76. zk., 2017ko apirilaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (329 KB - 24 orri.)
- EPUB (214 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Indargabetutako xedapena
XEDAPEN OROKORRAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1964
77/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren azken xedapenetatik lehenengoan xedatzen denez, sailburuek lehendakariari aurkeztuko dizkiote bakoitzaren sailari dagokion araudi organikoari buruzko egitasmoa, hark onarpena eman diezaien; sailburuei esleitutako jardun-arlo bakoitzarentzat Jaurlaritzaren programan jasotako printzipio eta helburuei eta programa horren antolaketa-irizpideei egokituko zaizkie egitasmook.
Dekretu hau da, beraz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren erregelamendu organikoa, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan aurreikusita dagoena.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoak ingurumenaren, lurralde-plangintzaren eta etxebizitzaren arloetan dituen eskumenen kudeaketa, eta sailaren kudeaketa eraginkorra sustatu eta gauzatzeko konpromisoa hartzen du, gobernantza publiko onari buruzko informazio-printzipio adierazgarrien arabera. Hauek dira printzipio horiek: plangintza, koordinazioa, ebaluazioa, parte-hartzea eta gardentasuna, bere ardurapeko arloan, betiere.
Garrantzitsua da, orobat, sailaren jardueretan euskara erabili eta normalizatzeko antolatzen diren ekimenei eman nahi zaien bultzada.
Sailari, sailburuaren mende, esleitutako gai eta egitekoen kudeaketa eraginkorraren helburuak lortzea errazteko xedearekin, hiru sailburuordetzek osatzen dute Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa: Ingurumen Sailburuordetza, Lurralde Plangintza Sailburuordetza eta Etxebizitza Sailburuordetza; horiei gehitu behar zaie Zerbitzu Zuzendaritza, zeina sail horretako sailburuaren mende baita zuzenean eta hierarkian.
Ingurumen Sailburuordetzari dagokionez, bere gain hartzen ditu arlo hauetan Administrazio honi dagozkion eskumenak eta egitekoak: ingurumena, urak, ubideak eta ureztaketak, baliabide naturalak antolatzea eta natura zaintzea, eta haren xedea da ingurumen-baimenekin eta inguruneetako ingurumen-afekzioekin zerikusia duten gaiak kudeatzea. Halaber, sailburuordetza horrek sustatzen ditu ingurune naturala babesteko tresnen onarpena, hezkuntza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa ingurumen-plangintzaren esparru propio batean. Sailburuordetza horren mende da organikoki Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza. Gainera, sailburuordetza horri dagokio Uraren Euskal Agentziak eta Ihobe, S.A.k burututako jarduerak koordinatu eta kontrolatzea.
Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzak, aldiz, bere gain hartzen ditu lurralde-antolaketaren, hirigintzaren eta hiri-berroneratzearen arloan Administrazio honi dagozkion eskumenak eta egitekoak, eta lurralde-estrategia orekatu eta jasangarri bat garatzeaz arduratuko da, lurralde- eta hirigintza-plangintzako eta hiria berroneratzeko eragiketen planifikazio- eta garapen-prozesuen oinarriaren gainean eratua, zeinak espazioen eta ingurune naturalaren ingurumen-babesa eta antolamendu jasangarria barne hartuko baitu. Sailburuordetza honen mende dago organikoki Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritza.
Azkenik, Etxebizitza Sailburuordetzari gomendioan uzten zaizkio sailak honako arlo hauetan dituen egitekoak: etxebizitza, etxebizitzari atxikitako lurzorua eta hirigintza, arkitektura, eraikingintza, eraikuntzaren jasangarritasuna eta kalitatea eta irisgarritasunaren sustapena; eta bere gain hartzen ditu administrazio honi arlo hauetan esleitutako eskumenak eta egitekoak: arkitektura, bizitegi-lurzoruan eraiki eta urbanizatzea, hirigintza-plangintza, babes publikoko etxebizitzetarako bizitegi-guneetako lurzorua kudeatu eta erostea, herritarrentzako arreta, etxebizitzarekin lotutako laguntzak kudeatzea, baita eraikingintzan berrikuntza, birgaitzea, eraikuntzaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna sustatzea ere. Organikoki, sailburuordetza horren mende daude Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritza eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza. Gainera, sailburuordetza horri dagokio Visesa eta Alokabide sozietate publikoek burututako jarduerak koordinatu eta kontrolatzea. Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legean dagoen erregulazioa kontuan hartuz berrikusi da arlo honetan sailak dituen egitekoen mugaketa; lege horrek dekretuan jasotako egitekoen eta eskumenen mugaketari eragiten dioten zenbait berrikuntza sartzen ditu etxebizitza babestuen, lurzoruaren ondare publikoaren arloan eta eskumenen arloan. Hala ere, legeak sartutako berrikuntza batzuk erregelamendu bidezko garapena falta dutenez, zehaztapen horietako batzuk, Lurzoruaren Ondare Publikoari eta fede-emaile publikoen parte-hartzeari buruzkoak kasu, iragankortasunez jasotzen dira, dekretuaren azken xedapenekin bat.
Bestalde, Zerbitzu Zuzendaritzak, sailak parte hartzen duen zeharkako prozesuen organo horizontal eta ardatz egituratzaile den heinean, administrazio-zerbitzu orokorrak erraztea eta sailaren jardueren plangintza, jarraipena eta ebaluazioa bultzatzea du xede.
Sailaren estatistika organo bereziaren jardun-arloa mugatzen du dekretuak; azaroaren 19ko 448/2013 Dekretuaren bidez sortu zen organo hori.
Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 11n egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
ANTOLAKETA OROKORRA
1. artikulua.– Egitekoak eta jardun-arloak.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 9. artikuluarekin bat etorriz, honako eremu hauetan gauzatuko ditu bere egitekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion eskumenetatik atera gabe, betiere:
a) Ingurumena.
b) Urak.
c) Ubideak eta ureztaketak.
d) Baliabide naturalak antolatzea eta natura zaintzea.
e) Lurraldearen eta itsasbazterraren antolamendua.
f) Lurra eta hirigintza.
g) Etxebizitza eta urbanizazioa.
h) Arkitektura, eraikingintza, jasangarritasuna, efizientzia energetikoa eta kalitatea eraikuntzan.
i) Irisgarritasunaren sustapena.
j) Hiria birgaitzea, hau da, eraikinak birgaitzea eta hiria eraberritu eta berroneratzea.
2. artikulua.– Egitura orokorra.
Aurreko atalean aipaturiko jardun-arloetako eskumenak erabiltzeko, honako egitura orokor hau hartuko du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak:
A) Organo zentralak:
1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.
1.1.– Zerbitzu Zuzendaritza.
2.– Ingurumen Sailburuordetza.
2.1.– Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza.
2.2.– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.
3.– Lurralde Plangintzaren Sailburuordetza.
3.1.– Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritza.
4.– Etxebizitza Sailburuordetza.
4.1.– Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritza.
4.2.– Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza.
B) Organo periferikoak:
1.– Ingurumeneko Lurralde Zerbitzuak.
2.– Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzua.
3.– Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak, lurralde historiko bakoitzekoak.
C) Kide anitzeko organoak:
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari kide anitzeko organo hauek atxiki zaizkio saila eratzeko arauetan zehaztutakoaren arabera:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Batzordea, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen bidez sortua eta apirilaren 11ko 69/2000 Dekretuan arautua; azken hori apirilaren 11ko 82/2002 Dekretuak aldatu zuen.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenerako Aholku Kontseilua, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen bidez sortua eta urriaren 10eko 199/2000 Dekretuan arautua.
c) Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatua, uztailaren 6ko 5/1989 Legearen bidez sortua.
d) Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Lankidetza Kontseilua, otsailaren 14ko 164/1995 Dekretuaren bidez sortua.
e) Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko Aholku Kontseilua, ekainaren 30eko 16/1994 Legearen bidez sortua.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordea, maiatzaren 31ko 4/1990 Legean aurreikusia eta irailaren 9ko 157/2008 Dekretuan arautua.
g) Lurralde Politikako Aholku Batzordea, maiatzaren 31ko 4/1990 Legean aurreikusia eta urtarrilaren 15eko 7/2008 Dekretuan arautua.
h) Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Batzordea, urriaren 22ko 209/2014 Dekretuak sortua.
i) Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua, abenduaren 4ko 20/1997 Legeak sortua.
j) Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Nahitaezko Desjabetzeko Lurralde Epaimahaiak, azaroaren 20ko 8/1987 Legeak sortuak, eta Euskadiko Balorazio Batzorde Teknikoa.
k) Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunea, lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak eta ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuak arautua.
3. artikulua.– Administrazio Instituzionala eta Sozietate Publikoak.
Erakunde hauek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren mende daude, edo berari lotuta, kasu bakoitzean legez behar duen egoeran.
A) Uraren Euskal Agentzia, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.
B) Honako sozietate publiko hauek:
1.– Ihobe, S.A., Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa.
2.– Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. (Visesa).
3.– Alokabide, S.A.
II. KAPITULUA
SAILBURUA, SAILEKO GOI-KARGUDUNAK ETA ORGANOAK
1. ATALA
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZAKO SAILBURUA ETA ORGANO HORIZONTALAK
4. artikulua.– Sailburua.
1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari eskumen hauek betetzea dagokio: batetik, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan finkatutakoak, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera sailari dagozkion egiteko eta jardun-arloetan, indarrean dauden legeek esleitzen dizkiotenak, betiere, saileko beste organoren bati esleitu ez bazaizkio.
2.– Sailburuari dagozkio, halaber, honako eskudantzia hauek:
a) Sailaren politiken helburu estrategikoak definitzea, Gobernu Programan definitutako estrategia-lerroen eta programa-konpromisoen esparruan, eta lortutako gizarte-eraginaren analisia egitea.
b) Saileko organoen artean eskudantziei buruz sortzen diren gatazkak ebaztea eta beste sail eta erakunde batzuekiko eskumen-gaiak planteatzea.
c) Gobernu Kontseiluaren aurretiazko baimenetik kanpo dauden hitzarmenak eta akordioak baimentzea, sailaren berezko gaietan, eta horiek sinatzea.
d) Sailaren 1.000.000 eurotik gorako gastuak baimentzea, gastuok ez badira ez Zerbitzu zuzendariak kontratazio-organo gisa diharduen kontratazio-espedienteen ondoriozkoak, ez nahitaezko desjabetze prozeduren ondoriozkoak, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak.
e) Saileko Kontratazio Organo gisa jardutea, 5.000.000 eurotik gorako lizitazio-aurrekontua duten kontratuetan.
Halaber, eta baldintza beretan, berari dagokio baliabide propioei enkarguak egiteko eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren IV. tituluan aurreikusi bezala.
f) Ondare-erantzukizuneko prozedurak ebaztea eta ofiziozko berrikusketako eta kaltegarritasun-adierazpeneko prozedurak hasi eta ebaztea sailarenak diren arloetan.
g) Hirigintza-plangintza garatzeko hirigintza-antolamenduko planak onartzea, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioari badagozkio.
h) Plan, programa eta jarduera garrantzitsuak onartzea, Gobernu Kontseiluak onartzeko direnak izan ezik.
3.– Sailburua buru duen Zuzendaritza Kontseilu bat ere badago, sailaren politika orokorra planifikatu eta koordinatzen laguntzeko. Kontseilu horretan parte hartuko dute saileko sailburuordetzetako eta Zerbitzu Zuzendaritzako pertsona titularrek eta, landu beharreko gaien arabera, sailburuak zehazten dituen pertsonek.
5. artikulua.– Zerbitzu Zuzendaritza.
1.– Zerbitzu Zuzendaritzari dagokio, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eskudantzien esparruan eta sailburuaren mende zuzenean eta hierarkian, jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzea:
a) Ekonomia eta aurrekontua.
b) Pertsonak, euskara eta berdintasuna.
c) Juridiko-administratiboa.
d) Kontratazioa.
e) Herritarrak eta berrikuntza.
f) Informazio- eta estatistika-sistemak.
g) Baliabide orokorrak, antolamendua eta informatika.
2.– Horretarako, indarreko araubide juridikoak agintzen dien edo, oro har, saileko zuzendaritzei atxikitako eskumen komunez gain, eskumen hauek izango dituzte saileko zuzendaritzek:
a) Batetik, sailaren aurrekontu-aurreproiektua lantzea eta horren jarraipena eta aldaketak egitea, eta, bestetik, Administrazio Instituzionaleko erakundeen eta sailari atxikitako sektore publikoko erakundeen aurrekontu-proiektuak koordinatzea eta horiek sailaren aurrekontuarekin bateratzea.
b) Sailaren jarduera ekonomikoa planifikatu eta kudeatzea, aurrekontua betearazteko faseak izapidetzea. Esparru honetan, Zerbitzu zuzendariari dagokio sailaren gastuak baimentzea, baldin eta ez badira 1.000.000 euro baino handiagoak, salbu eta nahitaezko desjabetzeei dagozkienak, horiek sailburuordeei baitagozkie.
c) Sailari atxikitako giza baliabideak administratu eta kudeatzea, horretarako indarreko araudiak esleitzen dizkion eskumenak erabiliz.
d) Langileak prestatu eta hobetzeko planak lantzea, hargatik eragotzi gabe Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagozkion eskumenak.
e) Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planean xedatutako neurriak bete daitezela sustatzea, eta, neurri horiek betearazteko bultzada, koordinazioa eta lankidetza, zuzendaritzekin, Administrazio Instituzionaleko erakundeekin eta hari atxikitako organoekin.
f) Sailaren Segurtasun eta Osasun Unitatearen jardunak zuzentzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuari dagozkion eskudantziak.
g) Jaurlaritzako gainerako sailekin administrazio-harremana izatea, eta solaskide izatea Legebiltzarrarekin Arartekoarekin, Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko gainerako erakunde eta instituzioekin, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo batzuen eta sailen eskumenak.
h) Ondare-erantzukizuneko, ofiziozko berrikusketako eta kaltegarritasun-adierazpeneko prozedurak hasi eta ebaztea sailarenak diren arloetan.
i) Gobernu Kontseilura bidali behar diren sailaren gaiak izapidetzea, baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak ere.
j) Jurisdikzio-prozeduren eta, hala badagokio, horien ebazpenen jarraipena eta kontrola egitea eta sailak parte hartzen duen gaietan Auzibide Zuzendaritzarekin harremana izatea.
k) Sailaren eskumeneko kontratazio-espedienteak eta sailaren eremuko kontratazio elektronikoko prozeduren eta zerbitzuen kudeaketa eta zabalkundea zuzendu, koordinatu eta izapidetzea.
l) Sailaren jardun-arloei buruzko informazioa herritarrei emateko egitekoak koordinatzea eta sailaren jardun-arloen inguruan dauden kexak eta iradokizunak jasotzea.
m) Proposamenak lantzea saileko zerbitzuen eta sailean erabiltzen diren lan-sistemen eta -metodoen barne-antolaketa, arrazionalizazioa, aplikazio informatikoak, administrazio digitala eta informatizazioa lortzeko, saileko beste organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunekin batera koordinatuta.
n) Aktiboki parte hartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zeharkako ekimenetan eta eremu orokorreko proiektuetan, hain zuzen, koordinazioa, kalitatea, etengabeko hobekuntza, modernizazioa, Administrazio elektronikoa, I+G eta Berrikuntzaren arloetan, eta horiek oro sailean sustatzea, gainerako sailekiko solaskidetza erraztuz.
o) Erregistro Orokorra, Artxiboa eta saileko gainerako dokumentazio-zentroak kudeatzea.
p) Saileko bulegoen barne-araudia zaindu eta babestea eta sailari atxikitako ondarea eta bere ekipamendua administratu eta iraunaraztea.
q) Herritarrei informazioa eta laguntza emateko zerbitzuen funtzionamendua kudeatzea (2. eta 3. mailak) eta Zuzenean-Herritarrei Laguntzeko Zerbitzuarekiko harremanak ezartzea.
r) Sailaren Estatistika Plana lantzea eta Euskal Estatistika Plana eta urteko Estatistika Programak lantzen Euskal Estatistika Erakundearekin batera lan egitea. Halaber, Zerbitzu Zuzendaritzak sailaren estatistika organo bereziari esleitutako eskumen eta ahalmenez baliatuko da, eta, saileko estatistikekin lotutako gaietan, laguntza teknikoa emango die saileko organo orori.
s) Sailean sortutako gaiei buruzko azterketak eta txostenak egitea, batez ere gai ekonomikoei buruzkoak, baita sailaren ekonomia-jarduneko ildoak planifikatu eta programatzea ere beste sail edo administrazio batzuek lantzen dituzten eta ondorio ekonomikoa duten planen prestakuntza-prozesuetan, baldin eta haien jardun-arloetan eragina badute eta beste zuzendaritza batzuen esku utzi ez badira, betiere.
t) Saileko zerbitzu orokorrak antolatu eta administratzea, sailburuordetzen, zuzendaritzen eta lurralde-ordezkaritzen lan-sistema eta -metodoak koordinatzea eta saileko administrazio-unitateen espazio-banaketa eta ekipamendu materiala antolatzea, hargatik eragotzi gabe Etxebizitza Sailburuordetzari eta haren mendeko organoei eta Ogasun eta Ekonomia Sailari esleitutako eskumenak.
u) Sailaren eskumenekoak diren gaiak koordinatzeko neurriak gauzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Europar Batasuneko araudia eta politikak lantzeko eta aplikatzeko izan beharreko esku-hartzea garatu ahal izateko, indarreko arauak betez. Horren haritik, saileko organoen eta Europako Erkidegoko Erakundeen arteko gaiak eta harremanak bideratuko ditu, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eskumeneko organoaren bitartez.
3.– Zerbitzu Zuzendaritza izango da sailaren Kontratazio Organoa 5.000.000 euro baino oinarrizko lizitazio-aurrekontu handiagoa ez duten kontratuetan, eta, halaber, berak izango du eskumena, baldintza beretan, baliabide propioei enkarguak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren IV. tituluan aurreikusi bezala. Egiteko horiek burutzean, hari dagokio, muga berarekin, tokatzen diren gastuak baimentzea.
Sailaren Kontratazio Mahaiak –Zerbitzu Zuzendaritzari atxikia; 2017ko apirilaren 6ko Aginduaren bidez eratua– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako egitekoak izango ditu.
4.– Euskara unitateak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gidalerroei jarraikiz, saileko zuzendaritzek politika publikoetan eta sailaren ohiko jardunean euskararen erabilera normalizatzeko egiten duten lana koordinatuko eta dinamizatuko du, eta horretarako egiteko hauek burutuko ditu, besteak beste:
a) Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren jarraipena eta ebaluazioa zehaztu, garatu eta gauzatzea, sailari dagokionez.
b) Saileko euskararen erabilera-planaren urteko kudeaketa-planaren jarraipena eta ebaluazioa zehaztu, garatu eta gauzatzea.
c) Sailaren jardun-arloaren funtzionamenduan aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak definitzea, horren jarraipena egitea, lortutako betetze-maila zehaztea eta beharrezko neurri zuzentzaileak proposatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio osoarentzat ezarritako hizkuntza-irizpideekin bat etorriz eta sailaren ezaugarriak kontuan hartuz.
d) Aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak ezartzea sailaren jardun-arlo hauetan, besteak beste: hizkuntza ofizialak zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza moduan erabiltzea, itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, erregistroa, diru-laguntzak, argitalpenak, saileko kargudunen agerraldi publikoak, tresnak eta aplikazio informatikoak, internet-a eta intranet-a, errotulazio finkoa, oharrak eta aldi baterako oharpenak, iragarkiak, publizitatea eta kanpainak, izendapen ofizialak, sailak antolatutako jendaurreko ekitaldiak eta administrazio-kontratazioa, azken kasu horretan Gobernu Kontseiluak, 2016ko apirilaren 26ko Erabakia betez, onartutako jarraibideen arabera.
5.– Zerbitzu Zuzendaritzaren Aholkularitza Juridikoak, 8.2 artikuluak sailaren aholkularitza juridikoei aitortzen dizkien egitekoez gain, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikuluaren d), e) eta f) hizkietan jasotako egitekoak beteko dituzte berariaz. Gainera, nahitaezko txosten juridikoak emateaz arduratuko da sailaren xedapen arauemaileen, hitzarmen eta protokolo orokorren eta plan, programa eta jardun esanguratsuen lanketa-prozeduran.
2. ATALA
SAILBURUORDETZAK ETA ZUZENDARITZAK: EGITEKO OROKORRAK
6. artikulua.– Saileko sailburuordeak.
Saileko sailburuordeei dagozkie, beren eskumenen esparruan eta sailburuaren mende zuzenean eta hierarkian, honako eskudantzia orokor hauek:
a) Sailburuordetzaren jarduerak planifikatu, zuzendu, koordinatu, bultzatu eta gainbegiratzea, baita zuzendaritzenak eta sailburuordetzaren mende dauden gainerako administrazio-organo eta -unitateenak ere, horretarako behar diren jarraibideak eta aginduak emanez.
b) Bere arlo funtzionaleko jarduera-politikak zehaztu, landu eta sailburuari proposatzea, Jaurlaritzaren estrategiaren arabera sailburuordetzari ezarritako helburu estrategikoak garatzea eta lortutako gizarte-inpaktua neurtzea.
c) Sailburuordetzaren barruan, baliabide materialen eta giza baliabideen premiak definitzea, aurrekontu-aurreproiektua lantzeko.
d) Xedapen orokorren, planen, programen eta jarduera garrantzitsuen proiektuak sustatzea.
e) Bere jardun-arloan izapidetzen dituen nahitaezko desjabetzeen gastuak baimentzea, zenbatekoa edozein dela ere.
f) Ahaleginak egitea sailburuordetzak eta bere zuzendaritzek ordezkaritza eraginkor eta koordinatua izan dezaten proiektu, sare, elkarte, erakunde eta instituzioetan, are Europa nahiz nazioarte mailan.
g) Euskararen erabilera sustatzea zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa bere eskumeneko esparruetan, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin bat.
h) Indarrean dagoen araubide juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, egiteko komunak, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailburuordeei atxikitzen zaizkienak.
7. artikulua.– Saileko zuzendariak.
Saileko zuzendariei dagozkie, beren eskumenen esparruan eta sailburuaren mende zuzenean eta hierarkian, honako eskudantzia orokor hauek:
a) Beren jardun-arloei esleitutako kudeaketa publikoko politikak garatzea, zuzendaritzaren barneko zerbitzuak eta lan-sistemak antolatuz, jarduerak eta ardurak esleituz, lortutakoa kontrolatuz eta kudeaketan behar diren zuzenketak ezarriz, organo eskudunek ezarritako arauekin bat etorrita.
b) Zuzendaritzako jarduerak programatu, zuzendu, bultzatu, zuzendu, koordinatu eta ikuskatzea, organo gorenak emandako jarraibideen arabera.
c) Beren eskumen-gaietan xedapen-proiektu orokorrak, planak, programak eta jarduera garrantzitsuak lantzeko eta izapidetzeko lanak bultzatzea.
d) Beste administrazio batzuekiko eta pertsona publiko nahiz pribatuekiko hitzarmenak eta lankidetza-tresnak proposatzea, zuzendaritzari berari dagozkion gaietan.
e) Goragoko organoei proposamenak egitea, bere eskumenen arloan.
f) Bere eskumenen arloan beharrezko diren ebazpenak ematea, baita, hala behar denean, goragoko organoetara ebazpen-proposamenak bidaltzea ere.
g) Politikako tresnak garatu eta aplikatzea, zuzendaritzaren arlo funtzionaletan.
h) Zuzendaritzaren gaietan diru-laguntzak emateko bideak proposatzea.
i) Zuzendaritzaren eskumeneko kontratuen egiaztagiriak onartzea.
j) Zuzendaritzaren tasa eta prezio publikoen zenbatekoa proposatzea eta dagokion likidazioa egitea.
k) Indarreko Hizkuntza Normalkuntzaren Planaren helburuak definitzea berari dagokion esparruan, eta helburu horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea euskararen kudeaketa integratua gauzatuz bere zuzendaritzako zerbitzu burutzekin elkarlanean; Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak inplementatzea eta Zuzendaritzaren jardun-arloetan irizpide horien jarraipena egitea; hori guztia Zerbitzu Zuzendaritzaren koordinaziopean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean.
l) Indarreko araubide juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, egiteko komunak, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko zuzendariei atxikitzen zaizkienak.
8. artikulua.– Saileko zuzendaritza guztiei dagozkien egitekoak.
1.– Saileko zuzendaritza bakoitzari, haientzako berariaz jasotako egitekoez gain, hauek ere badagozkie, beren eskumen-esparruaren barnean:
a) Beste administrazioekiko eta gainerako pertsona publiko edo pribatuekiko hitzarmenei, protokolo orokorrei eta lankidetzako bestelako tresnei dagokienez, horiek negoziatu, landu, izapidetu eta burutzea eta horien jarraipena egitea; izapidetu, baina, Zerbitzu Zuzendaritzarekin elkarlanean egingo dute.
b) Diru-laguntzei dagokienez, agiri eta tresna juridikoak eta ekonomikoak lantzea, zeinetan arautzen baita horien izapidetzea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin elkarlanean, eta, oro har, horien kudeaketa, jarraipena eta ebaluazioa egitea.
c) Kontratazioaren arloan, memoriak eta oinarri teknikoen pleguak idaztea kontratazio-espedienteetan, eta kontratuei jarraipena egitea eta horiek zuzen egiten direla kontrolatzea.
d) Oro har, zuzendaritzaren arlo funtzionaletako irizpenak, txostenak eta azterketak lantzea.
e) Zehapen-espedienteen instrukzioa egitea, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzei dagozkien espedienteenak salbu.
2.– Zuzendaritzen Aholkularitza Juridikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuaren barnean, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikuluan jasotako egitekoak izango dituzte, salbu d), e) eta f) hizkietan jasotako egitekoak, horiek Zerbitzu Zuzendaritzaren Zerbitzu Juridikoari baitagozkio.
III. KAPITULUA
INGURUMEN SAILBURUORDETZA
9. artikulua.– Ingurumen Sailburuordetza.
1.– Ingurumen Sailburuordetzak honako jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatuko ditu:
a) Ingurumen-politika planifikatzea.
b) Ingurumenari eragiten dioten jarduerak antolatu eta ebaluatzea.
c) Ingurumenari eragiten dioten jarduerak zaindu, ikuskatu eta kontrolatzea.
d) Klima-aldaketa, eta atmosfera eta lurzorua babestea.
e) Urak.
f) Ingurumenari buruzko informazioa, parte-hartzea eta prestakuntza.
g) Ingurune naturala babestea.
h) Ingurumen-ebaluazioa.
i) Garapen jasangarria bermatu eta sustatzea.
j) Ingurumeneko erantzukizuna eta diziplina.
2.– Ingurumen Sailburuordetzari, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkion egitekoez gain, hauek ere badagozkio:
a) Ingurumen-politika antolatu, programatu eta koordinatzea.
b) Ingurumenaren eta uren arloko arauen lanketa sustatzea.
c) Ingurumenaren prebentzioa, babesa eta leheneratzea lortzeko tresnak diseinatu eta garatzea.
d) Klima-aldaketari egokitu eta horren aurka borroka egiteko politikak formulatzea.
e) Ingurumenari eragiten dioten jarduerak antolatzea, jarduerok izan ditzaketen eragin kutsagarrien kontrol bateratua eginez.
f) Bere eskumen-eremuko baimenak eta ebazpenak ematea, ingurumeneko legerian daudenak, baldin eta beste organoren bati esleitu ez bazaizkio, betiere.
g) Ingurumen-arloko elkargune-foroetan parte hartzea.
h) Ingurumen-arloko informazioa eta beraren eskurapena sustatzea.
i) Ingurumen-arloan sentsibilizazio- eta kontzientziatze-jarduerak sustatzea.
j) Administrazioaren sailek sustatutako ingurumen-jasangarritasuneko jarduerak koordinatzea.
k) Ihobe, S.A. Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoaren kudeaketa ikuskatzea.
3.– Ingurumen Sailburuordetzaren mende daude hierarkian Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.
4.– Sailburuordetza honek bideratu behar ditu Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta Uraren Euskal Agentziaren arteko harremanak, erakunde horren gaineko koordinazioa, ikuskapena eta kontrola eginez, hargatik eragotzi gabe kontrol-arloan Ogasun eta Ekonomia Sailak dituen egitekoak.
10. artikulua.– Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza.
1.– Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak sailburuordetzaren jardun-arlo hauetan garatzen ditu bere egitekoak:
a) Ingurumenari eragiten dioten jarduerak antolatu eta ebaluatzea.
b) Ingurumenari eragiten dioten jarduerak zaindu, ikuskatu eta kontrolatzea.
c) Atmosfera eta lurzorua babestea.
d) Ingurumen-ebaluazioa.
e) Ingurumen-erantzukizuna eta -diziplina.
2.– Arlo horietan, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, dekretu honen 7. eta 8. artikuluetan oro har esleitutako egitekoez gain, hauek ere badagozkio:
a) Ingurumen-baimen integratuen baimen-proposamena izapidetu eta lantzea eta horien jarraipena egitea eta sailkatutako jarduerei lizentzia emateko prozeduretan neurri zuzentzaileak ezartzeko txostena ematea.
b) Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoko prozedurak eta proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedurak izapidetu eta ebaztea.
c) Atmosfera kutsa dezaketen jarduerek bete behar dituzten ingurumen-prozedurak izapidetu eta ebaztea eta atmosfera-ingurumenaren kalitatea, kutsadura akustikoa, argi-kutsadura eta usain-kutsadura barne, ebaluatu eta kontrolatzea.
d) Hondakinak ekoitzi eta kudeatzeko jarduerek eta produktuaren ekoizlearen erantzukizun zabalduaren eremuko jarduerek bete behar dituzten ingurumen-prozedurak izapidetu eta ebaztea, baita hondakinak prebenitu eta balioztatzeko jarduerak bultzatzea ere.
e) Lurzoruaren kalitatearen arloko prozedurak izapidetu eta ebaztea, prebentzio-, defentsa-, leheneratze-, kontrol- eta jarraipen-neurriak definituz.
f) Ingurumen-erantzukizuneko prozedurak izapidetu eta ebaztea.
g) Berotegi-efektuko gasak igortzeko baimenak emateko prozedurak eta berotegi-efektuko gasak igortzeko eskubideak salerosteko prozedurak izapidetu eta ebaztea.
h) Ingurumeneko kudeaketa eta auditoretzen erkidegoko sisteman (EMAS) izena emateko proposatzea eta berau izapidetzea.
i) Europar Batasunaren etiketa ekologikoa emateko prozedura izapidetu eta ebaztea.
j) Ingurumen-lankidetzako erakundeek, lurzoruaren kalitatea ikertzeko erakundeak barne, bete beharreko ingurumen-prozedurak izapidetu eta ebaztea.
k) Ingurumena zaindu eta ikuskatzeko lanak egitea, baita ingurumen-kontrola fiskalizatzea ere.
l) Ingurumen-planak landu eta izapidetzea zuzendaritzaren eskumen-esparruetan: hondakinen eta lurzoru-planaren arloan planifikatzea.
m) Euskal Autonomia Erkidegoko aire-kalitatearen sarearen mantentze-lanak eta kudeaketa egitea.
n) Hondakinak mugaz gaindi mugitzeko baimenak izapidetu eta ebaztea eta horren ikuskapena eta kontrola egitea, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean zehaztu irismenaren arabera.
o) Ingurumenaren gaineko ondorioak prebenitu, murriztu eta arintzeko tekniken aplikazioa sustatzea ekoizpen-prozesuetan, dagozkion funts eta laguntzen kudeaketaren bitartez.
p) Ingurumen-arloko prozedurak eta zerbitzu elektronikoen kudeaketa eta zabaltze-lanak koordinatzea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta.
q) Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren, Ingurumenean Eragina duten Instalazioen Erregistroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Lankidetzako Erakundeen Erregistroaren administrazio-kudeaketa egitea.
r) Zuzendaritzaren eskumen-esparruetan, inbentarioak landu eta zabaltzea: hondakinak, berotegi-efektuko gasak eta lurzoruak.
3.– Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, bere eskumen-esparruan, Ihobe, S.A. Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren administrazio-tutoretza izango du, goragoko zuzendaritzaren mende eta Ingurumeneko sailburuordearen jarraibideak betez.
11. artikulua.– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.
1.– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak sailburuordetzaren jardun-arlo hauetan garatzen ditu bere egitekoak:
a) Ingurumen-politika planifikatzea.
b) Ingurune naturala babestea.
c) Garapen jasangarria bermatu eta sustatzea.
d) Klima-aldaketa.
e) Ingurumenari buruzko informazioa, parte-hartzea, sentsibilizazioa, hezkuntza eta prestakuntza.
2.– Arlo horietan, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, dekretu honen 7. eta 8. artikuluetan oro har esleitutako egitekoez gain, hauek ere badagozkio:
a) Garapen Iraunkorreko Euskal Ingurumen Estrategian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparru Programan ezarritako ingurumen-politika lantzea.
b) EAEko Naturagune Babestuak deklaratzeko dekretu-proiektuak eta interes komunitarioko leku berrien proposamenak landu eta izapidetzea.
c) Natura-baliabideen antolamendu-planak eta Natura 2000 Sareko KBEen eta BBEen helburuei eta horiek babesteko neurriei buruzko planak landu eta izapidetzea.
d) EAEko Gune Hezeen plangintza lantzea eta hezeguneak nazioarteko garrantzia duten hezeguneen Ramsar Zerrendan sartzeko proposatzea, EAEko Gune Hezeen Inbentarioen mantenimendua eta Hezeguneen Inbentario Nazionalari buruzko lanak egitea.
e) Fauna eta florako espezieak babesteari dagokionez, planak lantzea eta erregistroak kudeatzea; egiteko horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legeak ematen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari.
f) Fauna eta flora basatiko espezieen eta habitaten jarraipena planifikatzea EAEko lurraldean, xede horretara bideratutako sareak diseinatu, ezarri eta koordinatuz eta habitat eta espezie talde ezberdinei egokitutako metodologia komunak ezarriz.
g) Urdaibaiko Biosfera Erreserba babestu eta antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legean aurreikusitako zehaztapenak eta bere garapen-araudia betetzeko beharrezkoak diren jarduerak sustatu eta kontrolatzea, horren kudeaketa sustatu eta koordinatuz. Arlo horretan, zuzendariari dagokio ingurumen-organoaren baimenari atxikitako Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planeko jarduerak baimentzea.
h) Klima-aldaketaren inguruko ingurumen-politika planifikatu, programatu eta koordinatzea eta klima-aldaketari dagozkion helburuak definitzera bideratutako azterketak, txostenak, planak eta estrategiak lantzea.
i) Klima Aldaketaren Euskal Estrategiarekin zerikusia duten ekintzak definitu eta garatzea, zuzendaritzaren eskumenekoak diren arloen esparruan.
j) EAEko geodibertsitatearen babesa eta leheneratzea sustatzea, baita Geodibertsitatearen Euskal Estrategiarekin zerikusia duten helburuak eta ekintzak bultzatzea ere sailaren eskumenekoak diren arloen esparruan.
k) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren I+G jarduerak sustatzea, baldin eta Ingurumen Sailburuordetzari badagokio horiek gauzatzea.
l) Hezkuntza, prestakuntza eta ingurumen-sentsibilizazioaren arloko planak lantzea eta ekintzak koordinatu eta burutzea.
m) Ingurumenaren jasangarritasuna sustatzea, udal mailan Tokiko Agenda 21 delakoaren bidez, eta lurralde mailan, beste erakunde batzuekiko elkarlanean.
n) Euskal Autonomia Erkidegoko naturaren informazio-sistema, eta, oro har, ingurumen-informazioa eta informazio hori eskuratzeko modua kudeatzea eta jendeak ingurumen arloan duen parte-hartzea sustatzea.
o) Idazkaritza eta babes teknikoa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Batzordeari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenerako Aholku Kontseiluari eta Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko Aholku Kontseiluari.
3.– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, bere zuzendaritzaren eskumen-eremuan, Ihobe, S.A. Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren administrazio-tutoretza izango du, goragoko zuzendaritzaren mende eta Ingurumeneko sailburuordearen jarraibideak betez.
IV. KAPITULUA
LURRALDE PLANGINTZAREN SAILBURUORDETZA
12. artikulua.– Lurralde Plangintzaren Sailburuordetza.
1.– Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzak honako jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatuko ditu:
a) Lurraldearen eta paisaiaren antolamendua egitea eta hiriaren berroneratzea planifikatzea, lurralde-plangintza estrategiko baten barruan.
b) Lurralde-planeamenduko erabakiak garatzeko hirigintza-antolamendua egitea, zeina onartzeko eskumena Eusko Jaurlaritzak baitu.
c) Lurralde-informazioa.
d) Lurzorua eta hirigintza.
2.– Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzari, dekretu honen 6. artikuluan oro har esleitutako eskudantziez gain, honako hauek ere badagozkio:
a) Lurralde-antolamenduko tresnak lantzea eta izapidetzeko lanak sustatzea.
b) Lurralde-antolamendu, paisaia, lurzoru, hirigintza eta hiri-berroneratzearen arloetako arauen lanketa sustatzea.
c) Sailburuari helaraztea, hark behin betiko onar ditzan, hirigintza-antolamenduko tresnak –zeinak onestea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baitagokio– eta lurralde-plangintzaren zehaztapenak garatzen dituen tresnak.
d) Lurraldeko informazioa sustatzea tresna estrategikoak erabiliz, hala nola, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura (DEA) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren oinarrizko kartografia ofiziala.
e) Sailburuordetzaren jardun-arloetako zehapen-espedienteak hasi eta ebaztea.
3.– Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzaren mende dago hierarkian Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritza.
13. artikulua.– Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritza.
1.– Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak sailburuordetzaren jardun-arlo hauetan betetzen ditu bere egitekoak:
2.– Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari, dekretu honen 7. eta 8. artikuluetan oro har esleitutako egitekoez gain, hauek ere badagozkio:
a) Lurralde-antolamenduko tresnak sustatu, landu eta izapidetzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste erakunde batzuen eskumenak.
b) Paisaiaren antolamendua eta babesa bultzatzea, lurralde-antolamenduko tresnen arloan.
c) Hirigintza-antolamenduko tresnak izapidetzea, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak badu horiek onartzeko eskumena, baita lurralde-planeamenduko zehaztapenak garatzen dituztenak izapidetzea ere.
d) Lurralde-antolamenduko eta hirigintza-antolamenduko tresnen txosten teknikoak lantzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikarako Aholku Kontseiluaren funtzionamenduan, baita organo horiei lurralde-antolamenduaren eta lurzoru eta hirigintzaren arloko legeriak esleitutako gainerako egitekoak betetzea ere.
e) Idazkaritza eta babes teknikoa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen eta Lurralde Politikarako Aholku Batzordeari.
f) Gobernu Kontseiluak hartu beharreko erabaki-proposamenak lantzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean eta Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean Eusko Jaurlaritzari esleitutako egitekoei dagokienez.
g) Planeamenduaren Euskal Erregistroa kudeatzea.
h) Hirigintza-ikuskapena gauzatzea lurralde-antolamenduko gaietan, eta hirigintza-diziplinaren arloan dituen ahalmenak erabiltzea.
i) Hiria berroneratzeko plan espezifikoak sustatzea, arreta berezia jarriz industria-aurriek eragindako eremuetan eta 1980 baino lehenagoko hiriguneetan.
j) Birgaitze integratuko eremuen eta eremu degradatuen adierazpena formulatu eta izapidetzea, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko.
k) Hiria epe labur, ertain eta luzera berroneratzeko eskakizunak lurralde-mailan aplikatzeari bideratutako estrategiak lantzea; Europako, Espainiako eta EAEko xedapen eta zuzentarauetan jasota daude eskakizunok.
l) Finantzazioko Europako programen esparruan, sailak bultzatzen edo garatzen dituen berroneratze-planak planifikatu eta garatzea eta horien jarraipena egitea.
m) I+G+i proiektuak bultzatzea eta sailburuordetzaren eskudantzietara egokitutako Europako programetan parte hartzea.
n) Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura (DEA) eta bere geoataria (www.geo.euskadi.net) sustatu eta koordinatzea, informazioren eta zerbitzu geografikoen zabalkundea eta berrerabilpena bultzauz.
o) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren oinarrizko kartografia ofiziala lantzea eta Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturari bidaltzea, Euskadiko azpiegitura kartografiko eta geodesikoaren mantentzea kontrolatuz.
p) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sortzen duen informazio geografikoa koordinatzea, datu geografiko harmoniatsuak eta kalitatezkoak eskuratzeko, gaur egungo eta etorkizuneko beharrei atzemanez eta Europar Batasuneko informazio espazialaren azpiegiturari buruzko Europako legerian (INSPIRE) ezarritakoa betetzen dela zainduz.
q) Kartografia eta geodesia arloetako laguntza teknikoa eta informazio geografikoa zabaldu eta ematea, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren informazio geografikoaren eta zerbitzuen erabilera, banaketa eta ustiapena sustatuz.
V. KAPITULUA
ETXEBIZITZA SAILBURUORDETZA
14. artikulua.– Etxebizitza Sailburuordetza.
1.– Etxebizitza Sailburuordetzak honako jardun-arlo hauek zuzentzen eta koordinatzen ditu:
a) Etxebizitza.
b) Etxebizitzari lotutako lurzorua eta urbanizazioa.
c) Babes publikoko etxebizitzarako bizitegi-guneei lotutako planeamendua.
d) Arkitektura, eraikingintza, jasangarritasuna, efizientzia energetikoa eta kalitatea eraikuntzan.
e) Hiria birgaitzea, Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzarekin koordinatuta.
f) Irisgarritasuna sustatzea.
2.– Etxebizitza Sailburuordetzari, dekretu honen 6. artikuluan oro har esleitutako egitekoez gain, hauek ere badagozkio:
a) Etxebizitzaren arloko politika publikoen plangintza estrategikoa, herritarren partaidetzaren sustapena, koordinazioa, kudeaketa operatiboa, egikaritzea eta ebaluazioa.
b) Jasangarritasuna sustatzea, eraikuntza- eta hirigintza-garapena bideratzeko elementua baita.
c) Irisgarritasuna bultzatu eta sustatzea.
d) Hiria birgaitzeko politiken programak, araudiak, sustapen-jarduerak eta kudeaketa operatiboa bultzatzea, Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzarekin koordinatuta.
e) Babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa aldatzea, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 11.5 artikuluan aipatua.
f) Esleipen-prozedura orokorretatik kanpo uztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sustatutako alokairu-programetan sartutako babes publikoko etxebizitzak, zuzkidura-bizitokiak eta etxebizitza libreak, norbanakoak salbuestea etxebizitza horietarako sarbidea izateko edozein baldintza betetzetik, eta etxebizitza horiek zuzenean esleitzea, araudian ezarritako moduan, betiere.
g) Zenbait etxebizitza beste bizileku baten beharrean gertatu direnei emandako aldi baterako etxebizitza gisa sailkatzea, beste bizileku baten beharrean gertatu direnentzako babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozeduratik kanpo uztea eta norbanakoa salbuestea etxebizitza horietara sarbidea izateko edozein baldintza betetzetik.
h) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erosi behar dituen babes publikoko etxebizitzen salmenta-eskaintzak onartzea eta etxebizitza libreak erostea babes publikoko etxebizitza gisa sailkatzeko, betiere, ondarearen arloko indarreko legedia beteaz.
i) Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80. artikuluan xedatutako baimen-prozedurak ebaztea.
j) Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak, organikoki sailburuordetza honen mende daudenak, koordinatu, antolatu eta zuzentzea, hargatik eragotzi gabe dagozkien zuzendariekiko mendekotasun funtzionala.
k) Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen erregelamendu bidezko garapena osorik bultzatzea.
3.– Etxebizitza Sailburuordetzaren mende daude zuzenean eta hierarkian Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritza, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza eta Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak.
15. artikulua.– Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritza.
1.– Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak sailburuordetzaren jardun-arlo hauetan betetzen ditu bere egitekoak:
a) Babes publikoko etxebizitzen edota zuzkidurako bizitokiak eraikitzea.
b) Etxebizitzari lotutako lurzorua eta urbanizazioa.
c) Babes publikoko etxebizitzarako bizitegi-guneei lotutako planeamendua.
d) Arkitektura, eraikingintza, jasangarritasuna, efizientzia energetikoa eta kalitatea eraikuntzan.
e) Hiri-birgaitzea, hau da, eraikinak birgaitzea eta hiria berroneratu eta eraberritzea, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzarekin koordinatuta.
f) Irisgarritasuna sustatzea.
2.– Arlo horietan, Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzari, dekretu honen 7. eta 8. artikuluetan oro har esleitutako egitekoez gain, hauek ere badagozkio:
a) Hiri- eta lurzoru-antolamenduko tresnen izapidetzea, eta, hala badagokio, lanketa koordinatu eta kontrolatzea eta hori gauzatzeko kudeaketak egitea, betiere, Etxebizitza Sailburuordetzaren eskumen-eremuan.
b) Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80. artikuluan xedatutako baimen-prozedurak izapidetzea.
c) Pertsona fisikoekin, juridikoekin eta administrazio publikoekin egindako konpromiso-akordioak eta lankidetza-hitzarmenak negoziatu, idatzi eta izapidetzea eta horien jarraipena egitea, babes publikoko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien sustapenerako lurzorua lortzeko eta hirigintza-antolamendua eta -kudeaketa gauzatzeko eta ondare arkitektonikoa leheneratzeko.
d) Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legean araututako lurzoruaren ondare publikoan barne hartutako lurzoru integratua administratzea, lege horretan aurreikusitakoaren esparruan, eta horren inbentario espezifikoa landu, antolatu eta kontrolatzea.
e) Informazio geografikoko sistemak garatu, eguneratu eta mantentzea, non babes publikoko etxebizitzen hirigintza-eremuak eta -sustapenak identifikatuko baitira, Euskadiko DEAren esparruan. Zerbitzu Zuzendaritzarekin eta Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzarekin koordinatuta egingo du hori.
f) Desjabetze-espedienteak izapidetzea eta sailak burututako jardueren eta beste sail batzuek gomendioan utzitako jardueren ondorio diren balio justuak onartzea, baita beste bizileku baten beharrean gertatu direnei etxebizitza uztea ere, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzekin koordinatuta.
g) Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzen egitekoak koordinatzea, Nahitaezko Desjabetzeko Lurralde Epaimahaiei eta Lurzorua Balioesteko Batzorde Teknikoari dagozkionean.
h) Sailak, bere egitekoak betez, Ogasun eta Ekonomia Sailarekin elkarlanean, parte hartzen duen ondare-eragiketei atxikitako eraikinen balorazio teknikoak egitea, baita beste eraikin batzuen balorazioak egitea edo haiek egiten laguntzea ere, sail horren eskaerari erantzunez.
i) Eraikingintza eta urbanizazio jasangarriak sustatzeko jarduerak bultzatzea, Ingurumen Sailburuordetzarekin elkarlanean.
j) Sailaren zuzeneko sustapenekoak diren sustapen publikoko esparruetako urbanizazio-obrak eta babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko obrak planifikatu, programatu, kudeatu eta kontrolatzea.
k) Babes publikoko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien zuzeneko sustapenen proiektuak idaztea eta obrak gainbegiratu, zuzendu eta ikuskatzea, obra-proiektuak onartzea barne, baita obra horien jarraipena, betearazpen-kontrola eta harreren kontrol teknikoa egitea.
l) Sailak bultzatutako babes publikoko etxebizitzen sustatzeko itunekin zerikusia duten proiektuak aztertzea eta horiei buruzko aholkularitza teknikoa ematea, baita, hala badagokio, sustapen horiekin zerikusia duten obren gauzatzea kudeatu eta kontrolatzea eta horien jarraipen teknikoa egitea ere.
m) Sailaren zuzeneko sustapeneko babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioak ematea, haien deskalifikazioa, baita ere eskubideen indargabetzea eta espedienteen birgaitzea, hala badagokio, eta etxebizitza horien aldatze-, hobetze- eta erreformatze-lanak baimentzea, kalifikazioa eman eta gero.
n) Irisgarritasuna sustatzea.
o) Eraikingintza eta urbanizazioa aztertu, ebaluatu eta kontrolatzea.
p) Eraikuntza-kalitatea antolatu eta sustatzea, etxebizitzak eraiki eta lotutako urbanizazio-obrak egiterakoan.
q) Eraikuntza-sektorean kalitatea, jasangarritasuna eta lan-arriskuen prebentzioa integratzeko sistemak sustatzea, hargatik eragotzi gabe, azken horri dagokionez, arlo horietan eskumena duten organoen eskumenak.
r) Entsegu-erakundeen eta laborategien erantzukizunpeko adierazpenen erregistroa eta kontrola, eraikingintzaren kalitatea kontrolatzeko, horiei eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzea eta lan, entsegu eta ikuskapenak egitea arlo horretan.
s) Proiektuak Gainbegiratzeko Bulego gisa jardutea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sail guztiei dagozkien eraikingintza-obren harreren kontrol teknikoa egitea, baldin eta sail horiek, proiektuak ikuskatzeko zerbitzu espezifikorik ez izateagatik, hala eskatzen badute, hargatik eragotzi gabe –sail anitzeko eraikinei dagokienez– Ogasun eta Ekonomia Sailari dagozkion eskumenak.
t) Eraikingintzaren kalitatea kontrolatzeko Batzordea eta Irisgarritasuna sustatzeko Euskal Kontseilua bultzatu eta laguntzea.
u) Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren Erregistroa kudeatzea –azaroaren 21eko 241/2012 Dekretuaren bidez sortua–.
v) Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legean jasotako arau-hausteengatik, zuzendaritzaren jardun-esparruari dagozkion zehapen-espedienteak hasi eta ebaztea.
w) Arkitektura, eraikingintza, birgaitzea, jasangarritasuna, efizientzia energetikoa eta eraikuntzako kalitatea zabaldu, bultzatu eta ikertzea, beste sail eta administrazio publikoko organo batzuekin, profesionalekin, instituzioekin eta elkarteekin elkarlanean, publikoak zein pribatuak izan.
x) Bizigarritasun- eta ekipamendu-baldintzei buruzko txostena egitea, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritarrak gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren babesean, hargatik eragotzi gabe immigrazioaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo batzuei dagozkien eskumenak.
16. artikulua.– Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza.
1.– Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak sailburuordetzaren jardun-arlo hauetan betetzen ditu bere egitekoak:
a) Etxebizitza-politika planifikatzea.
b) Etxebizitza-politikaren finantza-kudeaketa.
c) Sailaren titulartasuneko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak administratu eta kudeatzea.
d) Etxebizitzaren arloko diru-laguntzen politika.
2.– Arlo horietan, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari, dekretu honen 7. eta 8. artikuluetan oro har esleitutako egitekoez gain, hauek ere badagozkio:
a) Etxebizitzaren arloko politika publikoen plangintza estrategikoa, koordinazioa, kudeaketa operatiboa, burutzapena eta ebaluazioa lantzea, herritarren parte-hartzea sustatuz.
b) Etxebizitza-programaren aurrekontu-aurreproiektuaren proposamena lantzea eta etxebizitza-programaren ekonomia, finantzak eta administrazioa kudeatzea, Zerbitzu Zuzendaritzaren koordinazio-eskumenak salbu.
c) Kudeaketa-informazioa integratu eta bateratzea eta etxebizitzaren arloko partaidetzazko sozietate publikoen –sailari atxikiak– jardueren jarraipena eta kontrola egitea.
d) Etxebizitzaren, hiri-birgaitzearen eta lurzoruaren arloko finantza-neurrien finantzak eta administrazioa kudeatzea.
e) Etxebizitzaren prestazio ekonomikoaren finantzak kudeatu eta ordaintzea.
f) Etxebizitza-arloan babestekoak diren politika eta esparruetako planen, finantziazio-programen eta araubide juridikoaren proposamenak lantzea.
g) Babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioa proposatzea.
h) Ikerketa, txosten eta argitalpen ekonomikoak eta sailburuordetzaren jardun-esparruaren sektore-eraginari buruzkoak egitea, politika eraginkorra eta koherentea ahalbidetzeko etxebizitza-arloan.
i) Zerbitzu Zuzendaritzari proposatzea Estatistika Planean sar ditzala Etxebizitza Sailburuordetzako gaiei buruzko eragiketak, baita gai horiei buruzko txostenak, azterketak eta estatistika-analisiak lantzea ere, hargatik eragotzi gabe Sailaren Estatistika Organo Bereziaren eskumenak.
j) Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta, Informazio-sistemen plan estrategiko eta operatiboak diseinatu eta ezartzea etxebizitza-programaren arloan, eta administrazio-informazioko sistemak diseinatu, mantendu eta kudeatzea, sektorearen errealitatea eta haren bilakaera behar bezala ezagutzen dela bermatzeko.
k) Etxebizitza-arloan zerbitzuak emateko hobekuntza eta modernizazioko plan eta programak diseinatu eta ezartzea, teknologia telematikoak, etengabeko hobekuntzako erremintak eta parte-hartzea bultzatzearen bidez, arlo horretan Jaurlaritzaren organo zentralek dituzten eskumenetan izan ezik.
l) Etxebizitzen promozio adostuei dagozkien etekinen deialdia, kudeaketa eta esleipena.
m) Hitzarmenak prestatzea eta pizgarriak esleitzea alokairuko etxebizitzak sustatzeko erakunde publiko eta pribatuekin, baita alokairu-programak kudeatzea ere.
n) Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legean araututako lurzoruaren ondare publikoan barne hartutako etxebizitzak, eranskinak eta lokal komertzialak administratu eta kudeatzea, lege horretan aurreikusitako esparruan.
o) Prozesu hauen zuzendaritza funtzionala. etxebizitzen eskaria eta esleipena kudeatzea eta bitartekaritza-, informazio- eta adiskidetze-lanak egitea, jabeen eta maizterren eskubideei, alokairu-kontratuei, auzokide-erkidegoei eta jabetza horizontalari dagokienez.
p) Hiri-birgaitzearen arloko laguntza-lerroak proposatu eta kudeatzea.
q) Etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien esleipenak planifikatu, horien aginduak argitaratu, barematu, koordinatu eta kontrolatzea.
r) Kanpo-erakundeekin koordinatzea (udalak, sustatzaile pribatuak, kooperatibak), etxebizitzak esleitzeko haien prozesuetan laguntzeko, eta haien beharretara egokitutako datu-baseak haien esku jartzeko.
s) Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legean jasotako lege-araubidearen arau-hausteengatiko zehapen-espedienteei hasiera ematea eta espediente horiek ebaztea, baita hertsapen-isunak ezartzea ere, zenbatekoa edozein dela ere.
t) Fidantzen gordailu itunduko araubide bereziari buruzko eskabideak izapidetu eta ebaztea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Alokairu Kontratuen Erregistroaren zuzendaritza funtzionala, fidantzak jartzeari buruzko martxoaren 15eko 42/2016 Dekretuan xedatuaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroaren zuzendaritza funtzionala.
u) Babes Publikoko Etxebizitzen eta Zuzkidura Bizitokien Erregistroaren, Hutsik dauden Etxebizitzen Erregistroaren eta Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroaren zuzendaritza funtzionala.
VI. KAPITULUA
ORGANO PERIFERIKOAK
17. artikulua.– Ingurumeneko Lurralde Zerbitzuak.
Ingurumeneko Lurralde Zerbitzuek, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren mende funtzionalki eta hierarkian, honako egiteko hauek izango dituzte:
a) Zuzendaritzaren zerbitzuei laguntza ematea.
b) Neurri zuzentzaileak ezartzeko txostenaren proposamena lantzea sailkatutako jarduerei lizentzia emateko prozeduretan.
c) Ingurumena zaindu, ikuskatu eta kontrolatzeko lanak egitea bere lurralde-eremuan.
18. artikulua.– Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzua.
Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren mende funtzionalki eta hierarkian, honako egiteko hauek izango ditu:
a) Baimen-espedienteetan txosten teknikoak eta proposamenak lantzea eta Urdaibai Biosfera Erreserbako lurzoruaren erabilera-ekintzen eta eraikuntza-lanen txostenak egitea.
b) Urdaibaiko Biosfera Erreserba babestu eta antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legean aurreikusitako zehaztapenak eta bere garapen-araudia betetzeko beharrezkoak diren jarduerak sustatu eta kontrolatzea, horren kudeaketa bultzatu eta koordinatuz.
c) Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Lankidetza Kontseiluaren laguntza teknikoa eta idazkaritza ematea.
19. artikulua.– Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak.
1.– Lurralde historiko bakoitzean Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza bat izango da, eta, horren arduradun, lurralde-ordezkari bat, zeina, Etxebizitzako sailburuordearen mende egongo baita organikoki, eta funtzionalki, berriz, sailburuordetza horretako zuzendarien mende. Honako hauek dira lurralde-ordezkariaren egitekoak:
a) Sailari esleitutako eskumenei dagokienez, honako arlo hauetan legeak eta xedapenak betetzen direla zaintzea: etxebizitzari lotutako lurzorua eta urbanizazioa, etxebizitza, arkitektura, eraikingintza, birgaitzea, jasangarritasuna, efizientzia energetikoa eta kalitatea eraikuntzan, eta irisgarritasunaren sustapena.
b) Lurralde-ordezkaritzaren zerbitzu orokorren administrazioa eta hura osatzen duten administrazio-dependentzia eta -unitateen jarduerak koordinatzea.
c) Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortzeko eskabideak izapidetu eta ebaztea.
d) Euskadiko Ondareari buruzko testu bategina onesteko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, Etxebizitzako sailburuordeak eta Etxebizitza eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak etxebizitza eta lurzoruaren arloan hartutako ebazpenak aplikatzearen ondorioz sortuko diren egoera juridikoak gauzatzeko beharrezkoak izango diren eskritura guztiak egilestea.
e) Babes publikoko etxebizitzen kalifikazioak ematea, haien deskalifikazioa, baita ere eskubideen indargabetzea eta espedienteen birgaitzea, behin-behineko kalifikazioan onartutako proiektuaren aldaketen gainean ebaztea, eta etxebizitza horien aldatze-, hobetze-eta erreformatze-lanak baimentzea, kalifikazioa eman eta gero; horrek guztia Sailaren zuzeneko sustapeneko etxebizitzei dagokienez dekretu honen 15.2.n) artikuluak Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzari aitortutako eskumenaren salbuespenarekin.
f) Premia nabarmeneko arrazoiak direla-eta, etxebizitza-erregimen aldaketa eta babestutako etxebizitzen eta lokalen erabilera-aldaketa ebaztea.
g) Epeak luzatzeari buruz ebaztea, bai sustatzaileei behin-behineko kalifikazioan zehaztutako obrak burutzeko epean, bai erosleei edo errentatzaileei etxebizitzak emateko epean eta bai salerosketako eskritura publikoa emateko epean, sailak sustatzen ez dituen babes publikoko etxebizitzei dagokienez, betiere.
h) Sailak sustatutako babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko eta konpontzeko udal-lizentziak eta baimenak eskuratzea kudeatzea.
i) Bizitegi-parke babestua ikuskatzea, hargatik eragotzi gabe udalaren eskumenak.
j) Babes publikoko etxebizitzen legezko arauak hausteagatik eta etxebizitzen hutsune higieniko-sanitarioengatik zehazpen-prozeduren instrukzioa, prebentziozko eta kautelazko neurriak hartuta. Horretarako, lurralde-ordezkaritzetan administrazio-unitate berezi bat egongo da, zehapen-prozedura guztien instrukzioen ardura izango duena.
k) Behin-behineko kalifikazioa indarrean dagoen bitartean, sailak sustatutako babes publikoko etxebizitzen guztizko prezioaren konturako diru-laguntzak jasotzeko aukera baimentzea.
l) Sustatzaileari banku-abala edo aseguru-kontratua itzultzeari buruz ebaztea, behin betiko kalifikazioa emandakoan edo lanak legezko epean amaitutakoan.
m) Sailaren zuzeneko sustapeneko etxebizitzetan, etxebizitza horien amortizazio aurreratua baimentzea, baita desahuzio administratiboko espedienteak ebaztea ere Autonomia Erkidegoaren jabetzakoak diren etxebizitzen, merkataritza-lokalen eta eraikuntza osagarrien okupatzaileen aurka, botatzea eta beharrezkoak diren neurri guztiak egikarituz. Era berean, dagozkion salaketak jartzea Euskal Autonomia Erkidegoaren jabetzako etxebizitza eta lokalak bidegabe okupatzeagatik.
n) Laguntza, baliabide materialak zein giza baliabideak eta administrazio-euskarria ematea azaroaren 20ko 8/1987 Legeak sortutako Euskadiko Balorazio Batzorde Teknikoari eta Nahitaezko Desjabetzeen Lurralde Epaimahaiei, eta azken horien idazkaritza-lanak egitea, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriaren 2. zenbakian ezarritako moduan.
o) Hiri-etxebizitzen jabeen eta errentarien eskubideei eta betebeharrei buruzko informazioa ematea eta EAEko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroa kudeatzea, baita bitartekaritza- eta adiskidetze-egitekoak ere higiezinen jabeen artean eta horien eta maizterren artean sortzen diren gatazketan, aurretik alderdi interesdunekin akordioa bilatuz, eta haren araudi erregulatzailearekin bat.
p) Hiri-finken errentamendu-kontratuetatik eratorritako araubide orokorreko fidantzak jaso eta itzultzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroaren kudeaketa, fidantzak jartzeari buruzko martxoaren 15eko 42/2016 Dekretuan xedatuaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroaren kudeaketa.
q) Babes Publikoko Etxebizitzen eta Zuzkidura Bizitokien Erregistroaren eta Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroaren kudeaketa.
r) Gazteentzako emantzipazioko oinarrizko errenta osatzen duten Estatuko laguntzen kudeaketarekin lotutako egitekoak; laguntzok azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuan eta haren ondorengo zuzenketetan arautu ziren.
s) Indarreko antolamendu juridikoak ematen dizkien gainerako eskumenak, prerrogatibak eta egitekoak.
2.– Lurralde-ordezkariei dagokie funts aurreratuen araubidearen barnean beharrezko funtzionamendu-gastuak onartzeko eskumena; araubide hori Euskadiko Diruzaintza Nagusiaren irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren II. kapituluaren bigarren sekzioan arautzen da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ordezkapenen araubidea.
Sailburuordeen eta zuzendarien postuak bete gabe egonez gero, sailburuak bestelako berariazko erabakirik eman ezean, honako ordezkapen-arau hauek beteko dira:
a) Sailburuordeei esleitutako eskumenak eta egitekoak haien mendeko zuzendariek beteko dituzte, dekretu honetan ageri diren ordenaren arabera.
b) Zuzendariei esleitutako eskumenak eta egitekoak goragoko kargudunak beteko ditu.
c) Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzei esleitutako eskumenak eta egitekoak hierarkian gorago dagoen agintariak beteko ditu, egoera horrek dirauen bitartean.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ingurumen-organoa.
Dekretu honetako egiteko-banaketaren arabera gauzatuko dira hainbat arauk Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumen-organoari esleitzen dizkioten egitekoak, eta Ingurumen Sailburuordetzari dagozkio berariaz beste organo bati esleitu ez zaizkionak.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Estatistika organo berezia.
Sailaren estatistika organoa Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Estatistika Organo Berezia sortzeko azaroaren 19ko 448/2013 Dekretuaren bidez sortu zen, eta, aurrerantzean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estatistika organo berezia izena hartuko du. Organo horrek 180/1993 Dekretuan sail honen egitekoen esparrurako aurreikusitako eskumenak eta ahalmenak izango ditu; honek dakar garraio-arlokoez baliatzeari uztea eta etxebizitza-esparrukoak hartzea.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Dekretu hau indarrean sartzen den unean izapidetzen ari diren espedienteak, dekretu honetan esleitutako eskumen eta egitekoei dagozkienak, dekretuan esleitutako eskumen eta egitekoen arabera izapidetuko eta ebatziko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen dira Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretua, Etxebizitza Sailburuordetzari eta haren mendeko organoen egitekoei eta jardun-arloei erreferentzia egiten dien zatian, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Lurzoruaren ondare publikoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoru Ondare Publikoaren araubide juridikoko araudi erregulatzailea indarrean sartu arte esleitutako eskumentzat jotzen dira Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 372015 Legean araututako lurzoruaren ondare publikoan barne hartutako lurzoruaren arloan Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzari eta titulartasun publikoko etxebizitzak, eranskinak eta lokal komertzialak administratu eta kudeatzearen arloan Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari dekretu honetan esleitutako eskumenak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Fede-emaileen parte hartzea etxebizitzak esleitzeko prozeduretan.
Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutako araudia garatu arte, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzen Administrazioaren eta Zerbitzuen arduradunei dagokie fede publikoaren erabilera sailak sustatutako babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozeduretan.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Araudia aldatzea.
Etxebizitza sailburuordearen Ebazpenaren aipamenekin ordezkatu behar dira Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 11.5, 12.3, 16.3, 27.2, 29.3.b) eta 39.6 artikuluetan egiten diren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduari egiten zaizkion aipamenak.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA.– Indarrean sartzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 11n.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.