Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2017ko martxoaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1377

38/2017 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Euskal Elizbarrutietako Misioen arteko hitzarmena, Bittor Garaigordobil jaunaren ibilbideari buruzko dokumental bat finantzatzeko.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Euskal Elizbarrutietako Misioen arteko hitzarmena, Bittor Garaigordobil jaunaren ibilbideari buruzko dokumental bat finantzatzeko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 6a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 6KO 38/2017 EBAZPENARENA
HITZARMENA, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA EUSKAL ELIZBARRUTIETAKO MISIOEN ARTEKOA, BITTOR GARAIGORDOBIL JAUNAREN IBILBIDEARI BURUZKO DOKUMENTAL BAT FINANTZATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 21a.

BILDU DIRA:

Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria

Francisco Izquierdo de la Guerra jauna, Euskal Elizbarrutietako Misioen arduraduna

ESKU HARTU DUTE:

Lehenak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.

Bigarrenak, Euskal Elizbarrutietako Misioen izenean eta erakunde hura ordezkatuz.

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Iaz, Babahoyoko (Los Ríos, Ekuador) gotzain emeritu Bittor Garaigordobilek 100 urte bete zituen, eta, horregatik, haren bizitza –Euskal Elizbarrutietako Misioen garapenari oso lotua– deskribatuko duen dokumental bat egitea pentsatu da. 1948an Ekuadorrera abiatu ziren lehen zortzi misiolarietako bat izan zen Bittor Garaigordobil. Urte hartatik 1983ra arte (hots, Ekuadorretik itzuli zen urtera arte), hainbat fase eta ikaskuntza bizi izan zituen Elizbarrutietako Misioekin batera, «arimak salbatzeko» eginkizuna betetzen zuten lehen urteetatik gaur egun arte. Tartean, Vatikanoko II. Kontzilioa eta hark Latinoamerikan izan zuen garapena (Medellin, Santo Domingo eta Pueblako topaketak) bizi izan zituen. Harrez geroztik, pertsonarik pobreenak eta haien antolaketa bihurtu ziren ardatz. 1948tik orain arte, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako zortziehun pertsona baino gehiago (apaizak, sekularrak –gizonak eta emakumeak– eta mojak) aritu dira Euskal Elizbarrutietako Misioetan lanean.

Bigarrena.– Bittor Garaigordobili buruzko dokumental baten bidez, Los Ríosko Elizbarrutiko Misioan egin zuen elkartasun-lana bistaratu nahi da (misio horretan, seiehun erlijioso eta sekular baino gehiago inplikatu dira urte hauetan guztietan). Dokumentalak, Bittor Garaigordobilen bizitzaz gain, Los Ríosko montubioen egoera eta bilakaera deskribatuko du, eta, bereziki, haien ahalduntze progresiboa eta inguruan burututako garapen-ekimenak.

Hirugarrena.– Euskal Elizbarrutietako Misioak Eliza Katolikoaren barruko erakunde bat da, eta elizen artean, alderdi pastoral eta ebanjelizatzailean zein alderdi sozialean (hezkuntzan, osasunean eta giza eskubideetan, nagusiki) egindako lankidetza-hitzarmenen bidez hartutako misio-konpromisoak bultzatzen ditu. Gainera, Euskadin parrokiei lotuta egon ohi diren Misio eta Elkartasun Taldeen sorkuntza sendotzen eta sustatzen du, inguruko sentsibilizazio- eta dinamizazio-agente nagusiak baitira. Horretarako, herrialde pobretuen problematikaren inguruko kontzientzia sortzen laguntzen duten eta giza garapenerako proiektuetan laguntzeko lankidetza zehatzak ahalbidetzen dituzten jarduerak egiten ditu.

Ekintza horiek egiteko, sentsibilizazio-kanpainak eta dirua biltzeko kanpainak egiten ditu, eta, hainbat urtez geroztik, «Hegoaldeko ahotsak» izeneko jarduera antolatzen du. Jarduera horretan, Ekuadorko eta Afrikako (hala nola Angolako, Ruandako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko) komunitateetako hainbat pertsonak beren errealitatea azaltzen dute zuzenean gure herrialdean. Testigantza horien bidez, Euskadiko eta Euskal Elizbarrutietako Misioak erakundeak lan egiten duen lekuetako komunitateen arteko senidetze-proiektuak sendotu nahi dira. Kanpaina horietan, material didaktikoak lantzen dira, eta ikastetxeetarako bisitaldiak egiten dira.

Euskal Elizbarrutietako Misioak erakundeak 20 urte daramatza gazte eta helduei Iparralde-Hegoalde ikastaroa ematen. Prestakuntza horren ondoren, Udako Esperientziak ematen dira, Ekuadorren eta Angolan batez ere. Esperientzia horietan, Hegoaldeko komunitateak ezagutzeko eta haiekin elkarreragiteko aukera dute parte-hartzaileek, eta komunitate horien antolamendua eta pobreziari aurre egiteko dituzten alternatibak ezagutu ditzakete.

Erakundea, gainera, Euskadiko GGKEen Koordinakundean, Afrikaren aldeko Taldean eta Fiare Banka Etikoan sartuta dago.

Laugarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia (GLEA) sortzen duen araudian ezarrita dagoen bezala, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, eta baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzekoa ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen jasangarria sustatzeko.

Garapenerako Lankidetzaren 2014-2017ko Gida Planaren helburuen artean, gizarte-eraldaketa, pobrezia estrukturalaren desagerraraztea eta giza garapen jasangarria azpimarratu behar dira. Dokumentalaren ekimena, nolanahi ere, helburu horietan kokatu behar da, alde batetik garapenerako lankidetzari lotutako ekimenei balioa emateko tresna delako, eta, bestetik, gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren esparruan sentsibilizatzen duen eta desberdintasun globalen inguruko jakintza handiagotzeko eta kontzientzia kritikoa sortzeko xedea duen tresna delako. Gainera, Planaren arabera, Ekuador lehentasunezko herrialdeetako bat da, eta dokumentala herrialde horretako errealitatearen testuinguruan txertatuta dago.

Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, ondoren adieraziko diren klausulei jarraikiz,

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Euskal Elizbarrutietako Misioen arteko harremanak arautzea du xede, 1948. urtean Ekuadorrera misiolari joan zen eta Los Ríosko Misioaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen Bittor Garaigordobil jaunaren ibilbideari buruzko dokumental bat finantzatzeko.

Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.

Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:

1. emaitza. Bittor Garaigordobil jaunaren ibilbidea eta Euskal Elizbarrutietako Misioen elkartasun-lanaren bilakaera erakustea.

2. emaitza. Los Ríosko montubioen egoera eta bilakaera deskribatzea, eta, bereziki, haien ahalduntze progresiboa eta inguruan burututako garapen-ekimenak.

Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.

Hitzarmen honen xede diren jarduerak egikaritzeko epea aurtengo apirilaren 1etik aurrera zenbatuko da.

Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.

Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua 64.517,20 euro da.

Euskal Elizbarrutietako Misioak erakundea dokumentala egiteko aurreikusitako jarduera guztiak egikaritzeaz arduratuko da, eta berrogeita lau mila bostehun eta hamazazpi euro eta hogei zentimoko (44.517,20 euro) guztizko ekarpena egingo du.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hogei mila euroko (20.000,00 euro) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Euskal Elizbarrutietako Misioak erakundeari:

% 100, hau da, hogei mila euro (20.000,00 euro), finantzatu beharreko ekintzaren % 100 egikaritu dela justifikatu ondoren. Nolanahi ere, hitzarmenaren indarraldiaren barruan justifikatu beharko da hori. Horretarako, dagokion txosten tekniko-finantzarioa eta dokumentalaren ale bat (artxibatzeko) igorri beharko zaizkio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari.

Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikok nahiz pribatuk, helburu berarekin eman litzakeenekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Jarraipen-batzorde misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, berriz, idazkaria.

Euskal Elizbarrutietako Misioen bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.

2.– Batzorde horrek gutxienez ohiko bilera bat egingo du azken txosten tekniko-finantzarioa egikaritzen bukatzen denean eta/edo txosten hori aurkeztu ondoren.

3.– Salbuespenez, batzordekideek egokitzat ikusten dutenean eta, hala badagokio, batzordekide batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.

4.– Jarraipen Batzordearen araubide juridikoak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.

Seigarrena.– Suntsiarazteko arrazoiak.

Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.

Zazpigarrena.– Funtsezko aldaketak.

Euskal Elizbarrutietako Misioak erakundeak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertu beharko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.

Zortzigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmenaren indarraldia izenpetzen den egunean hasiko da, eta, laugarren klausulan ezarritakoari jarraikiz, Euskal Elizbarrutietako Misioak erakundeak bere gain hartutako betebeharrak bete direla egiaztatzen denean eta, horren ondorioz, diru-laguntza ordaintzen denean amaituko da. Nolanahi ere, 2016ko abenduaren 31 baino lehen amaituko da.

Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

Euskal Elizbarrutietako Misioen arduraduna,

Francisco Izquierdo de la Guerra.


Azterketa dokumentala