Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2017ko apirilaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1746

AGINDUA, 2017ko martxoaren 22koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, deialdia egiten zaie Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteei hizkuntza-proiektu eleaniztunak garatzeko eta, proiektu horiei lotuta, irakasleek atzerriko hizkuntzako prestakuntza jasotzeko 2017-2018 ikasturtean.

2020rako Europako esparruak ezarritako berrikuntza eta garapenerako ildo estrategikoak elkartzeko asmoari erantzuten dio «Heziberri 2020» Planak, hezkuntza eta prestakuntzari dagokienez eta gure testuinguru eta ingurunearen berezko hezkuntza-erronkak kontuan hartuta. Plan horretan, «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa» jasotzen da, zeinak jardun-ildo estrategiko nagusiak biltzen baititu. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea egoera funtzional konplexuak konpontzera.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak oinarrizko zehar-konpetentziatzat hartzen du hitzezko komunikaziorako, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, horiek guztiak modu osagarrian erabilita, ganoraz eta egoki komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan. Eta diziplina barruko oinarrizko konpetentziatzat hartzen da hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia. Konpetentzia horren helburua da ahozko eta idatzizko testuak –euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan– erabiltzea, hizkuntza-aniztasunarekiko modu egokian, eraginkorrean eta adeitsuan komunikatzeko, bizitzako hainbat egoeratan, bai eta literaturaren inguruko hezkuntza bat garatzea ere, norberaren burua eta inguruko mundua hobeto ezagutu ahal izateko.

Gainera, dekretu horretan ezartzen denez, hezkuntza-eskumenak dituen sailak elebitasuna bultzatuko du hezkuntza eleaniztun baten barruan, indarrean dauden hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen laguntzeko. Horretarako, lehentasunezko tratua bermatuko du euskararentzat, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozial desorekatua konpentsatzeko, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean komunikazio-konpetentzia praktikoa eta eraginkorra izan dezaten euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta atzerriko lehen hizkuntzan ere nahikoa. Hori guztia, atzerriko bigarren hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak lortzea baztertu gabe, hizkuntza-proiektuan hala jasoa duten ikastetxeetan. Hizkuntzen trataera integratua eta integrala ere bultzatuko da.

Hori guztia, honako hauetan jasotako xedapenak betetzeko: 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa; 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa; eta 138/1983 Dekretua, uztailaren 11koa, Euskal Herriko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena; eta, era berean, duela gutxi argitaratutako abenduaren 22ko 236/2015 Dekretua betetzeko ere, zeinaren bidez, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen baita.

Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak, 236/2015 Dekretu horren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartu du. Plan horretan jasotzen den ildo estrategikoetako bat da «elebitasuna hezkuntza eleaniztun baten barruan» bultzatzea. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen etengabeko prestakuntzarako 2014-2017 aldirako Prest Gara Planaren lehentasunezko jardun-ildo bat ere bada. Ebidentzia guztien arabera, lotura estua dago curriculumean ingelesez emandako ordu-kopuruaren eta ingeles-mailan lortzen den aurrerakuntzaren artean, eta antzera gertatzen da euskararekin.

Curriculumeko irakasgai bat atzerriko hizkuntzan ematea pixkanaka orokortzeraino, hezkuntza eleaniztun baten esparruan elebitasuna sendotzeko helburuz, beharrezkoa da ikasleen hizkuntza-konpetentzia hobetzea. Eta, horretarako, atzerriko hizkuntzako irakasleen prestakuntza hobetu behar da, bai eta eskola-komunitate bakoitza bere testuinguruan jarri eta ikasleengan, irakasleengan eta hezkuntza-komunitatean duen eragina zenbatetsi ere. Hartara, hasierako egoeraren aldean izandako aldaketa nabaritu ahalko da. Horregatik, garrantzitsua da ikastetxeek beren hizkuntza-proiektua izatea, hezkuntza-proiektuaren barruan eta testuinguru soziolinguistikoa kontuan hartuta, metodologia-, prestakuntza- eta antolaketa-alderdiak hizkuntzen tratamendu integratu eta integralaren inguruan zehatz ditzan eta hizkuntzen irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien neurri guztiak planifikatu ditzan.

Horiek horrela, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako xedapenekin, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako EAEko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin ere (EAEko herri-administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan), eta abenduaren 23ko 9/2015 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekonturik badagoenez (9/2015 Legearen bidez EAEko 2016ko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), 2017ko ekitaldirako luzatu baita, eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-hornidura.

1.– Agindu honen xedea da Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteentzako diru-laguntzen deialdia egitea, 2017-2018 ikasturtean hizkuntza-proiektu eleaniztunak garatzeko eta, proiektu horiei lotuta, irakasleei atzerriko hizkuntzako prestakuntza emateko.

2.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura, 1.332.000 euro bideratuko dira guztira.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Diru-laguntza hauei heldu ahal izango diete 4. artikuluko betekizunak betetzen dituzten eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio edo elkarteek, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek bakarrik eratutakoak direnek, bai Estatukoak direnek ere. Estatu osokoak direnek egoitza izan beharko dute autonomia-erkidego honetan.

2.– Diru-laguntzak jasotzeko, aurreko atalean deskribatutako erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan garatu beharko dute hizkuntza-proiektu eleaniztuna, hiru ikastetxe izan beharko dituzte gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta itunpeko 50 gela edo gehiago.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honek, honako honetarako emango du diru-laguntza 2017-2018 ikasturtean: irakasleek aurreko esperientziei lotutako hizkuntza-proiektu eleaniztunak garatzen jarraitzeko eta hizkuntza-proiektu eleaniztun berriak abiarazteko behar duten hizkuntza-prestakuntza jasotzeko, estatutuz edo erregelamenduz federazio edo elkarte onuradunekin erlazionatuta dauden ikastetxeetan.

2.– Hau izango da diruz lagun daitekeen hizkuntza-prestakuntza:

● Atzerriko hizkuntzako prestakuntza, hala jakintza-mailaren ziurtapena lortzea helburu duten prestakuntza-jarduerak, nola edukiak atzerriko hizkuntzan emateko behar den komunikazio-konpetentzia eta konpetentzia pedagogikoa lortzeko prestakuntza.

● Hizkuntzetan adituak diren nahiz ez diren irakasleen hizkuntza-eguneratzea eta eguneratze pedagogikoa lortzeko prestakuntza.

● Irakasleentzako atzerriko hizkuntzako prestakuntza metodologiko eta didaktikoa.

3.– Deialdi honen kontura diruz lagunduko diren gastuak egiteko aldia 2017ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2018ko ekainaren 15ean bukatuko.

4. artikulua.– Baldintzak eta haien egiaztapena.

1.– Erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Parte hartzen duten ikastetxe elkartuetan ezarriko den bi urterako hizkuntza-proiektu eleaniztuna aurkeztea. Hizkuntza-proiektu eleaniztunetan, esperientzian parte hartzen duten ikasle-taldeentzat, aukeratutako atzerriko hizkuntzan, murgiltzeko ordu bat gehiago izango da gutxienez, hartara eragotzi gabe deialdi honetako 14. artikuluko d) letran ezarritakoa; izan ere, horrek ezingo du eragin A eta B ereduetan euskaraz ordu gutxiago ematea.

b) Egingo den prestakuntza zehaztea, eta prestakuntza jasoko duten ikastetxeen eta irakasleen kopuruaren aurreikuspen bat egitea.

c) Gainera, ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:

● Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

● Diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa edukitzea, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta egotea, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.

Hori dela eta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

2.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Azkenean, prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza dakarren zehapena edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako diru-laguntza hori indargabetu egingo litzateke, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batzuetan egoteagatik –diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluko a), g) eta h) letretan ezarri dira egoera horiek–.

3.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruko Lege Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

4.– Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

● Ez dela eskuratu helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

● Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

● Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.

● Estatu-esparruko erakundeen kasuan, erakunde eskatzaileak egoitza duela Euskal Autonomia Erkidegoan, nortasun juridikoa eta ahalorde askietsia dituela, bai eta, gutxienez, EAEn kokatutako hiru ikastetxe ere.

5.– Erakunde onuradunak dokumentuak ez aurkezteko eskubidea du, baldin eta haiek kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez badituzte, edo administrazio jardulearen eskuetan badaude, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua aplikatuz.

Alde horretatik, diru-laguntza eskatzen duen federazioak edo elkarteak ez du aurkeztu behar dokumentazio osagarririk (eskrituraren eta/edo eratze-aktaren kopiarik, diru-laguntza eskatzeko ahalorde askietsiaren dokumentaziorik eta eskatzen duen federazio edo elkartearekin zerikusia duten ikastetxeen zerrendarik), baldin eta dokumentazio hori Hezkuntza Sailaren aurreko deialdietan aurkeztu bada eta aldatu ez bada.

5. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/eleaniztasunerantz/y22-izapide/eu

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Eskabidea egin ostean, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak https://www.euskadi.net/misgestiones web-orriaren bidez egin beharko dira.

4.– Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

● Laburpen-fitxa, I. eranskinean jasotakoa, non honako hauek jasotzen baitira: federazio edo elkarte eskatzaileari buruzko datuak; ikastetxe bakoitzean ezarriko den hizkuntza-proiektuari buruzko oinarrizko datuak; eta aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.

● Deskripzio-fitxa, II. eranskinean jasotakoa, non honako hauek jasotzen baitira: ikastetxeetan hizkuntza-proiektu eleaniztuna ezartzearen laburpena. Dagokion elkarteak edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko, taula bat beteko da.

● Prestakuntza-jardueren deskripzio-fitxa, III. eranskinekoa, non zehazten baitira sareko ikastetxeetan hizkuntza-proiektu eleaniztuna garatzeko beharrezkoak diren irakasleentzako prestakuntza-jarduera guztiak.

● Elkartearen edo federazioaren hizkuntza-proiektu eleaniztuna; proiektuak honako atal hauek izan beharko ditu, bi urterako proiekzioa kontuan hartuta:

a) Diagnosia; eta bertan sartuko da hizkuntzekin zerikusia duten esperientzietan daukan ibilbidea, honako hauek aipatuz: esperientzia horietan parte hartu duten ikasle-taldeak, ikasle horiek diagnosi-ebaluazioetan euskara, gaztelania eta ingelesean izandako emaitzak, eta atzerriko hizkuntzetan Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2, C1 eta C2 mailen baliokideak diren tituluak dituzten irakasleak.

b) Parte hartzen duten ikastetxeen epe ertain eta luzeko helburuak, ikastetxeetako ikasleen komunikazio-konpetentzia hobetzera bideratuak.

c) Ikastetxeen hizkuntza-proiektu eleaniztunaren garapenaren bi urterako plangintza, kontuan izanda ikastetxearen beraren esparruan hizkuntzen irakaskuntzarekin eta erabilerarekin lotutako alderdi guztiak.

– Hori dela eta, adierazi beharko da zein maila eta taldetan emango diren irakasgaiak atzerriko hizkuntzan, bai eta zenbat ordu izango dituen atzerriko hizkuntzak eta zenbat ordu emango diren atzerriko hizkuntzan.

– Euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzan emandako ordu-kopuruari eta irakasgaiei dagokienez, adieraziko da zein den hasierako egoera eta zer aurrerapen aurreikusten den. Plangintza horretan honako hau jaso beharko da gutxienez: atzerriko hizkuntzaz gain, arlo edo irakasgai bat edo hari dagokion ordu-kopurua atzerriko hizkuntzan ematea, ikastetxeko hizkuntza-proiektuan zehaztutako baldintzetan.

● Atzerriko hizkuntzan irakatsiko diren irakasgaiak aukeratzeko orduan, irakasleek kontuan hartuko dute hau: ikasle-talde baten barruan, atzerriko hizkuntzan emandako ordu-kopurua berdina izatea denentzat, zein arlo edo irakasgai aukeratzen dituzten kontuan izan gabe.

– Hizkuntza-proiektuan islatu beharko da zer eragin duen proiektuak atzerriko hizkuntzan emandako ordu-kopuruaren gehikuntzari dagokionez, kontuan izanda atzerriko hizkuntzan ordu gehiago emateak ezin duela ekarri A eta B ereduetan euskaraz irakatsi beharreko ordu-kopurua txikiagoa izatea. Adierazi beharko da, talde bakoitzari dagokionez, zein irakasgairi eta zein komunikazio-hizkuntzari kenduko zaizkion orduak.

– Era berean, adieraziko da plantillako zein irakaslek parte hartuko duten parte proiektuan. Hori dela eta, hizkuntzen departamentuko irakasleek edo, hala dagokionean, hizkuntza-arloko irakasgaiak ematen dituzten irakasleek bermatu egin beharko dituzte ikastetxean hizkuntzen trataera integralerako eta integraturako behar diren saioak eta koordinazioak.

d) Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak:

● Atzerriko hizkuntzako prestakuntza, hala jakintza-mailaren ziurtapena lortzea helburu duten prestakuntza-jarduerak, nola edukiak atzerriko hizkuntzan emateko behar den komunikazio-konpetentzia eta konpetentzia pedagogikoa lortzeko prestakuntza.

● Hizkuntzetan adituak diren nahiz ez diren irakasleen hizkuntza-eguneratzea eta eguneratze pedagogikoa (atzerriko hizkuntzan) lortzeko prestakuntza.

● Irakasleentzako atzerriko hizkuntzako prestakuntza metodologiko eta didaktikoa.

● Hizkuntzen trataera integratu eta integralerako prestakuntza.

e) Gauzatzeko egutegia. Hizkuntza-proiektuaren ezarpenaren eta epeen faseak.

f) Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara edo Bigarren Hezkuntzatik Batxilergora hizkuntza-proiektu eleaniztunari jarraitasuna emateko estrategiak.

g) Proiektua ebaluatzeko eta emaitzak neurtzeko irizpideak.

h) Eragin-adierazleak: ikastetxe-kopurua, zenbat ikasle-taldetan ezartzen den, parte hartzen duten ikasleen kopurua, parte hartzen duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, proiektua egin ondoren B2 eta C1 tituluak lortzen dituzten irakasleen kopurua eta ehunekoa, atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaietan zenbat ordu gehiago ematen diren eta proiektuan prestatu diren irakasleek zenbat ordu ematen dituzten atzerriko hizkuntzan.

5.– Ikastetxe jakin batek aldi berean harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak baditu federazio batekin eta elkarte batekin, edo federazio edo elkarte bat baino gehiagorekin, Agindu honetatik erator daitezkeen helburuetarako, ikastetxea haietako bakar batekin azalduko da lotua. Horretarako, ikastetxearen legezko ordezkariaren adostasunezko idatzia atxiki beharko da.

6.– Aurkeztutako eskaeran akatsen bat, datu ez-zuzenen bat dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari arazoa zuzen dezan.

6. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusten diru-laguntzak emateko prozedura.

7. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Bertan, bi sexuetako ordezkariak egongo dira, eta gutxienez % 40ko oreka mantendu beharko da. Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

● Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakasleen Hobekuntzarako arduraduna: batzordeburu jardungo du.

● Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako bi teknikari. Horietako batek idazkari lanak egingo ditu.

● Berritzegune Nagusiko bi aholkulari, hizkuntza-arloan adituak direnak.

8. artikulua.– Hautaketa-prozedura.

1.– Hautaketa-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du Ebazpen honetako IV. eranskinean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkie laguntza-zerbitzuei.

2.– Eskaera kanpoan geratuko da, baldin eta hizkuntza-proiektu eleaniztunak gutxienez 7 puntu lortzen ez baditu 1. atalean (proiektuaren balorazioa), IV. eranskinean jasotako baremoa aplikatuta.

3.– Eskabideen balorazioa kontuan izanik, hautaketa-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dio. Proposamen horretan jasoko da zer hizkuntza-proiektu eleaniztun hautatu diren, eta zein ikastetxetan egingo diren proiektu horiek, baita federazio edo elkarte bakoitzari zer diru-laguntza ematea proposatzen den ere. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, haiek baztertzeko arrazoiak aipatuta.

9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Federazio edo elkarte bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbateko osoak elkarte edo federazioak aurkeztutako hizkuntza-proiektu eleaniztunean jasotako prestakuntza-jardueren kostu osoa estali ahal izango du, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta honako muga hauekin:

a) Gehienez ere, 100 euro ordainduko dira proiektu eleaniztunean jasotako prestakuntza-jardueretan emandako ordu bakoitzeko. Jarduera emateari egotzitako gastu gisara zenbatu ahalko dira honako hauek: batetik, prestakuntza-jardueraren kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera; eta, bestetik, ikastaroa emango duen irakaslearen joan-etorriek, ostatu hartzeak eta otorduek eragindako gastuak, baldin eta prestakuntza-erakundeaz kanpokoa bada eta prestakuntza-saio horiek justifikatuta badaude proiektua gauzatzeko aurkeztutako proiektuan. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatze- edo jan-edanetarako gastuak. Lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia eta ekonomia irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

b) Ez dira ordainduko eta ez dira kostu moduan hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleak ordezteko langileak kontratatzearen ondoriozko gastuak.

c) Hizkuntza-proiektu eleaniztunak garatzean, eta haietan jasotako irakasleen prestakuntza garatzean, beharrezkoa bada prestakuntzarako material bibliografiko lagungarriak erostea, horregatik ordaindu beharreko kopurua ezingo da izan proposatutako diru-laguntza osoaren ehuneko hogei baino gehiago.

d) Diruz lagundu ahalko dira proiektu eleaniztuna garatzeari lotutako zuzendaritza-, koordinazio-, segimendu- eta ebaluazio-gastuak, proiektua ikastetxeetan ezartzeari lotutakoak, eta proiektuari dagozkion prestakuntza-jarduerei lotutakoak. Proiektuaren zuzendaritzari, koordinazioari, segimenduari eta ebaluazioari egotz dakizkiokeen gastuek orduko 25 euroren muga izango dute.

2.– Aurrekonturik ez dela-eta eskabideen pretentsio ekonomiko guztiei erantzutea ezinezkoa bada, onartutako hizkuntza-proiektu eleaniztuna garatzen duen federazio edo elkarte eskatzaile bakoitzari diru-laguntzaren zenbatekoa esleituko zaio, IV. eranskinean jasotako baremoa aplikatuz lortutako puntuak aintzat hartuta:

10. artikulua.– Hizkuntza-proiektu eleaniztunak garatzeko laguntzak.

1.– Hizkuntza-proiektu eleaniztun bat garatzen duten ikastetxeek kasuan kasuko Berritzeguneko erreferentziazko aholkulari bat izendatuta izango dute, eta hura, ikastetxeen elkarteak edo federazioak izendatutako pertsonarekin eta ikastetxean proiektuaren koordinatzaile denarekin batera, onartutako proiektuaren segimendua eta ebaluazioa egiteko lanen arduraduna izango da.

2.– Hizkuntza-prestakuntza horretan parte hartzen duten irakasleek lehentasuna izango dute Berritzeguneetako aholkulariek hizkuntzen didaktikaz emandako prestakuntza jasotzeko.

11. artikulua.– Ziurtatzea.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko dizkie, ofizioz, deialdi honen bidez diru-laguntza izan duten hizkuntza-proiektu eleaniztunak garatzen dituzten ikastetxe elkartuetako irakasleei, baldin eta partaide izan den irakasle bakoitzak proiektuan izandako arduraldiaren eta beharrezko prestakuntza-jardueretan izandako parte-hartzearen ehunekoa ikastetxe bakoitzean erabilitako ordu guztien % 80tik gorakoa bada. Horretarako, 2017-2018 ikasturtea amaitutakoan, parte hartzen duten ikastetxeei ahala emango zaie partaide izandako irakasleei buruzko datuak sartzeko aplikazio informatiko honetan: http://www.proiektuak.net/index.php

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasunak.

Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste ezein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin.

13. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.

3.– Epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hezkuntza-sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badu ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.

b) Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea, hau da, hizkuntza-proiektu eleaniztuna garatzeko eta, proiektu horri lotuta, irakasleak atzerriko hizkuntzan prestatzeko.

c) Konpromisoa hartzea hizkuntza-proiektu eleaniztunen garapenean ikasitakoa hezkuntza-komunitate osoari helarazteko, EAEko hezkuntza-administrazioak eleaniztasunari buruz antolatutako ikastaroetan, jardunaldietan edo prestakuntza-saioetan.

d) Prestakuntzak atzerriko hizkuntza emateko orduetan duen eragina islatzea. Hazkunde horrek ezingo du A eta B ereduetan euskaraz ematen diren orduak urritzea ekarri. Horri dagokionez, hizkuntza-proiektu eleaniztuna aurrera daraman federazio edo elkarteak adierazi beharko du, parte hartzen duen ikastetxe bakoitzari buruz, ea zer irakasgairi eta zer komunikazio-hizkuntzari kendu zaizkion orduak, atzerriko hizkuntzan edukiak emateko.

e) Proiektua garatzeko baldintza hau ezartzea: hizkuntza-proiektu eleaniztun bat garatzen duten ikastetxe elkartuetan, aktiboki parte hartu beharko dute atzerriko hizkuntzako B2 mailako titulua edo goragokoa duten irakasleek (Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera), proiektuan ezarritakoarekin bat etorriz.

f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, haiek hala eskatuz gero beren funtzioak gauzatzerakoan.

g) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

h) Laguntza emateko kontuan hartutako edozer aldatu bada, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

i) Lankidetzan aritzea Hezkuntza Sailarekin prestakuntza-jardueretan parte hartu duten irakasleen segimendu eta ebaluazioan, bai eta orokorrean hizkuntza-proiektu eleaniztunen ebaluazioan eta proiektu horiek gauzatzen diren ikastetxeetan proiektuok duten eraginari buruzko ebaluazioan ere.

15. artikulua.– Ordainketa.

Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, eta honela egingo dira ordainketak:

a) Lehen ordainketa emandako diru-laguntzaren zenbateko osoaren herena izango da, eta deialdiari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean egingo da, baldin eta tartean laguntzari berariaz uko egin ez bazaio eta lehen ordainketari dagokion zenbatekoaren gutxienez % 50 justifikatu badu erakunde onuradunak.

b) Bigarren zatian gainerakoa ordainduko da, erakunde onuradunak 16. artikuluan aipatutako frogagiriak ikasturtea amaitu eta 2018ko ekainaren 15era bitarte aurkeztu ondoren.

16. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Artikulu honetan aipatutako justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira honako helbide honetan: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

2.– Erakunde onuradunek, 2017-2018 ikasturtea amaitutakoan, ekainaren 15era bitarteko epea izango dute, hizkuntza-proiektu eleaniztun hautatuari buruzko memoria aurkezteko. Memorian atal hauek jasoko dira:

○ Hizkuntza-proiektu eleaniztuna zer neurritan gauzatu den parte hartu duten ikastetxeetako bakoitzean, eta hura orokorrean ebaluatzea.

○ Zer prestakuntza-jarduera egin diren, eta haietako bakoitzaren txostena, honako hauek adieraziz: edukia, eskainitako plaza-kopurua, parte-hartzaile kopurua eta zenbatek gainditu duten ikastaroa. Era berean, prestakuntza-jarduera bakoitzaren kostu ekonomikoa adieraziko da.

○ Hizkuntza-proiektu eleaniztunak ikastetxeetako bakoitzean izandako eraginaren adierazleak: zenbat ikasle-taldetan ezarri den, eta hizkuntzetan izan dituzten emaitzen ebaluazioa, ikasturtearen hasiera abiapuntutzat hartuta; prestatu ondoren, atzerriko hizkuntzetan B2 eta C1 maila dutela frogatzeko proba ofizialetara aurkezten diren irakasleak zenbat diren, eta haien ehunekoa.

○ Jasotako diru-laguntza zertarako erabili den azaltzen duen balantze ekonomikoa, eta federazio edo elkarteko organo gorenaren akta, balantze hori onartzen duena.

3.– Erakunde onuradunak, txostenarekin batera, diruz lagundu diren hizkuntza-proiektu eleaniztuna eta prestakuntza-jarduerak egin direla egiaztatzen duten gastu-frogagiriak, fakturak edo bestelako dokumentuak aurkeztuko ditu. Era berean, honako hauek ere aurkeztuko ditu: batetik, 9. artikuluko 1. zenbakiko a) letran adierazitakoak, hornitzaileen eskaintzei dagokienez.

17. artikulua.– Segimendua.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak onartutako hizkuntza-proiektuen eta ikastetxeetan duten ezarpenaren segimendua egingo du, diru-laguntzaren helburua betetzen dela bermatzeko.

18. artikulua.– Diru-laguntzarako baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretakoren bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

● Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat denean.

● Diru-laguntza erabiltzen ez denean eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.

● Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.

● Justifikatzen ez denean diru-laguntza erabili dela eman ziren helburu zehatzetarako.

● Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

20. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak erabili eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Prestatzeko eta berritzeko proiektuak» izeneko fitxategi batean sartuko dira (19. fitxategian), diru-laguntzen deialdi hau kudeatu eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 legeak aplikatuko dira prozedurako gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 22a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
LABURPEN-FITXA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIPZIO-FITXA

(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-JARDUEREN DESKRIBAPEN-FITXA

(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ESKARIEN BALORAZIO TEKNIKOA EGITEKO BAREMOA

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala