Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2017ko martxoaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1318

AGINDUA, 2017ko martxoaren 3koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, ehun milioi euroko Euskadiko Zor Publikoa jaulkitzeko eta eragiketa horren ezaugarriak zehazteko dena.

Urtarrilaren 31ko 37/2017 Dekretuak 2017ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzen du, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak luzapen modura onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legearen 10. artikuluaren 1. idatzi-zatiak Jaurlaritzaren Kontseiluari emandako baimenaren kontura, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen Araubideari buruz indarrean diren legezko xedapenen testu bategina onartu zuen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza Dekretuaren 128. artikuluaren e) idatzi-zatian ezarritakoarekin bat etorriz.

Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean agindutakorekin bat etorriz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balio gisa jaulkitzen bada.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ehun milioi (100.000.000) euroko Euskadiko Zor Publikoa jaulkitzea, urtarrilaren 31ko 37/2017 Dekretuan jasotzen diren baimenei jarraikiz.

2. artikulua.– Jaulkiko den Zor Publikoak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a) Zenbateko nominala: 100.000.000 euro.

b) Modalitatea: bonuak.

c) Jaulkitze-prozedura: kokapen pribatua.

d) Jaulkitze- eta ordainketa-data: 2017ko martxoaren 16a.

e) Interesa: % 1,703ko urteko interes nominala; kupoi luze bat ordainduko da 2018ko apirilaren 30ean.

f) Jaulkitze-prezioa: % 100,00.

g) Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.

h) Amortizazio-data: 2027ko apirilaren 30ean.

i) Balioen adierazpidea: kontuan eginiko oharrak.

j) balio unitarioa: mila (1.000,00) euro.

k) Jaulkipenaren kotizazioa: Bilboko Burtsa.

3. artikulua.– Harpidetza.

Ogasun eta Ekonomia Sailak bideratuko du jaulkipeneko balioen harpidetza, hain justu ere jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez, betiere bat etorriz balioen merkatuaren indarreko araudiarekin.

4. artikulua.– Gaikuntza.

Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordeari baimena ematen zaio zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sina ditzan.

5. artikulua.– Harpidetza, jaulkipenaren interesak eta amortizazioa Norbolsa, Sociedad de Valores, S.A. enpresaren bidez ordainduko ditu Sociedad de Gestión de los Sistemas de Registro, Compensación y Liquidación de Valores, S.A. Enpresak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 38. artikuluan agindutakoari jarraituz.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 3a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala