren bat formalizatu nahi badu Estatuak berak edo beste edozein autonomia-erkidegok emandako xedapenen, ebazpenen edo egintzen aurka, Gobernu Kontseiluaren baimen-erabakia beharko du aurretiazko errekerimendua egiteko.
2.– Halaber, Eusko Jaurlaritzak, administrazioarekiko auzibidera jo aurretik, beste administrazio publikoen xedapenen, egintzen, jarduketen edo jardute-ezen aurkako errekerimenduak formulatzeko ere, Gobernu Kontseiluaren baimen-erabakia beharko du.
3.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokio, aurreko zenbaki bietan adierazitako kasuetarako, errekerimenduari erantzuteko proposamena egitea, gaiaren arabera ukitutako sailetako aholkularitza juridikoekin koordinaturik.
Kasu bietan, errekerimenduari erantzuteko proposamen horiek Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak jakinaraziko dizkio atxikitako gobernu-saileko titularrari, hilabeteko epean, auzi-egintza argitaratu edo jakiten denetik aurrera, eta Gobernu Kontseiluari helaraziko dio, berak har dezan egokien iritzitako erabakia.
18. artikulua.– Urgentzia-egoeretako errekerimenduak.
1.– Urgentzia-egoerarik badago, administrazioarekiko auzibidean errekerimenduren bat egiteko, edo errekerimenduari erantzuteko, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia atxikita daukan saileko titularren agindu arrazoitu baten bidez egin ahal izango da, haren ekimenez, edo organo edo agintaritza eskudunak eskatuta.
2.– Egoera horietan, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia atxikita daukan saileko titularrak emango dio Gobernu Kontseiluari agindu horren berri, eta jakinaraziko zaio zer idazkiren bidez sustatu den edo erantzuten zaion errekerimenduari, berretsi dezan.
IV. KAPITULUA
AUZIETAN JARDUTEKO EGINKIZUN PUBLIKOARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK
19. artikulua.– Auzietan jarduteko eginkizun publikoa esleitzeko arau orokor komunak.
1.– Legearen arabera, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusian diharduten abokatuei dagokie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra epaiketetan ordezkatzea eta defendatzea. Defentsa eta ordezkaritza horiek izaera instituzionala izango dute, ez, ordea, pertsonala; eta gai berean abokatu batek baino gehiagok hartu ahal izango du parte, gaikuntza berezirik eta ahalordetze-egintzarik egin beharrik gabe.
2.– Epaiketetan ordezkatzeko eta defendatzeko betebeharra ofizioz hartuko du bere gain Zerbitzu Juridiko Nagusiak, jurisdikzio-bideko erantzuna behar duen egitatezko eta zuzenbidezko egoeraren berri dakienean. Halaber, sailen batek eskatzen dionean ere hartuko du bere gain betebehar hori, modu arrazoitu batean eskatuz gero; horretarako, erlazio prozesala ezartzeko behar den dokumentazioa ere eman beharko du.
3.– Zerbitzu Juridiko Nagusiak abokatu parte-hartzailea izendatu, eta sailari jakinaraziko dio; hortik aurrera, abokatuen zuzendaritza tekniko eta profesionalari loturiko erlazioa izango da, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren kontrol eta gainbegiratze hierarkikoa izango duena.
20. artikulua.– Banakako barne-gaikuntzaren bidez jardutea.
1.– Beste funtzionario batzuei ere eslei dakizkieke kapitulu honetako jarduketak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko langile lan-kontratudunei ere, hobe bada espezialitatearen printzipioa betetzeko, eta berariaz zehaztutako egoeretan, dekretu honetan xedatutakoaren arabera.
2.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren organo arduradunaren berariazko ebazpen baten bidez eman daitezke barne-gaikuntzak; Euskal Autonomia Erkidegoko langileek, beren aldeko ebazpen hori izateko, gaitasuna izan behar dute ataza zehatz hori beren gain hartzeko, lanpostua eta sektore-eremuko jakintzan duten esperientzia kontuan hartuta. Gaikuntza egoera zehatzetarako izango da, eta hala zehaztuko da aurretik gaikuntza-ebazpenean; kasu bakarrerako ere izan daiteke, edo arazo juridiko bereko kasu-multzo baterako.
3.– Dagozkion jurisdikzio-prozesuak amaitutakoan edo irmo direnean amaituko da gaikuntza hori.
21. artikulua.– Barne-eskuordetzearen bidez jardutea.
1.– Aurreko artikuluan adierazitako egoeretan eta sail edo organismo interesdunak hala nahi izanez gero, aukera izango da gaikuntzen iraunaldia modu egonkorrago batean luzatzeko; Eusko Jaurlaritzak xedatuko du, dekretu bidez, epaiketetan ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizunak eskuordetu direla, eta adieraziko du zer zerbitzu juridiko aukeratu den eskuordetzeko.
2.– Eskuordetzeetan, egonkortasunaren eta jarraitutasunaren printzipioak beteko dira, eta ahaleginak egingo dira ekitaldi batean baino gehiagotan iraun dezaten, eskuordetze-dekretuan xedatzen denaren arabera.
3.– Eskuordetzeetan, ezarri ahal izango dira, batetik, kasuan kasuko sailaren edo erakundearen aholkularitza juridikoaren eskumenekoak izatera igaroko diren jarduketak Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiarekin koordinatzeko neurriak, eta, bestetik, Zerbitzu Juridiko Nagusiari dagokiola gainbegiratzeko eta kontrolatzeko gaitasuna, hain zuzen, auzietan jarduteko eginkizunean jardute homogeneo bat bermatzearren, eta interes-gatazkako egoerarik eta arriskurik ez izatearren.
22. artikulua.– Erregela prozesalak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo Instituzionalak Estatuak dauzkan espezialitate prozesal berberak izango ditu, dekretu honetako barne- edo kanpo-modalitateen arabera gaitutako profesionalen bidez edo zerbitzu juridiko publikoetako abokatuen bidez jarduten duenean epaiketetan.
2.– Auzietan jarduteko eginkizun publikoan, epaiketetan defendatzen jarduten dutenean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra edo Instituzionala ordezkatzen dutenean, abokatuen jarduketa instituzionala izango da, ez pertsonala; pertsona batek baino gehiagok har dezake parte gai berean, eta bata bestearen ondoren jardun, zerbitzu publikoaren beharren arabera; horretarako, ez da behar izango inolako gaikuntza berezirik, ezta ahalordetze-egintzarik ere; baina, behar den kargu publikoak ziurtagiria egin beharko du egiaztatzeko abokatu profesional hori Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusikoa dela edo hari atxikita dagoela, edo egiaztatu beharko du baduela berari lotzen dion titulu erlazionala, egotzitako eginkizun publiko horretan jardun ahal izateko.
3.– Dekretu honetan eta, bereziki, artikulu honetan xedatutako araubide bera dagokie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionaleko organismoak edo erakundeak epaiketetan ordezkatzeko eta defendatzeko ardura duten abokatuei, organismo edo erakunde horien sortze- edo antolamendu-arauetan laguntza juridiko publikoaren prestazioa beraiek ematea erreserbatuta badute.
23. artikulua.– Kostuak eta gastu prozesalak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak ezarriko du zer eredu eta irizpide ezar daitezkeen minutak eta kostuen tasazio-proposamenak egiteko, epaiketetako ordezkaritzaren eta defentsaren kontzeptuetarako.
2.– Irizpide horiek jendaurrean jarriko dira, eta, horietarako, oinarritzat hartuko dira kostuen tasazioen ondorioetarako erabiltzen diren abokatutzaren eta prokuradoretzaren lanbide-jarduneko zerbitzu-sariei buruzko gida-arauak.
3.– Aurkako auzilaria kondenatzen badute kostuak ordaintzera, Administrazio publikoaren sarrera-aurrekontuari gehituko zaizkio irabazi horiek. Horretarako, parte hartu duten abokatuek minutak edo proposamenak prestatuko dituzte, eta ordezkatu duten sailari igorri, kobratzeko kudeaketa egin dezan.
4.– Administrazio Orokorra kondenatzen badute kostuak ordaintzera, epaitza betearazteko eskumena duten eta epaitzaren eraginpean dauden sailek ordainduko dituzte galera horiek. Horretarako, jasotako minutak eta proposamenak sail ordezkatuari igorriko zaizkio, ordaintzeko kudeaketa egin dezan.
V. KAPITULUA
EPAIKETETAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAZ BESTEKO PERTSONA JURIDIKO BATZUK ORDEZKATZEA ETA DEFENDATZEA
24. artikulua.– Epaiketetan beste pertsona juridiko batzuk ordezkatzeko eta defendatzeko arau orokorrak.
1.– Epaiketetan Administrazio Orokorraz besteko pertsona juridiko batzuk ordezkatzeko eta defendatzeko, dekretu honetan xedatutakoak bete beharko dira, eta kontuan hartuko da eginkizun horiek artikula daitezkeela artikulu honetan azaltzen diren aukeretariko baten batetik abiatuta.
2.– Auzietan jarduteko eginkizun publikoa Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko edo hari loturiko erakunde instituzionaletarako betetzen denean –euren sortze- edo antolamendu-arauetan ezarrita dutelako epaiketetako ordezkaritza eta defentsa Eusko Jaurlaritzarren zerbitzu juridikoei igortzea–, arau hauek beteko dira:
a) Kasu horietan, erakunde instituzionalaren zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari helaraziko dio eskatzen duen abokatu-defentsaren eskabide arrazoitua, eta, horrekin batera, behar diren jarduketa prozesal guztietarako dokumentazioa.
b) Eskabidea jaso eta hiru eguneko epean, Zerbitzu Juridiko Nagusiak zuzendaritza eskatzaileari jakinaraziko dio kasua bere gain hartzen duen ala ez eta zer abokatu izendatu duen, eta, halaber, jakinarazpen horren berri emango dio erakunde instituzionalak harremanak bideratzeko darabilen Administrazio Orokorreko sailari, sail horrek jasotze-agiria egin eta eskatutako defentsarekin eta jarduketarekin ados dagoela adieraz dezan.
c) Zerbitzu Juridiko Nagusiak abokatu parte-hartzailea izendatu, eta ordezkatutako organismoari jakinaraziko dio; hortik aurrera, abokatuen zuzendaritza tekniko eta profesionalari loturiko erlazioa izango da, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren kontrol eta gainbegiratze hierarkikoa izango duena.
d) Organismo ordezkatuak nahi bestetan eska diezaioke informazioa Zerbitzu Juridiko Nagusiari, baina ez dio inolako agindurik edo enkargurik emango abokatu jarduleari.
3.– Auzietan jarduteko eginkizun publikoan, beste euskal administrazio publiko batzuk edo beste erakunde partaidetu batzuk ordezkatzen badira –dekretu honetan xedatu bezala, epaiketetako beraien ordezkaritza eta defentsa hartzeko lankidetza-hitzarmena izanik–, aplikatu beharrekoak izango dira artikulu honetako arauak, eta hitzarmenean bertan jasoko dira.
4.– Era berean, artikulu honetan adierazitako egoerei aplikatu ahal izango zaizkie dekretu honetan adierazitako arauak, arau prozesalei, prozesu-kostuen eta -gastuen kudeaketari eta Zerbitzu Juridiko Nagusiaren beraren bitartez zein gaitutako baliabideen bitartez auzi-eginkizunean jarduteko modalitateei buruzko arauak.
25. artikulua.– Interesen arteko aurkakotasuneko egoeretan abokatu-laguntza ukatzeko edo atzera botatzeko prozedura.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuen ordezkaritza eta defentsa, kapitulu honetan adierazitakoa, beti egongo da Eusko Jaurlaritzaren interes orokorren defentsarekiko bateragarritasunaren mende, edo interes horien eta legez edo hitzarmenez ordezkatu behar duten erakundearen interesen arteko bateragarritasunaren mende, eta ezin izango da eman, edo atzera bota beharko da, haien arteko interes-gatazkarik badago.
2.– Dekretu honen ondorioetarako, ulertuko da badagoela hasiera batean ukatzeko edo gerora atzera botatzeko interes-gatazka bat erakunde instituzionala epaiketetan ordezkatzeko eta defendatzeko, baldin eta, jarduketa horretan, defentsa-xedeak berekin badakar Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko edo Instituzionaleko organoak edo haien jarduketak gaitzestea, zehatzea, edo haien erruak edo gaitzespenak onartzea. Inguruabar horretan edo antzekoren batean, horrelako kontraesanik hautemanez gero parte-hartzaileen artean edo hirugarren interesdun onetsien artean, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren zuzendaritza-organoei jakinaraziko zaie, eta organo arduradun hierarkikoki gorenak eman beharko du kasuan kasuko erakunde instituzionala epaiketetan ordezkatzea eta defendatzea ukatzeko edo ezeztatzeko ebazpena.
3.– Ebazpenak eman aurretik, eraginpeko organoei entzungo zaie, kontraesan nabari eta ageriko erabakiak hartzen dituztenean, eta, halaber, gerora atzera egiten denean, abokatu parte-hartzailearen iritzia ere jaso beharko da.
4.– Erakunde instituzionalei epaiketetako abokatu-ordezkaritza eta -defentsa ukatzeko ebazpenen aurka ezin da errekurtsorik jarri; izan ere, kasu horietan, Zerbitzu Juridiko Nagusiarekin adostu beharko da zer beste abokatu ordezkari izendatu, betiere adostuta, eta aukeratu ahal izango dute erakunde instituzional berak duen aholkularitza juridikoko langileen artean, edo haren gainekoa den edo atxikita dauden sailekoen artean. Horretarako, berariazko barne-gaikuntza egin beharko zaio proposatutako enplegatu publikoari.
5.– Adostasunik ez badago, sailak berak edo erakunde instituzionaleko zuzendaritza-organoak berak erabaki dezake kanpoko kontratazioaz baliatzea, kasuan kasuko auzian bera ordezkatzeko eta defendatzeko abokatu profesionala kontratatzeko, eta horren berri eman beharko du hirugarrenen gomendioen erregistro ofizialean, dekretu honetan arautu den horretan.
VI. KAPITULUA
EPAIKETETAN AGINTARIAK ETA LANGILEAK ORDEZKATZEA ETA DEFENDATZEA
26. artikulua.– Epaiketetan agintariak eta langileak ordezkatzeko eta defendatzeko arau orokorrak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek ordezkatze- eta defentsa-zerbitzua eman diezaiekete Eusko Jaurlaritzako agintariei eta langileei, baita, halaber, legez edo hitzarmenez laguntza juridikoa eman behar dieten erakundeetako agintari eta langileei ere, betiere zuzenean beren eginkizun legitimoei lotutako egiteen edo ez-egiteen ondorioz euren aurka bideratutako prozedura judizialak badira.
2.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuen ordezkaritza eta defentsa, artikulu honetan adierazitakoa, beti egongo da Eusko Jaurlaritzaren interes orokorren defentsarekiko bateragarritasunaren mende, edo legez edo hitzarmenez ordezkatu behar duten erakundearen interesen arteko bateragarritasunaren mende, eta ezin izango da onartu haien arteko interes-gatazkarik badago.
3.– Artikulu honetan adierazitako ordezkaritza eta defentsa izateko, agintari edo langile interesdunak eskabide formala egin beharko du, eskaera eragin duten egitateen laburpena egingo du, eta haren gainekoa den organoari aurkeztuko dio. Eskabidearekin batera, aurreko zenbakietan azaldutako eskakizunak egiaztatzeko egoki iritzitako agiriak aurkeztuko dira.
4.– Aurreko zenbakietako eskakizunei loturiko egintzaren edo ez-egiteren baten ondoriozko atxiloketarik, espetxeratzerik edo kautelazko beste edozein neurririk badago, artikulu honetan aurreikusitako laguntza juridikoa zuzenean eska dakioke Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari. Eskaerak berehalako ondorioak izango ditu, baldin eta zerbitzu juridiko nagusi horren organo arduradun hierarkikoki goreneko titularrak, urgentziaz baloratuta, ez badu egokitzat jotzen bera ukatzea, interes-gatazkaren bat egoteagatik. Hala bada, ahalik eta lasterrena jakinarazi beharko du eskaera hori egin dela eta zer-nolako laguntza juridikoa eman zaion Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia atxikita daukan sailaren titularrari, artikulu honen ondorengo zenbakietan adierazitako ondorioetarako.
5.– Abokatu-laguntzaren eskaera jasotzen duen organoak Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari igorriko dio, proposamen arrazoitu batekin batera, eta bertan adieraziko du ea egintza edo ez-egite horiek interesdunaren eginkizunen jardun legitimoan gertatu diren, bai eta eskaera ukatzea komenigarri egiten duen interes-gatazkarik dagoen ere.
6.– Interesdunaren eskaera, dokumentazioa eta haren gainekoa den organoaren proposamen positiboa jaso eta gero, Zerbitzu Juridiko Nagusiak abokatu bat gaituko du kasuan kasuko agintariaren edo langilearen defentsa bere gain har dezan.
7.– Ezezko erantzuna jasotzen bada, interes-gatazkako egoeraren bat atzeman delako, Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaio ukatzeko proposamena, eskatzailea Eusko Jaurlaritzako kideetako bat bada, edo Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia atxikita daukan sailaren titularrari, gainerako kasuetan.
Berdin jokatu behar da gerora sortutako egoeretan, aurrez gaitutako defentsa atzera botatzea komeni dela pentsarazten duen interes-gatazka ageririk sortuz gero.
8.– Aipatutako egoera horietan, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia atxikita daukan sailaren titularrak edo Eusko Jaurlaritzak berak ebatziko du modu arrazoitu batean.
9.– Artikulu honetan xedatutakoak ez du eraginik izango agintari edo langileek beren defentsa izendatzeko duten eskubidean, edo ofizioz izenda dakien duten eskubidean, eta ulertuko da Zerbitzu Juridiko Nagusiaren abokatuaren laguntza juridikoari uko egin diotela agintari edo langile horiek jurisdikzio-organoan beste edozein ordezkaritzaren bitartez agertu edo bertara jotzen duten unetik bertatik.
27. artikulua.– Epaiketetan agintariak eta langileak ordezkatzeko eta defendatzeko araubidea.
Epaiketetan, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuak ordezkatu eta defendatuko ditu agintariak eta langileak, behar denean, eta Eusko Jaurlaritzaren beraren defentsan diharduenean dituen eskubide eta betebehar berberak izango ditu, eta abokatu berberak eraman ahal izango du Administrazioaren laguntza juridikoa prozesuan.
28. artikulua.– Interes-gatazkaren kasu bereziak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak hautematen badu interes kontrajarriak daudela Eusko Jaurlaritzaren edo defentsa legez edo hitzarmenez dagokion erakundearen eta laguntza hartzen duen agintari edo langilearen artean, ez du haien ordez jardungo; horren berri emango dio Zerbitzu Juridiko Nagusiaren organo arduradun hierarkikoki gorenari, eta bete egingo du horrek ondorengo jarduketetarako agindutakoa.
2.– Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuak berehala jarriko ditu jakinaren gainean bere gainekoak, agintariek edo langileek uko egiten badiote aurrez eman zaien laguntza juridikoari edo kasuren batean eginkizunak egokiro egin ezin baditu.
Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuak berdin jokatuko du prozedurako jarduketetan nabari bada ez dela laguntza jaso ahal izateko eskakizunetariko baten bat betetzen.
3.– Aurreko zenbakietan adierazitako kasuetan, Zerbitzu Juridiko Nagusiaren organo arduradun hierarkikoki gorenak erabakiko du, eta laguntza juridikoa gerora atzera botatzeko proposamena helaraziko dio saileko titularrari.
4.– Dekretu honen ondorioetarako, ulertuko da interes-gatazka dagoela eta justifikatuta dagoela hasiera batean ukatzea edo gerora atzera botatzea agintarien eta langileen epaiketetako ordezkaritza eta defentsa, baldin eta agintari edo enplegatu publikoak gailendu nahi duen interes hori Eusko Jaurlaritzari edo, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoari ustez egozten zaion interesaren aurkakoa bada.
5.– Ondorio horietarako, gailendu nahi den banakako interes horrek berekin badakar Administrazioari berari demanda jartzea edo haren aurkako ekintzarik abiaraztea, kanpoan geratuko dira laneko harremanetan edo, bereziki, Administrazioarekiko harremanetan defentsa judizialerako edozein bitartekoz aitortutako banakako eskubideak.
6.– Halaber, abokatu-laguntza ukatzea dago baldin eta norbanakoa akusatu badute, ustez administrazio publikoen aurkako delituren bat egin izanaz, ahozko judizioaren egintza hasten denerako.
29. artikulua.– Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek agintari eta langileen izenean jardutea.
Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek agintari eta langileen izenean jarduteko, edozein jurisdikziotan edo jurisdikzio-ordenatan, berariaz eman beharko du baimena Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia atxikita daukan sailaren titularrak; horretarako, sailaren titularrak edo, jardun hori noren izenean egiten den kontuan hartuta, erakunde horren presidentetzak edo zuzendaritza orokorrak proposamen arrazoitu bat egin behar du aurretik, eta Zerbitzu Juridiko Nagusiaren organo arduradun hierarkikoki gorenak ere txostena egin behar du aurretik.
VII. KAPITULUA
AUZIETAN JARDUTEA KANPOKO PROFESIONAL KONTRATATUEN BITARTEZ
30. artikulua.– Prokuradorearen bidezko ordezkaritza.
1.– Edozein epaitegi edo auzitegitan, Eusko Jaurlaritzaren prokuradore-ordezkaritza prokuradore elkargokide baten esku utzi daiteke, gai zehatz bakoitzerako bereziki izendatuta, baldin eta pentsatzen bada Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuak ezin duela eginkizuna garatu Eusko Jaurlaritzaren jarrera prozesalaren defentsa zuzena bermatu ahal izateko moduan, erreferentziako prozedurari begira.
2.– Gaiaren ardura duen abokatuak txostena helaraziko dio Zerbitzu Juridiko Nagusiari, eta bertan jasoko du zer arrazoi izan den prokuradore-ordezkaritza beharrezkotzat jotzeko; horretaz gain, ordezkaritza horrek eragingo duen gastu-zenbatespena ere egingo du txostenean, zerga aplikagarrien arabera.
3.– Zerbitzu Juridiko Nagusiak hartuko du erabakia, aurreko zenbakiko txostenean oinarrituta, eta kasuan kasuko ordezkaritzarako aintzat hartu diren gainerako inguruabarrei ere erreparatuko die.
4.– Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko epaitegiren edo auzitegiren batean jardun behar badu, beharrezkotzat joko da prokuradore-ordezkaritza.
31. artikulua.– Abokatu elkargokidearen bidezko ordezkaritza.
1.– Salbuespenez, espezialitateagatik, lurraldez kanpo egoteagatik edo berariaz adieraziko diren beste arrazoi batzuk direla medio, gai zehatz baterako bereziki izendatutako abokatu elkargokide baten esku utzi daiteke abokatu-defentsa hori.
2.– Sailen batek interesik badu gairen bat abokatu elkargokideen bitartez defendatzeko, txostena egingo du, eta bertan adieraziko du zer arrazoi duen kanpoko profesional baten kontratazioa beharrezkotzat jotzeko. Txosten horrekin batera, defentsaren xedeko gaiaren inguruabarrak aztertzen dituzten dokumentuak eta gainerako elementuak ere aurkeztuko dira.
3.– Zerbitzu Juridiko Nagusiak beste txosten bat egingo du kontratazioa arrazoitzeko eta gainerako inguruabarrak azaltzeko. Txosten hori, aurreko zenbakiko txostenarekin eta dokumentazioarekin batera, eskaera egin duen sailaren titularrari igorriko zaio, eta berak hartuko du erabakia.
32. artikulua.– Kontratazio-arauen babespeko kontratazioa.
1.– Kapitulu honen babesean egindako kontratazioetan, beti beteko dira sektore publikoaren unean-uneko eta indarreko kontratazio-arauak.
2.– Dekretu honetan arautzen den erregistro ofizialean emango dira jakitera egiten diren kontratazioak, berak adierazitako moduan.
VIII. KAPITULUA
EPAIKETETAN ORDEZKATZEKO ETA DEFENDATZEKO GOMENDIOEN ERREGISTRO OFIZIALA
33. artikulua.– Sorrera, antolamendu-arauak eta izaera elektronikoa.
1.– Sortzen da Epaiketetan Ordezkatzeko eta Defendatzeko Gomendioen Erregistro Ofiziala, eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia atxikita daukan sailaren mendekoa izango da.
2.– Erregistro elektronikoa izango da; formatu elektronikoan jasoko dira sartu beharreko datuak eta, beste erregistro batzuekin sinkronizatuta badago, estekak ere jarriko dira, dekretu honetan adierazi bezala.
3.– Erregistroa automatizatzen joango da, apurka-apurka, programa informatikoen bidez, burokrazia-lanak arrazionalagoak izan daitezen, kapitulu honetan aipatzen diren erregistro desberdinen arteko datu-sinkronizazioa lortze aldera.
4.– Datuak dituzten paperezko dokumentuen digitalizazioa ere jasoko da formatu elektronikoan eta, prozesu horretan, behar diren neurriak hartuko dira datuok alda ez daitezen eta, behin erregistroan sartuta, manipula ez daitezen. Horretarako, sailburuak agindu bidez zehaztuko du zer euskarri informatikotan eskualdatu eta gorde beharko den informazioa.
34. artikulua.– Inskribatu beharreko kontratuak eta gomendioak.
Epaiketetan Ordezkatzeko eta Defendatzeko Gomendioen Erregistro Ofizialean, nahitaez inskribatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeek beren-beregi izendatutako abokatu elkargokideren edo prokuradoreren baten gomendio utzitako guztiak, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko Legea, dekretu hau, eta gomendio horiek formalizatzeko kontratuak.
35. artikulua.– Erregistroari egin beharreko jakinarazpenak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeek Epaiketetan Ordezkatzeko eta Defendatzeko Gomendioen Erregistro Ofizialari esleitzen diren kontratuen oinarrizko datuak jakinarazi behar dizkiote, inskriba ditzan, baldin eta dekretu honetan aipatutako kontratuen artean badaude. Jakinarazpen horiek egin beharra daukaten kontratazio-organoek ekitaldi bakoitzeko informazioari dagokion urtearen ondorengo urteko lehenengo hiruhilekoa amaitu baino lehen bidali behar dituzte datu guztiak.
2.– Jakinarazi beharrekoak izango dira: datu-aldaketa guztiak, luzapenak, epe- edo prezio-aldaketak, azken zenbatekoa, eta azkentzea; erregistroak jakinaren gainean egon behar du, eta, horretarako, arestian aipatutako moduan jakinaraziko zaio, kasuan kasuko administrazio-egintza eman eta hurrengo hogeita hamar eguneko epean.
3.– Kontratuen esleipenari buruzko datuetarako, kontratuaren behin betiko esleipena egin zen eguna izango da epe hori kontatzen hasteko erreferentzia-eguna. Aldaketa, luzapen, epe-aldaketa edo prezio-aldaketei buruzko datuetarako, dena delako gorabehera gertatu zen eguna izango da erreferentzia-eguna; non eta ez diren jakinarazpen bakar batean biltzen kontratu berari buruzko gorabehera guztiak; halakoetan, jakinarazi den azken gorabehera noiz gertatu den, egun hori izango da erreferentziakoa. Azken zenbatekoari eta kontratua azkentzeari buruzko datuetarako, azkentze-eguna izango da erreferentziako eguna.
4.– Ez da jakinarazpenik egin behar izango kontratu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko kontratuen erregistroari jakinarazi behar zaizkionean. Aurreko zenbakian aipatutako kontratuak Euskal Autonomia Erkidegoko kontratuen erregistroari jakinarazi behar bazaizkio, zenbatekoarengatik edo Euskal Autonomia Erkidegoaren Kontratu eta Kontratisten Erregistroen Erregelamenduan aurreikusitako kasuak izateagatik, kontratuen erregistro horretan inskribatzen diren unean, erregistro horrek ofizioz jakinaraziko dizkio Epaiketetan Ordezkatzeko eta Defendatzeko Gomendioen Erregistro Ofizialari. Halaber, ofizioz jakinaraziko da erregistroak jakinarazpenik jasotzen badu kontratuen aldaketez, luzapenez, epe- edo prezio-aldaketez, azken zenbatekoaz edo azkentzeaz.
5.– Kontratuetako datuak Epaiketetan Ordezkatzeko eta Defendatzeko Gomendioen Erregistro Ofizialari jakinarazteko, baliabide elektronikoak edo telematikoak erabiliko dira.
6.– Kontratazio-organoek egin behar dituzten jakinarazpenetan, hauek jaso beharko dira: jakinarazpenetako erakunde komunikaziogileek emandako identifikazio-kodea, enpresaburuaren gaitasun-egoera (nortasunari eta jarduteko ahalmenari dagokienez), ordezkaritza, enpresa- edo lanbide-gaikuntza, kaudimen ekonomiko eta finantzarioa, sailkapena, eta, bertan jaso beharrekoa den kontratazio-debekurik dagoen ala ez.
7.– Autonomia-erkidegoko kontratuen erregistrotik igorritako jakinarazpenak hauetara muga daitezke: datuak eta dokumentuak eskuragarri jartzen dituzten helbideetara edo esteketara edo erregistro bien arteko datu-sinkronizazioa egin ahal izateko erreferentzia informatikoetara.
36. artikulua.– Erregistra daitezkeen dokumentuak.
1.– Honako dokumentu hauek sar daitezke erregistroan:
a) Kontratuak formalizatzekoak eta eranskinak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoaren Kontratu eta Kontratisten Erregistroen Erregelamenduan adierazitakoak.
c) Sailburu eskudunaren agindu baten bidez ezarri ahal izango da beste dokumentu batzuk bidali beharra, kontratu guztietarako edo batzuetarako bakarrik.
2.– Dokumentuak jatorrizkoan edo kopia kautotuan aurkez daitezke; baina, dena den, dekretu honetan xedatu bezala, formatu elektronikora aldatuko dira. Jatorrizkoak bidaliz gero, itzuli egingo dira, organo igortzaileak eskatuta, erregistroko zerbitzuek haien kopia elektronikoa egin ostean.
37. artikulua.– Inskripzioa.
1.– Kontratuak edo gomendioak, eta horietan egiten diren aldaketa guztiak ofizioz eta bestelako izapiderik gabe inskribatuko ditu erregistroa eramateko arduradunak, horretarako izapidetutako espedientean emandako ebazpena gauzatzeko.
2.– Kontratuak erregistroan sartzeko, kontratu bakoitzak bere erregistro-liburuan duen inskripzioa jasoko da, eta bakoitzari erregistro-zenbaki bat emango zaio. Horren ostean, espediente bakoitzari sarrera-kutxatila bat egotziko zaio, eta bertan egongo dira kontratu horren daturik adierazgarrienak. Kontratazio-espediente horiek artxibatzeko, erregistro-zenbakien araberako dokumentu-segidak antolatuko dira.
38. artikulua.– Erregistroa eramatea.
1.– Erregistrora atxikitako Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuen bidez egingo dira honako eginkizun hauek –administrazio-langileek eta informatikariek lagunduta–: erregistroa eraman, aurkeztutako idazkiak eta dokumentuak aztertu eta onartu, dokumentuok konpultsatu eta kautotu (formatu elektronikora aldatzeko, edo hala behar denean), erregistro-inskripzioak egin, datuak eta espedienteak argitaratu, eta, oro har, erregistroak zuzen eta eraginkor funtziona dezan egiten den beste edozein jarduketa.
2.– Igorri den dokumentazioan zerbait falta bada edo indarreko legeek xedatutako eskakizunen bat betetzen ez bada, arduradunek behar den kontratazio-organoari emango diote horren berri, berak har ditzan gabeziak zuzentzeko behar diren neurriak.
3.– Atxikitako abokatuaren ardura izango da, behar duen laguntza teknikoa izanik, kontratuen erregistroaren eta gainerako erregistro publikoen arteko eraginkortasun eta konexio egokia zaintzea, Epaiketetan Ordezkatzeko eta Defendatzeko Gomendioen Erregistro Ofizialerako dokumentazio edo datu horiek beste erregistro batzuetatik badatoz.
4.– Haiek egindako erregistro-jarduketek, informazio-oharrek eta ziurtagiriek ez dute ez tasarik ez ordainarazpenik eragingo.
39. artikulua.– Espedienteak artxibatzea.
1.– Bost urte egongo dira espedienteak erregistroan, erregistroko sarreraren osteko urtarrilaren batetik aurrera.
2.– Erregistroan, hala ere, gorde egingo dira inguruabar hauetako batean egindako kontratuei buruzko espedienteak:
a) Hitzartutako prestazioak jaso edo amaitu direla egiaztatuta ez daukatenak, harik eta erregistroan behar den administrazio-egintza egin eta jasota utzi arte.
b) Erreklamazio administratiborik edo judizialik sorrarazteko aukera dutenak, harik eta erregistroan ebazpen irmoa jaso arte eta guztiz betearazi arte.
c) Kontu-artezlaritzako organoetara igorritakoak, dokumentu horiek behar diren txosten, memoria edo irizpenekin itzuli ez badira.
3.– Lehen letran aipatutako epea igarota, edo aurrekoan adierazitako inguruabarrak beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Orokorrera bidaliko dira espedienteok.
40. artikulua.– Erregistrorako irispidea.
1.– Erregistroan dauden datuak jendearen eskura egongo dira, informatzeko eta kontsultatzeko; eta datu pertsonalak babesteko arauek ezartzen dituzten mugak izango dituzte. Isilpeko kontratuei buruzkoak izango dira salbuespen. Edonola ere, irispide publikoan jarriko dira isilpekoak ez diren datuak baldin eta aldez aurretik ez badira bide telematikoen bidez eta Interneten argitaratu.
2.– Erregistroko irispidea atari bakarra izango da, eta interesdunak berak kontsultatu beharko du zuzenean. Edonola ere, horretako berariazko eskabidea egin dakioke erregistroari, eta, horren ostean, informazio-ohar sinple bat egingo da, edo erregistroaren ardura duen abokatuak egingo du ziurtagiria, hori izango baita hor jasotako partikularrak sinesgarriro egiaztatzeko modu bakarra.
3.– Zerbitzua eteten bada arrazoi teknikoak direla kausa, iragarri egin beharko zaie erregistroa erabil dezaketen guztiei, ahalik eta lasterrena. Programatu barik eteten bada, ahal dela, sartzeaz batera ikusaraziko zaio erabiltzaileari mezu bat horren berri emateko.
IX. KAPITULUA
SAILETAKO AHOLKULARITZA JURIDIKOEN ANTOLAMENDU- ETA FUNTZIONAMENDU-ARAU KOMUNAK
41. artikulua.– Antolamendu-arauak.
1.– Administrazioaren sailetako organoak eta administrazio-unitateen antolamendua eta funtzionamendua kudeatzeko, bakoitzak bere dekretuak dauzka, eta horien bidez identifika daiteke zer organo den saileko aholkularitza juridikoaren arduraduna, modu horretan eraginkorrago artikulatu nahi baita Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren legezko antolaketa.
2.– Aurreko zenbakian xedatutakoaz gain, sail bakoitzari dagokio bere barnean eginkizunen eta atazen banaketa identifikatzea eta koordinatzea funtzionario aholkulari juridikoei esleitutako lanpostuak dauzkaten administrazio-unitateen artean, eta berdin egingo da sailen mendekoak izan edo haiei lotuta dauden erakunde instituzional edo instrumental guztietan. Erakunde horiek direla eta, identifikatuta izan dezakete ea beren aholkularitza juridiko propioa duten eta zer-nolako harremanak dituen horrek sailarekin eta Administrazio Orokorraren gainerakoekin.
42. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Sailetako aholkularitza juridikoei dagozkie, eurei baino ez, eta sailarekin zerikusia dutenean, honako hauek:
a) Sailean bertan hasitako prozeduretarako xedapen-proiektu orokorrak prestatzea, txosten juridikoak egitea eta aurrez egin beharreko lan tekniko-juridikoak egitea.
b) Sailetako edo mendeko erakunde instituzionaletako titularrek edo zuzendaritza-organoek eskatutako txosten juridikoak egitea, betiere Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiari esleitutako eginkizunak kaltetu gabe.
c) Saileko organoek ebatzi behar dituzten administrazio-errekurtsoetarako ebazpen-proposamenak prestatzea.
d) Ofizioz berrikusteko prozeduretako ebazpen-proposamenak prestatzea.
e) Ondare-erantzukizuna erreklamatzeko prozeduretako ebazpen-proposamenak prestatzea.
f) Administrazio publikoen artekoak izan eta dekretu honetan araututa dauden errekerimendu-espedienteetako aholkularitza juridikoa emateko eginkizunean laguntzea.
g) Aholkularitza tekniko-juridikoaren arloan esleitzen zaizkien gainerako eginkizunak betetzea, baldin eta Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiari ez badagozkio.
2.– Gobernu Kontseiluari helarazi behar zaizkion espedienteen prestakuntza aholkularitza juridikoak gainbegiratuko du beti, eta bete beharko da sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuek beroriek kudeatzeko eta izapidetzeko xedatzen dutena.
3.– Auzietan jarduteko eginkizun publikoari dagokionez, sailetako aholkularitza juridikoei hau dagokie:
a) Saila ukitzen duten auzi judizialei dagozkien espedienteak gainbegiratzea eta kudeatzea, dagozkion jarduketa guztietan; horretarako, besteak beste, jarduketa hauek prestatuko ditu: hirugarren interesdunen epatzeak eta epaitegietatik eta auzitegietatik eskatzen zaizkien jakinarazpenak.
b) Saila ukitzen duten epaiak gainbegiratzea eta kudeatzea, bai epai irmoen betearazpen materialari dagokionez, bai behin-behineko betearazpenetik sor daitezkeen kasuei dagokienez; eginkizun horretan, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari jakinarazi behar zaio zer jarduketa egiten den ebazpen judizialak behar bezala eta epe barruan bete daitezen.
c) Errekurtso judizialen egokitasunari buruzko proposamen arrazoitu bat egitea, Zerbitzu Juridiko Nagusiari zuzenduta.
4.– Legeak xedatutakoarekin bat, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak eta sailetako aholkularitza juridikoek elkarrekiko lankidetza-harreman arin bat izango dute, eta justizia-administraziotik etorri eta eragiten dien informazioa trukatuko dute ahalik eta lasterrena.
X. KAPITULUA
ZERBITZU JURIDIKO NAGUSIAREN ANTOLAMENDU- ETA FUNTZIONAMENDU-ARAU OROKORRAK
43. artikulua.– Antolamendua.
1.– Egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoaren arabera antolatuko da beti Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia.
2.– Zerbitzu Juridiko Nagusia egituratzeko, antolamendu-arauek adierazitako zuzendaritza-organoak hornituko dira; bakoitzean titular bat izendatuko da, legeak adierazi bezala, eta titular hori Zuzenbideko lizentziadunen eta gradudunen artean aukeratuko da.
44. artikulua.– Baliabideak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren giza baliabideak eta baliabide materialak izango dira euskal funtzio publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean atxikitako sailak dituenak.
2.– Zerbitzu Juridiko Nagusia berari atxikitako abokatuek osatzen dute, baina horrek ez du eragotziko zerbitzu eta lanpostu osagarriak izatea; horien zerrenda eta antolaketa dagozkien erregelamenduetan eta lanpostu-zerrendetan finkatuko dira.
45. artikulua.– Erreferentziako arau prozesalak.
Jakinarazpenak, zitazioak, epatzeak eta gainerako komunikazio-egintza prozesalak Zerbitzu Juridiko Nagusiaren egoitzarekin egin beharko dira, edo ordezkaritza-, defentsa- eta jakinarazpen-ondorioetarako adierazitako bulegoekin, indarreko lege prozesalen arabera.
XI. KAPITULUA
KOORDINAZIO JURIDIKOAREN BATZORDEA
46. artikulua.– Koordinazio Juridikoaren Batzordearen egitura.
Koordinazio Juridikoaren Batzordearen egituran honako organo hauek daude:
a) Batzordeburua.
b) Osoko bilkura.
c) Atalak.
d) Idazkaria.
47. artikulua.– Koordinazio Juridikoaren Batzordearen osoko bilkuraren osaera eta funtzionamendua.
1.– Koordinazio Juridikoaren Batzordearen osoko bilkuran kide hauek izango dira:
a) Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren kargu publiko hierarkikoki gorena; batzordeburua izango da.
b) Batzodekideak:
– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari atxikitako gainerako zuzendaritza-organoen titularrak; horietariko batek idazkari-eginkizunak ere beteko ditu.
– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko hiru abokatu, batzordeburuak berariaz izendatuak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail bakoitzaren bi ordezkari, horietako bat saileko aholkularitza juridikoaren ordezkaritza duen zuzendaria, eta bestea hark izendatzen duen aholkulari juridiko funtzionarioa.
– Erakunde instituzionaleko aholkularitza juridikoaren arduraduna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionaleko organismo autonomo bakoitzeko eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko bakoitzeko zuzendaritza-kargu gisa, zerbitzu juridiko propioa duten eta judizioan euren ordezkaritza eta defentsa gauzatzeko ahalmen osoa duten organismo autonomoen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen kasuan.
2.– Administrazio Orokorreko sail bakoitzean erabaki ahal izango da, aparteko kasuetan, batzordekide gisa sartzea haren organismo autonomo eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko bakoitzaren beste ordezkari bat gehiago, zerbitzuen bolumenaren eta baliagarritasunen ondorioz aholkularitza juridiko propioa badu.
3.– Aurreko zenbakietan xedatutakoa eragotzi gabe, aparteko kasuetan, beste aholkulari juridiko propio batzuen laguntza zirkunstantziala proposa dezakete sailek, aztertu behar diren gaien eta behar den espezialitatearen arabera.
4.– Koordinazio Juridikoaren Batzordea urtean bitan batzartuko da ohiko bilkuran, eta, ohi ez bezala, batzordeburuak horretarako deialdia egiten duenean bere kabuz edo batzordekideen herenek hala eskatuta.
48. artikulua.– Koordinazio Juridikoaren Batzordearen osoko bilkuraren eginkizunak.
Osoko bilkuraren eginkizunak hauek izango dira:
a) Arlo juridikoko jarduketak koordinatzea sail eta erakunde instituzionalen eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren artean.
b) Eusko Jaurlaritzarentzako laguntza juridikoaren arloan dauden beharrizanak ebaluatzea, eta proposamen arauemaileak edo bestelakoak egitea jardun-eremu horretako eraginkortasuna eta eragimena hobetzen laguntzeko.
c) Administrazio-prozedurak hobetzeko proposamenak egitea, administrazio-jardunean irizpide-batasuna eta zuzentasun juridikoa izaten laguntzeko, eta neurri zuzentzaileak ezartzea, errekurtsoak edo erreklamazioak murrizteko edo eragozteko.
d) Neurriak proposatzea Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak eta sailei atxikitako erakunde instituzionalak hobeto antolatzeko eta funtzionatzeko, eraginkortasunaren eta eragimenaren irizpideei jarraikiz.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta erakunde instituzionaletako langileak arlo juridikoan prestatzeko beharrizanak aztertzea eta proposatzea.
f) Koordinazio Juridikoaren Batzordearen jarduketa-lerro nagusiak ezartzea epe laburrean eta ertainean.
g) Erakundeei edo pertsona fisiko edo juridikoei buruzko informazioa biltzea, esleitu zaizkion eginkizunetarako behar duenean.
h) Osoko bilkuraren antolamendu- eta funtzionamendu-arauak egitea eta aldatzea.
49. artikulua.– Koordinazio Juridikoaren Batzordearen atalak.
1.– Atalak honela egituratu eta osatuko dira:
a) Eratu beste atal egon daiteke koordinazio-batzordearen barruan, eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzen duen jarduketa-eremuekin identifika daitezke, lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren eginkizunak eta jarduketa-eremuak finkatzeko emandako dekretuan xedatutakoarekin bat.
b) Atal horietako bakoitzean kide hauek izango dira:
– Zerbitzu Juridiko Nagusiko zuzendaritza-organoetako titularretariko bat, atalburua izango dena, berak izendatzen duen bertako abokatu batek lagunduta, zeina eskubide osoko kidea izango baita.
– Kontuan hartu behar den jarduketa-eremuan parte hartzen duen aholkularitza juridikoa ordezkatzen duen sail- edo instituzio-organoaren titularra, berak izendatzen duen bertako abokatu batek lagunduta, zeina eskubide osoko kidea izango baita.
2.– Atalei eginkizun hauek dagozkie:
a) Lotesleak ez diren txostenak egitea –Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren zuzendaritza-organoek edo Koordinazio Juridikoaren Batzordearen osoko bilkurak hala eskatuz gero–, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiaren barne-jardunbiderako edo Eusko Jaurlaritzaren laguntza juridikoaren eremuko erabaki garrantzitsuenak hartu aurretik kontuan hartzeko.
b) Ordenamendu juridikoari buruzko eta, oro har, prozedura judizialen ondorioei buruzko epaien eraginari buruzko informazioa partekatzea, baita epaiak betearazteko irizpideak finkatzeko proposamena egitea ere.
c) Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko zuzendaritza-organoei laguntza eta sostengua ematea, haiek hala eskatuta, gaiek garrantzi berezikotzat jotzen direlako edo gaiek laguntza juridikoaren arloan jardun-irizpide eta -gidalerro berriak behar dituztelako.
3.– Koordinazio Juridikoaren Batzordearen atal bakoitzak bilerak egingo ditu batzordekideek erabakitzen duten bezainbesteko maiztasunaz, eta, hala behar denean Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren zuzendaritza-organoek edo Koordinazio Juridikoaren Batzordearen osoko bilkurak egindako eskaerak betetzeko.
50. artikulua.– Karguen iraupena eta araubidea.
1.– Koordinazio Juridikoaren Batzordean, karguaren ondoriozko kideak ez direnak bi urterako izendatuko dira, eta horrelako beste denboraldi baterako ere berritu daitezke.
2.– Denboraldi bera eta berritzeko modu bera ezarriko zaie Koordinazio Juridikoaren Batzordearen ataletako kideei; hala ere, kideei suertatzen zaizkien administrazio-egoeren ondoriozko ordezkapenak egin ahal izango dira.
3.– Batzordearen parte izateak ez du eragingo inolako aldaketarik enplegatu publikoen lanpostuetako monografietan, eta ez dute horren truke dirurik jasoko.
XII. KAPITULUA
EUSKO JAURLARITZAKO ABOKATUEN ESPEZIALITATEA
51. artikulua.– Espezialitatea sortzea.
Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea sortzen da, goi-mailako teknikarien kidegoko edo A-2ko Zuzenbideko lizentziadunen aukeran; espezialitatearen eginkizunak izango dira Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legean halakotzat hartutakoak.
52. artikulua.– Espezialitatea egiaztatzea.
1.– Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatzeko, kontuan hartuko da hemen araututakoa: Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 17. artikuluko 3. zenbakia, baita Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu publikoari dagokion legezko antolamendu-araudian aurreikusitako espezialitateak egiaztatzeko prozedurak ere.
2.– Funtzio Publikoko arloaren ardura duen sailburuak agindu bidez aitortuko die Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea Eusko Jaurlaritzako A-2 goi-mailako teknikarien kidegoko karrerako funtzionarioei, Zuzenbideko lizentziadunen aukeran, espezialitatea egiaztatzeko prozedurak egiten badituzte.
53. artikulua.– Eginkizunen erreserba.
1.– Espezialitatea aitortzeko agindua ematen denetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen lanpostuen zerrendak aldatuko ditu gobernuak, «zerbitzu juridiko nagusietako abokatu» lanpostuen dotazioek esleituta izan dezaten eskakizun berezi hori –«Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea»–.
2.– Postu horien lanpostuak hornitzeko eskakizunetan, «Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea» ere eskatuko da, espezialitatea aitortzeko agindua onartzen den egunetik aurrera.
XIII. KAPITULUA
HITZARMENEN ETA PROTOKOLO OROKORREN ARAUBIDE JURIDIKOA
54. artikulua.– Definizioak.
1.– Dekretu honen ondorioetarako, eta legearekin bat etorrita, hitzarmenak dira administrazio publikoek, organismo publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek, edo haiei loturikoek edo haien mendekoek, edo unibertsitate publikoek egin eta ondorio juridikoak dituzten akordioak, euren artean egindakoak zein zuzenbide pribatuko subjektuekin egindakoak helburu komun baterako.
2.– Edonola ere, ez dira hitzarmentzat hartuko prozedurako jardun-protokolo orokorrak edo antzeko baliabideak baldin eta eduki orokorreko asmo-adierazpen hutsak badira edo administrazioen eta alderdi sinatzaileen helburu komun baterako jardun-borondatea baino adierazten ez badute, eta konpromiso juridiko zehatz eta galdagarririk formalizatzen ez badute.
3.– Aurreko definizioetatik kanpo geratuko dira hauek:
a) Administrazioko langileen lan-baldintzak ezartzen dituzten hitzarmenak edo akordioak, araudi espezifiko bat izango baitute.
b) Kudeaketa-gomendioetarako akordioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko edo Instituzionaleko organoen artekoak, ezartzen diren arau espezifikoak izango baitituzte.
55. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren eskumena eta izapidetzeko araubidea.
1.– Eusko Jaurlaritzari dagokio hauen onarpena: hitzarmenak sinatzea, funtsean berritzea, luzatzea, esanbidez zein ez, artikulatuan aurreikusitako moduan, eta, hitzarmenak salatzea, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta organismo autonomoen arteko, erakundeen beraien arteko, edo aurreko guztien eta hauetariko edozeinen arteko hitzarmenak badira.
a) Estatuaren organo konstituzionalak.
b) Administrazio publikoetako eta berezko nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko erakundeetako lurralde-erakunde estatalak –haietako edozeinen mendekoak edo haiei lotuak–, gobernu-organoen bitartez.
c) Europar Batasuneko erakundeak, Europako Kontseilua, horien antzeko eskualdearteko eta nazioarteko erakundeak, eta Nazioarteko Zuzenbide Publikoko gainerako subjektuak, baita estatuz azpiko beste erakunde batzuk edo berezko nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko beste batzuk ere, subjektu horiei lotutakoak edo haien mendekoak.
d) Unibertsitate publikoak.
e) Organismo publiko edo agintaritza independenteak, hala nola Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Datuak Babesteko Euskal Agentzia eta antzeko pertsonifikazio-izaera duen beste edozein.
Horretarako, ez da kontuan hartuko ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erakunde erkideen ordezkari soil gisa jarduten duen, ez Eusko Jaurlaritzaren bitartez, autonomia-erkidego osoaren ordezkari gisa jarduten duen.
2.– Salbuespenez, behar bezala arrazoitutako urgentziazko arrazoiengatik, eta Jaurlaritzari buruzko Legearen 18. artikuluan xedatutakoa betez gero, negoziatzen den hitzarmen hori sinatu ahal izango da Eusko Jaurlaritzak aurretik onartu gabe; baina indarrean jartzeko baldintza izango da Eusko Jaurlaritzak gerora berrestea, eta hala jasoko da artikulatuan. Edonola ere, horrela eginez gero, sinatzeko ahalmena duen agintaritzaren ondorioetarako, dekretu honetan xedatutakoa ere aplikatu ahal izango da.
3.– Eusko Jaurlaritzari dagokio sinatutako protokolo orokorren berri izatea.
4.– Gobernu Kontseiluari igorriko zaizkio, haien berri izan dezan, hauekin sinatutako hitzarmenak ere: partikularrak edo pertsonifikazio-modu pribatuan eratutako erakundeak, partaidetza publikoa duten merkataritza-sozietateak, eta oinarri pribatuko korporazio sektorialak. Aurreko hori gorabehera, Eusko Jaurlaritzak aurretik eman beharko du baimena organo honen eskumen zuzenekoak diren gaietan, hala nola gastuetarako baimenak, konpromiso-kredituak, ondare-eragiketak, diru-laguntza zuzenak eta kontratazio zuzenak, hitzarmen horien edukiaren ondoriozkoak.
56. artikulua.– Hitzarmenak eta protokolo orokorrak negoziatzea.
1.– Honako fase hauek beteko dira hitzarmenak eta protokolo orokorrak negoziatzeko:
a) Negoziazioaren aurretiko fasea: fase horretan, hitzarmen-baliabidearen behin-behineko testua finkatuko da.
b) Barne-izapideen fasea: nahitaezko txostenak jasoko dira. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez bideratuko dira indarreko araudiaren arabera kanpo-arazoen arloko eskumena duen ministerioan izapidetu behar diren txosten-eskaerak.
c) Negoziazioaren amaiera, hitzarmenaren edo protokoloaren behin betiko testua finkatuko da, eta Eusko Legebiltzarrarekiko edo Gorte Nagusiekiko komunikazioak koordinatzeko eta testua sinatzeko arauak ezarriko dira.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik negoziazioa daramaten pertsonek proposatuko dute behin betiko testuan sar daitezela hitzarmenaren edo protokolo orokorraren indarraldiaren, luzapenen, salaketaren eta suntsipenaren araubidea beren-beregi arautzen duten klausulak.
3.– Isilbidezko luzapena egiteko aukera bakarra da aurrekontua izatea eta zenbateko horrek Eusko Jaurlaritzaren baimena behar ez izatea, artikulatuan berariaz aurreikusita badago. Isilbidezko luzapen automatiko horiek baimentzeko klausulak formalizatu aurretik, beharrezkoa izango da sailaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren nahitaezko txostena.
57. artikulua.– Gobernu Kontseiluan izapidetzea.
1.– Eusko Jaurlaritzak aurretik onartu edo berretsi behar dituen hitzarmenak izapidetzeko, kontuan hartuko dira organo horretan gaiak izapidetzeko ezarri diren arauak, eta espediente osoa igorri beharko zaio.
2.– Gobernu Kontseiluari jakinarazi behar zaizkion protokolo orokor eta hitzarmenak badira, negoziatutako eta sinatutako behin betiko testua igorri baino ez zaio egin behar Gobernu Kontseiluari.
3.– Proposamena egiten duen sailak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan izapidetuko du testua Gobernu Kontseiluan. Beste hizkuntza batean ere izapidetu ahal izango da, beste alderdiak hala eskatzen badu.
58. artikulua.– Hutsak aldatzea eta zuzentzea.
1.– Eusko Jaurlaritzak aurretik onartu edo berrestea erabaki ostean, alderdietako edozeinek testuingurutik argi ondorioztatzen ez diren hutsak zuzendu nahi baditu, edo zerbait aldatu, eta zuzenketaren ondorioz hitzarmenaren testuaren edukia aldatu behar bada, berriro onartu edo berretsi beharko da.
2.– Testuingurutik argi ondorioztatzen diren hutsak edo ez-egite materialak zuzendu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzak onartutako edo berretsitako testuaren zentzua aldatzen ez bada, baina nahasbiderik ez sortzeko egokia bada zuzentzea, proposamena egiten duen sailak Jaurlaritzaren Idazkaritzaren arloko eskumena duen organoari eman behar dio huts edo ez-egite material horien berri, hitzarmenen fitxategian egiaztatu eta zuzen ditzan.
3.– Gobernu Kontseiluari jakinaren gainean egon dadin igorri behar zaizkion hitzarmen eta protokolo orokorretan zerbait aldatu edo hutsak zuzendu nahi izanez gero, proposamena egiten duen sailak Jaurlaritzaren Idazkaritzaren arloko eskumena duen organoari eman behar dio horren berri, fitxategian egiaztatu eta zuzen dezan.
59. artikulua.– Legebiltzarrari komunikatzea.
1.– Legebiltzarrarekiko harremanen arloko eskumena duen organoak jakinaraziko dio Eusko Legebiltzarrari badaukala Eusko Jaurlaritzaren aurretiko baimena honako hauekin hitzarmenak sinatzeko edo indarrean daudenak aldatzeko.
a) Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoak.
b) Nafarroako Foru Komunitatea.
c) Autonomia-erkidegoak.
2.– Legebiltzarrarekiko harremanen arloko eskumena duen organoak jakinaraziko dio Eusko Legebiltzarraren erabakia proposamena egin duen sailari.
60. artikulua.– Gorte Nagusiei Nafarroako Foru Komunitatearekiko eta autonomia-erkidegoekiko hitzarmenak jakinaraztea.
1.– Eusko Legebiltzarrak baimendu ondoren, Autonomia Estatutuaren 22. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gorte Nagusiei emango zaie hauekin egindako hitzarmenen berri eta indarrean dauden hitzarmenetan egindako aldaketen berri:
a) Nafarroako Foru Komunitatea.
b) Autonomia-erkidegoak.
2.– Hitzarmena negoziatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta organismo autonomoen organoak egintza bakar batean eta elkarrekin jakinarazten saiatuko dira.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, Jaurlaritzaren Idazkaritzaren arloko eskumena duen organoak emango die Gorte Nagusiei hitzarmenen berri. Horretarako, proposamena egiten duen sailak eskatuko dio, idatziz, organo eskudun horri behar diren dokumentuak egiteko eta izapidetzeko, alderdi negoziatzaileek aurreikusitako moduan.
4.– Jaurlaritzaren Idazkaritzaren arloko eskumena duen organoak jakinaraziko dio proposamena egin duen sailari zein den Gorte Nagusien erabakia.
61. artikulua.– Senatuari Estatuarekiko lankidetza-hitzarmenak eta sektore-konferentziako hitzarmenak jakinaraztea.
Estatuko Gobernuak emango dio Senatuari Estatuarekiko lankidetza-hitzarmenen eta sektore-konferentziako hitzarmenen berri.
62. artikulua.– Sinatzeko ahalmena duten agintaritzak.
1.– Autonomia-erkidegoaren izenean, lehendakaria izango da hitzarmenekiko adostasuna adierazi eta hitzarmenak sinatuko dituena, Eusko Jaurlaritzak ahalmen hori beste agintaritza bati ematen ez dion bitartean.
2.– Partikularrekin edo pertsonifikazio-modu pribatuan eratutako erakundeekin egindako hitzarmenak eta protokolo orokorrak sinatu ahal izango dituzte sailetako organoek baldin eta euren egitura organiko eta funtzionalari buruzko arauetan ahalmen edo eskumen hori esleituta badaukate hitzarmenaren xedeari dagokionez.
63. artikulua.– Sinatzeko unea.
1.– Oro har, hauek izango dira hitzarmenak eta protokolo orokorrak sinatzeko uneak:
a) Eusko Legebiltzarrak baimendu ondoren sinatuko dira lurralde historikoekiko hitzarmenak.
b) Gorte Nagusiei jakinarazteko izapidea amaitu ondoren sinatuko dira Nafarroako Foru Komunitatearekiko eta autonomia-erkidegoekiko hitzarmenak.
c) Eusko Jaurlaritzak onartu ondoren sinatuko dira haren aurretiko baimena behar duten hitzarmenak.
d) Izapidetzen amaitu eta Gobernu Kontseiluari jakinarazi ondoren sinatu ahal izango dira gainerako hitzarmenak eta protokolo orokorrak.
2.– Salbuespenez, behar bezala arrazoitutako urgentziazko arrazoiengatik, Eusko Jaurlaritzak aurretik baimendu edo jakin barik sinatu ahal izango dira baldin eta artikulatuan bertan ezarri bada indarrean jarri baino lehenago Eusko Jaurlaritzak berretsi behar dituela, edo Eusko Jaurlaritzak ez badu beren-beregi hitzarmen edo protokolo horien aurka dagoela adierazi haren berri jasotzen duen bileran bertan.
64. artikulua.– Indarrean jartzea.
1.– Hitzarmen eta protokolo orokorrak bertan azaltzen den datan jarriko dira indarrean, eta hori ez da inoiz sinatu aurretik izango.
2.– Hala ere, hitzarmenak eraginik badu autonomia-erkidegoko herritarren eskubideetan eta betebeharretan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik baino ezin izango du izan herritarrentzako ondoriorik.
65. artikulua.– Argitalpena.
1.– Jaurlaritzaren Idazkaritzaren arloko eskumena duen organoak argitaratuko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian xedapen honetan aipatu eta autonomia-erkidegoko herritarren eskubideetan eta betebeharretan eragina duten hitzarmenak.
2.– Hitzarmenak ez dira inoiz argitaratuko sinatu edo berretsi baino lehen. Horretarako, sinatzeko ahalmena duen agintaritza atxikita daukan sailak igorriko dio Jaurlaritzaren Idazkaritzaren arloko eskumena duen organoari hitzarmen sinatuaren kopia.
66. artikulua.– Hitzarmen eta protokolo orokorren jarraipena egitea.
1.– Informaziorako eta jarraipenerako baino ez bada, Jaurlaritzaren Idazkaritzaren arloko eskumena duen organoak fitxategi bat izango du erabaki honen arabera sinatutako, onartutako edo soilik jakinarazitako fitxategietarako. Horretarako, hitzarmenen organo sustatzaileek organo horri hauek igorriko dizkiote: Gobernu Kontseiluan izapidetzeko behar izan diren bertsioak, eta azkenean sinatutako testuen jatorrizkoa edo kopia konpultsatua.
2.– Fitxategiak euskarri informatikoa izango du eta, gutxienez, datu hauek izango ditu:
– Hitzarmenaren edo protokolo orokorraren zenbakia.
– Izenburua.
– Xedea.
– Esku-hartzaileak.
– Sinatzeko eta ondoren aldaketak egiteko aurretiko baimena, jakinarazpena edo ondorengo berrespena, Eusko Jaurlaritzarena eta Eusko Legebiltzarrarena eta Gorte Nagusiena.
– Sinaduraren data.
– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko argitalpena, hala badagokio.
– Luzapenen indarraldia eta araubidea.
– Baimendutako luzapenak.
– Salaketa.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organoek kontsulta dezakete fitxategi hori.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari esleitutako eginkizunak egiteko eskumena duten organoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko arauetan une bakoitzean xedatutakoarekin eta dekretu hau indarrean jartzen denean indarrean dauden xedapenekin bat, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzaren titularrari egindakotzat hartuko dira Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren organo arduradun hierarkikoki gorenari egindako aipamenak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko arauetan une bakoitzean xedatutakoarekin eta dekretu hau indarrean jartzen denean indarrean dauden xedapenekin bat –organoaren titularra aldi baterako ordezkatu behar denean edo Araubide Juridikoaren Sailburuordetzaren titularrak txostena edo legezko iritzia egitea bere gain hartzen duenean izan ezik–, honela jokatuko da:
a) Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzari dagokio legezkotasunari buruzko txostenak eta legezko iritziak egitea, Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritzaren eskumenekoak ez badira.
b) Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritzari dagokio legezko iritziak ematea bere eskumeneko gaietan, edo Estatuko Administrazio Orokorreko erakundeekiko, lurralde historikoekiko edo toki-erakundeekiko eskumen-arazo edo harremanetan, baita prozedurei buruzko txostenak ere, Konstituzio Auzitegian eta Arbitraje Batzordean ekintza judizialak egikaritzeko, atzera egiteko, amore emateko edo transakzio judizialak egiteko jardunari buruzko ebazpen-proposamenekin batera aurkeztu behar direnak.
c) Auzibide Zuzendaritzari dagokio prozedurei buruzko txostenak egitea, jurisdikzio arruntean gainerako ekintza judizialak egikaritzeko, atzera egiteko, amore emateko edo transakzio judizialak egiteko jardunari buruzko ebazpen-proposamenekin batera aurkeztu behar direnak.
3.– Artikulu honetan aipatutako arauekin bat, atxikitako sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko arauei dagokienez, eta ezartzen duten esparru juridikoari loturik, Auzibide Zuzendaritzari dagokio Epaiketetan Ordezkatzeko eta Defendatzeko Gomendioen Erregistro Ofiziala eramatea, dekretu honetan xedatu bezala.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Epaiketetan ordezkatzeko eta defendatzeko zer eskuordetzek irauten duten dekretu hau indarrean jarri ondoren.
Dekretu hau indarrean jartzen denean, indarrean iraungo dute denbora-mugarik jarri gabe, edo Eusko Jaurlaritzak arauak aldatu arte, dekretu honetan xedatutakoarekin bat zerrendatutako eskuordetze hauek:
a) 250/1995 Dekretua, apirilaren 25ekoa, eskumen zibil eta penalaren aurrean ertzainak defendatu eta ordezkatzeko legelariak gaitzeari buruzkoa.
b) 48/2000 Dekretua, martxoaren 14koa, doako laguntza juridikorako eskubidearen aurkako prozeduretan ordezkari eta defentsari izateko gaikuntzari buruzkoa.
c) 14/2007 Dekretua, otsailaren 6koa, Osakidetzako Aholkularitza Juridikoari atxikitako letraduak gaitzen dituena, zertarako eta jurisdikzio sozialaren aurrean bideratutako prozeduretan –gastu medikoak ordaintzekoetan– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ordezkatu eta defenditzeko.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Espezialitatearen xedapena.
Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatzeko, Funtzio Publikoko Zuzendaritzak behar den banakako eskaintza egingo du, dekretua indarrean jarri eta 3 hilera, xedapen horretan aipatutako karrerako funtzionarioek adieraz dezaten espezialitate hori izan nahi duten.
Banakako eskaintza bera egingo zaie, karrerako funtzionario bihurtzen direnean, bitarteko langile gisa espezialitatea egiaztatzeko aukera aitortuta duten bitarteko langileei, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen xedapen gehigarriarekin bat.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Dekretu honen ezarpena.
Hauei aplikatuko zaie dekretu hau:
a) Argitaratu ostean hasten diren administrazio-prozedura eta -espediente guztiak edo izapidetzen diren kontsulta guztiak.
b) Dekretu honetan aipatutako organoek, dekretua argitaratu ondoren, egindako ekintza judizialak, atzera-egiteak, amore-emateak edo transakzio judizialak.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hirugarrenekiko harremanen erregularizazioa, laguntza juridikoa hartzeko.
Dekretu hau indarrean jartzen denean, hirugarrenekiko harremanen bat indarrean badago, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak laguntza juridikoa bere gain hartzeko, erregularizatu egin beharko da dekretu honetan ezarritako lankidetza-hitzarmen baten bidez, eta bertan baliozkotuko dira aurreko jarduketa guztiak.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aribideko lekualdatze-lehiaketan ez ezartzea.
Ez zaie «Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea» egiaztatzeko eskatuko dekretu hau indarrean sartzen den egunean aribidean den lekualdatze-lehiaketan «zerbitzu juridiko nagusietako abokatu» lanpostuen dotazioak esleitzen zaizkienei.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 25ean.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IŃAKI ERKOREKA GERVASIO.