Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2017ko martxoaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1320

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 3koa, HABEren zuzendari nagusiarena, Eusko Jaurlaritzaren Erregistroan inskribatuta dauden Euskal Etxeetako euskara-ikasleei zuzendutako deialdi berezia egiten duena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako B1, B2 eta C1 komunikagaitasun-mailak egiazta ditzaten.

Herritar helduek euskararen gaitasuna egiaztatzeari buruz azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, HABE erakundea sortzekoak, eta uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak xedatutakoa betez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak 2016ko azaroaren 23ko Agindua eman zuen, HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarrituriko gaitasun-mailen ziurtagiriak eskuratzeko prozedurak finkatzeko.

Agindu horrek aurreikusten du, besteak beste, 5. artikuluan, Euskal Etxeetako euskara-ikasleek HEOCean zedarrituriko gaitasun-mailak egiaztatu ahal izango dituztela deialdi berezi baten bitartez, eta HABEren zuzendari nagusiari ematen dio ahalmena deialdi hori egiteko, urterik urte.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deialdi berezia egitea Eusko Jaurlaritzaren Erregistroan inskribatutako Euskal Etxeetako euskara-ikasleek 2017. urtean Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako B1, B2 eta C1 komunikagaitasun-mailak egiazta ditzaten, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jasotako oinarrien eta irizpideen arabera.

Bigarrena.– Deialdi hau Madrilgo eta Bartzelonako Euskal Etxeetan gauzatzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honetan araututako deialdia antolatu eta egikaritzeko, segidan aipatzen diren funtzio-esleipenak eta izendapenak egitea:

– Azterketa Batzordeak bereganatuko ditu mailaz mailako epaimahaien egitekoak B1, B2 eta C1 mailetarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 10.2 artikuluak ezarritakoari jarraikiz.

– Deialdi berezi honen arduradunak bere egingo ditu aipatutako aginduak, 13. eta 14. artikuluetan, tutoreei eta lurralde-arduradunei emandako zereginak.

Horretarako, deialdi berezi honen arduradun izendatzen da: Jose Francisco Zinkunegi Uzkudun.

– Aipatutako Aginduaren 12. artikuluak ezarritako funtzioak eta betebeharrak izango dituztelarik, aztertzaile izendatzen dira:

Ane Bastida Lizaso: Madrilgo Euskal Etxean egingo diren egiaztatze-probetarako.

Jose Angel Odiaga Galletebeitia: Bartzelonako Euskal Etxean egingo diren egiaztatze-probetarako.

Halaber, deialdi berezi honetan aztertzaile aritu ahal izango dute, horretarako baldintzak betez HABEren zuzendari nagusiak euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei zuzendutako deialdietarako izendatzen dituen aztertzaileak.

Laugarrena.– Ebazpen honen euskal eta erdal testuen arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal testuari dagokion irakurketari lehentasuna ematea.

Bosgarrena.– Interesdunei jakinaraztea administrazio-bidea agortzen ez duen ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epearen barruan.

Donostia, 2017ko martxoaren 3a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

I. ERANSKINA
DEIALDI BEREZIAREN EGIAZTATZE-PROZESUAREN OINARRI OROKORRAK

1. oinarria.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduak xedatutakoaren arabera, Euskal Etxeetako euskara-ikasleek HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) zedarritutako B1, B2 eta C1 mailei dagokien gaitasun komunikatiboa egiaztatzeko 2017. urteko deialdi bereziaren zehaztapenak egitea.

2. oinarria.– Oinarrizko esparrua.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua izango dira ikasleen hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko oinarri eta barruti, hurrenez hurren.

Ondorioz, HEOCean ezarritako B1, B2 eta C1 gaitasun-mailei dagozkien ziurtagiriak lortzera bideratutako gaitasun-probak HEOCean finkatutako ebaluazio-irizpideetara eta II. eranskineko edukietara bilduko dira.

3. oinarria.– Gaitasun-mailak egiaztatzeko deialdi honetan parte hartzeko baldintzak.

Egiaztatze-prozesu honetara aurkezteko, azterketariak ondoren zehazten diren bi baldintzak bete beharko ditu:

1.– Eusko Jaurlaritzaren Erregistroan inskribatuta dauden Euskal Etxeetako batean euskara-ikastaroetan matrikulatuta egotea 2016ko ekainaren 1etik aurrera hasitako HEOCaren B1, B2 edo C1 mailako ikastaroren batean.

2.– Azterketariak 2015eko urriaren 1etik aurrera hasitako ikastaroetan, lau hizkuntza-trebetasunetan, egiaztatu nahi duen mailari dagokion atalasea iritsia izatea Euskal Etxean 2017ko martxoaren 17rako.

4. oinarria.– Euskal Etxeen egitekoez.

Euskal Etxeak matrikulaturik dituen ikasleen datuak eta horien gaitasun-mailen gutxienekoak adieraziko dizkio HABEren Programa Berezietako Atalari 3. oinarrian zehaztutako egunerako eta finkatutako prozedurei jarraikiz, mailaz mailako kodeetan:

– B1 mailan: B1B1 kodea

– B2 mailan: B2B2 kodea

– C1 mailan: C1C1 kodea.

5. oinarria.– Deialdiaren egutegia eta azterketa-lekuak.

5.1.– Euskal Etxeetako euskara-ikasleei zuzendutako deialdi berezia Madrilgo eta Bartzelonako Euskal Etxeetan burutuko da 2017. urtean.

5.2.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamar egun balioduneko epean emango ditu argitara HABEk, www.habe.euskadi.eus atariaren bidez, 2017. urteko deialdi berezirako aurreikusitako egutegia: matrikula egiteko epea, onartuen zerrendak jakitera emateko eguna, gaitasun-proben datak eta emaitzak jakinarazteko datak.

5.3.– HABEk egutegietan aurreikusitako egunak alda ditzake deialdi honen kudeaketan gerta litezkeen gorabeheren arabera, azterketaldirako matrikula-epea izan ezik.

5.4.– Azterketa-lekua aldatzeko eskabidea posta elektronikoz egingo da www.habe.euskadi.eus atarian finkatutako prozedurei jarraikiz; eskari hori egiteko arrazoiak azalduz eta, betiere, deialdiaren egutegian ezarritako epeetan.

6. oinarria.– Matrikula egiteko izen-ematea, ordaina eta ordainketa.

6.1.– Gaitasun-proba egiteko izen-ematea www.habe.euskadi.eus atarian egingo da, matrikula-inprimakia betez, horretarako ezarritako epearen barruan.

6.2.– Matrikularen ordainketa ere epe horretan egin beharko da, interneten bidez edo, bestela, horretarako bidea ematen duten finantza-erakundeetan (Kutxabank, Sabadell, Laboral Kutxa, Bankoa, BBVA, Banco Santander, CaixaBank, Banco Popular), izena ematean eskuratzen den matrikula-inprimakia erabiliz.

6.3.– Matrikulatze-prozesua osatu dela ulertuko da izen-ematea eta matrikula-ordainketa emandako epearen barruan eginak daudenean. Beraz, izen-ematea edo ordainketa matrikula-epearen barruan ez egin izanak egiaztatze-prozesutik kanpo gelditzea ekarriko du.

6.4.– Behin matrikula-eskubideak ordainduz gero ez da dirurik itzuliko, non eta oker bat izan eta maila bereko matrikula birritan egin ez den edo matrikula okerreko maila baterako burutu bada eta kasu honetan itzulketarako eskaria matrikula-epearen barruan egin ez bada.

6.5.– Matrikularen ordainari dagokionez, deialdi honen matrikula-epealdia irekitzen denean, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak aplikatuko dira, eta horiek finkatzeko aldi bakoitzean indarrean dagoen araudia baliatuko. Bestalde, zenbatekoa www.habe.euskadi.eus atariaren bidez emango du ezagutzera HABEk.

6.6.– Matrikula egitearekin batera, oinarri hauetara bildutako irizpide eta jokabide guztiak bere egiten dituela onartu eta aditzera ematen du izena emana duen azterketariak.

7. oinarria.– Onartuen zerrenda.

Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak argitaratuko du B1, B2 eta C1 gaitasun-mailak egiaztatzeko probetan parte hartzeko onartuen zerrenda eta azterketari bakoitzak www.habe.euskadi.eus atarian ikusi ahal izango du norberari dagokion matrikula zertan den.

8. oinarria.– Berariazko egoerak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behar jakinak izan eta egiaztatze-probetan parte hartu nahi duen ikaslearen kasuan, berdintasun-neurriak hartuko ditu HABEk zein Euskal Etxeek, bakoitzak bere egitekoen baitan, azterketari horren aukerak bermatzeko; betiere, azterketaren edukia indargabetzeke edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizteke.

Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, azterketariak azterketaldirako matrikula egiteko garaian, deialdiko arduradunari edota Euskal Etxekoari egin beharko dio eskaera, eta, duen desgaitasuna agiri ofizialez zuritzeaz gain, eskatzen duen egokitzapena azalduko du (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.), kasuan kasuko antolaketa-moduaren arabera.

Eskari hauen aurrean, HABEk zein Euskal Etxeek denbora nahiz baliabideak egokituko dizkio behar bereziak dituen azterketariari, betiere 2006ko ekainaren 9ko ORDEN/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraikiz.

9. oinarria.– Gaitasun-proben ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa.

9.1.– Gaitasun-mailak ebaluatzeko prestatutako probek ikaslearen euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: ikasleak zein azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik, eta euskaraz aditzera eman nahi dituen testuak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik.

9.2.– HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio Atalak lau trebetasunak neurtzeko probak prestatuko ditu, II. eranskinean zehaztutakoa oinarri hartuz.

9.3.– Proben aplikazioari dagokionez, Euskal Etxeek eta HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak aplikatuko dituzte lau trebetasunak neurtzeko probak, egutegian zehaztutako datetan, honela:

– B1, B2 eta C1 maila egiaztatzeko irakurmen-, entzumen- eta idazmen-probak batera egingo dira. Irakurmen- eta entzumen-probak gainditzea ezinbestekoa da idazmen-proba kalifikatzeko eta idazmen-proban 9.4. oinarrian adierazitako gutxieneko puntuazioa lortzea, mintzamen-probara aurkezteko.

– Hala ere, azterketa-leku bakoitzean deitutako egiaztatze-probetan parte hartzea eskatzen duten azterketari-kopurua hamar baino gutxiagokoa bada, proba guztiak egun berean edo bi egunetan segidan egingo zaizkie azterketari guztiei. Halakoetan ere, ezinbestekoa izango da idazmen-proban 9.4 oinarrian adierazitako gutxieneko puntuazioa lortzea, mintzamen-proba kalifikatzeko.

– Deialdi honen antolaketaren nondik norakoak (ordutegia, lekuak eta azterketarien zerrendak), proba-eguna baino bost egun natural lehenago emango dizkio aditzera Euskal Etxe bakoitzak deialdiaren arduradunari, honek egokitzapen beharrik ikusiko balu, hiru eguneko epean Euskal Etxeari jakinarazi eta egokitzapenak garaiz egin ahal izateko.

9.4.– Maila bakoitzeko probek 100 puntu osatuko dituzte guztira, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak, II. eranskinean jasotako puntuazio-sistemaren arabera. Hain zuzen ere, HEOCaren «Ebaluazio-irizpideak eta eskalak» atalean, maila bakoitzari dagokionez, trebetasunez trebetasun zehazten diren irizpideen balioespen-eskalako tarteko deskripzioa (bigarrena) izango da, oro har, mailako helburuak bete diren adierazle.

Gaitasun-maila bakoitzeko probak gainditutzat emateko, oro har, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu ikasleak II. eranskinean zehaztutako gutxienekoak. Nolanahi ere, gaitasun-mailetako idazmenean 15 puntura iritsi ez, baina, gutxienez, 13 puntu lortzen dituen ikasleak falta duen puntuazioa konpentsatu ahal izango du mintzamen-proban. Horretarako, idazmenekoan 15era iristeko falta dituen puntuak lortu beharko ditu mintzamenekoan.

9.5.– Egiaztatze-prozesua bideratzeko jardunak, gailu elektronikoek (telefono, ordenagailu, argazki-kamera, MP3 grabagailu, haririk gabeko entzungailu, irakur-tresnadun ordulariak eta entzungai edo ikusgai diren edukietara sarbidea eskaintzen duten betaurrekoek.) eskain dezaketen edukietarako sarbiderik izan gabe daude aurreikusita eta Interneterako konexiorik gabe.

9.6.– Idazmen-probetan, irakurgarria izango da idazketa eta ulergarria kaligrafia. Mintzamenekoetan, berriz, argi ahoskatuko da eta zuzen ebakiko dira hitzak.

10. oinarria.– Gaitasun-proben zuzenketa-prozesua.

1.– Hizkuntza-arauak eta euskalkiak.

Lau hizkuntza-trebetasunak neurtzeko azterketariek egindako probek Euskaltzaindiak indarrean dituen arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.

Ahozkotasuna neurtzeko probetan, azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakuts dezake, betiere, egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun- eta jariotasun-maila hori aintzat hartu eta balioetsiko dute azken emaitza jartzean.

2.– Izengabetasuna.

Gaitasun-probak norenak diren jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaileek zein tutoreek, zuzenketa izengabea bermatzeko. Irakasleak ezin izango du berak izandako ikasleen gaitasun-probarik zuzendu. Horrelakorik gertatuz gero, aztertzaileak berak laga beharko du zeregin hori azterketaldiaren antolaketa-garaian.

3.– Irakurmen- eta entzumen-proben zuzenketa.

Gaitasun-probaren atal hauen zuzenketa izendatutako aztertzaileen artean egingo da, II. eranskinera bildutako irizpideen arabera.

4.– Idazmen-probaren zuzenketa.

a) Idazmen-proba, gutxienez, bina aztertzailek zuzenduko dute, eta irizpen arrazoitua emango dute adostutako kalifikazio-fitxan. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.

b) Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:

– Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

– Eskatutako hitz-kopurura iristen ez diren idazlanak baloratzerakoan, % 10 baino gutxiagogatik iristen ez den aztertzaileari kenketa egingo zaio puntuazio orokorrean, ondoren zehazten denaren arabera:

(Ikus .PDF)

c) Aztertzaileak idazmen-proba zuzendu ondoren, jarraibide hauei lotuko zaizkie:

– Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoak baino handiagoak direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.

– Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoetara iristen ez direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.

– Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz edo tutorea ohartzen bada kalifikazio-proposamena ez dela egokitzen mailako irizpideetara, hirugarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Horrelakoetan, tutoreak ofizioz ebaluatuko ditu probak, aztertzaileei emango die horren berri, eta irizpen arrazoitu propioa proposatuko dio epaimahaiari.

d) Idazmen-proba berariazko aplikazio informatikoen bidez banatuko zaie aztertzaile zein tutoreei euskarri digitalean.

5.– Mintzamen-probaren zuzenketa.

a) Mintzamen-proba bina aztertzailek bideratu eta zuzenduko dute, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango dute irizpen arrazoitua. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.

b) Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Tutoreak irizpen propioa eman eta gero, jarritako emaitzen proposamena epaimahaiaren eskura jarriko du.

c) Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira, zuzenketa-prozesuaren euskarri eta ikerketa-helburu zein aztertzaileen trebakuntzarako.

6.– Bateratze-saioak.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ageri denari jarraikiz, ebaluatzaileen gaikuntza-maila zabaltzeko eta sendotzeko, irizpide objektiboak eta berdinak erabiltzeko eta ebaluazio-prozesuari zehaztasuna eta bermea emateko, ebaluazio-irizpideen inguruko bateratze-saioak antolatuko ditu HABEk urtero.

Saio horiek mailaz maila antolatuko dira eta aurrez aurre edo/eta on-line teknologiak baliatuz bideratuko dira.

11. oinarria.– Egiaztatze-prozesuaren emaitzak onartzea.

Azterketa Batzordeak, proben kalifikazioei buruzko aktak aztertu ondoren, emaitzak onartuko ditu, horrela dagokionean, eta HABEren zuzendari nagusiari igorriko dizkio, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

12. oinarria.– Egiaztatze-prozesuaren emaitzak argitaratzea.

HABEk egiaztatze-prozesuaren emaitzak argitaratuko ditu www.habe.euskadi.eus atarian, mailaz maila, egutegian zehaztutako datetan, emaitzok trebetasunez trebetasun adieraziz.

13. oinarria.– Ziurtagiriak.

Gaitasun-probak gaindituz mailaren bat egiaztatu duenak dagokion ziurtagiria eskuratzeko eskaria www.habe.euskadi.eus atariaren bitartez egin beharko du. HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, finantza-erakundeen bidez edo Internet erabiliz, dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.

Maila bakoitzeko agiria eskuratzeagatik, eskari-egunean indarrean dagoen tasa ordaindu beharko da, mailaren egiaztapena aurreko urteetan egin bada ere. Agirien eta duplikatuen tasen unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez jakinaraziko ditu HABEk.

14. oinarria.– Erreklamazioak eta gora jotzeak.

Deialdi honetako egiaztatze-prozesuko interesdunak erreklamazioa jar dezake HABEren zuzendari nagusiaren aurrean onartuen zerrendaren aurka aurkezten denean, eta Azterketa Batzordearen aurrean, prozeduran, puntuazioen zenbatzean edo emaitzetan nolabaiteko errakuntzarik gertatu dela uste badu; betiere, jarraian azaltzen diren datu zein agiriak aurkezten baditu:

– Erreklamatzailearen izen-deiturak eta jakinarazpenetarako helbidea.

– Nortasun-agiriaren zenbakia.

– Egiten duen eskaera edo erreklamazioa.

– Gertaera edo errakuntza hori izan dela erakusten duten agiriak edo frogak.

– Lekua, data eta egiaztatze-maila.

– Erreklamaziogilearen izenpea.

Erreklamazioak hiru eguneko epean aurkeztu beharko dira, onartuei buruzko erabakia hartu edota proben emaitzak ezagutzera eman eta biharamunetik kontatzen hasita; erreklamazioak, emaitza orokorrak onartu baino lehen ebatziko dira.

Interesdunek, halaber, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute HABEren zuzendari nagusiaren aurrean, azterketen behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo hilabetean, edo, horrela dagokionean, aurkatutako egintza gertatu den egunetik aurrera hilabeteko epean. Errekurtsoak ebazteko, HABEren zuzendari nagusiak deialdi honetako arduradunari eta Azterketa Batzordeko buruari eska liezaieke errekurtsoaren mamiari buruzko txostena; txosten hori, gehienez, hamar eguneko epean emango dute. Halaber, deialdi hauetan parte hartzen ez duen kanpoko adituren baten irizpena ere eska lezake.

Erreklamazioak zein gora jotzeko errekurtsoak HABEren Donostiako Erregistro Nagusira igorriko dira, honako helbide honetara: Vitoria-Gasteiz kalea 3,6.a, 20018 Donostia. Horretarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, 38. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako baliabideak erabiliko dira.

Edozein modutan, erreklamazioek zein gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo deialdi honetan jasotako ohiko prozedurak eta egutegia.

15. oinarria.– Informazioa eta tramitazioa on-line.

Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez egingo dira, azterketen gaineko erreklamazioei eta Administrazioarekiko errekurtso eta gora jotzeen ebazpenei dagozkienak izan ezik.

Era berean, azterketariak www.habe.euskadi.eus ataria erabiliz gauzatuko ditu oinarri hauetan horrela xedatutako izapideak.

16. oinarria.– Espedienteak ikusteaz.

Idazmen- eta mintzamen-ataletako kalifikazio-orriak eta azterketariak egindako idazmen-proba ikusgai izango ditu azterketariak www.habe.euskadi.eus atarian, baita bere mintza-saioa entzungai ere.

17. oinarria.– Datu pertsonalen babesa.

Egiaztatze-deialdi honen kudeaketan horretarako sorturiko fitxategian tratatuko dira datu pertsonalak. HABEren Zuzendaritza Nagusia bera izango da fitxategiaren administrazio-organo arduraduna eta sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubidea Zuzendaritza horren aurrean gauzatu ahal izango da. Fitxategi horretan jasotako datuen erabilera ondoren zehazten dena izango da:

– Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.

– HABEren Euskararen ezagutza egiaztatzeko agirien erregistroan gordetzea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 19. artikuluak dioenari jarraikiz.

– Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura emandako ziurtagiriak helaraztea, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak agintzen duen moduan, deialdi honetan gaitasun-maila egiaztatzen dutenen datuak.

– Maila egiaztatu duten ikasleei zuzendutako diru-laguntzen proposamena egiteko, horretarako deialdia onartzen bada.

Egiaztatze-prozesuan parte hartzeko bete beharreko eskabide-orriak datu pertsonalen babesaren gaineko argibideei buruzko klausula jasoko du.

Egiaztatze-deialdian parte hartuko duten administrazio-langileek eta berariaz izendaturiko kideek deialdiaren kudeaketan ezagutzen dituzten datu pertsonalen gaineko sekretua zaindu beharra dute.

Prozesuko argitaratze-faseek publizitate-printzipioari eusteko gutxieneko datu pertsonalak izango dituzte, eta erreklamatzeko epeak igaro arte bakarrik jasoko dituzte. Informazio horrek datuok izaera pertsonala dutela ohartarazten duen klausula bat izango du, alegia, datu pertsonalok datuak babesteko arloan egungo legedia betetzen dutela eta euren helburu bakarra prozedura honen faseari publikotasuna eman eta, hala behar denean, parte-hartzaileei jakinaraztea dela adieraziz. Horretaz gain, informazio-paragrafo bat izango du; bertan, adieraziko da informazioa ez dela jendearen eskurako iturri, eta ezingo direla ez osorik ez partez kopiatu, ez eta informazioa errekuperatzeko inongo sistemaren bidez transmititu eta erregistratu ere, ukituek eurek baimena eman ezean.

Egiaztatze-prozesua amaitu ondoren, lau trebetasunak neurtzeko egin probak prestakuntzarako eta ikerketarako erabili ahal izango dira, betiere datu pertsonalak bereizi ondoren, indarrean dagoen legediak agintzen duen moduan.

18. oinarria.– Jarduerak isilpean gorde beharra.

Aztertzaile, tutore, deialdiaren arduradun, zein Azterketa Batzordeko kideen betebeharra da isilpean gordetzea, egiaztatzegintzari lotutako ezein eragileri buruz, beren egitekoen jardunean jakindako gertaera, ezagututako dokumentu, kalifikazio-proposamen, izandako eztabaida eta emandako egoerak.

19. oinarria.– Bateraezintasuna.

Deialdi honetan parte hartzen duten azterketariek ezin izango dute parte hartu HABEren zuzendari nagusiaren 2017ko urtarrilaren 9ko Ebazpenaren bidez eginiko egiaztatze-deialdietan.

II. ERANSKINA

2017. URTEKO DEIALDI BEREZIAN B1, B2 ETA C1 ETA MAILAK EGIAZTATZEKO AZTERKETAK: EBALUAZIO-IRIZPIDEAK, EZAUGARRIAK, ANTOLAMENDU-MODUA ETA ATALEZ ATALEKO KALIFIKAZIOAK.

1.– EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

B1, B2 eta C1 gaitasun-mailak egiaztatzeko azterketetan oinarri hartuko dira B1, B2 zein C1 mailetako ebaluazio-irizpideak eta eskalak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren Aginduz 2015eko uztailaren 22an indarrean jarritako HEOCaren «Ebaluazioa» atalean jasotakoaren arabera.

2.– EZAUGARRIAK, ANTOLAMENDU-MODUA ETA ATALEZ ATALEKO KALIFIKAZIOAK

B1 MAILA: ERABILTZAILE INDEPENDENTEA

Entzumena:

Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko testu grabatua entzungo du, eta ulertu duela frogatzeko zenbait egiteko burutu beharko ditu: ideia nagusia jaso, informazio garrantzitsua bereizi, xehetasun batzuk nabarmendu... Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Entzun aurretik, azterketariak galderak irakurtzeko denbora jakin bat izango du eta, entzungai-motaren arabera, grabazioak behin edo bitan entzuteko aukera izango du.

Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira, izan aurrez aurreko solasaldietatik jasotakoak (elkarrizketa sinpleak, ipuinak, gertaerak, errezetak...), izan komunikabideetatik jasotakoak (albiste laburrak, eguraldi-iragarpenak, kontaketak, iragarkiak...) eta HEOCean B1 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.

Proba honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 25 minutu ingurukoa.

Mintzamena:

Probak hiru atal izango ditu:

a) Sarreran, azterketariak aztertzailearekin elkarrizketa motz bat izango du eta hainbat gairi buruzko galderei erantzungo die (norberaren ezaugarriak, familia, zaletasunak, lana, bidaiak...).

b) Aurrez prestatutako gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatuko du. Enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (azalpen laburra, pertsonen, gauzen zein tokien deskribapenak, kexa edo erreklamazioa...) eta B1 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa).

c) Bukatzeko, elkarrizketa izango du aztertzailearekin edo beste azterketari batekin elkarreraginean, emandako argazki bat oinarri hartuta.

Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia eta ongi lotua den; 3) jarioduna eta ongi ahoskatua den; 4) aberatsa den eta 5) zuzen adierazi duen.

Proba honek, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu bigarren atala prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

Irakurmena:

Azterketariak, emandako testua edo testuak irakurri ondoren, zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra eta xehea eskatuko zaio, eta betiere, testutik informazioa ateratzea. Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira (lagunen gutunak, errezetak, ipuin eta kontaketa errazak, gai ezagunetako azalpen-testuak...), eta HEOCean B1 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.

Proba honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 35 minutu ingurukoa.

Idazmena:

Azterketariak, gutxienez, 140 hitzeko testu bat edo 100 inguruko bi testu idatziko ditu, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (mezu laburrak, pertsonen, tokien eta gauzen deskribapen laburrak, gutun pertsonalak, kontaketa laburrak, eskari-gutunak, aholkuak eta gomendioak, curriculum vitaea...), eta B1 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa).

Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:

– Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

– Eskatutako hitz-kopurura iristen ez diren idazlanak baloratzerakoan, % 10 baino gutxiagogatik iristen ez den aztertzaileari kenketa egingo zaio puntuazio orokorrean, ondoren zehazten denaren arabera:

(Ikus .PDF)

Ekintza komunikatiboaren ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia; 3) kohesioa; 4) aberastasuna eta 5) zuzentasuna.

Proba honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena 60 minutukoa izango da.

Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

– Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

– Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri.) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

– Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

Horrez gain:

– Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

– Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

– Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

Antolaketa:

Azterketak Madril eta Bartzelonako Euskal Etxeetan gauzatuko dira.

Lau trebetasunak neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean entzumen-, irakurmen- eta idazmen-proba eta, bestean, mintzamenarena. Hala ere, azterketa-leku bakoitzean deitutako egiaztatze-probetan parte hartzea eskatzen duten azterketari-kopurua hamar baino gutxiagokoa bada, proba hauek guztiak azterketari guztiei egun berean edo bi egunetan segidan egingo zaizkie.

Kalifikazioak, ponderazioa eta emaitzak:

a) B1 mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

(Ikus .PDF)

b) Ponderazioa:

Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia, % 25; kohesioa, % 15; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 30.

Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 25; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 25.

c) Emaitzak:

Irakurmena: gai/ez gai.

Idazmena: gai/ez gai.

Entzumena: gai/ez gai.

Mintzamena: gai/ez gai.

Guztira: gai/ez gai.

B2 MAILA: ERABILTZAILE AURRERATUA

Entzumena:

Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatu entzungo ditu, eta ulertu duela frogatzeko zenbait egiteko burutu beharko ditu: ideia nagusia jaso, informazio garrantzitsua bereizi, xehetasun batzuk nabarmendu... Jakin ere jakin beharko du hizlariaren jarrera bereizten eta testuari dagozkion ondorioak ateratzen. Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Entzun aurretik, azterketariak galderak irakurtzeko denbora jakin bat izango du eta, entzungai-motaren arabera, grabazioak behin edo bitan entzuteko aukera izango du.

Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira, izan aurrez aurreko solasaldietatik jasotakoak (gertaerak, kronikak, azalpen didaktikoak, prozesuen deskribapenak...), izan komunikabideetatik jasotakoak (albisteak, elkarrizketak, dokumentalak, kantak, bertsoak...) eta HEOCean B2 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.

Proba honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 25 minutu ingurukoa.

Mintzamena:

Probak hiru atal izango ditu:

a) Sarreran, azterketariak aztertzailearekin elkarrizketa motz bat izango du eta hainbat gairi buruzko galderei erantzungo die (norberaren ezaugarriak, familia, zaletasunak, lana, bidaiak, osasuna...).

b) Aurrez prestatutako gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatuko du. Enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (azalpena, argudiozko adierazpena, kexa edo erreklamazioa, gertaeren kontaketak, pasadizo barregarriak...) eta B2 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa).

c) Bukatzeko, elkarrizketa izango du aztertzailearekin edo beste azterketari batekin elkarreraginean, emandako argazki bat oinarri hartuta.

Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia eta ongi lotua den; 3) jarioduna eta ongi ahoskatua den; 4) aberatsa den eta 5) zuzen adierazi duen.

Proba honek, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu bigarren atala prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

Irakurmena:

Azterketariak, emandako testua edo testuak irakurri ondoren, zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra eta xehea eskatuko zaio eta betiere, emandako testutik informazioa ateratzea. Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira (toki publikoetako instrukzio edo argibideak, hitzaldi baten laburpena, katalogoak, prospektuak eta agiri ofizialak, administrazioko idazkiak, bilera-aktak, egunkariko erreportajeak, lan-egitasmoak...), eta HEOCean B2 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.

Proba honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 45 minutu ingurukoa.

Idazmena:

Azterketariak, gutxienez, 200 hitzeko testu bat edo 150 inguruko bi testu idatziko ditu, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (administrazioko idazkiak, jakinarazpen-gutunak, erreportaje edo albiste baten laburpena, argudio-testu laburrak, biografiak...), eta B2 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa).

Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:

– Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

– Eskatutako hitz-kopurura iristen ez diren idazlanak baloratzerakoan, % 10 baino gutxiagogatik iristen ez den aztertzaileari kenketa egingo zaio puntuazio orokorrean, ondoren zehazten denaren arabera:

(Ikus .PDF)

Ekintza komunikatiboaren ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia; 3) kohesioa; 4) aberastasuna eta 5) zuzentasuna.

Proba honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena 75 minutukoa izango da.

Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

– Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

– Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

– Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

Horrez gain:

– Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

– Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

– Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

Antolaketa:

Azterketak Madril eta Bartzelonako Euskal Etxeetan gauzatuko dira.

Lau trebetasunak neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean entzumen-, irakurmen- eta idazmen-proba eta, bestean, mintzamenarena. Hala ere, azterketa-leku bakoitzean deitutako egiaztatze-probetan parte hartzea eskatzen duten azterketari-kopurua hamar baino gutxiagokoa bada, proba hauek guztiak azterketari guztiei egun berean edo bi egunetan segidan egingo zaizkie.

Kalifikazioak, ponderazioa eta emaitzak:

a) B2 mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

(Ikus .PDF)

b) Ponderazioa:

Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 13; koherentzia, % 24; kohesioa, % 17; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 26.

Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 25; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 25.

c) Emaitzak:

Irakurmena: gai/ez gai.

Idazmena: gai/ez gai.

Entzumena: gai/ez gai.

Mintzamena: gai/ez gai.

Guztira: gai/ez gai.

C1 MAILA: ERABILTZAILE GAITUA

Entzumena:

Azterketariak lagunarteko, lan-esparruko edota komunikabideetako gaien inguruko hainbat testu grabatu entzungo ditu, eta ulertu duela frogatzeko zenbait egiteko burutu beharko ditu: ideia nagusia jaso, informazio garrantzitsua eta xehetasunak bereizi eta nabarmendu... Era berean, informazioa eta iritzia bereizi edo ondorioak ere atera beharko ditu. Egiteko horiek jarduera-mota hauek erabiliz egingo dira: aukera anitzekoak, egia/gezurra erakoak, erantzun laburrekoak, esaldiak osatzekoak, taulak osatzekoak edo loturak egitekoak. Entzun aurretik, azterketariak galderak irakurtzeko denbora jakin bat izango du eta, entzungai-motaren arabera, grabazioak behin edo bitan entzuteko aukera izango du.

Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira (lan-prozedurak, iragarkiak, kantak eta bertsoak, erreportajeak, hedabideetako iruzkinak, eztabaidak, esketxak, antzezlanak...) eta HEOCean C1 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.

Proba honek 20 puntu izango ditu, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 25 minutu ingurukoa.

Mintzamena:

Probak bi atal izango ditu:

a) Aurrez prestatutako gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatuko du. Enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (egoera psikologikoen, izaeren eta sentipenen deskribapenak, iruzkinak, jendaurreko adierazpenak, laburpenak, aholkuak, argibideak eta jarraibideak, balioespen eta kexuak, eztabaidak, galdeketak...) eta C1 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa). Egiteko hau prestatzeko testu-aipamenak, elementu grafikoak edo irudiak eman dakizkioke azterketariari.

Azterketariak 20 minutu izango ditu gaia prestatzeko, eta 5 minutuz hitz egitea eskatuko zaio aztertzaileen aurrean. Azterketaria gaia garatzeko eskemaz balia daiteke, baina ez da onartuko aldez aurretik prestatutako testurik irakurtzea. Aztertzaileek, tarteka, gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak.

b) Bat-bateko elkarrizketa izango du aztertzailearekin edo beste azterketari batekin argazki edo beste elementu grafikoez baliatuz. Bat-bateko elkarrizketak 10 minutu inguru iraungo ditu (azterketari bakoitzak 5 minutu).

Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia eta ongi lotua den; 3) jarioduna eta ongi ahoskatua den; 4) aberatsa den eta 5) zuzen adierazi duen.

Proba honek, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira.

Irakurmena:

Azterketariak, emandako testuak irakurri ondoren, zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren esanahi orokorra, ideia nagusiak nahiz bigarren mailakoak edo xehetasunak, edota espresuki testuan adierazten ez diren ideiak, hala nola komunikazio-xedea, idazlearen jarrera, ikuspuntua edo iritzia antzematea eskatuko zaio, besteak beste. Egiteko horiek jarduera-mota hauek erabiliz egingo dira: aukera anitzeko galderak, erantzun laburrekoak, egia/gezurra erakoak, testu-zatiei dagozkien ideiak aukeratu, lotura egokiak egin, testua ordenatu, laburtu, ideiak edota paragrafoak lotu. Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira (azalpen-artikuluak, alegiak eta kondairak, editorialak, lan-egitasmoak, lan-hitzarmenak, iritzi-artikuluak...), eta HEOCean C1 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.

Bestalde, zenbait testu baliatuko dira azterketariaren sintaxiaren eta lexikoaren erabilera neurtzeko. Horretarako, honako jarduerei erantzutea eskatuko da: azpimarratutako hitzen sinonimoak jarri emandako testuan, aukera anitzekoen bidez lexikoa aukeratu, hitz eratorri eta elkartuak erabiliz testuak berridatzi, aukera anitzen bidez egitura sintaktikoak osatu, proposatutako esaldien baliokideak eman edota egitura koherenteak sortu testua osatzeko.

Proba honek 20 puntu izango ditu, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 60 minutu ingurukoa.

Idazmena:

Azterketariak, gutxienez, 300 hitzeko testu bat edo 180 inguruko bi testu idatziko ditu, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (azalpen-artikuluak, bilera-aktak, erabilera-gidak, iritzi-artikuluak, kontaketak eta ipuinak, lan-proposamenak, erreportaje edo albiste baten laburpena...), eta C1 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa).

Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:

– Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

– Eskatutako hitz-kopurura iristen ez diren idazlanak baloratzerakoan, % 10 baino gutxiagogatik iristen ez den aztertzaileari kenketa egingo zaio puntuazio orokorrean, ondoren zehazten denaren arabera:

(Ikus .PDF)

Ekintza komunikatiboaren ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia; 3) kohesioa; 4) aberastasuna eta 5) zuzentasuna.

Proba honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena 90 minutukoa izango da.

Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

– Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

– Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

– Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

Horrez gain:

– Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

– Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

– Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

Antolaketa:

Azterketak Madril eta Bartzelonako Euskal Etxeetan gauzatuko dira.

Lau trebetasunak neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean entzumen-, irakurmen- eta idazmen-proba eta, bestean, mintzamenarena. Hala ere, azterketa-leku bakoitzean deitutako egiaztatze-probetan parte hartzea eskatzen duten azterketari-kopurua hamar baino gutxiagokoa bada, proba hauek guztiak azterketari guztiei egun berean edo bi egunetan segidan egingo zaizkie.

Kalifikazioak, ponderazioa eta emaitzak:

a) C1 mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

(Ikus .PDF)

b) Ponderazioa:

Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taula honen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 20; koherentzia, % 20; kohesioa, % 20; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 20.

Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 20; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 20; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 20.

c) Emaitzak:

Irakurmena: gai/ez gai.

Idazmena: gai/ez gai.

Entzumena: gai/Ez gai.

Mintzamena: gai/Ez gai.

Guztira: gai/ez gai.


Azterketa dokumentala