72. zk., 2017ko apirilaren 12a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (238 KB - 3 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA
DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
1898
EDIKTUA, guraso eta seme-alaben arteko neurriei buruzko 355/2016 prozeduraren ondoriozkoa.
Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.
Judizioa: 355/2016 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Demandatzailea: Leticia Yamileth Reyes Rodriguez.
Abokatua: Amaya Larrañaga Mateos.
Prokuradorea: Itziar Mujika Atorrasagasti.
Demandatua: Santos Cristobal Morazan Ochoa.
Gaia: guraso eta seme-alaben arteko neurriak.
Aipatu judizioan, epaia eman da 2017-03-16an, eta honako hauek dira xedapenak:
XEDAPENAK
Partez baiesten dut Martín andreak, epaitegietako prokuradoreak, Leticia Yamileth Reyes Rodríguez andrearen izenean eta haren ordez aurkeztutako demanda, Santos Cristobal Morazan Ochoa jaunaren aurkakoa. Horrenbestez, honako neurri hauek hartzen ditut, XXXXX adingabeko semeari dagokionez:
1.– Guraso-ahala. Bi gurasoek izango dute adingabearen guraso-ahala; nolanahi ere, aita absente dagoenean, amak bakarrik baliatuko du.
Amak, guraso-ahala esklusiboki baliatzen duenean, aukera izango du adingabeari buruzko erabaki garrantzizkoak hartzeko, aitari adostasuna eskatu beharrik izan gabe. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:
a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.
b) Ikastetxea aukeratzea eta, behar bada, ikastetxea aldatzea.
c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.
e) Adingabearen nazionalitatea, egoitza edo pasaportea izapidetzeko kudeaketak.
f) Urgenteak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
Adingabearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzea izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin eta larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.
2.– Zaintza eta jagoletza esleitzea. Adingabekoaren zaintza eta jagoletza amari esleitzen zaizkio.
3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Ez da bidezkoa aitaren aldeko bisita-araubide bat ezartzea. Aitak borondatea agertzen badu semearekiko harremanari berriz ekiteko, gurasoen arteko adostasunez finkatuko dira bisitak, eta, adostasunik ez badago, neurri hori aldatzeko eskatu ahal izango dute horretarako legez ezarritako prozeduraren bidez.
4.– Elikadura-pentsioa. Aitak XXX seme adingabearen mantenu-pentsioa ordaindu beharko du, demanda jarri den egunetik (2016-07-04) harik eta hura adinez nagusi izatera iritsi eta ekonomikoki independentea izan arte edo izateko moduan egon arte, fede onez jokatuta. Pentsio hori hilean 250 eurokoa izango da, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio amari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera, abendutik abendura neurtuta; lehen eguneratzea 2018ko urtarrilaren batean gauzatuko da.
5.– Aparteko gastuak. Gurasoek erdibana ordainduko dituzte semearen ezohiko gastuak, ados baldin badaude eta gastuak agiri bidez egiaztatuta geratzen badira. Bi gurasoen adostasunez erabakiko da halako gastuak egitea, edo, ados ez badaude, epaile batek baimena emanda, eta, betiere gastuak egin baino lehen. Kontzeptu horretatik kanpo, zenbait gastu utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira). Beste zenbait gastu, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere.
Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo adingabearentzat oso komenigarria bada eta familiaren egoerari egokitzen bazaio. Premiazko diren presako gastuei dagokienez, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.
Ezohiko gastuak ordaindu beharra amaitu egingo da semea, adin nagusikoa izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independentea denean, hartara eragotzi gabe 150. eta 152. artikuluetan betebeharra amaitzeko adierazten diren kausak.
6.– Ez da hartzen beste inolako neurririk.
Berariaz ez da kosturik ezartzen.
Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.
Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak zein diren (PZLb, 458.2 artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santander banketxean duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da: xx. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.
Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Santos Cristobal Morazan Ochoa demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatu auzi-iheslariak.
Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskuragarri du interesdunak, epaitegi honetako bulego judizialean.
Donostia, 2017ko martxoaren 16a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA