Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2017ko martxoaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
1384

EDIKTUA, aurretiko behin-behineko neurriei buruzko 514/2016 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostia-San Sebastiángo Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: aurretiko behin-behineko neurriei buruzko 514/2016 prozedura.

Alderdi demandatzailea: Maria Aitzpea Unsain Iceta.

Alderdi demandatua: Antton Gallego Romero.

Judizio horretan, autoa eman da, eta hau da haren xedapen-zatia:

261/2016 AUTOA

Epailea: Elisabet Garcia Alegre.

Lekua: Donostia.

Eguna: bi mila eta hamaseiko abenduaren hogeita bederatzia.

XEDAPENAK

Ebazten dut, behin-behinean, guraso eta seme-alaben arteko neurrien erregulazioaren aurreko ondorio eta neurri hauek hartzea, zeinak Maria Aitzpea Unsain Icetaren ordezkaritza prozesalak eskatu baititu Antton Gallego Romeroren aurka.

1.– Guraso-ahalaz baliatzea. Senar-emazteen alaba adingabearen gaineko guraso-ahala elkarrekin baliatzen jarraituko dute bi gurasoek. Gurasoek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra dakar. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta, hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

b) Ikastetxea aukeratzea eta, behar bada, ikastetxea aldatzea.

c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; esaterako bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.

e) Urgenteak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Guraso biei aitortzen zaie adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, guraso biek eskatu ahal izango dituzte seme-alaben tratamenduei buruzko argibide medikoak.

Seme-alabekin dagoen gurasoak haiei buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, larrialdi-egoeretan edo egunero martxan, baldin eta adingabeko batekin egindako bizimoduan ohikoak edo garrantzi handikoak ez badira gorabeherok.

2.– Zaintza- eta jagoletza-araubidea. Alaba adingabearen zaintza eta jagoletza amari esleitzen zaizkio.

3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Aitak alabari egiten dizkion bisitak Donostiako familia-elkargunean egingo dira, eta ikuskatuak izango dira; bisitok aldizkako larunbat edo igandetan egingo dira, FEk ezartzen duen ordutegian, eta bi orduz iraungo dute, beti ere haiek ahal duten ordutegian. Bisita-araubide hori adingabearen oporraldietan ere indarrean egongo da.

Komunikazio-araubideari dagokionez, aita egunero egon ahalko da telefonoz alabarekin, 20:00etatik eta 20:30era bitartean, amak ikuska ahal ditzan dei horiek, eta, moztu ahalko ditu baldin eta uste badu aita ez dagoela alabarekin komunikazio normala izateko moduan.

4.– Karga familiarrei aurre egiten laguntzea. Gallego jaunak, jagoletza ez duen guraso den aldetik, alaba adingabearen mantenu-pentsioa ordaindu beharko du. Pentsio hori hilean ehun (100) eurokoa izango da, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan sartu beharko du diru-zenbateko hori amak izendatzen duen kontuan. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera; lehen eguneratzea urtarrilaren batean gauzatuko da, 2018tik aurrera.

Elikadura-pentsioa ordainduko da alaba adinez nagusi, ekonomikoki burujabe edo halako izateko kondizioan izaten den arte, fede onezko jokabidearekin bat etorriz.

Jagoletza ez duen gurasoak zuzenean ordaindu behar dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.

5.– Aparteko gastuak. Gurasoek erdibana ordainduko dituzte sortzen diren ezohiko gastuak, ados baldin badaude eta gastuak agiri bidez egiaztatuta geratzen badira. Bi gurasoen adostasunez erabakiko da halako gastuak egitea, edo, ados ez badaude, epaile batek baimena emanda, betiere gastuak egin baino lehen. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira urteroko eskola-gastuak, gastu arrunt gisa hartzen baitira. Aldiz, hemen sartzen dira, katalogo posible osoa agortzeko asmorik gabe, honako gastu hauek: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologoarenak, farmaziakoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere.

Aipatu ondorioak eta neurriak iraungo dute soilik, baldin eta neurriok hartu ondorengo hogeita hamar egunetan alderdietako edozeinek banantze- edo dibortzio-demanda aurkezten badu, eta amaituko dira ematen den baiespen-epaiak ordezten dituenean edo prozedura nagusiari amaiera beste modu batera ematen zaionean.

Berariaz ez da kosturik ezartzen.

Jakinaraz bekie ebazpen hau alderdiei eta Fiskaltzari, eta, adierazi, ebazpena irmoa izanik, ezin dutela beraren aurka inolako errekurtsorik jarri (PZLren 771.4 artikulua).

Epaileak ebatzi eta sinatzen du. Fede ematen dut.

Alderdi demandatuaren gaur egungo helbidea edo bizilekua ezezaguna denez gero, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, ediktu hau EHAAn argitaratzea ebatzi du epaileak, epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.

Donostia, 2017ko otsailaren 15a.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala