Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2017ko apirilaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2111

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 6koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Kalitate Batzordearen arautegia onartzeko dena.

Behin lehengo Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoa, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa, Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola fusionaturik, 2016ko urriaren 15ean (EHAAn 2016ko urriaren 14an) indarrean sartu zen Bilboko Ingeniaritza Eskolako arautegia. Horren ondorioz beharrezkoa da Eskolako Kalitate Batzordearen arautegi berri bat onartzea, gaur egungo zentroko antolaketari egokituta.

2017ko martxoaren 23an Lan Bilboko Ingeniaritza Eskolako Batzarrak Kalitate Batzordearen arautegiaren proposamena onartu zuen. Beharrezkoa den txosten juridikoaren ondoren, Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen esparru araudia (EHAAn 2010eko uztailaren 21ean) kontuan izanik onartu beharreko behin betiko testua ezarri zen.

Aipatutako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiak honakoa dio 2.2 artikuluan): «Ikastegiko Kalitate Batzordearen Araudia behin betiko onartzea Gobernu Kontseiluari dagokio, Ikastegiko Batzarrak halaxe eskatuta, eta dagokion legezkotasun txostena aurkeztu ondoren. Idazkaritza Nagusiak (eskuordetuta) onartuko ditu araudiak. Onartzeko, alabaina, araudiek aldeko txosten guztiak izan beharko dituzte eta Gobernu Kontseiluko kide bakar batek ere edo Ikastegiko Batzarreko kideen % 15ek ez dute espresuki eskatu beharko txostenak Gobernu Kontseilura eramatea. Onartuz gero, Gobernu Kontseiluari jakinarazi beharko zaio».

Horregatik guztiagatik, ondokoa

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– Bilboko Ingeniaritza Eskolako Kalitateko Batzordearen arautegia onartzea.

Bigarrena.– Onarpen honen berri ematea Gobernu Kontseiluari.

Hirugarrena.– Agindua ematea Bilboko Ingeniaritza Eskolako Kalitateko Batzordearen arautegia argitaratzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gobernu Kontseiluari horren berri eman eta gero.

Leioa, 2017ko apirilaren 6a.

Idazkari nagusia,

MIKEL GARMENDIA MUJIKA.

BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA

Hitzaurrea

Kalitate Batzordea Eskolako Batzarrak izendatutako batzordea da. Zuzendaritza taldearekin batera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta gainera barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Kalitate Batzordeak, gainera, eskolako zuzendaritzari eta Eskolako Batzarrari laguntza eta aholkua emango die tituluen curriculuma garatzeko plangintzan eta jarraipen lanean, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren arabera. Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak gidatutako ikaskuntza (banakakoa nahiz taldekoa) sustatuko da, bai eta etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.

Eskolako Batzarrari dagokio, UPV/EHUko ikastegietako gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den aldetik, ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzea ere. Orobat, Eskolako Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.

1. artikulua.– Arautegiaren helburua.

1.– Arautegi honen helburua da Bilboko Ingeniaritza Eskolako Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.

2.– Organoaren izena hau da: Bilboko Ingeniaritza Eskolako Kalitate Batzordea.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

Hauek dira Kalitate Batzordearen jarduna arautuko dutenak: bere arautegia, UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegia (eskolako Kalitate Batzordearen Arautegian aurreikusita ez dagoen guztirako, oinarrizko arautegira joko da), eta aplikagarri diren gainerako arautegiak.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Kalitate Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.

b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.

c) Eskolako zuzendaritzari batzordearen proposamenak aurkeztea.

d) Eskolaren urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.

e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta, haietatik abiatuta, hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.

f) Urteko jarraipen txostena egitea KBBSren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulazioetarako ezarritako helburuak betetzeko.

g) Eskolan irakasten diren titulazioen akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.

h) Eskolako kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.

i) Titulazioetako curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.

j) Eskolako irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.

k) Eskolako kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.

l) Laguntza ematea zuzendaritzari KBBSrekin zerikusia duten gaietan.

m) Eskolako Batzarrari erabakiak proposatzea, onar ditzan, betiere haren eskumenen arloan.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Hauek izango dira Kalitate Batzordeko kideak:

a) Eskolako zuzendaria edo hark bere ordez izendatutako pertsona, batzordeko burua izango dena.

b) Eskolako zuzendaritza taldeko bi kide.

c) Irakasle eta ikertzaileen lau ordezkari, zuzendaritza taldeak aukeratuak, eskolan egoitza duten sailen edo eskolako sail atalen proposamenez.

d) Titulazioetako koordinatzaileak.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, ahal dela kalitatearen arloan arduraren bat daukana.

f) Ikasleen ordezkari bi, eskolako Ikasleen Kontseiluak proposatuta.

2.– Ahalegina egingo da gizonek eta emakumeek pareko ordezkari kopurua izan dezaten batzordean.

3.– Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.

4.– Kalitate Batzordeko kideak Eskolako Batzarrak izendatuko ditu, zuzendaritza taldearen proposamenez. Izendapena lau urterako izango da. Ikasleen ordezkariak bi urterako izendatuko dira, baina epe hori luzatu ahal izango da.

5.– Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, irakasle eta ikertzaileen, ikasleen eta AZPkoen ordezkarien erdiak baino ez dira aldatuko batzordea berritzen den bakoitzean, eta hori bi urterik behin izango da. Salbuespen moduan, Kalitate Batzordeko kide hautatuen erdien lehenengo agintaldia bi urterako izango da.

5. artikulua.– Laguntza batzordeak.

1.– Kalitate Batzordeak laguntza batzordeak sortu ahal izango ditu. Laguntza batzordeak Kalitate Batzordearen menpe egongo dira eta aholkurako izango dira. Kalitate Batzordeak honako hauek zehaztuko ditu batzorde bakoitzerako: osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, bere funtzionamenduaren berezitasunak.

2.– Eskolak zenbat titulazio koordinatzen dituen, horrenbeste batzorde sortu ahal izango dira titulazioen curriculuma garatzeko. Batzorde hauek osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiak Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak. Maila edo moduluetako koordinatzaileak, halakorik balego, batzorde hauetako kide izan beharko dira.

3.– Era berean, batzorde bat sortu ahal izango da Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako informazio iturria izan dadin. Batzorde hau eratzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiak Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak, eta, edozelan ere, ezinbestekoa izango da eskolari atxikitako sail edo sail atalen ordezkariak batzordeko kide izatea.

6. artikulua.– Funtzionamendurako araubidea.

1.– Kalitate Batzordeko kideek batzordearen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

2.– Kalitate Batzordeko kidea izatea ezaugarri pertsonala eta besterenezina da; pertsona batek Kalitate Batzordeko kidea izateari utziko dio UPV/EHUko Estatutuetan ezarritako arrazoiengatik.

3.– Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke. Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da.

4.– Batzordeko buruak egin behar du bilerarako deia.

5.– Bilerarako deia organoko idazkariak bideratu behar du, denbora nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta aztergaiak zehaztu behar ditu deian.

6.– Batzordea balioz eratzeko, kideen gehiengo osoa bertaratuta egon behar da.

7.– Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, aztergaien punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso beharko da; gonbidatuek ez dute botorik emateko eskubiderik izango.

8.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila beharko da. Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitateko botoak erabakiko du.

9.– Idazkariak egingo du bilerako akta. Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia, eguna eta ordua; bileran aztertutako gaiak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, hala dagokionean, arrazoiaren azalpen laburra.

10.– Behin onartuta, Kalitate Batzordearen erabakiak eskolako web orrian argitaratuko dira, betiere pertsonen intimitatea zainduta.

11.– Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez bete beharrekoak izango. Zuzendaritza taldeari bidaliko zaizkio beharrezko neurriak har ditzan.

12.– Bere araubidean aurreikusita ez dagoen guztian, Kalitate Batzordeak jardungo du Eskolako Batzarraren bileretarako ezarrita dauden arauen arabera, aplikagarri zaizkion neurrian.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Batzordeetako kideek konfidentzialtasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez. Era berean, datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia bete beharko dute batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi honek indargabetu egiten ditu aurreko arautegi hauek: Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Kalitate Batzordearena, Nautika eta Itsasontzi-Makineria Goi Eskola Teknikoko Kalitate Batzordearena, Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako Kalitate Batzordearena, eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako Kalitate Batzordearena.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.


Azterketa dokumentala